• Ikusi makusi
  • Veo veo
  • I spy with my little eye
Ikusi makusi

This website is frozen and will not be updated more.
From now on the new information will be published at ikusimakusi.eus.

2015/12/31

Tag Archives: Batasuna

Adierazpen askatasuna Interneten

2008(e)ko azaroak 23 19:00 / / Txopi

megafonoa
Irudi originala

Gizarte garatuetan, demokratikoak deitu ohi diren horietan, adierazpen askatasuna gauza ziurtzat jotzen da. Eta orain Internetek ematen duen aukera mordoarekin (blogak, wikiak, etab.), are gehiago. Baina maiz gertatzen den bezala, urruneko intxaurrak hamalau iruditu arren, gerturatutakoan lau besterik ez dira izaten.

Ikusiko dugun bezala, estatu askotan, legegintza-boterearekin hain ondo konpontzen diren indar eskuindarren eraginez, adierazpen askatasuna oztopatzen duten legeak ateratzen ari dira han-hemenka.

Internet arautzeko helburuarekin sortzen den lege berriak justifikatzeko, mota askotako arrazoiak ematen dira. Baina beti helburu txalogarriak lortzeko: pederastia ekiditeko, segurtasun nazionala ziurtatzeko, egile eskubideak bermatzeko, merkataritza elektronikoa hobetzeko, etab. Kontua da, helburu horiek lortu ala ez, Interneteko beste hainbat esparrutan eragin zuzena izaten dutela lege hauek. Batez ere adierazpen askatasunean eta informatua izateko askatasunean eta, kasu batzuetan, baita pribatutasuna izateko eskubidean ere.

Demokratikoak ei diren estatuetan adierazpen askatasuna bermatua dagoela uste baduzu, oker zaude

Ohiko adibideak dira Txina eta Kuba, beraien herritarrei Internet erabiltzeko muga oso agerikoak jartzen baitizkiete (konexioa lortzeko, informazioa igortzeko, informazioa jasotzeko, etab.). Ipar Korean, adibidez, Internet ia existitu ere egiten ez dela esan daiteke. Demokratikoak ei diren estatuetan horrelakorik gertatzen ez dela pentsatzen baduzu, eta adierazpen askatasuna bermatua dagoela uste baduzu, oker zaude.

Hain kontserbadoreak diren Amerikar Estatu Batuetan, adibidez, Internet bitartez intimitate osoz hitz egitea (hau da, kriptografia segurua erabiltzea) legez kontrakoa da, Gobernuak nahi izanez gero ezin baitu guk dioguna jakin. Bertan, kriptografiadun programak erabil daitezke, baina segurtasun maila baxua dutenak bakarrik. Wassenaar itunaren barruan dauden 33 estatuek (Espainia eta Frantzia barne) kriptografiaren erabilerari ez baina kriptografiadun programen esportazioari mugak jartzen dizkiote, “erasorako arma estrategikotzat” hartzen baitituzte.

Gobernuek nahiago dute herritarrok Internet bitartez gutun itxiak bidali beharrean postal irekiak barra-barra bidaltzen jarraitzea

Pribatutasunaz hitz egitea, orduan, zer da, eskubide bat ala erasorako arma bat? Kontua da e-mailak zifratuta bidaltzeko sistemak aspaldi asmatu ziren arren, gutxiengo batek bakarrik erabiltzen ditugula. Izan ere, gobernuek nahiago dute herritarrok Internet bitartez gutun itxiak bidali beharrean postal irekiak barra-barra bidaltzen jarraitzea eta, horregatik, ez dituzte komunikazio seguruak sustatzen.

