• Ikusi makusi
  • Veo veo
  • I spy with my little eye
Ikusi makusi

This website is frozen and will not be updated more.
From now on the new information will be published at ikusimakusi.eus.

2015/12/31

Tag Archives: Jabetza Intelektuala

Creative Commons-eko semaforoa

2012(e)ko abenduak 23 23:34 / 3 iruzkin / Txopi

Azken asteotan Maite Goñirekin izandako hartu-emanari esker, orain dela urte batzuk sortu nuen Creative Commons-eko semaforoa hobetu daitekela jakin dut. Beraz, bigarren bertsio eguneratua argitaratzen dut gaur:


creative commons semaforoa

Irudi originala

Egin nuen lehenengoaren oso antzekoa da. Goreneko postuan, copyright murriztaileena dago. Gero Creative Commons-eko lizentzia ezagunenak datoz:

  • CC BY-NC-ND. Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe lizentzia.
  • CC BY-NC-SA. Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin lizentzia.
  • CC BY-NC. Creative Commons Aitortu-EzKomertziala lizentzia.
  • CC BY-ND. Creative Commons Aitortu-LanEratorririkGabe lizentzia.
  • CC BY-SA. Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin lizentzia. Hau, Creative Commons-eko lizentzia guztietatik copyleft motako lizentzia dei daitekeen bakarra da.
  • CC BY. Creative Commons Aitortu lizentzia.

Jabetza publikoa

Eta beheren, CC0 eskaintza dago (Creative Commons Zero). Azken hau ez da lizentzia bat, eskaintza bat baizik. Bien artean desberdintasun legala dago baina abokatua izan ezean interes gutxi duen zerbait da. Edozein kasutan, Creative Commons Zero deritzonaren helburua, lana jabetza publikoan uztea da.

Argitu beharra dago, lan bat jabetza publikoan egotea munduko leku guztietan berdin-berdin ez dela ulertzen. Orokorrean bai, edonork lan hori hartu eta argitaratu, zabaldu, aldatu eta abar egin bait dezake, inori inolako baimenik eskatu gabe. Baina berezitasun batzuk badira, adibidez, AEBetan, egile batek zuzenean bere lana jabetza publikoan utz bait dezake, baina Europar Batasuneko legedietan, ukaezinak diren “eskubide moralak” deritzonak daude (adibidez, Espainiar estatuan, egileak bere lanaren osotasuna errespetatua izan dadin duen eskubidea). Ezberdintasun horiek ekiditzeko, Creative Commons-ek CC0 eskaintza sortu zuen, non egileak lanarekiko izan ditzakeen eskubide guztiei uko egiten dien, baina ohartxo batekin: legeak ahalbidetzen duen neurrian.

Semaforoaren aurreko bertsioan agertzen zen PD aukera, semaforoaren bertsio honetatik kendu da, AEBetan bakarrik erabiltzeko pentsatua zegoelako eta Creative Commons berak azaltzen duen bazala, 2010ean aukera hau kentzea erabaki zuelako.

Kolore sailkapena

Bukatzeko, koloreen zergatia azalduko dut. Denok ezagutzen dugun copyright lizentzia arrunta, oso murriztailea da eta lanarekin ezer gutxi egiten uzten du. Horregatik jarri dut aukera hau semaforoaren alde gorrian. Alde horian berriz, CC lizentzia batzuk jarri ditut. Lizentzia hauek ez dira hain murriztaileak, egoera batzuetan edo baldintza batzurekin, lanak kopiatu, aldatu edo argitaratzeko aukera ematen bait dute.

Baina lanak libretzat hartzeko, behar baino murrizketa gehiagorik ezin dute izan. Horregatik agertzen dira BY-SA, BY eta CC0 semaforoaren alde berdean. Askea zer den eta zer ez sailkatzeko erabiltzen dudan muga hau, ez da nik asmatutakoa. Esparru askotako jendeak adostutakoetan oinarrituz egina da. Software askearen, lan kultural askearen eta jakintza irekiaren definizioen arteko bateragarritasuna ikusita, ez da harritzekoa Creative Commons berak, eskaintzen dituen aukera batzuk lan kultural libreentzako aproposak bezala markatu izana. “APROBED FOR Free Cultural Works” zigilua dutenak, semaforoaren alde berdean daudenak dira hain zuzen.

Irudi berriaren iturri fitxategia:

SVG

creativecommons-semaforoa-2.svg

Oharra (2012/12/26): Unairi esker, Euskarazko Wikipediak Creative Commons artikuluan, semaforo honen bertsio berria erakusten du gaurtik aurrera.

