• Ikusi makusi
  • Veo veo
  • I spy with my little eye
Ikusi makusi

This website is frozen and will not be updated more.
From now on the new information will be published at ikusimakusi.eus.

2015/12/31

Tag Archives: P2p

Ideia baten jabe izan zaitezke?

2010(e)ko apirilak 3 19:31 / 3 iruzkin / Txopi

the forges of vulcan
Irudi originala

Ordenagailuak eta Internet direla eta, jabetza intelektualaren inguruan gauza asko ari gara ikasten azken urteotan. Inprenta sortu aurretik, lan intelektualak inongo mugarik gabe kopiatu, eraldatu eta partekatzen ziren. Shakespearek eta bere garaikideek antzezlanak elkarri nola kopiatzen zizkioten lan intelektuala ulertzeko era askeago horren seinale zen. Baita gaur egun ipuinak, kantuak, sukaldeko errezetak eta beste lan intelektual batzuk partekatzen jarraitzeko dugun modua ere.

Inprenta sortu ondoren, inprimatzen ziren kopiei mugak jartzen hasi ziren eta, azken bi mendetatik hona, ohikoa bihurtu da musika, literatura, argazkigintza, zinemagintza eta abarretan eskubide guztiak erreserbatzea; hau da, lan intelektual orori copyright murriztailea ezartzea.

Baina esan bezala, gailu elektronikoak eta telekomunikazioak egoerari buelta berri bat ematen ari dira, lan intelektualen erabilera kontrolatzea guztiz ezinezkoa bihurtu baitute. Asmakizun teknologiko horiei esker, inoiz ez bezala, denok izan gaitezke eta gara sortzaileak, ez bakarrik hartzaileak edo kontsumitzaileak. Gainera, era guztietako edukiak hamaika eratara parteka ditzakegu, bat-batean eta partekatze horretan kalitate tantarik galdu gabe.

Horiek horrela, azken bi mendeetan Euskal Herrian jabetza intelektualaren aurrean izan dugun jarrera aldatzen ari da. Oso azkar gainera. Jendeak, bere telefono mugikorrarekin ateratako argazkiak Facebookera igo nahi ditu bere lagunek ikus ditzaten. Argazkizale askok eta gero eta argazkilari profesional gehiagok, Flikr erabiltzen dute beraien argazkiak erakusteko eta besteengandik ikasteko. Musika taldeek berriz, Myspacera igotzen dituzte beraien kantuak, beraien jarraitzaileek entzun ditzaten eta baita kontzertuak lortzeko bide onenetakoa dela dakitelako. Informatikari askok ere, beraien programak guztiz libre argitaratzen dituzte Interneten. Zinemagileak eta idazleak ere hasiak dira beraien lan intelektualak, ezkutatu beharrean, ahalik eta gehien zabaltzen.

Materiala eta intelektuala

Egile argitsuenak, beraien lan intelektualak zabaltzearen garrantziaz jabetu dira jada (Coldplay musikariak, Paulo Coelho idazlea eta abar luzea), baina oraindik badira jabetza intelektuala altxor sakratuena bezala ikusten dutenak. Oraindik ere beraien lanari etekin handiena ateratzeko bidea egile eskubideak zorrotz-zorrotz ustiatzea dela uste dutenak. Errepasatu ditzagun gaur egun jabetza intelektualaren inguruan mantentzen diren mito oker batzuk, gauzak zenbat aldatu diren jabetu gaitezen.

Objektu materialen jabe izateak zer esan nahi duen ederki ulertzen dugu. Objektu material bakoitza bakarra delako eta pertsona batek badauka besteek ezin dutelako eduki (aulki bat, liburu bat). Gainera, objektu materialak kopiatzea hain da garestia, askotan, objektua berriz zerotik egitea hobe dela (aulki baten kopia, liburu baten fotokopia).

Eduki digitalekin ez da horrelakorik gertatzen. Informatikari esker, eduki digitalak kopiatzea hain da erraza, arina eta merkea, ia esfortzurik egin gabe zabaldu ditzakegula (gure azken bidaiako argazkiak lagun guztiei e-postaz bidaltzea, erosi dugun azken musika CDa gure MP3ra pasatzea edo lagunekin P2P bitartez partekatzea). Lehen, gure ingurukoekin errezetak partekatzen genituen bezala, orain era guztietako eduki intelektualak parteka ditzakegu. Eta hori da hain zuzen egiten duguna. Auzia hurrengoa da: errealitatea diren aukera horiek indarrez mugatzeak zentzua al du?

