• Ikusi makusi
  • Veo veo
  • I spy with my little eye
Ikusi makusi

This website is frozen and will not be updated more.
From now on the new information will be published at ikusimakusi.eus.

2015/12/31

Tag Archives: Sgae

Ideia baten jabe izan zaitezke?

2010(e)ko apirilak 3 19:31 / 3 iruzkin / Txopi

the forges of vulcan
Irudi originala

Ordenagailuak eta Internet direla eta, jabetza intelektualaren inguruan gauza asko ari gara ikasten azken urteotan. Inprenta sortu aurretik, lan intelektualak inongo mugarik gabe kopiatu, eraldatu eta partekatzen ziren. Shakespearek eta bere garaikideek antzezlanak elkarri nola kopiatzen zizkioten lan intelektuala ulertzeko era askeago horren seinale zen. Baita gaur egun ipuinak, kantuak, sukaldeko errezetak eta beste lan intelektual batzuk partekatzen jarraitzeko dugun modua ere.

Inprenta sortu ondoren, inprimatzen ziren kopiei mugak jartzen hasi ziren eta, azken bi mendetatik hona, ohikoa bihurtu da musika, literatura, argazkigintza, zinemagintza eta abarretan eskubide guztiak erreserbatzea; hau da, lan intelektual orori copyright murriztailea ezartzea.

Baina esan bezala, gailu elektronikoak eta telekomunikazioak egoerari buelta berri bat ematen ari dira, lan intelektualen erabilera kontrolatzea guztiz ezinezkoa bihurtu baitute. Asmakizun teknologiko horiei esker, inoiz ez bezala, denok izan gaitezke eta gara sortzaileak, ez bakarrik hartzaileak edo kontsumitzaileak. Gainera, era guztietako edukiak hamaika eratara parteka ditzakegu, bat-batean eta partekatze horretan kalitate tantarik galdu gabe.

Horiek horrela, azken bi mendeetan Euskal Herrian jabetza intelektualaren aurrean izan dugun jarrera aldatzen ari da. Oso azkar gainera. Jendeak, bere telefono mugikorrarekin ateratako argazkiak Facebookera igo nahi ditu bere lagunek ikus ditzaten. Argazkizale askok eta gero eta argazkilari profesional gehiagok, Flikr erabiltzen dute beraien argazkiak erakusteko eta besteengandik ikasteko. Musika taldeek berriz, Myspacera igotzen dituzte beraien kantuak, beraien jarraitzaileek entzun ditzaten eta baita kontzertuak lortzeko bide onenetakoa dela dakitelako. Informatikari askok ere, beraien programak guztiz libre argitaratzen dituzte Interneten. Zinemagileak eta idazleak ere hasiak dira beraien lan intelektualak, ezkutatu beharrean, ahalik eta gehien zabaltzen.

Materiala eta intelektuala

Egile argitsuenak, beraien lan intelektualak zabaltzearen garrantziaz jabetu dira jada (Coldplay musikariak, Paulo Coelho idazlea eta abar luzea), baina oraindik badira jabetza intelektuala altxor sakratuena bezala ikusten dutenak. Oraindik ere beraien lanari etekin handiena ateratzeko bidea egile eskubideak zorrotz-zorrotz ustiatzea dela uste dutenak. Errepasatu ditzagun gaur egun jabetza intelektualaren inguruan mantentzen diren mito oker batzuk, gauzak zenbat aldatu diren jabetu gaitezen.

Objektu materialen jabe izateak zer esan nahi duen ederki ulertzen dugu. Objektu material bakoitza bakarra delako eta pertsona batek badauka besteek ezin dutelako eduki (aulki bat, liburu bat). Gainera, objektu materialak kopiatzea hain da garestia, askotan, objektua berriz zerotik egitea hobe dela (aulki baten kopia, liburu baten fotokopia).

