Ordenagailuak eta Internet direla eta, jabetza intelektualaren inguruan gauza asko ari gara ikasten azken urteotan. Inprenta sortu aurretik, lan intelektualak inongo mugarik gabe kopiatu, eraldatu eta partekatzen ziren. Shakespearek eta bere garaikideek antzezlanak elkarri nola kopiatzen zizkioten lan intelektuala ulertzeko era askeago horren seinale zen. Baita gaur egun ipuinak, kantuak, sukaldeko errezetak eta beste lan intelektual batzuk partekatzen jarraitzeko dugun modua ere.
Inprenta sortu ondoren, inprimatzen ziren kopiei mugak jartzen hasi ziren eta, azken bi mendetatik hona, ohikoa bihurtu da musika, literatura, argazkigintza, zinemagintza eta abarretan eskubide guztiak erreserbatzea; hau da, lan intelektual orori copyright murriztailea ezartzea.
Baina esan bezala, gailu elektronikoak eta telekomunikazioak egoerari buelta berri bat ematen ari dira, lan intelektualen erabilera kontrolatzea guztiz ezinezkoa bihurtu baitute. Asmakizun teknologiko horiei esker, inoiz ez bezala, denok izan gaitezke eta gara sortzaileak, ez bakarrik hartzaileak edo kontsumitzaileak. Gainera, era guztietako edukiak hamaika eratara parteka ditzakegu, bat-batean eta partekatze horretan kalitate tantarik galdu gabe.
Horiek horrela, azken bi mendeetan Euskal Herrian jabetza intelektualaren aurrean izan dugun jarrera aldatzen ari da. Oso azkar gainera. Jendeak, bere telefono mugikorrarekin ateratako argazkiak Facebookera igo nahi ditu bere lagunek ikus ditzaten. Argazkizale askok eta gero eta argazkilari profesional gehiagok, Flikr erabiltzen dute beraien argazkiak erakusteko eta besteengandik ikasteko. Musika taldeek berriz, Myspacera igotzen dituzte beraien kantuak, beraien jarraitzaileek entzun ditzaten eta baita kontzertuak lortzeko bide onenetakoa dela dakitelako. Informatikari askok ere, beraien programak guztiz libre argitaratzen dituzte Interneten. Zinemagileak eta idazleak ere hasiak dira beraien lan intelektualak, ezkutatu beharrean, ahalik eta gehien zabaltzen.
Materiala eta intelektuala
Egile argitsuenak, beraien lan intelektualak zabaltzearen garrantziaz jabetu dira jada (Coldplay musikariak, Paulo Coelho idazlea eta abar luzea), baina oraindik badira jabetza intelektuala altxor sakratuena bezala ikusten dutenak. Oraindik ere beraien lanari etekin handiena ateratzeko bidea egile eskubideak zorrotz-zorrotz ustiatzea dela uste dutenak. Errepasatu ditzagun gaur egun jabetza intelektualaren inguruan mantentzen diren mito oker batzuk, gauzak zenbat aldatu diren jabetu gaitezen.
Objektu materialen jabe izateak zer esan nahi duen ederki ulertzen dugu. Objektu material bakoitza bakarra delako eta pertsona batek badauka besteek ezin dutelako eduki (aulki bat, liburu bat). Gainera, objektu materialak kopiatzea hain da garestia, askotan, objektua berriz zerotik egitea hobe dela (aulki baten kopia, liburu baten fotokopia).
Eduki digitalekin ez da horrelakorik gertatzen. Informatikari esker, eduki digitalak kopiatzea hain da erraza, arina eta merkea, ia esfortzurik egin gabe zabaldu ditzakegula (gure azken bidaiako argazkiak lagun guztiei e-postaz bidaltzea, erosi dugun azken musika CDa gure MP3ra pasatzea edo lagunekin P2P bitartez partekatzea). Lehen, gure ingurukoekin errezetak partekatzen genituen bezala, orain era guztietako eduki intelektualak parteka ditzakegu. Eta hori da hain zuzen egiten duguna. Auzia hurrengoa da: errealitatea diren aukera horiek indarrez mugatzeak zentzua al du?
Nire ustez ez. Eduki birtualei objektu fisikoen legeak ezarri nahi izateak ez du zentzurik. Baina kontuz, ezta alderantziz ere. Inori ez zaio bururatzen (oraindik), aulki bat e-postaz bidaltzerik, ez eta paperezko liburu oso baten fotokopia segundo erdian eta gainera doan egiterik. Baina horrela egitea posible balitz, zentzua izango al luke aukera horiek indarrez mugatzeak?