Nire ustez ez. Eduki birtualei objektu fisikoen legeak ezarri nahi izateak ez du zentzurik. Baina kontuz, ezta alderantziz ere. Inori ez zaio bururatzen (oraindik), aulki bat e-postaz bidaltzerik, ez eta paperezko liburu oso baten fotokopia segundo erdian eta gainera doan egiterik. Baina horrela egitea posible balitz, zentzua izango al luke aukera horiek indarrez mugatzeak?

Ba nire ustez, horrek ere ez luke zentzurik izango. Are gehiago esango dut: gizarte osoarentzat hain mesedegarriak izango liratekeen aukerak indarrez murriztea axolagabekeria galanta izango litzateke. Eduki birtualek berez dituzten aukerak murriztea ere, gizartearen ikuspegi oso batetik, axolagabekeria galanta da.

Erregistroa beharrezkoa da?

Lehen copyright legea sortu zenean, lan baten erabilera murriztea nahi baldin bazen, espresuki erregistratu behar zen. Baina 1886. urtetik ona, Bernako hitzarmena dela eta, Euskal Herrian edozein lan intelektual sortzen den momentuan bertan, lan hori guztiz babestua geratzen da. Ipuintxo bat idatzi eta jarraian kaxoi batetan gordetzen badugu ere, egilearen baimenik gabe lan horrekin ezin da ezertxo ere egin (ez argitaratu, ez kopiatu, ez itzuli, ez ezer).

Egile batek, lan baten egilea dela errazago frogatzeko (eta beraz lan horren egile eskubideak bereak direla frogatzeko), jabetza intelektualaren erregistro batera jo dezake, baina aukera hori guztiz hautazkoa da. Etorkizunean lan horren egiletza kolokan egonez gero eta epaiketa batetara helduz gero, lana berea bezala erregistratu zuenak irabazteko aukera gehiago izango ditu. Erregistroen funtzionamendua ondokoa da: diru bat ordaindu ondoren, egilearen nortasuna egiaztatu eta lana bera aztertu ondoren, egiletasunaren froga bezala balio du. Prozedura nahiko zaila eta garestia da eta praktikan oso gutxik erabiltzen dute.

safecreative.org
Irudi originala

Espainiar eta frantziar estatuek, jabetza intelektualaren erregistroa eskaintzen dute egileentzako hautazko zerbitzu bezala. Hala ere, eduki digitalentzako, SafeCreative.org bezalako erregistro modernoak ere badaude gaur egun. Erregistro hori doakoa da, erosoa da (den-dena Internet bitartez egin daiteke) eta lanen egiletza bera erregistratzeaz gain, lanen lizentzia ere kontutan hartzen du, Creative Commons lizentziak barne.

Espainiar legearen arabera, gauza jakina da irabazi-asmorik gabe egiten bada, egilearen baimenik gabe lan intelektual bat Internetetik deskargatzea ez dela delitua. Lobbyek hedabideen bitartez hain presio handia egingo ez balute, gaur egun jende guztiak jakingo luke hori. Baina ez da horrela. Telebistan eta egunkarietan etengabe entzun eta irakurtzen dugu P2P sareetatik musika eta filmak jaistea legearen aurkakoa dela (baita beste hainbat gauza itsusi ere).

Ez hori bakarrik, Espainiako Gobernuak, bere kultura eta justizia ministerioen bitartez, alokairurako eta salmentarako DVD guztietan gezurrez betetako iragarkiak txertatzen ditu. Horietan, Internet bitartez film bat eskuratzea (“pirateatzea”), kalean dioan bati zorroa lapurtzearekin parekatzen dute. Internet bitartez gure etxean film bat deskargatzea delitua dela esaten dute. Hori guztia publizitate engainagarria da eta gizartearen ikuspegi orokor batetik kaltegarria izateaz gain, legalki sala daitekeen zerbait ere bada…

