• Ikusi makusi
  • Veo veo
  • I spy with my little eye
Ikusi makusi

This website is frozen and will not be updated more.
From now on the new information will be published at ikusimakusi.eus.

2015/12/31

Tag Archives: Svg

2013ko egutegia

2013(e)ko urtarrilak 8 22:27 / / Txopi

2013
2013ko egutegia

2009. urterako egin nuen bezala, 2013. urterako ere egutegi bat prestatu dut. Poster formatua du (DIN A3 neurriko orrialde bakarra) eta Lekeitioko Garraitz irlako argazki bat erakusten du.

Herrietako jaiegunak direla eta, familia eta lagunei banatzeko bertsio desberdinak behar nituenez, SVG fitxategia prestatzerakoan geruza desberdinak erabili nituen. Emaitza hemen dago eskuragarri:

PDF

2013EgutegiaBilbo.pdf (1,3 MB)

Ohi bezala, iturri fitxategia ere argitaratzen dut:

SVG

2013Egutegia.svg (7,5 MB)

Nahi duenak, argazkia aldatu eta bere egutegi egokitua egin dezala!

Erlaziodun artikuluak:

  • 2009ko egutegia

Beste hizkuntzak: castellano

/ Etiketatua: egutegia, irudigintza, lekeitio, SVG

Creative Commons-eko semaforoa

2012(e)ko abenduak 23 23:34 / 3 iruzkin / Txopi

Azken asteotan Maite Goñirekin izandako hartu-emanari esker, orain dela urte batzuk sortu nuen Creative Commons-eko semaforoa hobetu daitekela jakin dut. Beraz, bigarren bertsio eguneratua argitaratzen dut gaur:


creative commons semaforoa

Irudi originala

Egin nuen lehenengoaren oso antzekoa da. Goreneko postuan, copyright murriztaileena dago. Gero Creative Commons-eko lizentzia ezagunenak datoz:

  • CC BY-NC-ND. Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe lizentzia.
  • CC BY-NC-SA. Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin lizentzia.
  • CC BY-NC. Creative Commons Aitortu-EzKomertziala lizentzia.
  • CC BY-ND. Creative Commons Aitortu-LanEratorririkGabe lizentzia.
  • CC BY-SA. Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin lizentzia. Hau, Creative Commons-eko lizentzia guztietatik copyleft motako lizentzia dei daitekeen bakarra da.
  • CC BY. Creative Commons Aitortu lizentzia.

Jabetza publikoa

Eta beheren, CC0 eskaintza dago (Creative Commons Zero). Azken hau ez da lizentzia bat, eskaintza bat baizik. Bien artean desberdintasun legala dago baina abokatua izan ezean interes gutxi duen zerbait da. Edozein kasutan, Creative Commons Zero deritzonaren helburua, lana jabetza publikoan uztea da.

Argitu beharra dago, lan bat jabetza publikoan egotea munduko leku guztietan berdin-berdin ez dela ulertzen. Orokorrean bai, edonork lan hori hartu eta argitaratu, zabaldu, aldatu eta abar egin bait dezake, inori inolako baimenik eskatu gabe. Baina berezitasun batzuk badira, adibidez, AEBetan, egile batek zuzenean bere lana jabetza publikoan utz bait dezake, baina Europar Batasuneko legedietan, ukaezinak diren “eskubide moralak” deritzonak daude (adibidez, Espainiar estatuan, egileak bere lanaren osotasuna errespetatua izan dadin duen eskubidea). Ezberdintasun horiek ekiditzeko, Creative Commons-ek CC0 eskaintza sortu zuen, non egileak lanarekiko izan ditzakeen eskubide guztiei uko egiten dien, baina ohartxo batekin: legeak ahalbidetzen duen neurrian.

Semaforoaren aurreko bertsioan agertzen zen PD aukera, semaforoaren bertsio honetatik kendu da, AEBetan bakarrik erabiltzeko pentsatua zegoelako eta Creative Commons berak azaltzen duen bazala, 2010ean aukera hau kentzea erabaki zuelako.