Ba nire ustez, horrek ere ez luke zentzurik izango. Are gehiago esango dut: gizarte osoarentzat hain mesedegarriak izango liratekeen aukerak indarrez murriztea axolagabekeria galanta izango litzateke. Eduki birtualek berez dituzten aukerak murriztea ere, gizartearen ikuspegi oso batetik, axolagabekeria galanta da.
Erregistroa beharrezkoa da?
Lehen copyright legea sortu zenean, lan baten erabilera murriztea nahi baldin bazen, espresuki erregistratu behar zen. Baina 1886. urtetik ona, Bernako hitzarmena dela eta, Euskal Herrian edozein lan intelektual sortzen den momentuan bertan, lan hori guztiz babestua geratzen da. Ipuintxo bat idatzi eta jarraian kaxoi batetan gordetzen badugu ere, egilearen baimenik gabe lan horrekin ezin da ezertxo ere egin (ez argitaratu, ez kopiatu, ez itzuli, ez ezer).
Egile batek, lan baten egilea dela errazago frogatzeko (eta beraz lan horren egile eskubideak bereak direla frogatzeko), jabetza intelektualaren erregistro batera jo dezake, baina aukera hori guztiz hautazkoa da. Etorkizunean lan horren egiletza kolokan egonez gero eta epaiketa batetara helduz gero, lana berea bezala erregistratu zuenak irabazteko aukera gehiago izango ditu. Erregistroen funtzionamendua ondokoa da: diru bat ordaindu ondoren, egilearen nortasuna egiaztatu eta lana bera aztertu ondoren, egiletasunaren froga bezala balio du. Prozedura nahiko zaila eta garestia da eta praktikan oso gutxik erabiltzen dute.
Espainiar eta frantziar estatuek, jabetza intelektualaren erregistroa eskaintzen dute egileentzako hautazko zerbitzu bezala. Hala ere, eduki digitalentzako, SafeCreative.org bezalako erregistro modernoak ere badaude gaur egun. Erregistro hori doakoa da, erosoa da (den-dena Internet bitartez egin daiteke) eta lanen egiletza bera erregistratzeaz gain, lanen lizentzia ere kontutan hartzen du, Creative Commons lizentziak barne.
Espainiar legearen arabera, gauza jakina da irabazi-asmorik gabe egiten bada, egilearen baimenik gabe lan intelektual bat Internetetik deskargatzea ez dela delitua. Lobbyek hedabideen bitartez hain presio handia egingo ez balute, gaur egun jende guztiak jakingo luke hori. Baina ez da horrela. Telebistan eta egunkarietan etengabe entzun eta irakurtzen dugu P2P sareetatik musika eta filmak jaistea legearen aurkakoa dela (baita beste hainbat gauza itsusi ere).
Ez hori bakarrik, Espainiako Gobernuak, bere kultura eta justizia ministerioen bitartez, alokairurako eta salmentarako DVD guztietan gezurrez betetako iragarkiak txertatzen ditu. Horietan, Internet bitartez film bat eskuratzea (“pirateatzea”), kalean dioan bati zorroa lapurtzearekin parekatzen dute. Internet bitartez gure etxean film bat deskargatzea delitua dela esaten dute. Hori guztia publizitate engainagarria da eta gizartearen ikuspegi orokor batetik kaltegarria izateaz gain, legalki sala daitekeen zerbait ere bada…
Mito gehiago
Ia leku gabe gara dagoeneko, baina badira jabetza intelektualari buruzko beste hainbat mito ere: deskarga bakoitza lapurreta bat da, deskarga bakoitza salmenta galdu bat da, pirateriagatik eta top mantagatik dago kanon digitala, kanonekin batutako dirua egileentzat da, argazki kamerek ez dute kanon digitalik ordaintzen, copylefta copyrightaren kontrakoa da, aipamen eskubidea ez da hezkuntzara eta zientziara mugatzen, lanei lizentzia libreak jarriz diru gutxiago irabazten da, SGAEk egileak defendatzen ditu, musika disko bat grabatzeko SGAEn izena emanda egon behar da, SGAEtik ateratzea ezinezkoa da, egile elkarteek ezin dituzte Creative Commons lizentziak kudeatu, jabetza intelektualaren inguruko negozio ereduak ez dira aldatzen ari, eta abar.