Gaur egun, ia guztiok dakigu blogak zer diren eta adierazpen askatasunaren lagunak direla argi daukagu. Agian horregatik, ez gara harritzen Maroko edo Egipto bezalako estatuetan blogariren bat espetxeratu dutela jakitean. Han ez bezala, Europan blogariek adierazpen askatasuna bermatua dutela pentsatuko dugu. Bada, kontuz. Italian gertatu berri dena kontuan hartzekoa baita. Berlusconi boterean zegoela, 2001. urtean onartutako lege baten arabera, hedabideak erregistratu egin behar dira eta, lege hori erabiliz, epaile batek blogari bat bere bloga ixtera zigortu du. Logikoa denez, orain, ehunka mila blogen jabeek ziurgabetasun itzela daukate, gustukoa ez den zerbait esanez gero norbaitek auzitara eraman eta bloga itxiaraziko baitiete. Hori al da adierazpen askatasuna bermatzea?

Estatu espainolak ere baditu lege alprojak. Aznar boterean zegoela, 2002. urtean, merkataritza elektronikoa arautzeko aitzakiarekin, Interneten erabilera guztiak kontrolatzeko erabil zitekeen lege bat onartu zen.

Lege horrek, beste puntu polemiko batzuen artean, Estatu espainoleko Internet Zerbitzuen Hornitzaileen (ISP) bitartez, atzerrian dauden webguneak zentsuratzeko aukera ezarri zuen (munduko estatu atzerakoienetan bezala). Legea indarrean jarri eta hurrengo egunean bertan, Estatu espainoleko ISP guztiek ordura arte inoiz egin ez zutena egin zuten, Garzon epailearen aginduak jarraituz, atzerrian zeuden “batasuna.org”, “euskal-herritarrok.org” eta “batasuna-barakaldo.org” webguneak blokeatu zituzten. Merkataritza elektronikoa arautzea xede ei duen lege bat izateko, lehen erabilera benetan deigarria…

Urte honetan bertan, Estatu espainolean, Internetekin zerikusia duen beste lege bat jarri dute indarrean. Lege berri horren xedea ere oso txalogarria ei da: informazioaren gizartea sustatzea. Baina edukiak aztertuz gero, adierazpen askatasunaren aurkako puntuak dituela ikusiko dugu. Aurreko legearen arabera, webgune bat epaile batek bakarrik itxi zezakeen, baina lege berriarekin administratiboki ere itxi daiteke. Hau da, epaile baten ordez, gobernuko funtzionario batek ere webguneak itxi ditzake. Horrek, antza, informazioaren gizartea sustatzen du…

Azken adibide bezala, Hego Koreako gobernu eskuindarrak onartu nahi duen lege bat aipatu nahi dut. Bertako presidenteak haragi inportazioaren inguruan hartutako erabaki polemiko baten ondoren, sekulako liskarrak eta iskanbilak piztu dira. Hego Korea Internet gehien erabiltzen duen laugarren estatua denez, sareko blogetan eta foroetan gaiari buruz asko hitz egin dute. Eta ez hori bakarrik, herritarrek tresna horiek inoiz baino gehiago erabili dituzte beraien artean eztabaidatzeko eta koordinatzeko. Adierazpen askatasunaren onuratzat har zitekeena, gobernuak mehatxutzat hartu du eta Hego Koreako webguneetan anonimotasuna debekatu nahi du. Legea aurrera ateratzen bada, korear guztiak, blogetan eta foroetan parte hartzen jarraitu ahal izateko, benetako izen abizenak erabiltzera behartuta egongo dira. Ez dakit ligatzeko foroetan edo sexologiari buruzko blogetan jendea parte hartzera ausartuko den, baina Gobernuak hartutako erabakiei buruz ziur inork ez duela txintik esango. Gora adierazpen askatasuna! Gora demokrazia!

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu dut eta 2008ko urriaren 11an argitaratu da.

Erlaziodun artikuluak:

  • Estatuen zelatatze sistemak
  • Isiltasun Gizartearen legea heldu da
/ Etiketatua: adierazpen askatasuna, aeb, batasuna, espainia, frantzia, italia, korea, kriptografia, wassenaar

Isiltasun Gizartearen legea heldu da

2008(e)ko urtarrilak 6 3:42 / 3 iruzkin / Txopi

Espainiar gobernuak Informazio Gizartea Sustatzeko Neurrien Legea (LMISI) aurrera atera zuen 2007. urtearen bukaeran, besteak beste EAJren laguntzaz, eta 2008ko urtarrilaren 1etik martxan dugu lege berri hau Hego Euskal Herrian.