Kolore sailkapena

Bukatzeko, koloreen zergatia azalduko dut. Denok ezagutzen dugun copyright lizentzia arrunta, oso murriztailea da eta lanarekin ezer gutxi egiten uzten du. Horregatik jarri dut aukera hau semaforoaren alde gorrian. Alde horian berriz, CC lizentzia batzuk jarri ditut. Lizentzia hauek ez dira hain murriztaileak, egoera batzuetan edo baldintza batzurekin, lanak kopiatu, aldatu edo argitaratzeko aukera ematen bait dute.

Baina lanak libretzat hartzeko, behar baino murrizketa gehiagorik ezin dute izan. Horregatik agertzen dira BY-SA, BY eta CC0 semaforoaren alde berdean. Askea zer den eta zer ez sailkatzeko erabiltzen dudan muga hau, ez da nik asmatutakoa. Esparru askotako jendeak adostutakoetan oinarrituz egina da. Software askearen, lan kultural askearen eta jakintza irekiaren definizioen arteko bateragarritasuna ikusita, ez da harritzekoa Creative Commons berak, eskaintzen dituen aukera batzuk lan kultural libreentzako aproposak bezala markatu izana. “APROBED FOR Free Cultural Works” zigilua dutenak, semaforoaren alde berdean daudenak dira hain zuzen.

Irudi berriaren iturri fitxategia:

SVG

creativecommons-semaforoa-2.svg

Oharra (2012/12/26): Unairi esker, Euskarazko Wikipediak Creative Commons artikuluan, semaforo honen bertsio berria erakusten du gaurtik aurrera.

Beste hizkuntzak: castellano, english

/ Etiketatua: cc0, creative commons, jabetza intelektuala, jabetza publikoa, SVG

Internet bizirik al dago?

2010(e)ko martxoak 19 19:08 / / Txopi

Zuzenean ezetz erantzun beharrean, jolastu gaitezen pixka bat ideia horrekin.


Irudi originala

Artikulu honen izenburuko galdera irakurrita, batek baino gehiagok ezezko borobila erantzungo du gehiegi pentsatu gabe. Ezetz erantzun aurretik, nik nahiago dut ideia horrekin pixka bat jolastea, ea bizidunen artean eta Interneten artean zer-nolako parekotasunak aurkitzen ditugun. Izan ere, uste baino askoz parekotasun gehiago daude.

Lehenik eta behin, bizirik egotea zer den adostu beharko genuke, baina hori ez da batere lan erraza, zientzialariek ere ez baitakite oraindik zehatz zein baldintza bete behar dituen sistema batek bizirik egoteko. Txakur bat bizirik dagoela konturatzea erraza da, baina munduan zehar aurki daitezkeen onddo eta bakterio batzuk bizitzaren mugetan daudela dirudi, kimikaren eta biologiaren arteko mugan. Ikerlariek, sistema horietako batzuk bizidunak bezala sailkatzen dituzte eta beste batzuk, berriz, ez. Edonola ere, irizpideak ez daude argi.

Ordenagailuetako birusekin berdina gerta daiteke, onddo, bakterio eta birus biologiko askok erakusten dituzten ezaugarri berdinak baitituzte: medioan zehar mugitzen dira, hazi egiten dira eta ugaldu ere egiten dira. Birus informatiko asko ezkutatu egiten dira, eraso egiten dute eta, ugalketa prozesuan beraien burua klonatu beharrean, semeek ezaugarri desberdinak izatea lortzen dute. Hala ere, inork ez du serio pentsatzen gizakiok artifizialki diseinatutako sistema hauek bizidunak bezala sailkatzerik dagoenik. Nanoteknologiari esker edo, gizakiok hazi eta ugaldu egiten diren birus biologikoak artifizialki diseinatzen hasiko bagina, bizidunak bezala sailkatuko al genituzke?

