• Ikusi makusi
  • Veo veo
  • I spy with my little eye
Ikusi makusi

This website is frozen and will not be updated more.
From now on the new information will be published at ikusimakusi.eus.

2015/12/31

Tag Archives: Cc0

Creative Commons-eko semaforoa

2012(e)ko abenduak 23 23:34 / 3 iruzkin / Txopi

Azken asteotan Maite Goñirekin izandako hartu-emanari esker, orain dela urte batzuk sortu nuen Creative Commons-eko semaforoa hobetu daitekela jakin dut. Beraz, bigarren bertsio eguneratua argitaratzen dut gaur:


creative commons semaforoa

Irudi originala

Egin nuen lehenengoaren oso antzekoa da. Goreneko postuan, copyright murriztaileena dago. Gero Creative Commons-eko lizentzia ezagunenak datoz:

  • CC BY-NC-ND. Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe lizentzia.
  • CC BY-NC-SA. Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin lizentzia.
  • CC BY-NC. Creative Commons Aitortu-EzKomertziala lizentzia.
  • CC BY-ND. Creative Commons Aitortu-LanEratorririkGabe lizentzia.
  • CC BY-SA. Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin lizentzia. Hau, Creative Commons-eko lizentzia guztietatik copyleft motako lizentzia dei daitekeen bakarra da.
  • CC BY. Creative Commons Aitortu lizentzia.

Jabetza publikoa

Eta beheren, CC0 eskaintza dago (Creative Commons Zero). Azken hau ez da lizentzia bat, eskaintza bat baizik. Bien artean desberdintasun legala dago baina abokatua izan ezean interes gutxi duen zerbait da. Edozein kasutan, Creative Commons Zero deritzonaren helburua, lana jabetza publikoan uztea da.

Argitu beharra dago, lan bat jabetza publikoan egotea munduko leku guztietan berdin-berdin ez dela ulertzen. Orokorrean bai, edonork lan hori hartu eta argitaratu, zabaldu, aldatu eta abar egin bait dezake, inori inolako baimenik eskatu gabe. Baina berezitasun batzuk badira, adibidez, AEBetan, egile batek zuzenean bere lana jabetza publikoan utz bait dezake, baina Europar Batasuneko legedietan, ukaezinak diren “eskubide moralak” deritzonak daude (adibidez, Espainiar estatuan, egileak bere lanaren osotasuna errespetatua izan dadin duen eskubidea). Ezberdintasun horiek ekiditzeko, Creative Commons-ek CC0 eskaintza sortu zuen, non egileak lanarekiko izan ditzakeen eskubide guztiei uko egiten dien, baina ohartxo batekin: legeak ahalbidetzen duen neurrian.

Semaforoaren aurreko bertsioan agertzen zen PD aukera, semaforoaren bertsio honetatik kendu da, AEBetan bakarrik erabiltzeko pentsatua zegoelako eta Creative Commons berak azaltzen duen bazala, 2010ean aukera hau kentzea erabaki zuelako.

Kolore sailkapena

Bukatzeko, koloreen zergatia azalduko dut. Denok ezagutzen dugun copyright lizentzia arrunta, oso murriztailea da eta lanarekin ezer gutxi egiten uzten du. Horregatik jarri dut aukera hau semaforoaren alde gorrian. Alde horian berriz, CC lizentzia batzuk jarri ditut. Lizentzia hauek ez dira hain murriztaileak, egoera batzuetan edo baldintza batzurekin, lanak kopiatu, aldatu edo argitaratzeko aukera ematen bait dute.

Baina lanak libretzat hartzeko, behar baino murrizketa gehiagorik ezin dute izan. Horregatik agertzen dira BY-SA, BY eta CC0 semaforoaren alde berdean. Askea zer den eta zer ez sailkatzeko erabiltzen dudan muga hau, ez da nik asmatutakoa. Esparru askotako jendeak adostutakoetan oinarrituz egina da. Software askearen, lan kultural askearen eta jakintza irekiaren definizioen arteko bateragarritasuna ikusita, ez da harritzekoa Creative Commons berak, eskaintzen dituen aukera batzuk lan kultural libreentzako aproposak bezala markatu izana. “APROBED FOR Free Cultural Works” zigilua dutenak, semaforoaren alde berdean daudenak dira hain zuzen.

Irudi berriaren iturri fitxategia:

SVG

creativecommons-semaforoa-2.svg

Oharra (2012/12/26): Unairi esker, Euskarazko Wikipediak Creative Commons artikuluan, semaforo honen bertsio berria erakusten du gaurtik aurrera.

