Biosfera 2 esperimentuaren emaitza tamalgarriak.
Orain dela egun gutxi, albistegietako aurkezle bati esaldi bitxia entzun nion Euskal Telebistan. Albiste bat hurrengoarekin lotzeko erabiltzen duten esaldi horietako bat zen. Aurreko albistea maiz agertzen dituzten aurrerapen teknologiko txundigarri horietako bati buruzkoa zen eta hurrengo albistea, berriz, eguraldiari buruzkoa. Kazetariak horrelako zerbait bota zuen:
“Eta orain, kontrolatzea lortu ez dugun gauza bakarretakoari buruz hitz egingo dugu, eguraldiaz”
Hori egia ote da? Gure gaur eguneko gizarteak eguraldiaz gain kontrolpean al ditu beste esparru guztiak? Zientzia, teknologia, fisika, matematika eta abarretan ditugun ezagutzekin lorpen bikainetara heltzea lortu dugu: medikuntza gero eta aurreratuagoa, garraio sistema boteretsuak, informazio eta komunikazio teknologia miragarriak, eraikin adimentsuak, nekazaritza gero eta hoberenduagoa, gero eta muga gutxiago dituen industria eta abar. Baina ulertzen al dugu arlo horiek guztiak benetan nola dabiltzan eta batak besteari nola eragiten dioten? Benetan kontrolik ba al dugu?
Thomas Homer-Dixonek “The Ingenuity Gap” liburuan azaltzen duen bezala, sistema konplexuz inguratuta gaude. Urdaibaiko ekosistema, gizaki baten gorputza, hegazkin bat, hiri batek sortzen dituen dinamikak… den-denak sistema konplexuak dira, eguraldia bezala. Horregatik beraien osagarrietan gertatzen direnak ez ditugu zehatz-mehatz ezagutzen eta beraien prozesu kritikoek eman ditzaketen emaitzak ezin ditugu aurreikusi. Baina Thomasek dioen bezala, gure inguruan dauden sistema konplexu horiek guztiek nola funtzionatzen duten ez jakiteaz gain, gure ezjakintasunaz ere ez gara jabetzen. Oso erraz konbentzitzen gara gure inguruan dauden sistemak gidatzeko eta kontrolatzeko gai garela, edo horretarako gai diren adituak daudela (medikuak, zientzialariak, ingeniariak eta abar). Baina ez da horrela.
Telebistako aurkezleak aipatzen zuen eguraldia kontrolatzeko gaitasunetik oso urrun gaude oraindik ere. Baita ordu gutxi batzuetako tartearekin aurreikuspen duina egiteko ere. Eta beste arlo asko eta askotan, gu konturatzen ez bagara ere, berdina gertatzen da.
Biosfera 2
Horren adibide on bat, 1990eko hamarkadan Ameriketako Estatu Batuetan kokatua dagoen Arizona desertuan burutu zen Biosfera 2 izeneko proiektua da. Eraikin futurista batzuen barruan lau gizon eta lau emakume sartu zituzten, bi urtez barruan irauteko behar zezaketen guztiarekin hornituta (ur putzuak, lurra, airea, landareak, animaliak eta punta-puntako tresneria). Helburua, ingurune itxi eta kontrolatu horretako parametro guztien jarraipena egitea zen, kanpotik ezer behar izan gabe zortzi pertsonak bi urtez barruan bizitzea lortuz. Bitartean, kanpoan zientzialari eta aditu mordoa parametro guztiak neurtzen egongo zen, behar izanez gero dena ondo joan zedin barrukoei aldaketa bat edo beste egiteko aginduz.
Esperimentua porrot itzela izan zen. Hasteko, inork ulertzen ez zuen arrazoi batengatik, zortzi solairuko eraikinaren goialdean bero handia egiten hasi zen eta oxigeno kopurua etengabe jaisten zen. Kanpoko adituek azkenean Biosfera 2 barruan oxigenoa ponpatu zuten barruko jendearen bizitza arriskuan zegoelako. Baina egoera ez zen egonkortu. Egun batetik bestera karbono dioxido kopurua asko aldatzen zen. Gero oxido nitrosoa hasi zen ikaragarri igotzen eta horrek burmuinean kalte handiak sorraraz ditzake.
Hori guztia gutxi balitz, gehiegizko euri artifizialak zelaiak desertu bihurtu zituen. Ur putzuak elikagarriekin zikindu ziren eta angirabelarrez bete ziren. Adituek, Biosfera 2an karbono dioxidoa gehiegi ez hazteko gau-lore urdinak landatu zituzten, baina hainbeste karbono dioxido zegoenez, loreak hazi eta hazi egiten ziren eta barruko jendeak etengabe kendu behar zituen landare jangarrientzat lekua egiteko.