Bakterioak eta softwarea

Azken urteotan bat baino gehiago konturatu den bezala, bizidunen DNA kodearen eta programen iturri kodearen arteko parekotasunak ugariak dira. Munduko bakterio gehienek inguruko bakterioekin DNA zatitxoak trukatzen dituzte, seme-alaben bitartez eboluzioa gauzatu beharrean, beraien buruak etengabe eraldatuz. Era horretan, bakterioak medioaren eskakizun desberdinetara azkar molda daitezke, kode trukaketa edo DNA birkonbinatze delakoari esker funtzio berriak bereganatzen baitituzte. Programa informatikoen munduan berdin gertatzen da, batez ere software librearen esparruan. Programa liburutegiak deritzonak daude eta askotan programa batek beste baten liburutegi bat edo beste kopiatzen du, programa horrek dituen funtzio batzuk bereganatuz. Era horretan, software programak ere medioaren eskakizun desberdinetara azkar moldatzea lortzen dute.

Duela urte gutxi jakin denaren arabera, batzuetan bakterio desberdinak sinbiosia deritzon prozesu baten ondoren batu egin daitezke. Eta batuketaren emaitza bakterio berri eta konplexuago bat izaten da. Biologiaren mekanismo horrek, antza, lurrean bizitza egonkortzen eta zabaltzen lagundu zuen. Software munduan ere sinbiosia deitu genezakeena gertatzen da noizbehinka, programa desberdinak elkarrekin bateratzen direnean: adibidez sistema eragile bat (GNU/Linux) eta bulegotika programa bat (OpenOffice), garapen IDE bat (Eclipse) eta garapen framework bat (Struts), web zerbitzari bat (Apache) eta datu-base bat (PostgreSQL) edo aplikazio zerbitzari bat (Tomcat), eta abar.

Bakterioek askotan sortutako DNA kodea konpontzeko mekanismoak ere izaten dituzte eta berdin gertatzen da programekin: disko gogorreko akastun sektoreak markatzeko errutinak, parekotasun bit-ak, checksum-ak, OSI-ko garraio geruza eta abar.

Animaliek eta landareek denboran zehar eboluzioaren eta hautespen naturalaren ondorioz jasan dituzten gorabehera askok ere, ordenagailuetako eta Interneteko programetan baliokideak dituzte: Netscape azkarragoa dela baina Internet Explorer zabalduago dagoenez gailendu egin dela, COBOL ekosistema zehatz batzuetara bereiztu denez luzaroan bizirik irautea lortu duela, WordPerfect zaharkitua geratzen dela eta Wordek bere lekua kentzen diola, Google bilatzailea eta Wikipedia entziklopedia zerbitzu oso preziatuak ematen hasten direla eta nonahi erabiltzen direla…

Konplexutasun maila gora

Denborak aurrera egin ahala lurreko bizitzak maila sinpleenetik gero eta maila konplexuetarako bidea egin duen bezala, Internet bera eta Interneten aurki ditzakegun programa eta zerbitzuak ere gero eta konplexuagoak eta boteretsuagoak dira. Webguneen ekosistema oso anitza da eta ezinezkoa da etengabe berritzen eta eboluzionatzen ari diren atal guztiak jarraitzea.

Ikerketa batek erakutsi berri duenaren arabera, Google bezalako bilatzaileak, datu-base arruntek informazioa kudeatzeko duten era tradizionala alde batera utzi eta animalion memoriak informazioa sailkatzeko eta bilatzeko duen egiturara gerturatzen ari dira. Sistema eragileetako antibirusak, posta elektronikoko zerbitzari batzuen spam-aren aurkako sistemak (AMaViS) eta baita blog, wiki eta foro askotako spam-aren aurkako sistemak (SpamKarma) beraien kabuz ikasteko eta lana gero eta hobeto egiteko gai dira, bizidun askok duten immunologia sistema eraginkorraren antzera.