Mito gehiago

Ia leku gabe gara dagoeneko, baina badira jabetza intelektualari buruzko beste hainbat mito ere: deskarga bakoitza lapurreta bat da, deskarga bakoitza salmenta galdu bat da, pirateriagatik eta top mantagatik dago kanon digitala, kanonekin batutako dirua egileentzat da, argazki kamerek ez dute kanon digitalik ordaintzen, copylefta copyrightaren kontrakoa da, aipamen eskubidea ez da hezkuntzara eta zientziara mugatzen, lanei lizentzia libreak jarriz diru gutxiago irabazten da, SGAEk egileak defendatzen ditu, musika disko bat grabatzeko SGAEn izena emanda egon behar da, SGAEtik ateratzea ezinezkoa da, egile elkarteek ezin dituzte Creative Commons lizentziak kudeatu, jabetza intelektualaren inguruko negozio ereduak ez dira aldatzen ari, eta abar.

Aipatu ditudan mito horietakoren bat okerra zergatik den jakin nahi baduzu edo bestelako zalantzarik izanez gero, galdetu lasai, gai banaiz, oso gustura erantzungo dizuet eta.

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko apirilaren 24an argitaratu zen.

Erlaziodun artikuluak:

  • Jabetza publikoaren eguna 2010
  • Creative Commons Zero (CC0)
  • P2P sareak erabiltzea delitua al da?
  • Jabetza publikoa
/ Etiketatua: creative commons, gara, gaur8, jabetza intelektuala, mitoak, p2p, safecreative, sgae

Internet bizirik al dago?

2010(e)ko martxoak 19 19:08 / / Txopi

Zuzenean ezetz erantzun beharrean, jolastu gaitezen pixka bat ideia horrekin.


Irudi originala

Artikulu honen izenburuko galdera irakurrita, batek baino gehiagok ezezko borobila erantzungo du gehiegi pentsatu gabe. Ezetz erantzun aurretik, nik nahiago dut ideia horrekin pixka bat jolastea, ea bizidunen artean eta Interneten artean zer-nolako parekotasunak aurkitzen ditugun. Izan ere, uste baino askoz parekotasun gehiago daude.

Lehenik eta behin, bizirik egotea zer den adostu beharko genuke, baina hori ez da batere lan erraza, zientzialariek ere ez baitakite oraindik zehatz zein baldintza bete behar dituen sistema batek bizirik egoteko. Txakur bat bizirik dagoela konturatzea erraza da, baina munduan zehar aurki daitezkeen onddo eta bakterio batzuk bizitzaren mugetan daudela dirudi, kimikaren eta biologiaren arteko mugan. Ikerlariek, sistema horietako batzuk bizidunak bezala sailkatzen dituzte eta beste batzuk, berriz, ez. Edonola ere, irizpideak ez daude argi.

Ordenagailuetako birusekin berdina gerta daiteke, onddo, bakterio eta birus biologiko askok erakusten dituzten ezaugarri berdinak baitituzte: medioan zehar mugitzen dira, hazi egiten dira eta ugaldu ere egiten dira. Birus informatiko asko ezkutatu egiten dira, eraso egiten dute eta, ugalketa prozesuan beraien burua klonatu beharrean, semeek ezaugarri desberdinak izatea lortzen dute. Hala ere, inork ez du serio pentsatzen gizakiok artifizialki diseinatutako sistema hauek bizidunak bezala sailkatzerik dagoenik. Nanoteknologiari esker edo, gizakiok hazi eta ugaldu egiten diren birus biologikoak artifizialki diseinatzen hasiko bagina, bizidunak bezala sailkatuko al genituzke?

Bakterioak eta softwarea

Azken urteotan bat baino gehiago konturatu den bezala, bizidunen DNA kodearen eta programen iturri kodearen arteko parekotasunak ugariak dira. Munduko bakterio gehienek inguruko bakterioekin DNA zatitxoak trukatzen dituzte, seme-alaben bitartez eboluzioa gauzatu beharrean, beraien buruak etengabe eraldatuz. Era horretan, bakterioak medioaren eskakizun desberdinetara azkar molda daitezke, kode trukaketa edo DNA birkonbinatze delakoari esker funtzio berriak bereganatzen baitituzte. Programa informatikoen munduan berdin gertatzen da, batez ere software librearen esparruan. Programa liburutegiak deritzonak daude eta askotan programa batek beste baten liburutegi bat edo beste kopiatzen du, programa horrek dituen funtzio batzuk bereganatuz. Era horretan, software programak ere medioaren eskakizun desberdinetara azkar moldatzea lortzen dute.