Beste hizkuntzak: castellano, english

/ Etiketatua: cc0, creative commons, jabetza intelektuala, jabetza publikoa, SVG

Creative Commons: sortzaile ororentzako tresna egokia

2010(e)ko apirilak 29 17:34 / / Txopi

Internet gero eta hedatua dagoen garai honetan, askok Creative Commons hitza entzunda izango dute, hainbat hitz berrirekin batera. Baina gutxiago izango dira Creative Commons delakoa zehatz-mehatz zer den dakitenak. Jarraian, lizentzia sorta hauek zer diren era praktikoan azaltzen saiatuko gara.

creative commons
Tyler Stefanich (CC BY 2.0)

Orain dela hamar bat urte, teknologia berriak erabiltzen zituzten gero eta sortzaile gehiagorentzat ohiko copyright lizentzia murriztaileek sormena mugatu eta eragozten zutela konturatu zen Lawrence Lessig izeneko abokatu estatubatuarra. Izan ere, gero eta musikari, marrazkilari, idazle eta sortzaile gehiagok ordenagailuak erabiltzen zituzten beren lanak sortzeko eta Interneti esker lan horiek inoiz ez bezala zabaldu, trukatu eta konbinatzen zituzten. Ohiko copyright lizentzia murriztaileak lan bakoitzaren egilea kontaktatu eta aurretiaz baimena lortzera behartzen du, baina praktikan gero eta sortzaile gehiago erabilera batzuk (edo guztiak) baimentzeko prest zeuden.

Hori dela eta, software librearen garatzaileek egiten zuten bezala, kultura alorreko gero eta sortzaile gehiago beraien lanei ohar desberdinak eransten hasi ziren: “Abesti honen egileak nahi duen orori bertsioak eta nahasketak egiteko baimena ematen dio”, “Argazki hau kopiatzeko baimena daukazu, erabilera komertzialerako ez den bitartean”, “Liburu honen itzulpenak egiteko baimena aurretiaz ematen da, jatorrizko egilea aipatzen den bitartean”, eta abar.

Software librearen alorrean ondo pentsatutako lizentzia batzuk zeuden (GPL, LGPL eta FDL, besteren artean) eta programatzaileen beharrak era egokian asetzen ziren. Kultura alorreko lanetan, berriz, ez zegoen irizpide komunik eta musikari, argazkilari, idazle eta marrazkilari bakoitzak bere lizentzia propioa asmatzen zuen. Zuzenbideko testuetan askotan gertatzen den bezala, batzuetan arazoak sortzen ziren, egileak esan nahi zuena eta hirugarren batek lana erabiltzerakoan ulertu zuena berdina ez zelako, lizentzia oharretan hutsuneak egoten zirelako eta abar.

Lawence Lessig abokatua

2001. urtean, Lawrence Lessig izeneko abokatu estatubatuar batek, gorde eta baimendu daitezkeen eskubideak era errazean eta argian gorde eta baimentzeko copyright lizentzia sorta bat idatzi zuen eta Internet bidez Ameriketako Estatu Batuetako ahalik eta sortzaile gehienei lizentzia hauek erabilgarri zeudela jakinarazteari ekin zion. Lizentziak abokatu batek idatziak izanik, sortzaileek gogokoago zuten lizentzia aukera zezaketen, etorkizunean arazo legalak izateko aukerak oso txikiak zirela jakinik.

Arrakasta bat-batekoa izan zen eta Creative Commons lizentziez gain, irabazi asmorik gabeko Creative Commons erakundea ere sortu zen, lizentziak munduko txoko guztietara moldatu eta zabaltzeko talde gero eta handiagoarekin. Gaur egun, Creative Commons lizentziak munduko hainbat legeriara eta hizkuntzara moldatu dira, baita Frantziar zein Espainiar estatuetako legedietara eta baita Aitorren hizkuntz zaharrera ere. Creative Commons lizentziak Gipuzkoako Foru Aldundiari esker euskaratu ziren orain dela urte batzuk.