Internet beraren egitura eta funtzionamendua etengabeko eraldaketa geldo batean badago ere (IPv4-tik IPv6-ra pasatzea, domeinuetan munduko edozein hizki mota erabili ahal izatea), gaur egungo osagarriei begirada bat botatzen badiegu, Internetek landare-zelula baten antza izan dezakeela esan genezake. Internet zelularen fluxua, kode genetikoa izan beharrean, kode binarioa izango litzateke. Zelularen mugak TCP/IP protokoloak eta UDP protokoloak markatuko lukete, handik at Internet ezin baita heldu. Zelularen nukleoan DNS zerbitzua kokatuko genuke, bera gabe Internet ez baitzen ibiliko. Biltegiratze poltsak Internetek informazioa gordetzeko dituen webgune eta sistema guztiek osatuko lukete: Wikipedia, P2P sareak, eta abar. Ekoizpen zentroak berriz, ziberespazioan barreiatuta aurkitzen diren webgune, blog, wiki, foro eta abar guztiak izango lirateke.

Ikus daitekeenez, bizidun zelula sinple batek dauzkan osagarrietako gehienen parekoak ditu Internetek. Eta bere eboluzioa aurrera doa etengabe. Internet bizirik ote dago? Litekeena da ezetz, baina zientzialariek bizirik egotea zer demontre den argitu orduko agian erabiltzaileok Internet bizirik dagoela konturatuko gara egunen batetan. Edo agian ez!

Zelularen irudia SVG formatu irekian:

tar.gz
internet-zelula.svg (21 KB)

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko irailaren 4an argitaratu zen.

/ Etiketatua: bakterioak, bilatzaileak, biologia, blogak, dna, dns, foroak, gara, gaur8, google, internet, p2p, protokoloak, softwarea, SVG, tcp/ip, wikiak, wikipedia, ziberespazioa

Creative Commons Zero (CC0)

2009(e)ko maiatzak 3 22:40 / 13 iruzkin / Txopi

cc0

Creative Commonsek lizentzia/ziurtagiri berri bat atera du, CC0 izena duena. Dauden lizentzia ugariekin, beste bat gehiago zertarako behar den galdetuko dio bere buruari batek baino gehiagok. Ba ziurtagiri honek hutsune garrantzitsu bat betetzen du, izan ere, munduko legedia askok jabetza publikoa onartu (eta babestu) egiten dute, baina egileei ez diete aukerarik ematen beraien lanak zuzenean jabetza publikoan jartzen. Legedia bakoitzak arautzen duen epe bat itxaron beharra dago lan horiek jabetza publikoan sar daitezen.

Ziurtagiri honek hutsune garrantzitsu bat betetzen du, izan ere, munduko legedia askok jabetza publikoa onartu (eta babestu) egiten dute, baina egileei ez diete aukerarik ematen beraien lanak zuzenean jabetza publikoan jartzen

Amerikar Estatu Batuetako legediak, egileek lanak zuzenean jabetza publikoan uztea ahalbidetzen du eta horretarako sortu zuen Creative Commonsek CC PD ziurtagiria. Baina Europan (Frantziar eta Espainiar estatuak barne), aukera hau ez da aurreikusten eta egileok ezin ditugu gure lanak guztiz askatu. Egilea hil eta 70 urte itxaron behar dira horretarako.

cc public domain

Egoera honen aurrean, nik guztiz legezkoa ez den zerbait egitea erabaki nuen: naiz eta legeak ez aurreikusi, nik sortutako edukiak jabetza publikoan uzten ditudala esatea. Gaur arte, hau izan da webgune honetako oinean agertzen zen azalpena: “Webgune honetako eduki guztiak, bestelakoa ohartarazi ezean, jabetza publikoan uzten dira.”

Baina hau egitea arriskutsua da, legeak dioenaren aurka doan zerbait jarriz gero, nik jarritako oharra baliogabetzat hartu bait zitekeen eta beraz, hori jartzea ezer ez jartzea bezala hartu liteke. Hau da, ikuspegi legal zorrotz batetik, eduki guztiak copyright murriztailea dutela ulertu daiteke.