Duela urte gutxi jakin denaren arabera, batzuetan bakterio desberdinak sinbiosia deritzon prozesu baten ondoren batu egin daitezke. Eta batuketaren emaitza bakterio berri eta konplexuago bat izaten da. Biologiaren mekanismo horrek, antza, lurrean bizitza egonkortzen eta zabaltzen lagundu zuen. Software munduan ere sinbiosia deitu genezakeena gertatzen da noizbehinka, programa desberdinak elkarrekin bateratzen direnean: adibidez sistema eragile bat (GNU/Linux) eta bulegotika programa bat (OpenOffice), garapen IDE bat (Eclipse) eta garapen framework bat (Struts), web zerbitzari bat (Apache) eta datu-base bat (PostgreSQL) edo aplikazio zerbitzari bat (Tomcat), eta abar.

Bakterioek askotan sortutako DNA kodea konpontzeko mekanismoak ere izaten dituzte eta berdin gertatzen da programekin: disko gogorreko akastun sektoreak markatzeko errutinak, parekotasun bit-ak, checksum-ak, OSI-ko garraio geruza eta abar.

Animaliek eta landareek denboran zehar eboluzioaren eta hautespen naturalaren ondorioz jasan dituzten gorabehera askok ere, ordenagailuetako eta Interneteko programetan baliokideak dituzte: Netscape azkarragoa dela baina Internet Explorer zabalduago dagoenez gailendu egin dela, COBOL ekosistema zehatz batzuetara bereiztu denez luzaroan bizirik irautea lortu duela, WordPerfect zaharkitua geratzen dela eta Wordek bere lekua kentzen diola, Google bilatzailea eta Wikipedia entziklopedia zerbitzu oso preziatuak ematen hasten direla eta nonahi erabiltzen direla…

Konplexutasun maila gora

Denborak aurrera egin ahala lurreko bizitzak maila sinpleenetik gero eta maila konplexuetarako bidea egin duen bezala, Internet bera eta Interneten aurki ditzakegun programa eta zerbitzuak ere gero eta konplexuagoak eta boteretsuagoak dira. Webguneen ekosistema oso anitza da eta ezinezkoa da etengabe berritzen eta eboluzionatzen ari diren atal guztiak jarraitzea.

Ikerketa batek erakutsi berri duenaren arabera, Google bezalako bilatzaileak, datu-base arruntek informazioa kudeatzeko duten era tradizionala alde batera utzi eta animalion memoriak informazioa sailkatzeko eta bilatzeko duen egiturara gerturatzen ari dira. Sistema eragileetako antibirusak, posta elektronikoko zerbitzari batzuen spam-aren aurkako sistemak (AMaViS) eta baita blog, wiki eta foro askotako spam-aren aurkako sistemak (SpamKarma) beraien kabuz ikasteko eta lana gero eta hobeto egiteko gai dira, bizidun askok duten immunologia sistema eraginkorraren antzera.

Internet beraren egitura eta funtzionamendua etengabeko eraldaketa geldo batean badago ere (IPv4-tik IPv6-ra pasatzea, domeinuetan munduko edozein hizki mota erabili ahal izatea), gaur egungo osagarriei begirada bat botatzen badiegu, Internetek landare-zelula baten antza izan dezakeela esan genezake. Internet zelularen fluxua, kode genetikoa izan beharrean, kode binarioa izango litzateke. Zelularen mugak TCP/IP protokoloak eta UDP protokoloak markatuko lukete, handik at Internet ezin baita heldu. Zelularen nukleoan DNS zerbitzua kokatuko genuke, bera gabe Internet ez baitzen ibiliko. Biltegiratze poltsak Internetek informazioa gordetzeko dituen webgune eta sistema guztiek osatuko lukete: Wikipedia, P2P sareak, eta abar. Ekoizpen zentroak berriz, ziberespazioan barreiatuta aurkitzen diren webgune, blog, wiki, foro eta abar guztiak izango lirateke.