Zentsura
Irudi originala

Hedabide korporatiboek Informazio Gizartea bultzatzeko dela badioete ere, bere eduki batzuk gizartearentzako ikaragarri kaltegarriak direla deritzot. Hona hemen nire arrazoiak (eta beste askorenak ere, noski):

  • 1. Webgune bat administratiboki itxi daiteke
  • 2. Kanon digitala berresten da
  • 3. Kanona gailu mota gehiagotan
  • 4. Politikoak Interneten ikusgarritasunaz baliatzen dira

1. Webgune bat administratiboki itxi daiteke

Merkataritza elektronikoa erregulatzeko zela suposatzen zen beste lege batek (LSSICE), webgune bat epaile batek bakarrik itxi zezakeela ezartzen zuen orain arte. Lege hau oso polemikoa izan zen onartu zen garaian, batez ere zirriborroan administratiboki webgune bat itxi zitekeela esaten zuelako (Interneteko Zerbitzuen Hornitzaileek 12 hilabetez beraien bezero guztien mugimenduak gorde beharrak ere giroa asko berotu zuen). Gizarte mugimendu handi bat sortu zen lege honen aurka (aldaketa sakonekin konformatzen zirenak ere baziren), eta azkenik webgune bat epaile batek bakarrik itxi zezakeela ezarri zen LSSICE legean.

LMISI lege berriarekin, espainiar alderdi politiko indartsuenak berriz saiatu dira eta Interneteko erabiltzaileen elkarte askok aurkako ekimenak egin badituzte ere, oraingoan zentsuratzaileek nahi zutena oztopo handirik gabe lortu dute. Horrek esan nahi du, pasa den urtarrilaren batetik epaiketarik egin beharrik gabe gobernuko funtzionari batek edo Autore eta Editoreen Elkartea (SGAE) bezalako aholkulari batek nahi duen webgunea bapatean itxi dezakeela eta gainera izun erraldoiak jarri. AUIk eta AIk salatzen duten bezala (IEk ez du tutik esan), lege honek Interneteko erabiltzaileen funtsezko eskubideak urratzen ditu: adierazpen askatasuna, informazioa jasotzeko eskubidea eta iritzi askatasuna.

Hori gutxi balitz, gobernuak, zeharka, lege hau Batasunaren inguruan dauden webguneen aurka era eraginkorrago batean aritzeko balio duela esan du. Horrek zer esan nahi du? Gobernuak gustoko ez dituen alderdi politikoak epaileak bakarrik utzi ditzakeela legez kanpo (Alderdien legeari esker) baina gobernuak gustoko ez dituen webguneak funtzionari soil batek itxi ditzakeela (LMISI legeari esker)? Hori horrela bada, hau ez da Informazio Gizartea sustatzeko legea, Isiltasun Gizartea sustatzeko legea baizik.

2. Kanon digitala berresten da

Informazio digitala gorde eta kopiatu dezaketen gailu orori kanon bat jartzea oso kaltegarria da. Musikariek, idazleek eta beste sortzaile batzuk, beraien lanetaz egiten den zabalketa publiko bakoitzeko, dirua jaso behar dute espainiar legediaren arabera. Irrati, taberna, kopia-denda eta abarretan egiten den guztia kontrolatzea ezinezkoa denez, espainiar gobernuak berak zuzenean egileen eskubide hori bermatu beharrean, bermatu egin behar dela legeztatu besterik ez du egiten. Hortik atera ziren SGAE, DAMA, CEDRO eta antzeko kudeaketa elkarte pribatuak. Pribatuak direnez, eman zaien boterea herritarrok diogunari eta bozkatzen dugunari jaramonik egin beharrik ez daukate. Horregatik daukagu kanon digital bat eta ez zerga digital bat. Horregatik kudeaketa elkarteek bakoitzak nahi bezala kobratzen dute dirua (hedabide eta enpresei mafia batek bezala dirua ateraz) eta nahi duten bezala banatzen dute jasotakoa (defendatu behar lituzketen egileei, batez ere txikiei, aurpegira barre eginez). Espainiar legediak ematen die erakunde pribatu hauei bidegabekeria guzti horiek egiteko aukera eta babesa.