Hori konpontzeko, aukeran dauden lizentzia legal guztien artean askeenatako bat aukeratu nezake (adibidez CC BY lizentzia), baina kasu horretan, nik nahi ez nituen betebeharrak gehitzen egongo nintzateke, eta hori zen hain zuzen nik saihestu nahi nuena. CC BY lizentziaren kasuan, norbaitek nik sortutako testu, argazki edo irudi bat erabiltzen duen bakoitzean, ezinbestez, nire egiletasuna aipatu behar du.

Beraz, nik sortutako edukiek ahalik zabalkunde handiena izan zezaten, lege ohar zehazgabe hori erabiltzea erabaki nuen. Noski, nik bezala, bai Europan, bai munduko txoko askotan erabaki bera hartu duten jende asko dago. Gu guztiontzat hain zuzen sortu du Creative Commonsek CC0 ziurtagiria (CC0 ez da lizentzia bat, baizik eta, jabetza publikoaren lege oharra bezala, ziurtagiri bat).

pantaila argazkia

Oraindik euskaraketa ofizialik ez duen testu honek, ondokoa dio gutxi gora behera: “Dokumentu honi lan bat esleitu dion pertsonak, bere lana komunitateari eskaini dio, jabetza intelektualaren legearen arabera izan ditzakeen eskubide guztiei uko eginez, eta baita erlazioa izan dezaketen beste edozein egile eskubideri ere, beti ere, legeak ahalbidetzen duen neurrian.”

Hau da, egileak lanaren gainean izan ditzakeen eskubide guztiei uko egiten die, eta legeak eskubide guztiei uko egiten uzten ez badio, ba ukatu ditzakeen eskubide guztiei behintzat bai.

Hemendik aurrera, webgune honek bere oinean azalpen hau izango du: “Webgune honetako eduki guztiak, bestelakoa ohartarazi ezean, legeak ahalbidetzen duen neurrian, jabetza publikoan uzten dira.”

Espainiar estatuko jabetza intelektualaren legearen arabera, egileek eskubide mota bi dituzte: eskubide moralak, ukatu ezin direnak, eta ustiapen eskubideak, egileak erabili, norbaiti utzi edo besterik gabe ukatu egin ditzakeenak. Lan bat jabetza publikora heltzen denean, ustiapen eskubideak iraungi egiten dira eta eskubide moralak, oinordekoek jasotzen dituzte edo hauek argi ez egotekotan, erakunde publikoek (teorian behintzat horrela da).

Ustiapen eskubideei uko egitea, lan bat jabetza publikoan uztea bezala dela pentsa daiteke, baina ez da horrela

Beraz, ustiapen eskubideei uko egitea, lan bat jabetza publikoan uztea bezala dela pentsa daiteke, baina ez da horrela. Izan ere, Espainiar estatuko legediaren arabera (Europa osoan bezalatsu), egilea hiltzen denean lana ez da jabetza publikoan sartzen. Beste 70 urte gehiago igaro behar dira horretarako, eta bitartean, egilearen oinordekoek kudeatzen dituzte lanaren inguruko eskubide guztiak. Beraz, naiz eta egileak, bizirik dagoela, ustiapen eskubideei uko egin, bera hildakoan, oinordekoek, legalki lanarekiko eskubide guztiak jasotzen dituzte eta ustiapen eskubideak beste era batera erabil ditzakete.