Onarpena Euskal Herrian

Lizentziak euskaratu aurretik eta ondoren, zenbatezinak dira zorionez copyright murriztailea albo batera utzi eta oraingo garaiak eskatzen duen malgutasuna aprobetxatzen duten Euskal Herrian sortutako lanak. Wikipedia euskaraz webguneko testuak eta irudiak (BY-SA), MusikHerria diskoetxeko diskoak (BY-NC-SA), argazkiak.org webguneko argazkiak, Joakin Balentziaren azken liburua (BY-SA), Kerobia taldearen azken diskoa (BY-NC-SA) eta beste hainbat eta hainbat bideo, film labur, ipuin, artikulu, liburu, bertso, argazki, irudi, soinu, marrazki eta abarrek Creative Commons lizentzia bat dute.

Gero eta instituzio publiko, enpresa eta norbanako gehiagok, beraien lanetarako Creative Commons lizentzia desberdinak aukeratzen dituzte, komunitateari on eginez beren buruari ere mesede egiten diotela ulertu baitute. Oraindik askok kontrakoa pentsatu arren, software libreko euskal enpresek erakutsi duten bezala, sortutako kantu, liburu eta abarren kopiak egitea baimenduz etekin ekonomiko berdinak lortzen dira. Eta kasu batzutan mozkin handiagoak, norbere lana erakutsiz eta zabalduz beste batzuk baino arreta eta onarpen handiagoa lortzen baita hedabideetan eta sarean, eta horrek salmenta gehiago dakartza.

Aukera desberdinak

Esan bezala, Creative Commons ez da lizentzia bat, lizentzia sorta bat baizik eta Lessigi bururatu zitzaion modulu sistemari esker, edonorentzat erraza da gogokoen duen Creative Commons lizentzia aukeratzea. Lizentzia bakoitzak bi bertsio ditu: abokatuei zuzendutako testu legal eta aspergarri bat, eta edonork ulertzeko moduko testu labur-labur eta argi bat.

Lizentzia guztiek badute ezinbesteko baimen bat, lana kopiatzeko baimena alegia. Eta gero badira hauta daitezkeen lau baldintza edo betebehar. Lehen baldintza lanaren egiletza aitortu behar izatea da (BY laburdurarekin ere ezagutzen dena). Hau da, lana kopiatu edo lan eratorri bat egiten duenak, ezinbestez, egilea nor den aipatu behar du. Lana PDF formatuan dagoen liburu bat bada, segur aski baldintza hau betetzea oso erraza izango da, egilearen izena fitxategi barruan egongo baita. Baina lana argazki edo irudi bat bada eta egileak bere izena argazkian txertatu ez badu irudia ez zikintzeko, irudi horren kopia nonbaiten argitaratzen dugunean, jatorrizko egilearen izena aipatu beharko dugu irudiaren aldamenean edo beste era argi batean.

Jatorrizko lanaren lan eratorri bat egiten duena, lan berri horren egilea izango da, baina oinarri hartu duen lanaren egilea nor den aipatu beharko du falta gabe, bestela ez baititu egilearen eskubideak beteko eta, beraz, jabetza intelektualaren legedia hautsiko du, copyright arruntarekin gertatzen den bezala.

Bigarren baldintza lanaren erabilera komertziala egiteko debekua da (NC laburdurarekin ere ezagutzen dena). Hau da, lana kopiatu daiteke eta lan eratorriak egin daitezke, baina betiere, helburu komertzialekin ez bada. Erabilera komertziala dagoen ala ez erabakitzeko nolabaiteko diru trukerik dagoen ala ez begiratzen da, eta beraz, kopiak ezin saltzeaz gain, beste erabilera asko ere debekatzen ditu baldintza horrek: adibidez, publizitate bannerren bitartez lau ogerleko jasotzen dituen webgune batetan NC baldintza duten Creative Commons lizentziadun lanak ezin dira zabaldu.

Hirugarren baldintza lan eratorririk ez baimentzea da (ND laburdurarekin ere ezagutzen dena). Hau da, zuk argitaratutako lanaren bertsiorik, itzulpenik edo nahasketarik ezin da egin, zuk espresuki baimena eman ezean.

Eta laugarren baldintza, lana baimen berarekin partekatu beharra da (SA laburdurarekin ere ezagutzen dena). Hau da, lana kopiatuz gero edo lan eratorriren bat eginez gero, lan horrek ere zuk aukeratutako lizentzia berdina izan behar du. Baldintza hau birikoa dela esaten da, jartzen duen mugak, lan horretatik sortutako emaitzek ere Creative Commons lizentzia izango dutela ziurtatzen baitute. Baldintza hau erabili ezean, zure lana kopiatzen duen batek copyright murriztailearekin edo beste edozein lizentziarekin argitara dezake, betiere zure egiletza errespetatuz, baina zuk jatorrian emandako askatasunak kenduz. Baldintza horien konbinaketak eginez, hauek dira Creative Commons lizentziarik garrantzitsuenak: Aitortu (BY), Aitortu-Partekatu baimen beraren arabera (BY-SA), Aitortu-Lan eratorritik gabe (BY-ND), Aitortu-Ez merkataritzarako (BY-NC), Aitortu-Ez merkataritzarako-Partekatu baimen beraren arabera (BY-NC-SA) eta Aitortu-Ez merkataritzarako-Lan eratorritik gabe (BY-NC-ND).