Ikus daitekeenez, bizidun zelula sinple batek dauzkan osagarrietako gehienen parekoak ditu Internetek. Eta bere eboluzioa aurrera doa etengabe. Internet bizirik ote dago? Litekeena da ezetz, baina zientzialariek bizirik egotea zer demontre den argitu orduko agian erabiltzaileok Internet bizirik dagoela konturatuko gara egunen batetan. Edo agian ez!

Zelularen irudia SVG formatu irekian:

tar.gz
internet-zelula.svg (21 KB)

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko irailaren 4an argitaratu zen.

/ Etiketatua: bakterioak, bilatzaileak, biologia, blogak, dna, dns, foroak, gara, gaur8, google, internet, p2p, protokoloak, softwarea, SVG, tcp/ip, wikiak, wikipedia, ziberespazioa

P2P sareak erabiltzea delitua al da?

2009(e)ko martxoak 22 21:23 / 6 iruzkin / Txopi

p2p
Irudi originala

Erantzun laburra: EZ. Erantzun luzeagoa: irabazi nahirik gabe egiten duzun bitartean, ez dago inolako arazorik! Hedabideetan behin eta berriz entzuten dugu Internetetik filmak, musika eta abar jaistea delitua dela, kartzelara joan gaitezkeela, isun handiak jarriko dizkigutela. Hori guztia gezurra da eta artikulu honetan frogatu egingo dugu.

Eduki pedofiloak sortzea eta edukitzea delitua da. Noski. Eta eduki horiek P2P sareen bitartez zabaltzea ere bai. Logikoa, arrazoi berdinengatik. Egileek dituzten legezko eskubideak errespetatu gabe, etekin ekonomikoak ateratzea, adibidez egilearen baimenik gabe filmeen kopiak eginez eta kalean salduz, delitua izan daiteke. Ados. P2P sareen bitartez edo Interneteko beste edozein tresna erabiliz, berdina egitea ere delitua izan daiteke. Logikoa, arrazoi berdinengatik.

Baina, gehienetan gertatzen den bezala, zuk edukiak irabazi nahirik gabe partekatzen badituzu, zer? Eduki horiek inori saldu beharrean zuk zeuk ikusteko, ikasteko edo/eta entretenitzeko erabiltzen badituzu ere delitua al da? Bada, orduan, ez; zaude lasai, ez zara inolako deliturik egiten ari. Demagun liburu bat erosi eta irakurri egiten duzula. Asko gustatu zaizu eta zure ezagun bati uzten diozu, musu truk. Delitu bat egin duzu? Noski ezetz. GARA erosi, goitik behera irakurri eta senide, lagun edo lankide bati ematen badiozu berak ere irakur dezan, delitu bat egin duzu? Noski ezetz. Eta Internet bitartez gauza bera egiten baduzu, orduan delitu bihurtzen al da? Horrek ez dauka zentzurik.

Estatu espainiarrean P2P sareen bitartez copyrightarekin babestutako filmak eta musika deskargatzeagatik orain arte ez da inor zigortu. Inor ez. Inoiz ez.

Interneten adituak diren abokatu guztiek berdina esaten dute eta arrazoi dutela erakusten duten frogak ere badituzte: Estatu espainiarrean P2P sareen bitartez copyrightarekin babestutako filmak eta musika deskargatzeagatik orain arte ez da inor zigortu. Inor ez. Inoiz ez. Eta ez hori bakarrik, Fiskaltza Nagusiak, legeen irakurketan zalantzarik egon ez zedin, 2006. urtean barne zirkular bat zabaldu zuen, bertan argi eta garbi esanez etekin ekonomiko zuzena eta egiaztatua egon ezean, P2P sareak erabiltzea ezin dela delitu bezala hartu. Eta delitu bat burutzen ari den susmorik egon ezean, ez poliziek ez epaileek ezin dituzte jendearen komunikabideak zelatatu eta, beraz, jasotako informazioa egile eskubideen urraketak salatzeko erabili.

Baina, orduan, zer gertatzen da? Zergatik entzuten dugu etengabe P2P sareak erabiltzea delitua dela?