Aipatu ditudan mito horietakoren bat okerra zergatik den jakin nahi baduzu edo bestelako zalantzarik izanez gero, galdetu lasai, gai banaiz, oso gustura erantzungo dizuet eta.
Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko apirilaren 24an argitaratu zen.
Ados Copyright kontuei buruz esaten dituzunekin. Ni ere CC lizentzia irekiagoak erabiltzearen aldekoa naiz. (Ene sormen lanetatik nire bizimodua hobetzeko inolako esperantzarik ez dudalako, agian).
Baina copyright horrek sortzen den diruaren zati bat sortzaile(ar)entzat, egile(ar)entzat, itzultzaile(ar)entzat bideratzen omen du.
Lan batek dirua sortzen badu diru, diru hori “ondo” banatu beharko litzateke lanean ibili direnen artean. Copyright sistemak kopiak gelarazten ditu, hedatze lanei trabak jartzen die eta gainera ez ditu diruak ondo banatzen baina…
CC lizentziekin sortzaile askok oraindik ere gutxiago irabaziko dutela uste dute. Coelhok izan zuen arrakasta errepikatzea zaila irudituko zaie, nonbait, oraindik ere, copyright hautatzen dutenei.
Kaixo, Gorka:
Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkizut zure iruzkinagatik eta baita barkamena eskatu hainbeste denbora hartu izanagatik iruzkina onartzeko (ez dakit zer ikusi duen WordPress-ek susmagarri zure iruzkinean zuzenean argitaratu beharrean eskuz moderatzeko zerrendan sartzeko).
Diozunaren harira, zurekin ados nagoela argitu nahi dizut. Hein handi batean behintzat bai. Zenbat eta lizentzia askeagoak erabili hobeto. Baina kasu batzuetan hautaketa horrek (ohiko copyright lizentziaren ordez, askeago bat aukeratzeak) eraginak ditu. Eragin onak (zure lana eta zure izena gehiago zabaltzea, kobratu gabe erabiltzea onartuko zenuketen erabilera batzuk baina burokrazia dela eta egingo ez zirenak benetan egitea…) eta txarrak (kasuren batean kobratu zenezakeen erabileraren bat egitea eta ez kobratzea…).
Nire ustez ezin da esan diru truk egiten diren lanak copyright-arekin joan behar direnik eta musu-truk direnekin beste aukerekin ausartzeko. Nire ustez diru truk egiten diren lanetan ere lizentziak malguak erabil daitezke. Euskal Herriko gero eta idazle eta musikari gehiagok CC lizentziak erabiltzen dituzte beraien eleberriak eta diskoak argitaratzeko eta ez da mundua amaitu. Orain ez dut gogoan baina duela hilabete batzuk euskal idazle emakume baten liburua izan nuen eskuetan eta CC lizentzia zuen. Hau gelditu ezinezko mugimendua da eta bi aukera ditugu, alperrik kontra egin edo hausnartu eta egoera berrira nola moldatu gaitezkeen aztertu.
Hala ere, gai honi buruzko hitzaldietan azaltzen dudan bezala, sektore eta esparru guztiak ez dira berdinak eta ez dira berdin tratatu behar. Sukaldari batek plater berri bat, teknika berri bat edo konbinazio berri bat asmatzen duenean, hortik aurrera bere zera hori erreproduzitzen den bakoitzean dirua kobratzea inork ez du ondo ikusten. Bertsolari batek diru truk plaza batera doanean eta gai jartzaileak jarritako gai bati buruz beste bertsolari batekin batera bertso bat osatzen duenean ohiko doinu batean eta ordu erdi lehenago gertatutako anekdotari buruz, bertsolariek horren jabetza eta eskubide murriztaile guztiak izatearen aldekorik aurkitu dut inoiz. Nire ustez ezin da dena edo ezer ez izan.
Ulertzen dut idazle batek bi urte eman baditu eleberri bat prestatzen, idazten eta zuzentzen eta bitartean bizitzeko dirua behar badu, lan horrengatik eta ez beste batzuengatik bizitzeko eskubidea duela. Eta hori lortzeko moduak bilatu behar ditugu. Baina egia da batzuetan adibidez itzultzaile batek diru truk lan bat egiten duela, eskatu dioten ez dakit zein lan zehatz itzultzeko eta horren gaineko copyright eskubideak (hau da, kopiak egin ahal izatearen kontrola) izateak behin baino gehiagotan ez duela zentzurik. Eta hala ere, beri copyright-a jartzen zaiola lan ia guztiei horrek benetan zentzurik duen pentsatu gabe.