Amerikar Estatu Batuetako legediak egiten duen bezala, egile batek lan bat jabetza publikoan uztea aurreikusi ezean, ez dago inolako lizentziarik ez ziurtagiririk lan bat aurretiaz benetan jabetza publikoan uzten duena

Laburbilduz, Amerikar Estatu Batuetako legediak egiten duen bezala, egile batek lan bat jabetza publikoan uztea aurreikusi ezean, ez dago inolako lizentziarik ez ziurtagiririk lan bat aurretiaz benetan jabetza publikoan uzten duena. Beraz, aukera ona izan daiteke CC0 bezalako lege ohar bat erabiltzea, azaldutako arrazoiengatik eta baita beste batzurengatik ere:

  • Egileak ahalko balu, lana jabetza publikoan utziko zukeela argi uzten duelako,
  • Ziurtagiri hau ikuspuntu unibersal batekin sortu delako eta lan bakoitzari dagokion legediaren zehetasunetan sartzen ez delako,
  • Eta azkenik, etorkizunean legedia aldatuz gero, naiz eta egileak bere garaian lana jabetza publikoan utzi ezin izan, horrelako lege ohar bati esker, lana bide arruntetik baino azkarrago jabetza publikora heltzeko aukera irekita dagoelako…

Bukatzeko, hona hemen Creative Commons-ek ematen dituen aukera desberdinak, askeak diren (berdea) ala ez, copyleft diren ala ez eta abar laburbiltzen duen irudi eguneratua:

creative commons lizentziak

Artikulu honetan agertzen diren irudi originalak SVG formatu irekian eskuratu nahi dituenak, hemen dauzka:

tar.gz
creativecommons-semaforoa.tar.gz (93 KB)

Informazio gehiago:

  • About CC0
  • CC0
  • CC0 legal code
  • CC0 FAQ
  • Jabetza publikoa

Erlaziodun artikuluak:

  • Jabetza publikoa
  • Jabetza publikoaren eguna 2009

Beste hizkuntzak: castellano, english

/ Etiketatua: cc0, creative commons, jabetza intelektuala, jabetza publikoa, meta, SVG

Sare gizartearen erronkak

2007(e)ko azaroak 19 23:34 / / Txopi

Egun pare bat barru Enpresa Digitalak antolatutako “Enpresa 2.0″ izeneko jardunaldi baten hitzaldi bat emango dut. Ekitaldia gaztelaniaz ospatuko da. Ekitaldiaren egitarauan ikus daitekeenez, hiru hitzaldi emando ditugu eta gero, partaide guztien artean, mahainguru bat burutuko dugu. Nire hitzaldiaren izena (eman didatena) “Sare gizartearen erronkak” deitzen da eta bertan, software librean ematen den elkarlanaren berezitasunak erakutsiko ditut eta baita honek softwarea garatzen jarduten diren enpresetan izaten ari den eragina ere.

Aste bitan zehar, jardunaldi hau Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ospatuko dugu eta Gorka Juliok bere blogean azaltzen duen bezala, jardunaldiak bigarren zatia izango du, elkarlanerako tresna eta teknologiak landuko dituena.

Nire hitzaldiko gaia interesgarria iruditzen bazaizu, Arabako hitzaldian erabiliko dudan aurkezpena ikus dezakezu:

PDF
20071121LosRetosDeLaSociedadEnRed.pdf (1,9 MB)

ODP
20071121LosRetosDeLaSociedadEnRed.odp (1,7 MB)

Eguneraketa (2007/12/01): Jardunaldiak bukatu dira eta nire ustez oso ondo atera dira. Hiru herrialdeetako jardunaldietara, guztira 150 pertsona etorri dira Julen Iturbek, Mikel Etxarrik eta hirurok esan behar genituenak entzutera eta zer pentsa behitzat eman diegu. Portzierto, nire aurkezpenean agertzen diren diagrama batzuren iturri-fitxategiak gehitzen dizkiot artikulu honi, norbaiti baliagarriak izan daitezkelakoan. Hemen daude:

ODS
200711LosRetosDeLaSociedadEnRedDiagramas.ods (200 KB)

SVG
200711LosRetosDeLaSociedadEnRedDiagramas.svg (32 KB)

Beste hizkuntzak: castellano

/ Etiketatua: copyleft, elkarlana, enpresa, hitzaldia, jabetza intelektuala, software librea, SVG

Irudi bektorial batzuk

2007(e)ko urriak 24 13:22 / 2 iruzkin / Txopi

Azken urteetan parte hartu dudan proiektu edo ekitaldi batzurentzako logotipo, banner, pegatina, kamixeta proposamenak eta antzekoak egin ditut. Horietako batzuk, Inkscape programa librearen bitartez, SVG formatu irekian garatu ditut. Irudi mota hau, kalitate galerarik gabe eskalagarria izan daitekela du ezaugarri, eta horregatik, fitxategi hauek nahi duen edonorentzako eskuragarri jartzea merezi duela pentsatu dut.