Edukiak eta beraien euskarriak

Liburuak, egunkariak eta orain arte partekatu izan ditugun informazioak eta ezagutzak, betidanik euskarri fisikoei lotuak egon dira. Edukiaren eta euskarriaren artean ez zegoen alderik. Bata besteari atxikita zegoen eta ezin ziren banandu bietako bat kaltetu gabe. Argazki bat, disko bat, film bat, aldizkari bat edo dena delakoa nik zuri ematen banizun, nik ezin nuen eduki hori gozatzen jarraitu (zuk zeneukalako). Eta kopiak egitea hain zen garestia, ez zuela merezi.

Gure gustoko edukien kopiak egitea eta partekatzea erraza, ia gasturik gabea eta bapatekoa bihurtu da.

Baina, gaur egun, teknologiari esker, argazkiak, filmak, abestiak eta baita liburu digitalak ere kopiatzea posible da. Ez hori bakarrik, gure gustuko edukien kopiak egitea eta partekatzea erraza, ia gasturik gabea eta bat-batekoa bihurtu da. Aldaketa ederra, ezta? Beraz, esan dezakegu, geroz eta gehiago, alde fisikoaz askatu eta edukiak immaterialak direla: nik zuri edukia eman arren, nik ere eduki hori izaten jarraitzen dut (biok daukagulako!). Aldaketa hori, beraz, teknologiak ekarri duen abantaila da. Eta aldaketa guztiak bezala, bere ondorioak ditu…

Bitartekariak kolokan

Inprentek eskribauak desagerrarazi zituzten, hedabideek berriz pregonariak. Internetek beste bitartekari asko desagerraraziko dituela dirudi.

Irratia asmatu aurretik, Euskal Herriko hiri eta herriek pregonariak zituzten, baina informazioa kudeatzeko era hobeak asmatu zirenean (eguneko prentsa, irratia, telebista, etab.) eraldaketa bat gertatu zen. Orain Internetek informazioa kudeatzeko era hobeak eskaintzen dizkigu, eta beste eraldaketa berri bat gertatzen ari da. Inprentek eskribauak desagerrarazi zituzten, hedabideek berriz pregonariak. Internetek beste bitartekari asko desagerraraziko dituela dirudi.

Batzuei eta besteei gehiago ala gutxiago gustatuko zaizkigu aldaketok, baina gure historiari begirada bat botatzen badiogu, teknologiak eskainitako hobekuntzak gizartean ezarri eta zabalduko direla ulertuko dugu. Horrela gertatu izan da aurrekoetan: hobekuntza teknologikoek norbanako batzuek kaltetu arren, berrikuntza orokorrean gizartearentzako onuragarria baldin bazen, teknologia horrek aurrera egitea lortu izan du.

Internetek oro har eta P2P sareek zehazki, gure historian inoiz ez bezala informazioa, kultura eta ezagutzak partekatzeko ematen dizkiguten aukerak ikusita, geratzeko etorri diren teknologiak direla ondoriozta dezakegu.

Gaur egun, Internetek oro har eta P2P sareek zehazki, gure historian inoiz ez bezala informazioa, kultura eta ezagutzak partekatzeko ematen dizkiguten aukerak ikusita, geratzeko etorri diren teknologiak direla ondoriozta dezakegu. Beraz, nahiz eta funtzionatzeko dinamikak aldatzea beti gogorra den, eraldaketan aurrera egiteak merezi duela jakin behar dugu. Baina noski, funtzionatzeko era zahar eta txarragotik mozkin ikaragarriak ateratzen dituenak, ahaleginak eta bi egingo ditu aldaketa atzeratzeko. Ahal izanez gero, baita aldaketa gelditzeko ere. Hau da, adi ez bagabiltza, gutxi batzuen berekoikeriagatik, gizarte osoak aurrera egitea oztopatuko da. Eta nork egingo luke horrelako astakeria bat? Galdetuko du baten batek.

Bitartekariaren mendekua

Eskribau eta pregonari lanbideak bitartekari lanbideak dira. Eskribauek idazlearen eta irakurleen arteko bitartekari lana egiten zuten, testuei zabalkunde handiagoa emanez. Pregonariek, berriz, albisteak kalerik kale zabaltzen zituzten, jendea herriko gora-beherez jakitun mantenduz. Gaur egungo diskoetxe erraldoiak, talde mediatiko handi-mandiak eta zine produkzio-etxe boteretsuak ere, sortzaileen eta jasotzaileen arteko bitartekariak dira.