Beste hizkuntzak: castellano, english

/ Etiketatua: cc0, creative commons, jabetza intelektuala, jabetza publikoa, SVG

Creative Commons Zero (CC0)

2009(e)ko maiatzak 3 22:40 / 13 iruzkin / Txopi

cc0

Creative Commonsek lizentzia/ziurtagiri berri bat atera du, CC0 izena duena. Dauden lizentzia ugariekin, beste bat gehiago zertarako behar den galdetuko dio bere buruari batek baino gehiagok. Ba ziurtagiri honek hutsune garrantzitsu bat betetzen du, izan ere, munduko legedia askok jabetza publikoa onartu (eta babestu) egiten dute, baina egileei ez diete aukerarik ematen beraien lanak zuzenean jabetza publikoan jartzen. Legedia bakoitzak arautzen duen epe bat itxaron beharra dago lan horiek jabetza publikoan sar daitezen.

Ziurtagiri honek hutsune garrantzitsu bat betetzen du, izan ere, munduko legedia askok jabetza publikoa onartu (eta babestu) egiten dute, baina egileei ez diete aukerarik ematen beraien lanak zuzenean jabetza publikoan jartzen

Amerikar Estatu Batuetako legediak, egileek lanak zuzenean jabetza publikoan uztea ahalbidetzen du eta horretarako sortu zuen Creative Commonsek CC PD ziurtagiria. Baina Europan (Frantziar eta Espainiar estatuak barne), aukera hau ez da aurreikusten eta egileok ezin ditugu gure lanak guztiz askatu. Egilea hil eta 70 urte itxaron behar dira horretarako.

cc public domain

Egoera honen aurrean, nik guztiz legezkoa ez den zerbait egitea erabaki nuen: naiz eta legeak ez aurreikusi, nik sortutako edukiak jabetza publikoan uzten ditudala esatea. Gaur arte, hau izan da webgune honetako oinean agertzen zen azalpena: “Webgune honetako eduki guztiak, bestelakoa ohartarazi ezean, jabetza publikoan uzten dira.”

Baina hau egitea arriskutsua da, legeak dioenaren aurka doan zerbait jarriz gero, nik jarritako oharra baliogabetzat hartu bait zitekeen eta beraz, hori jartzea ezer ez jartzea bezala hartu liteke. Hau da, ikuspegi legal zorrotz batetik, eduki guztiak copyright murriztailea dutela ulertu daiteke.

Hori konpontzeko, aukeran dauden lizentzia legal guztien artean askeenatako bat aukeratu nezake (adibidez CC BY lizentzia), baina kasu horretan, nik nahi ez nituen betebeharrak gehitzen egongo nintzateke, eta hori zen hain zuzen nik saihestu nahi nuena. CC BY lizentziaren kasuan, norbaitek nik sortutako testu, argazki edo irudi bat erabiltzen duen bakoitzean, ezinbestez, nire egiletasuna aipatu behar du.

Beraz, nik sortutako edukiek ahalik zabalkunde handiena izan zezaten, lege ohar zehazgabe hori erabiltzea erabaki nuen. Noski, nik bezala, bai Europan, bai munduko txoko askotan erabaki bera hartu duten jende asko dago. Gu guztiontzat hain zuzen sortu du Creative Commonsek CC0 ziurtagiria (CC0 ez da lizentzia bat, baizik eta, jabetza publikoaren lege oharra bezala, ziurtagiri bat).

pantaila argazkia

Oraindik euskaraketa ofizialik ez duen testu honek, ondokoa dio gutxi gora behera: “Dokumentu honi lan bat esleitu dion pertsonak, bere lana komunitateari eskaini dio, jabetza intelektualaren legearen arabera izan ditzakeen eskubide guztiei uko eginez, eta baita erlazioa izan dezaketen beste edozein egile eskubideri ere, beti ere, legeak ahalbidetzen duen neurrian.”

Hau da, egileak lanaren gainean izan ditzakeen eskubide guztiei uko egiten die, eta legeak eskubide guztiei uko egiten uzten ez badio, ba ukatu ditzakeen eskubide guztiei behintzat bai.

Hemendik aurrera, webgune honek bere oinean azalpen hau izango du: “Webgune honetako eduki guztiak, bestelakoa ohartarazi ezean, legeak ahalbidetzen duen neurrian, jabetza publikoan uzten dira.”

