Moda berri honi buruz gehiago jakiteko, Donostia ospitaleko Elikadura eta Garraio saileko Josefa Olasagasti doktorearekin hitz egin dugu Errezilen duen etxean eta datu argigarriak eman dizkigu: «Euskal Herrian sagardoa edateko ohitura antzinatik dator, I. mendetik gutxienez. Litekeena da, garai batean uraren ordez jendeak sagardoa bakarrik edatea zonalde batzuetan, batez ere Gipuzkoan, Nafarroako ipar-mendebaldean eta Iparraldean».
Dieta honen eraginkortasunaz galdetzean, Olasagasti doktoreak ez du zalantzarik: «Hartzidura prozesua legamiek burutzen dute, sagarraren azukrearekin gure osasunerako hain onuragarria den azido laktikoa eta eterra sortuz. Dieta hau jarraitzen dutenek ez dute sagardoa ez den beste likidorik hartzen, baina beste janari batzuk har ditzakete. Elikaduraren aldetik, dieta ondoen osatzen duten jakiak bakailao tortilla eta gazta dira. Intxaurrak ere sagardoaren osagarriak dira omega 3agatik, baina proteina asko ere badituzte eta moderazioz hartu behar dira pisua galdu nahi bada». Moderazioaren gaiari jarraiki, sagardoa edari alkoholikoa izatea arazoa izan daitekeen galdetu diogu Errezilgo doktoreari eta barrezka erantzun digu: «Ez, ez dago inolako arazorik. Argi dago umeek ezin dutela dieta hau egin baina orokorrean ezein umek ez luke dietarik egin behar. Helduei dagokionez, dietak irauten duen bitartean ez gidatzea gomendatzen diegu eta dietarik zorrotzena gau eta eta asteburuetan egitea. Borondate eta gogo handia behar da beste dietei eusteko, baina sagardo dietarekin alderantziz gertatzen da, jende guztiak pozarren jarraitzen du dieta hau».
Bukatzeko, gure irakurleen artean dieta honen zale askotxo daudela badakigunez, oso tentagarria aurkituko duzuen datu bat emango dizuegu: Kirikoketa S.L. izeneko enpresa batek etxean erabil daitezkeen dolare-eramangarriak saltzen ditu hainbat herritan egiten diren Sagardo Egunetan.
Eta zuek, sagardoaren dieta edo beste dieta miragarriren bat egiten duzue? Nola doakizue?
Oharra: Txantxetako artikulu hau jatorriz Izparringian argitaratu zen 2013ko maiatzaren 2an.
Azken iruzkinak