Udako opor hauetan gustuko duzun argazkiren bat edo beste ateratzen baduzu eta nonbaiten argitaratuko badituzu, zergatik ez diezu Creative Commons lizentzia bat jartzen? Agian norbaitek bere blogean edo Wikipedian sartuko du… NC baldintza aukeratzen ez baduzu, zure argazkia GAUR8ko hurrengo zenbakian ager daiteke… Eta bertso bat idazten baduzu, zergatik ez Creative Commons lizentzia bat aukeratu betiko copyright murriztailearen ordez? Agian norbaitek zure bertsoa berea egin eta norbaitek argitaratuko du zure izena aipatuz… Edo musikari batek zure bertsoa abes dezake…

Blog bat ez duzu izango, ezta? Badakizu ezer jarri ezean zure blogean idazten duzun guztiak copyright murriztailea duela eta zurekin harremanetan jarri ondoren zure baimena jaso ezean zuk esandakoak ezin direla berrerabili? Anima zaitez zu ere euskal herritar gero eta gehiagok egiten duten bezala, eta ekiozu informazioaren gizartea eraikitzeari. Internet bitartez jasotzen dituzun eduki guztiekin, ekarpen batzuk egin baditzakezu, txikiak badira ere, zergatik ez egin? Aurrera eta erabili Creative Commons lizentziak!

Lan honen lizentzia: Creative Commons Aitortu-Partekatubaimen beraren arabera 3.0

Informazio gehiago:

  • Creative Commons

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko abuztuaren 21ean argitaratu zen.

Erlaziodun artikuluak:

  • Creative Commons Zero (CC0)
/ Etiketatua: creative commons, gara, gaur8, jabetza intelektuala, kerobia, lawrence lessig, musikherria, wikipedia

Ideia baten jabe izan zaitezke?

2010(e)ko apirilak 3 19:31 / 3 iruzkin / Txopi

the forges of vulcan
Irudi originala

Ordenagailuak eta Internet direla eta, jabetza intelektualaren inguruan gauza asko ari gara ikasten azken urteotan. Inprenta sortu aurretik, lan intelektualak inongo mugarik gabe kopiatu, eraldatu eta partekatzen ziren. Shakespearek eta bere garaikideek antzezlanak elkarri nola kopiatzen zizkioten lan intelektuala ulertzeko era askeago horren seinale zen. Baita gaur egun ipuinak, kantuak, sukaldeko errezetak eta beste lan intelektual batzuk partekatzen jarraitzeko dugun modua ere.

Inprenta sortu ondoren, inprimatzen ziren kopiei mugak jartzen hasi ziren eta, azken bi mendetatik hona, ohikoa bihurtu da musika, literatura, argazkigintza, zinemagintza eta abarretan eskubide guztiak erreserbatzea; hau da, lan intelektual orori copyright murriztailea ezartzea.

Baina esan bezala, gailu elektronikoak eta telekomunikazioak egoerari buelta berri bat ematen ari dira, lan intelektualen erabilera kontrolatzea guztiz ezinezkoa bihurtu baitute. Asmakizun teknologiko horiei esker, inoiz ez bezala, denok izan gaitezke eta gara sortzaileak, ez bakarrik hartzaileak edo kontsumitzaileak. Gainera, era guztietako edukiak hamaika eratara parteka ditzakegu, bat-batean eta partekatze horretan kalitate tantarik galdu gabe.