Orain dela aste gutxi, beste gauzen artean kanon digitalaren prezio berriak arautuko zituen LMISI legea onartzeko bidean zegoenean, espainiar Legebiltzar barruan kanona kentzeko ahotsak entzun ziren. Horrek, ikusmin dexente sortu zuen, baina azkenik ez zen deuz ere gertatu eta legeak zegoen bezala aurrera egin zuen (gero ikusiko dugun bezala, PPk protagonismoa lortzeko erabili zuen gai hau). Beraz, hain bidegabekoa den kanonak jarraitu egingo du. Egileek SGAEk beraien eskubideak sudur puntan jartzen zaion bezala kudeatzen jarraitzea jasan beharko dute (adibidez SGAEn dagoen musika talde batek emanaldi ongile batetan parte hartzen badu, naiz eta berak ez nahi, SGAEk bildutako diruaren zati bat nola eramaten duen ikusi beharko du). Irratiek, tabernek, udalek, kontzertu antolatzaileek eta musika grabatua ala zuzenean publikoki zabaltzen duten guztiek, SGAEk behin eta berriz etekinak nola ateratzen dituen ikusi beharko dute, diru kopuruak era mafiosoekin adostuz. Eta azkenik, kaleko jendea, beraien informazio digitala grabatzeko eta gordetzeko (bidaietako argazkiak, laneko dokumentuak, familiako bideoak…) erabiltzen dituzten gailuengatik beti SGAEk daukan talderen baten musikaren kopiak egiten ibiliko balitz bezala kanona ordaintzen ibiliko da. Penagarria.

3. Kanona gailu mota gehiagotan

Guzti hau gutxi balitz, lehen gure CD eta DVD guztiengatik kanona ordaintzen bagenuen, orain gailu gehiagorengatik ordainduko dugu: MP3 gailuengatik, USB giltzengatik, argazki kameren txartelengatik, telefono mugikorrengatik, MP4 eta PDA bezalako gailu berriengatik, etab.

Beraz, zure kamerarekin egindako argazkiak CD batetan gordetzen dituzun bakoitzean (jende gehienak egiten du hori!), kanona birritan ordainduko duzu, behin ere ordaindu behar ez zenuenean. Zure mugikorrerako kanta bat jaisten duzun bakoitzean, kanona birritan ordainduko duzu (kanta jaisteko prezioan kanona kobratuko bait da), behin bakarrik ordaindu behar zenuenean (talde hori SGAEkoa dela suposatuz noski). Eta orain arte bezala, zure sistema eragile kutunena CDetan kopiatzen duzun bakoitzean edo enpresa batek beraien datuen kopiak egiten dituen bakoitzean, SGAEri dirua ematen jarraituko dugu. Bai, badakit guzti honek zentzurik ez daukala, baina espainiar Legebiltzarrak horrela erabaki du.

4. Politikoak Interneten ikusgarritasunaz baliatzen dira

Aipatu dudan LSSICE legea onartu zenean, PP zegoen espaniar gobernuan eta PSOE berriz oposizioan. PP webguneak administratiboki ixtearen aldekoa zen eta PSOE berriz ez. Rubalcaba politikari sozialista adibidez, lege honen aurka agertu zen behin baino gehiagotan (“ziberespazioko zentsuraren legea” zela zioen) eta nik espainiar Legebiltzarkideei lege honen aurka egiteko eskatuz bidali nien gutun bati ere erantzun zion. Gero, PSOEk hauteskundeak irabazi zituenean, ez zuen LSSICE legearen aurka ezertxo ere egin, eta jende gehiago konturatu den bezala, gainera LMISI lege berria atera du aurrera.