Eduki digitalekin ez da horrelakorik gertatzen. Informatikari esker, eduki digitalak kopiatzea hain da erraza, arina eta merkea, ia esfortzurik egin gabe zabaldu ditzakegula (gure azken bidaiako argazkiak lagun guztiei e-postaz bidaltzea, erosi dugun azken musika CDa gure MP3ra pasatzea edo lagunekin P2P bitartez partekatzea). Lehen, gure ingurukoekin errezetak partekatzen genituen bezala, orain era guztietako eduki intelektualak parteka ditzakegu. Eta hori da hain zuzen egiten duguna. Auzia hurrengoa da: errealitatea diren aukera horiek indarrez mugatzeak zentzua al du?

Nire ustez ez. Eduki birtualei objektu fisikoen legeak ezarri nahi izateak ez du zentzurik. Baina kontuz, ezta alderantziz ere. Inori ez zaio bururatzen (oraindik), aulki bat e-postaz bidaltzerik, ez eta paperezko liburu oso baten fotokopia segundo erdian eta gainera doan egiterik. Baina horrela egitea posible balitz, zentzua izango al luke aukera horiek indarrez mugatzeak?

Ba nire ustez, horrek ere ez luke zentzurik izango. Are gehiago esango dut: gizarte osoarentzat hain mesedegarriak izango liratekeen aukerak indarrez murriztea axolagabekeria galanta izango litzateke. Eduki birtualek berez dituzten aukerak murriztea ere, gizartearen ikuspegi oso batetik, axolagabekeria galanta da.

Erregistroa beharrezkoa da?

Lehen copyright legea sortu zenean, lan baten erabilera murriztea nahi baldin bazen, espresuki erregistratu behar zen. Baina 1886. urtetik ona, Bernako hitzarmena dela eta, Euskal Herrian edozein lan intelektual sortzen den momentuan bertan, lan hori guztiz babestua geratzen da. Ipuintxo bat idatzi eta jarraian kaxoi batetan gordetzen badugu ere, egilearen baimenik gabe lan horrekin ezin da ezertxo ere egin (ez argitaratu, ez kopiatu, ez itzuli, ez ezer).

Egile batek, lan baten egilea dela errazago frogatzeko (eta beraz lan horren egile eskubideak bereak direla frogatzeko), jabetza intelektualaren erregistro batera jo dezake, baina aukera hori guztiz hautazkoa da. Etorkizunean lan horren egiletza kolokan egonez gero eta epaiketa batetara helduz gero, lana berea bezala erregistratu zuenak irabazteko aukera gehiago izango ditu. Erregistroen funtzionamendua ondokoa da: diru bat ordaindu ondoren, egilearen nortasuna egiaztatu eta lana bera aztertu ondoren, egiletasunaren froga bezala balio du. Prozedura nahiko zaila eta garestia da eta praktikan oso gutxik erabiltzen dute.

safecreative.org
Irudi originala

Espainiar eta frantziar estatuek, jabetza intelektualaren erregistroa eskaintzen dute egileentzako hautazko zerbitzu bezala. Hala ere, eduki digitalentzako, SafeCreative.org bezalako erregistro modernoak ere badaude gaur egun. Erregistro hori doakoa da, erosoa da (den-dena Internet bitartez egin daiteke) eta lanen egiletza bera erregistratzeaz gain, lanen lizentzia ere kontutan hartzen du, Creative Commons lizentziak barne.

Espainiar legearen arabera, gauza jakina da irabazi-asmorik gabe egiten bada, egilearen baimenik gabe lan intelektual bat Internetetik deskargatzea ez dela delitua. Lobbyek hedabideen bitartez hain presio handia egingo ez balute, gaur egun jende guztiak jakingo luke hori. Baina ez da horrela. Telebistan eta egunkarietan etengabe entzun eta irakurtzen dugu P2P sareetatik musika eta filmak jaistea legearen aurkakoa dela (baita beste hainbat gauza itsusi ere).