Informatikan maiz gertatzen da. Bezero baten behar bat du. Zuk behar hori asetzen duen programa garatzen duzu eta horrek, beste inolako arrazoirik gabe copyright murriztaileena du. Zergatik? Informatikariak behin eta berriz gurpila asmatzen egon behar dugu? Bezeroari zer axola dio programa horrek lizentzia aske bat badu eta argitaratzen bada? Hori eginez gero gainera onurak etorri ohi dira: beste programatzaile batzuek ekarpenak egiten dituzte, moduluak gehitzen dituzte, zuzenketak eta hobekuntzak egiten dituzte. Haserako informatikariak lana behin egin badu eta lan horren truke eskatzen zuena irabazi badu, zertarako itxi eta “babestu” egindako lana? Alderantziz. Ireki eta zabaltzen badu, behin baino gehiagotan onurak jaso ditzake. Informatikariak eta baita haserako bezeroak ere: programa bera erabiltzen duten jende gehiago badago, programa hori sendoagoa izango da, iraupen luzeagoa eta mantenu hobeagoa izango du…
Galdera erretorikoetatik benetako galderetara pasako naiz: itzultzaile batek liburu bat itzultzen duenean kopia kopuruaren arabera kobratu ohi du ala kopuru itxi bat? Eta beste lan guztietan? Aldizkari baterako artikulu bat, enpresa bateko publizitatea, udal bateko dokumentazioa………. Administrazio publikoa aipatu dudanez, beste galdera bat bururatzen zait: zein zentzu du instituzio publikoek sortzen dituzten material guztiak (liburuak, aldizkariak, webguneak, irratiak, telebistak…) beti copyright murriztaileenarekin “babestuta” egotea? Zertaz “babesten” ari dira? Beno, bota ditut oraintxe buruan dauzkadanak. Hartu dut lasaitua. Nahi baduzu erantzun, bestela mintzatuko gara ikusten garenean
Kaixo Txopi,
nik ere azkar erantzuteko asmoa bai baina konturatu orduko egunak igaro dira.
Zure erantzun luzeak erantzun bat merezi zuen, laburra bada ere.
Sortzaile lanetik bizimodua ateratzeko asmoa izango banu oso kezkaturik egongo nintzateke.
Egungo munduan kopiak gero eta azkarrago, gero eta errazago, gero eta merkeago egiten dira, garraiatzen dira, biderkatzen dira.
Sormen lan batek arrakasta izanez gero kopia digitalak modu esponentzialean biderka daitezke. Gerta zitekeen eta gertatzen ari da.
Erdi Aroan kopia bat egiteko eskulangintza besterik ez zegoen. Orduak eta orduak kodex bakoitzeko. Halako batean inprenta asmatu zen eta infernuko makina horrek, fraide saiatuenak baino azkarrago kopiatzen zituen liburuak. Aro berri bat ekarri zuen kopiatzeko makina batek.
Orain, Internet, disko gogorrak, eskanerren garai hauetan, liburuak, diskoak, filmak, kopiatzea, norberak bere etxean, azkar baino azkarrago eta oso merke egin daitekeen zerbait da.
Fenomenoa geldiezina dela ematen du. Arrakasta daukaten sormen lanek behin eta berriro kopiatuko dira, oparituko dira, biderkatuko dira.
Batzuek, Susa argitaletxeak, esate baterako, kontsumitzaileei konfiantza eskaini eta neurriko prezioa eskatzen hasi dira. Liburu bakoitzagatik 3,63 € eskatzen dute. “(Han-hemen hala argitaratu bada ere, liburuak ez dira doan)” esaten digute bere webgunean.
https://susa-literatura.eus/ebook/
Beste batzuk, prezioa baino “dohaintza” deitzea nahiago. “El precio lo pones tú”.
http://loslibrosdek2k.com/nuestros-libros/el-exito-fue-la-confianza
Kontsumitzaileengan uste osoa jartzen dute… Ematen du beste erremediorik ere ez dutela, ezta?
Bai mintzatuko gara honetaz eta beste zerbaitaz elkar ikusten dugunean
Nahi duzunean.