Animaliei dagokionez, hogeita bost espezietatik hemeretzi hil egin ziren. Polinizatzaile guztiak ere hil zirenez, landare-espezie gehienak ezin ziren ugaldu. Kilkerrak eta matxinsaltoak ere desagertu egin ziren eta dena labezomorroz eta inurriz betetzen joan zen. Bi urte igarotakoan, Biosfera 2ko zortzi biztanleak kanpora atera ziren, sartu zirenean baino askoz argalago.
Gertatutako guztia sakon aztertu zen eta txarto egin ziren hamaika gauza aurkitu zituzten. Esperimentu honek, gizakiok sistema konplexuak ulertzeko ditugun mugak nabarian utzi zituen. Ordenagailuak, eredu matematikoak eta adituen ezagutza guztiak alperrik izan ziren Biosfera 2ko ekosistema ideala aurrera ateratzeko.
Hemendik urte batzuetara gizakia Martera heltzea nahi da, baina joan-etorriko bidaia ia hiru urtekoa litzateke eta gainera grabitaterik gabe. Hain leku txikian hainbeste denbora egoteak suposatzen duen erronka psikologikoa alde batera utzita, ontzi barruan bizi baldintzak mantentzea (airea, janaria, etab.) ere erronka itzela da. Inork ez dezala horren zalantzarik izan.
Lurreko klimaren oreka
Biosfera 2 porrot ikusgarria izan zen, baina lurrean badugu ondo dabilen beste ekosistema bat, askoz konplexuagoa gainera. Lurrari berari buruz ari naiz. Gizakiok, batez ere industrializaziotik aurrera, lurreko ekosistema guztiak aldatzen ari gara. Horietako batzuk larriki aldatzen gainera. Eta horren eraginak gero eta nabarmenagoak dira. Besteak beste, lurreko klima berotzen ari da, karbono dioxidoa gorantz doa eta urtero bizidunen hainbat espezie hil egiten dira. Eta gizakiok ez dugu prozesu hau guztia kontrolatzen, ezta gutxiago ere.
Epe laburrean klima aldaketaren aurreikuspen duinak egiteko gai ere ez gara, lurreko ekosistema konplexuaren zantzu orokor batzuk besterik ulertzen ez baititugu. Ikaragarri galduta gaude, baina jende asko ez da horren jakitun. Zientzialariek, ingeniariek eta bestelako adituek gauzak nola konpondu dakitela uste dugu.
Gure gaur egungo gizartean, eredu kontsumista eta desarrollista ukiezina da. Gutxiegi kontsumitzeak krisi ekonomikoa dakar eta beraz, etxe gehiago eraiki behar ditugu, auto gehiago ekoitzi eta erabili behar ditugu. Oporretan ahalik eta urrunen joan behar dugu. Gure eguneroko bizitzan gero eta energia gehiago gastatu behar dugu.
Beraz, bi arazo ditugu. Lehen arazoa, adituek gehiegikeria guztiak nola neutralizatu dakitela suposatuz, politikariek eta orokorrean gizarteak garaiz erreakzionatzea da. Gure gizartearen dinamika ikusirik, hain errotua dagoen kapitalismoaren boterea ikusirik, zalantza handiak izateko modukoa da. Baina gure gaur egungo gizarte globalizatu hau ere sistema konplexua da, eta gizarte zientziak ez dira nahiko garatu benetako larritasun baten aurrean gizarteak ekimen eraginkorrak hartuko ez dituela egiaztatzeko. Bestalde, ekimen eraginkorrak berandu hartzeak, ekimen horiek eraginkorrak ez izatea dakar, baina hori beste kontu bat da.
Bigarren arazoa, gizakiok azken mendeotan egin ditugun gehiegikeria guztiei nola aurre egin jakitea da. Izan ere, gizartean fedea duen pertsona horietakoa bazara ere, hau da, hartu beharreko ekimen guztiak hartu eta garaiz hartuko direla uste baduzu ere, ekimen horiek zeintzuk izan behar diren ba ote dakigu? Nire ustez ez eta hori da guztietan arazorik larriena.
Biosfera 2 esperimentuan gertatu zen bezala, hainbat kalkulu eta prestaketa egin ondoren ekosistemaren parametroak ez ote dira aurreikusteko gai ez garen moduan aldatuko? Lurreko ekosistema bakarra dugu, errepikaezina, eta aldi honetan ezin dugu hutsik egin.
Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko ekainaren 26ean argitaratu zen.
Azken iruzkinak