Baina gaur eguneko hauek, iraganekoak baino askoz boteretsuagoak dira. Enpresa hauetako hainbatek munduko aberri askok baino diru gehiago mugitzen dute eta gobernu askotako erabakietan eragiteko gai dira. Hedabide tradizional garrantzitsuenen akziodunak edo zuzenean jabeak direnez, beste hamaika gaitan egiten duten bezala, iritzi publikoa beraien interesetara moldatzen dute. Horregatik onartzen dira kanon digitala sortzen duten lege zentzugabeak. Horregatik Estatu frantziarreko ADAMI kudeaketa entitateak edo Estatu espainiarreko SGAE kudeaketa entitateak defendatu beharko lituzketen sortzaileei barre egiten diete. Horregatik engainatuta mantentzen gaituzte P2P sareak erabiltzea deabruari arima ematea besteko bekatua dela pentsaraziz. Horregatik entzuten dugu behin eta berriz sortzaileak krisian daudela Interneteko deskarga bakoitza salmenta bat gutxiago ei delako. Eta beste hainbat gezur eta manipulazio.

Eta, zoritxarrez, txarrena oraindik heltzeko dago: G8 elkartearen azken bileran, jabetza intelektuala nola edo ala blindatzea lortzeko hitzarmena egin zuten munduko aberririk aberatsenek; Estatu frantsesean, egileen baimenik gabe edukiak jaisten dituenari hiru oharren ostean Interneteko konexioa kendu nahi diote; ADAMIk Interneteko deskargek kanona izatea nahi du; Estatu espainiarreko gobernuak iragarri berri du 2009. urte honetan, oso gaizki ikusiko diren neurriak hartuko dituztela P2P sareen aurka; SGAE Interneteko operadoreak estutzen ari da kontratuetan klausula bat jarri ondoren beraien bezeroen komunikazioak zelatatu ditzaten. Eta nork daki zer gehiago egiten saiatuko diren…

Aska gaitezen

Bidegabekeria hauek guztiak pairatzen ditugun bitartean, aipatutako eraldaketa martxan da: era askean kopiatzea baimentzen duten edukiak biderkatu egiten dira Interneten (adibidez Xabier Amurizaren liburua eta Joakin Balentziaren poesia liburua); 2008. urtean gehien saldutako musika bilduma aske kopiatu daiteke; P2P sareak ekonomiarentzako onuragarriak direla erakusten duen txostena argitaratu du Holandako Gobernuak. Internet bidez saltzen den musikari esker, musika salmentak gora egiten ari dira; Googlek, teknologia eta plataforma berri batzuen bitartez, musika industria zaharkitua eraldatzen saiatuko dela dio; P2P sareetan beste inon (ezta ordainduta ere) aurkitu ezin izango genituzkeen edukiak daude; Internetek ematen dituen aukerei esker, gizarteak gero eta gehiago partekatzen du (Wikipedia, blogak, foroak, wikiak, P2P sareak, etab.). Eta hau hasiera besterik ez da…

Edukiak beraien euskarrietatik askatu ditu teknologiak, eta negozio eredu berriak aurkitzen ez dituzten bitartekariak desagertu egingo dira.

Beraz, bukatu dezagun fartsa hau. Negozio eredu zaharkitu bati oratuta jarraitzen duten bitartekari horiek guztiek utz gaitzatela bakean. Bidegabeko legeak ezarriz eta gizateriak betidanik egin duena egitean, partekatzean, errudun sentiaraziz ez dute abian dagoen eraldaketa geldituko. Edukiak beraien euskarrietatik askatu ditu teknologiak, eta negozio eredu berriak aurkitzen ez dituzten bitartekariak desagertu egingo dira.

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu dut eta 2009ko urtarrilaren 24an argitaratu da.