Horiek horrela, azken bi mendeetan Euskal Herrian jabetza intelektualaren aurrean izan dugun jarrera aldatzen ari da. Oso azkar gainera. Jendeak, bere telefono mugikorrarekin ateratako argazkiak Facebookera igo nahi ditu bere lagunek ikus ditzaten. Argazkizale askok eta gero eta argazkilari profesional gehiagok, Flikr erabiltzen dute beraien argazkiak erakusteko eta besteengandik ikasteko. Musika taldeek berriz, Myspacera igotzen dituzte beraien kantuak, beraien jarraitzaileek entzun ditzaten eta baita kontzertuak lortzeko bide onenetakoa dela dakitelako. Informatikari askok ere, beraien programak guztiz libre argitaratzen dituzte Interneten. Zinemagileak eta idazleak ere hasiak dira beraien lan intelektualak, ezkutatu beharrean, ahalik eta gehien zabaltzen.

Materiala eta intelektuala

Egile argitsuenak, beraien lan intelektualak zabaltzearen garrantziaz jabetu dira jada (Coldplay musikariak, Paulo Coelho idazlea eta abar luzea), baina oraindik badira jabetza intelektuala altxor sakratuena bezala ikusten dutenak. Oraindik ere beraien lanari etekin handiena ateratzeko bidea egile eskubideak zorrotz-zorrotz ustiatzea dela uste dutenak. Errepasatu ditzagun gaur egun jabetza intelektualaren inguruan mantentzen diren mito oker batzuk, gauzak zenbat aldatu diren jabetu gaitezen.

Objektu materialen jabe izateak zer esan nahi duen ederki ulertzen dugu. Objektu material bakoitza bakarra delako eta pertsona batek badauka besteek ezin dutelako eduki (aulki bat, liburu bat). Gainera, objektu materialak kopiatzea hain da garestia, askotan, objektua berriz zerotik egitea hobe dela (aulki baten kopia, liburu baten fotokopia).

Eduki digitalekin ez da horrelakorik gertatzen. Informatikari esker, eduki digitalak kopiatzea hain da erraza, arina eta merkea, ia esfortzurik egin gabe zabaldu ditzakegula (gure azken bidaiako argazkiak lagun guztiei e-postaz bidaltzea, erosi dugun azken musika CDa gure MP3ra pasatzea edo lagunekin P2P bitartez partekatzea). Lehen, gure ingurukoekin errezetak partekatzen genituen bezala, orain era guztietako eduki intelektualak parteka ditzakegu. Eta hori da hain zuzen egiten duguna. Auzia hurrengoa da: errealitatea diren aukera horiek indarrez mugatzeak zentzua al du?

Nire ustez ez. Eduki birtualei objektu fisikoen legeak ezarri nahi izateak ez du zentzurik. Baina kontuz, ezta alderantziz ere. Inori ez zaio bururatzen (oraindik), aulki bat e-postaz bidaltzerik, ez eta paperezko liburu oso baten fotokopia segundo erdian eta gainera doan egiterik. Baina horrela egitea posible balitz, zentzua izango al luke aukera horiek indarrez mugatzeak?

Ba nire ustez, horrek ere ez luke zentzurik izango. Are gehiago esango dut: gizarte osoarentzat hain mesedegarriak izango liratekeen aukerak indarrez murriztea axolagabekeria galanta izango litzateke. Eduki birtualek berez dituzten aukerak murriztea ere, gizartearen ikuspegi oso batetik, axolagabekeria galanta da.

Erregistroa beharrezkoa da?

Lehen copyright legea sortu zenean, lan baten erabilera murriztea nahi baldin bazen, espresuki erregistratu behar zen. Baina 1886. urtetik ona, Bernako hitzarmena dela eta, Euskal Herrian edozein lan intelektual sortzen den momentuan bertan, lan hori guztiz babestua geratzen da. Ipuintxo bat idatzi eta jarraian kaxoi batetan gordetzen badugu ere, egilearen baimenik gabe lan horrekin ezin da ezertxo ere egin (ez argitaratu, ez kopiatu, ez itzuli, ez ezer).

Egile batek, lan baten egilea dela errazago frogatzeko (eta beraz lan horren egile eskubideak bereak direla frogatzeko), jabetza intelektualaren erregistro batera jo dezake, baina aukera hori guztiz hautazkoa da. Etorkizunean lan horren egiletza kolokan egonez gero eta epaiketa batetara helduz gero, lana berea bezala erregistratu zuenak irabazteko aukera gehiago izango ditu. Erregistroen funtzionamendua ondokoa da: diru bat ordaindu ondoren, egilearen nortasuna egiaztatu eta lana bera aztertu ondoren, egiletasunaren froga bezala balio du. Prozedura nahiko zaila eta garestia da eta praktikan oso gutxik erabiltzen dute.

safecreative.org
Irudi originala

Espainiar eta frantziar estatuek, jabetza intelektualaren erregistroa eskaintzen dute egileentzako hautazko zerbitzu bezala. Hala ere, eduki digitalentzako, SafeCreative.org bezalako erregistro modernoak ere badaude gaur egun. Erregistro hori doakoa da, erosoa da (den-dena Internet bitartez egin daiteke) eta lanen egiletza bera erregistratzeaz gain, lanen lizentzia ere kontutan hartzen du, Creative Commons lizentziak barne.