Baina boterera heldutakoan aurretik esaten zutenaren kontrakoa egiten duten politikoak zenbaezinak dira eta ez dut pertsona edo alderdi bakar baten kritika egin nahi. PPk ere bere iritziak aldatu ditu, boterean zegoenean kanonaren aldekoa bait zen argi eta garbi, eta orain berriz, denon harridurarako, alderdiko burua kanonaren aurka agertu da (okerreko arrazoiengatik gainera). Aldaketa lotsagarri hauek gertatzearen arrazoi nagusiak, bi dira nire ustez: alde batetik, musikaren industriak botere neurtuezin bat duelako mundu mailan eta bestetik, teknologia berriekin zerikusia daukaten gaiak oso ikusgarriak eta modernoak direlako botoemaileen aurrean jarduteko. Tamalez, alderdi politikoek beraien arteko liskar zikinetan txanpon trukagarriak besterik ez dira sarearekin eta teknologia berriekin lotutako gai hauek (eta baita beste gai asko ere). Elkarri bozkak lapurtzen dabiltzan bitartean, informazio gizartea gauzatzen doa eta politikoen jardun arduragabeak bere egituran eta izaeran garrantsi handia du. Ez dakit horretaz konturatu ere egiten diren.

Bukatzeko, lege honek espainiar legediaren menpe dauden miloika pertsonentzako suposatzen duen adierazpen askatasunaren aurkako kolpea eta diru-ustea azpimarratu nahi dut. Gizakion funtsezko eskubideak benetan errespetatzen badituzte, ezin dituzte hau bezalako lege bidegabekoak sortu beraien ezintasunak ezkutatzeko.

Zuzenketa (2008/01/07): David Maeztu abokatuak legearen irakurketa egin ondoren, Kudeaketa Elkarteek webgunerik ixteko botererik ez daukatela dio, epaileek eta administrazioko funtzionariek “bakarrik”.

Zuzenketa (2008/01/09): Eztabaida honen ondoren, EAJren aipamena kentzea erabaki dut. Nire ustez, ez daude lege honen ezaugarri kaltegarrienen aurka, baina alde daudenik ere ezin daiteke esan. Beraz, gauzak argi ez daudenez, hobeto ezer ez esatea.

Beste hizkuntzak: castellano

/ Etiketatua: batasuna, eaj, gailuak, kanon digitala, legeak, lisi, lmisi, lssi, lssice, pp, psoe, sgae

Azken iruzkinak

  • gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • @gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Liburuaren etorkizuna bidalketan
  • Sare sozialen sukarra eta kontsumo gizartea | zuzeu.com(e)k Sare sozialen sukarra Donostian bidalketan

Azken bidalketak

  • ikusimakusi.net –> ikusimakusi.eus
  • Sare sozialen sukarra Sestaon
  • Irailetik aurrera Bimbo ogia Chilly deituko da
  • Sagardoaren dieta hemen da!
  • AZTI-Tecnaliak Doraemon-en surf taula hegalaria sortu du

Etiketak

aeb alderdi politikoak azkue fundazioa barakaldo batasuna bilbo blogak cc0 crabgrass creative commons cryptosms d3m donostia e-book eaj eduki libreak euskara gara gaur8 gnupg hitzaldia internet irudigintza izparringia jabetza intelektuala jabetza publikoa kriptografia kultura librea leioa meta musika p2p politika politika 2.0 psoe sare sozialak sgae software askea software librea SVG tailerra umorea upv/ehu web 2.0 wikipedia
© Copyright lizentzia: Bat ere ez! (jabetza publikoa)
Ostatzailea: Sindominio
Infinity itxura nork: DesignCoral / WordPress