Informazio gehiago:

  • Descargarse archivos por P2P, ¿es delito?
  • En España el intercambio de archivos, sin ánimos de lucro, es legal
  • El P2P no es un crimen, dicen los jueces
  • Google quiere cambiar la industria musical
  • Judge: 17,000 illegal downloads don’t equal 17,000 lost sales
  • El album más vendido en MP3 en 2008 tiene licencia copyleft
  • Si eres legal, comparte
  • Vídeo – David Bravo – Redes P2P y propiedad intelectual
/ Etiketatua: gara, gaur8, jabetza intelektuala, p2p, partekatzea

Paulo Coelhok bere liburuak pirateatzen ditu

2008(e)ko urtarrilak 27 23:20 / Iruzkin 1 / Txopi

Munich hirian ospatu berri den Digital, Life, Design konferentzian, brasildar idazleak ezkutuan bere liburuak P2P sareetan argitaratzen ibili dela aitortu du, eta baita Pirate Coelho izeneko weblog batetan ere. Webgune hau ezagutarazteko, bere blog ofizialean esteka bat jarri zuen eta baita bere burua pirataz mozorrotuta ikusten den irudi bat ere :-)

Coelhok bildutako jendeari azaldu zion nola formatu digitaleko liburuak aske zabaltzeak, paper formatuko liburuen salmentak igotzea sortarazi zuela. Bere “Alquimista” eleberriaren adibidea jarri zuen hau azaltzeko. Liburu honen errusiar itzulpena Interneten argitaratu zuenean, Errusian urtero 1.000 ale saltzetik, 100.000 ale saltzera pasatu zen.

Best-seller ugariren egile honek, primeran ikusten du irakurleek zure liburua jaisteko aukera izatea, erostea ala ez erostea erabakitzeko. Coelhok egileek bere adibidea jarrai dezaketela esan zuen eta beraien liburuak oparitu ditzaketela:

“Eguna bukatzerakoan jendeak erosi egingo du, honek irakurtzera bultzatzen dituelako, eta irakurtzeak berriz erostera bultzatzen dituelako.”

Bide honen bitartez, brasildar idazle honek ehundaka irakurle irabazi ditu, baina dena ez da erraza izan. Promozioa egiteko bere webgunean libururen bat jaisteko aukera utzi duenean, atzerriko argitaletxeek beti eragozpenak jarri izan dizkiote.

“Arazoa, nire liburuen itzultzaileen baimenak lortzera behartzen ninduten legeak saihesteko era aurkitzea zen, baldin eta beste hizkuntzetako kopiak zabaldu nahi banituen.”

Konferentziaren webgunean, Paulo Coelhok ia bi ordutan zehar eman zuen hitzaldiaren bideoa ikus daiteke.

Era honen bitartez, irakurketa sustatzen bada eta elkar-trukatzeko kultura sustatzen bada, izan daitezela ongi etorriak era honetako ekimenak, baita egileek gehiago saltzeko esperantzarekin soilik egiten badituzte ere.

Informazio gehiago:

  • Best-selling author pirates his own books, gets thousands of new readers
  • Alchemist Author Pirates His Own Books
  • Paulo Coelho @DLD 08
  • Paulo Coelho se autopiratea ¡y vende más!

Beste hizkuntzak: castellano

/ Etiketatua: jabetza intelektuala, literatura, p2p

Azken iruzkinak

  • gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • @gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Liburuaren etorkizuna bidalketan
  • Sare sozialen sukarra eta kontsumo gizartea | zuzeu.com(e)k Sare sozialen sukarra Donostian bidalketan

Azken bidalketak

  • ikusimakusi.net –> ikusimakusi.eus
  • Sare sozialen sukarra Sestaon
  • Irailetik aurrera Bimbo ogia Chilly deituko da
  • Sagardoaren dieta hemen da!
  • AZTI-Tecnaliak Doraemon-en surf taula hegalaria sortu du

Etiketak

aeb alderdi politikoak azkue fundazioa barakaldo batasuna bilbo blogak cc0 crabgrass creative commons cryptosms d3m donostia e-book eaj eduki libreak euskara gara gaur8 gnupg hitzaldia internet irudigintza izparringia jabetza intelektuala jabetza publikoa kriptografia kultura librea leioa meta musika p2p politika politika 2.0 psoe sare sozialak sgae software askea software librea SVG tailerra umorea upv/ehu web 2.0 wikipedia
© Copyright lizentzia: Bat ere ez! (jabetza publikoa)
Ostatzailea: Sindominio
Infinity itxura nork: DesignCoral / WordPress