Espainiar legearen arabera, gauza jakina da irabazi-asmorik gabe egiten bada, egilearen baimenik gabe lan intelektual bat Internetetik deskargatzea ez dela delitua. Lobbyek hedabideen bitartez hain presio handia egingo ez balute, gaur egun jende guztiak jakingo luke hori. Baina ez da horrela. Telebistan eta egunkarietan etengabe entzun eta irakurtzen dugu P2P sareetatik musika eta filmak jaistea legearen aurkakoa dela (baita beste hainbat gauza itsusi ere).

Ez hori bakarrik, Espainiako Gobernuak, bere kultura eta justizia ministerioen bitartez, alokairurako eta salmentarako DVD guztietan gezurrez betetako iragarkiak txertatzen ditu. Horietan, Internet bitartez film bat eskuratzea (“pirateatzea”), kalean dioan bati zorroa lapurtzearekin parekatzen dute. Internet bitartez gure etxean film bat deskargatzea delitua dela esaten dute. Hori guztia publizitate engainagarria da eta gizartearen ikuspegi orokor batetik kaltegarria izateaz gain, legalki sala daitekeen zerbait ere bada…

Mito gehiago

Ia leku gabe gara dagoeneko, baina badira jabetza intelektualari buruzko beste hainbat mito ere: deskarga bakoitza lapurreta bat da, deskarga bakoitza salmenta galdu bat da, pirateriagatik eta top mantagatik dago kanon digitala, kanonekin batutako dirua egileentzat da, argazki kamerek ez dute kanon digitalik ordaintzen, copylefta copyrightaren kontrakoa da, aipamen eskubidea ez da hezkuntzara eta zientziara mugatzen, lanei lizentzia libreak jarriz diru gutxiago irabazten da, SGAEk egileak defendatzen ditu, musika disko bat grabatzeko SGAEn izena emanda egon behar da, SGAEtik ateratzea ezinezkoa da, egile elkarteek ezin dituzte Creative Commons lizentziak kudeatu, jabetza intelektualaren inguruko negozio ereduak ez dira aldatzen ari, eta abar.

Aipatu ditudan mito horietakoren bat okerra zergatik den jakin nahi baduzu edo bestelako zalantzarik izanez gero, galdetu lasai, gai banaiz, oso gustura erantzungo dizuet eta.

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko apirilaren 24an argitaratu zen.

Erlaziodun artikuluak:

  • Jabetza publikoaren eguna 2010
  • Creative Commons Zero (CC0)
  • P2P sareak erabiltzea delitua al da?
  • Jabetza publikoa
/ Etiketatua: creative commons, gara, gaur8, jabetza intelektuala, mitoak, p2p, safecreative, sgae

Jabetza intelektuala eta teknologia berriak UPV/EHU-n

2010(e)ko otsailak 19 1:24 / / Txopi

EHU/UPV

2009ko maiatzaren hamabostean Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) kanpus birtualak antolatzen dituen konferentzia ziklo batetan parte hartu nuen. Hitzaldi hauek OpenCourseWare proiektuaren barnean antolatu ziren (proiektu honetan munduko 100 unibertsitatetik gora hartzen dute parte).

Nire hitzaldia Leioako unibertsitatetik eman nuen eta bideokonferentzia bitartez Unibertsitateko beste kanpus batzuetatik jarraitu ahal izan zen (Bilbo, Donostia, Gasteiz, …). Oker ez banago, galderetako batzuk Eibarretik egin zizkidaten.

Hitzaldiaren izenburua “Jabetza intelektuala eta teknologia berriak” izan zen eta batek baino gehiagok suposatuko duenez, teknologia berriek orokorrean eta Internetek zehazki gure gaur egungo sare-gizartean eragiten ari diren aldaketei buruz hitz egin nuen, beti ere jabetza intelektualaren alorrari dagokionez. Batez ere gai hauei buruz mintzatu nintzen:

  • Jabetza publikoa
  • Copyright
  • Copyleft
  • Egile eskubideak
  • Jabetza intelektualaren legea
  • Creative Commons

Beste hitzaldi batzutan aztertu izan ditudan gaia beraz.