Irudi honetan, Bézier kurben bitartez eskuz margotutako marra bat nola sortu daitekeen erakusten da:

Librezale Franki
SVG fitxategi originala

Beste honetan aldiz, testu batek norberak sortutako marra baten bidea nola jarraitu arazi daitekeen ikusten da:

Zabaldu Irratia
SVG fitxategi originala

Hurrengo honetan, irudi berriak sortzeko aprobetxatu daitezkeen sinbolo batzuk aurki daitezke, adibidez, copyleft sinboloa, glider sinboloa eta birziklaketa sinboloa:

Hackmeeting reciclante
SVG fitxategi originala

Beste irudi hau, Barrapunto.com webgunean RDIF teknologiari buruzko albisteetan erabiltzeko sortu nuen. Ertz borobilduak zituzten errektangelu batzuk elkarren gainean jarriz di-da batean sortu nuen logotipo sinple eta argi hau:

Barrapunto RFID
SVG fitxategi originala

Azkenik beste irudi hau ere aurkitu dut nire disko gogorrean. Kasu honetan, abildua letra testu bezala idatzi nuen eta gero automatikoki objektu bektoriala bihurtu nuen, nahi nuen itxura zehatza emateko. Sua irudikatzeko erabili nituen izar bi horiek, nahi beste ertz dituen objektu bat sortuz lortu daiteke, gero errotazioa, erradio txikiena, erradio handiena eta beste parametro batzuk aldatuz. Honelako tresna bektorial bat erabili ezean, horrelako formak lortzea askoz zailagoa da eta kontutan izan beharreko baliabidea dela uste dut. Hona hemen hain tresna boteretsuekin lortu nuen emaitza kaxkarra :-)

Hackmeeting arroba
SVG fitxategi originala

Oharra: eduki hauen zati bat Wikipedia Commons proiektuarekin noizbait parekatu beharra dut, ekarpenen bat egin dezakedan ikusteko. Nola ez, edozein gomendio edo laguntza guztiz ongi etorria da.

Beste hizkuntzak: castellano, english

/ Etiketatua: formatu irekia, irudigintza, software librea, SVG

Azken iruzkinak

  • gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • @gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Liburuaren etorkizuna bidalketan
  • Sare sozialen sukarra eta kontsumo gizartea | zuzeu.com(e)k Sare sozialen sukarra Donostian bidalketan

Azken bidalketak

  • ikusimakusi.net –> ikusimakusi.eus
  • Sare sozialen sukarra Sestaon
  • Irailetik aurrera Bimbo ogia Chilly deituko da
  • Sagardoaren dieta hemen da!
  • AZTI-Tecnaliak Doraemon-en surf taula hegalaria sortu du

Etiketak

aeb alderdi politikoak azkue fundazioa barakaldo batasuna bilbo blogak cc0 crabgrass creative commons cryptosms d3m donostia e-book eaj eduki libreak euskara gara gaur8 gnupg hitzaldia internet irudigintza izparringia jabetza intelektuala jabetza publikoa kriptografia kultura librea leioa meta musika p2p politika politika 2.0 psoe sare sozialak sgae software askea software librea SVG tailerra umorea upv/ehu web 2.0 wikipedia
© Copyright lizentzia: Bat ere ez! (jabetza publikoa)
Ostatzailea: Sindominio
Infinity itxura nork: DesignCoral / WordPress