Espainiar estatuko jabetza intelektualaren legearen arabera, egileek eskubide mota bi dituzte: eskubide moralak, ukatu ezin direnak, eta ustiapen eskubideak, egileak erabili, norbaiti utzi edo besterik gabe ukatu egin ditzakeenak. Lan bat jabetza publikora heltzen denean, ustiapen eskubideak iraungi egiten dira eta eskubide moralak, oinordekoek jasotzen dituzte edo hauek argi ez egotekotan, erakunde publikoek (teorian behintzat horrela da).

Ustiapen eskubideei uko egitea, lan bat jabetza publikoan uztea bezala dela pentsa daiteke, baina ez da horrela

Beraz, ustiapen eskubideei uko egitea, lan bat jabetza publikoan uztea bezala dela pentsa daiteke, baina ez da horrela. Izan ere, Espainiar estatuko legediaren arabera (Europa osoan bezalatsu), egilea hiltzen denean lana ez da jabetza publikoan sartzen. Beste 70 urte gehiago igaro behar dira horretarako, eta bitartean, egilearen oinordekoek kudeatzen dituzte lanaren inguruko eskubide guztiak. Beraz, naiz eta egileak, bizirik dagoela, ustiapen eskubideei uko egin, bera hildakoan, oinordekoek, legalki lanarekiko eskubide guztiak jasotzen dituzte eta ustiapen eskubideak beste era batera erabil ditzakete.

Amerikar Estatu Batuetako legediak egiten duen bezala, egile batek lan bat jabetza publikoan uztea aurreikusi ezean, ez dago inolako lizentziarik ez ziurtagiririk lan bat aurretiaz benetan jabetza publikoan uzten duena

Laburbilduz, Amerikar Estatu Batuetako legediak egiten duen bezala, egile batek lan bat jabetza publikoan uztea aurreikusi ezean, ez dago inolako lizentziarik ez ziurtagiririk lan bat aurretiaz benetan jabetza publikoan uzten duena. Beraz, aukera ona izan daiteke CC0 bezalako lege ohar bat erabiltzea, azaldutako arrazoiengatik eta baita beste batzurengatik ere:

  • Egileak ahalko balu, lana jabetza publikoan utziko zukeela argi uzten duelako,
  • Ziurtagiri hau ikuspuntu unibersal batekin sortu delako eta lan bakoitzari dagokion legediaren zehetasunetan sartzen ez delako,
  • Eta azkenik, etorkizunean legedia aldatuz gero, naiz eta egileak bere garaian lana jabetza publikoan utzi ezin izan, horrelako lege ohar bati esker, lana bide arruntetik baino azkarrago jabetza publikora heltzeko aukera irekita dagoelako…

Bukatzeko, hona hemen Creative Commons-ek ematen dituen aukera desberdinak, askeak diren (berdea) ala ez, copyleft diren ala ez eta abar laburbiltzen duen irudi eguneratua:

creative commons lizentziak

Artikulu honetan agertzen diren irudi originalak SVG formatu irekian eskuratu nahi dituenak, hemen dauzka:

tar.gz
creativecommons-semaforoa.tar.gz (93 KB)

Informazio gehiago:

  • About CC0
  • CC0
  • CC0 legal code
  • CC0 FAQ
  • Jabetza publikoa

Erlaziodun artikuluak:

  • Jabetza publikoa
  • Jabetza publikoaren eguna 2009

Beste hizkuntzak: castellano, english

/ Etiketatua: cc0, creative commons, jabetza intelektuala, jabetza publikoa, meta, SVG

Azken iruzkinak

  • gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • @gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Liburuaren etorkizuna bidalketan
  • Sare sozialen sukarra eta kontsumo gizartea | zuzeu.com(e)k Sare sozialen sukarra Donostian bidalketan

Azken bidalketak

  • ikusimakusi.net –> ikusimakusi.eus
  • Sare sozialen sukarra Sestaon
  • Irailetik aurrera Bimbo ogia Chilly deituko da
  • Sagardoaren dieta hemen da!
  • AZTI-Tecnaliak Doraemon-en surf taula hegalaria sortu du

Etiketak

aeb alderdi politikoak azkue fundazioa barakaldo batasuna bilbo blogak cc0 crabgrass creative commons cryptosms d3m donostia e-book eaj eduki libreak euskara gara gaur8 gnupg hitzaldia internet irudigintza izparringia jabetza intelektuala jabetza publikoa kriptografia kultura librea leioa meta musika p2p politika politika 2.0 psoe sare sozialak sgae software askea software librea SVG tailerra umorea upv/ehu web 2.0 wikipedia
© Copyright lizentzia: Bat ere ez! (jabetza publikoa)
Ostatzailea: Sindominio
Infinity itxura nork: DesignCoral / WordPress