Konferentziaren bideoa (64 minutu) unibertsitatearen webgunean eskuragarri dago eta erabili nuen aurkezpena hemen argitaratzen dut:

PDF
20090515JabetzaIntelektualaTeknologiaBerriak.pdf (3 MB)

ODP
20090515JabetzaIntelektualaTeknologiaBerriak.odp (4 MB)

Gezurra dirudi baina ia urte bat igaro da hitzaldia eman nuenetik eta oraindik materiala argitaratu gabe neukan. Esaera zaharrak dioen bezala, hobe berandu sekula baino :-) Pilatzen ari zaizkidan beste material batzuk laster argitaratzea espero dut. Sentitzen dut atzerapena eta material hau norbaiti baliagarria izatea espero dut!

Beste hizkuntzak: castellano

/ Etiketatua: creative commons, eduki libreak, hitzaldia, jabetza intelektuala, jabetza publikoa, leioa, upv/ehu

Jabetza publikoaren eguna 2010

2010(e)ko urtarrilak 1 18:15 / Iruzkin 1 / Txopi

egutegia
Irudi originala

Gaur urtarrilaren bata da, urteko lehen eguna eta urtero bezala, gu guztiona den jabetza publikoa hazi egiten da. Jabetza publikoaren legearen arabera, orain dela 70 urte zendu ziren pertsonek sortutako lanen egile eskubideak bukatu egiten dira eta beraz, lan horien jabea gizartea osoa da, lan horiek nahi bezala zabaldu, moldatu eta berrerabil ditzaten. Urtea hasteko era bikaina beraz!

Azken urteotan euskal jatorria duten idazle eta sortzaile desberdinen lanak erabat askatuak izan diren bezala (Lauaxeta, Arturo Campion, Maurice Ravel eta abar), aurten beste sortzaile bikain batzuren txanda dator. Adibidez, Kirikiño idazle bizkaitarrarena.

Maila internazionalean ere omenaldia merezi duten sortzaileak daude noski: Paul Leni zinegilea, Robert Henri margolaria, Bliss Carman, Edward Carpenter, Harry Crosbi eta Rainis poetak, besteak beste. Idazleen artean Mary MacLane nabarmenduko nuke. Idazle feminista ausart honek bere burua bisexualtzat era irekian erakutsi zuen eta emakumearen eskubideen alde egin zuen ezbairik gabe. Gaur egun ere pertsona eredugarria eta gogoangarria iruditzen zait.

Mary MacLane
Irudi originala

Datorren urtean sortzaile eta sorkutza gehiago izango ditugu. Baina izan pazientzia, iaz zendu zen Mikel Laboaren lanak adibidez 2078. urterarte ez bait dira jabetza publikora helduko. Bitarte horretan jabetza intelektualaren legeak berriz aldatu eta epe hau luzatzen ez bada noski…

Erlaziodun artikuluak:

  • Jabetza publikoaren eguna 2009
  • Jabetza publikoa
/ Etiketatua: jabetza intelektuala, jabetza publikoa

Manifestua: “Internet-eko oinarrizko eskubideen alde”

2009(e)ko abenduak 9 19:33 / / Txopi

www usoa

Irudi originala: Eneko (CC BY-SA 2.1)

Ekonomia Iraunkorraren Lege aurreproiektuan barneratutako aldaketa legegileek adierazpen askatasuna, informazio eta Internet bidezko kulturatze prozesua bermatzen dituzte, hau dela eta, kazetari, blogari, erabiltzaile eta Interneteko sortzaileek, asmo biziz azaltzen gara proiektu honen aurka, honako hau agertuz:

1.- Egile-eskubideek ezin izango dute inolaz ere pribatutasun, segurtasun, errugabetasun-presuntzio, benetako epai babes eta adierazpen askatasun eskubideen gisako herritarren oinarrizko eskubideen gainetik egon.

2.- Oinarrizko eskubideak bertan behera uztea botere judizialaren eskuduntza esklusiboa da eta horrela izaten jarraitu behar du. Epairik gabeko itxiera bakar bat ere ez. Aurreproiektu hau, Konstituzioaren 20.5 artikuluak azaldutakoaren kontrakoa da, organo ez judizial baten esku -Kultura Ministerioaren menpekoa- jartzen baitu espainiar hiritarrek edozein web gunera sartzea galarazteko ahalmena.

3.- Legeria berriak ziurgabetasun juridikoa ekarriko du Espainiko sektore teknologikora, gure ekonomiaren etorkizuneko eta garapenerako alor bakanetakoa kaltetuz, enpresen sorrera oztopatuz, konpetentzia askea trabatuz eta nazioarte mailako proiekzioa motelduz.

4.- Proposatutako legeria berri honek, sortzaile berriak mehatxatzen ditu eta kultur sorkuntza oztopatzen du. Internet eta ondorengo aurrerapen teknologikoen bidez era guztietako edukien sorkuntza eta hedapena nabarmen demokratizatu dira eta aipatu edukiak jada ez datoz nagusiki ohiko kultur industriei esker, hainbat iturri ezberdinetatik baizik.

5.- Beste langile guztiek bezala, sortzaileek bere lanetik bizitzeko eskubidea dute, ideia kreatibo berrien, negozio eredu zein beren sorkuntzei lotutako jardueren bidez. Lege aldaketak erabiliz ingurune berrira egokitu ezinik dabilen industria zaharkitua sostengatzen saiatzea ez da zuzena ezta errealista ere. Negozio-eredua obren kopien kontrolean oinarritzen bazen, eta hori Interneten ezinezkoa bada oinarrizko eskubideak urratu gabe, beste eredu bat bilatu beharko lukete.

6.- Gure ustez, kultur industriek bizi irauteko alternatiba modernoak, eraginkorrak, sinesgarriak eta eskuragarriak behar dituzte, era berean erabilera sozial berriei egokituz, lortu nahi duten helburua lortzeko hain ez-eraginkorrak eta neurrigabekoak diren mugak baino.

7.- Internetek modu askean funtzionatu behar du, giza jakintza askea eragozten duten eta negozio eredu zaharkitua betikotzen saiatzen diren sektoreek bultzatutako interferentzia politikorik gabe.

8.- Espainian gerta daitekeen edozein presioren aurrean, Sarearen neutraltasuna bermatzea exijitzen diogu Gobernuari, etorkizunari begirako ekonomia iraunkorraren eta errealistaren garapena bideratzeko marko gisa.

9.- Jabego intelektualaren eskubidearen benetako erreforma proposatzen dugu, honek duen helburuari begira: jendarteari jakintza itzultzea, herri jabaria sustatzea eta erakunde kudeatzaileen gehiegikeriak murriztea.

10.- Demokrazian legeak eta lege-aldaketak eztabaida publikoaren ondoren onetsi behar dira, tartean dauden alde guztiak kontsultatu ondoren. Ez da bidezkoa oinarrizko eskubideak kaltetzen dituzten lege aldaketak egitea organikoa ez den eta beste gai bati buruzkoa den lege bat horretarako erabiliz.

Informazio gehiago:

  • Testu hau hizkuntza gehiagotan
  • Hacktivistas
  • Asociación de internautas
  • Compartir es bueno
  • Si eres legal comparte
  • Todos contra el canon
  • Hispalinux

Beste hizkuntzak: castellano, english

/ Etiketatua: jabetza intelektuala, kultura librea, legeak, manifestua, sarearen neutraltasuna

Bidalketa nabigazioa

1 2 3 Hurrengoa »

Azken iruzkinak

  • gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • @gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Liburuaren etorkizuna bidalketan
  • Sare sozialen sukarra eta kontsumo gizartea | zuzeu.com(e)k Sare sozialen sukarra Donostian bidalketan

Azken bidalketak

  • ikusimakusi.net –> ikusimakusi.eus
  • Sare sozialen sukarra Sestaon
  • Irailetik aurrera Bimbo ogia Chilly deituko da
  • Sagardoaren dieta hemen da!
  • AZTI-Tecnaliak Doraemon-en surf taula hegalaria sortu du

Etiketak

aeb alderdi politikoak azkue fundazioa barakaldo batasuna bilbo blogak cc0 crabgrass creative commons cryptosms d3m donostia e-book eaj eduki libreak euskara gara gaur8 gnupg hitzaldia internet irudigintza izparringia jabetza intelektuala jabetza publikoa kriptografia kultura librea leioa meta musika p2p politika politika 2.0 psoe sare sozialak sgae software askea software librea SVG tailerra umorea upv/ehu web 2.0 wikipedia
© Copyright lizentzia: Bat ere ez! (jabetza publikoa)
Ostatzailea: Sindominio
Infinity itxura nork: DesignCoral / WordPress