Ez hori bakarrik, Espainiako Gobernuak, bere kultura eta justizia ministerioen bitartez, alokairurako eta salmentarako DVD guztietan gezurrez betetako iragarkiak txertatzen ditu. Horietan, Internet bitartez film bat eskuratzea (“pirateatzea”), kalean dioan bati zorroa lapurtzearekin parekatzen dute. Internet bitartez gure etxean film bat deskargatzea delitua dela esaten dute. Hori guztia publizitate engainagarria da eta gizartearen ikuspegi orokor batetik kaltegarria izateaz gain, legalki sala daitekeen zerbait ere bada…

Mito gehiago

Ia leku gabe gara dagoeneko, baina badira jabetza intelektualari buruzko beste hainbat mito ere: deskarga bakoitza lapurreta bat da, deskarga bakoitza salmenta galdu bat da, pirateriagatik eta top mantagatik dago kanon digitala, kanonekin batutako dirua egileentzat da, argazki kamerek ez dute kanon digitalik ordaintzen, copylefta copyrightaren kontrakoa da, aipamen eskubidea ez da hezkuntzara eta zientziara mugatzen, lanei lizentzia libreak jarriz diru gutxiago irabazten da, SGAEk egileak defendatzen ditu, musika disko bat grabatzeko SGAEn izena emanda egon behar da, SGAEtik ateratzea ezinezkoa da, egile elkarteek ezin dituzte Creative Commons lizentziak kudeatu, jabetza intelektualaren inguruko negozio ereduak ez dira aldatzen ari, eta abar.

Aipatu ditudan mito horietakoren bat okerra zergatik den jakin nahi baduzu edo bestelako zalantzarik izanez gero, galdetu lasai, gai banaiz, oso gustura erantzungo dizuet eta.

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko apirilaren 24an argitaratu zen.

Erlaziodun artikuluak:

  • Jabetza publikoaren eguna 2010
  • Creative Commons Zero (CC0)
  • P2P sareak erabiltzea delitua al da?
  • Jabetza publikoa
/ Etiketatua: creative commons, gara, gaur8, jabetza intelektuala, mitoak, p2p, safecreative, sgae

Kanon digitalaren testa

2008(e)ko maiatzak 21 0:17 / / Txopi

Test hau martxoaren 2an Bilbon eta EEEOk (SGAE) ordezkaritzak dituen beste sei hiritan burutu genuen ekintza sinkronizatu baterako idatzi nuen. Bartzelonan ere testaren kopiak banatu zituzten. Ekitaldi horretatik kanpora ere zabaldua izatea merezi duelakoan nago, kanona bidezkoa ez den hainbat eguneroko egoera erakusten bait ditu. Ez duzu sinesten horrela denik? Ba egintzazu testa zuk zeuk!

1. Zure ordenagailuko datuen segurtasun kopia CD batetan egiten baduzu, zenbat bider ordaintzen duzu kanona?

  1. Behin ere ez, nire fitxategi pertsonalek kanon digitalarekin inolako zerikusirik ez bait dute.
  2. Behin, kanona CDaren prezioan sartuta bait dago, eta ez du axola zertarako erabiltzen duzun.

2. Zure ilobaren bataioan argazkiak egiten badituzu zure argazki kamera berriarekin eta gero CD batetan gordetzen badituzu, zenbat bider ordaintzen duzu kanona?

  1. Behin ere ez, argazki pertsonalek kanon digitalarekin inolako zerikusirik ez bait dute.
  2. Behin, argazkiak CD batetan grabatu bait ditut eta kanona beti ordaintzen da.
  3. Birritan, argazkiak CD batetan grabatu ditudalako eta urtarrilaren 1etik aurrera erositako argazki kameren memoriek ere kanona dutelako.

3. Zure ilobaren bataioko bideoa uzten badizute eta DVD batetan grabatzen baduzu kopia bat izateko, zenbat bider ordaintzen duzu kanona?

  1. Behin ere ez, nire iloba ez bait da EEEOko (SGAE) bazkidea.
  2. Behin ere ez, bideoa ez dudalako CD batetan grabatu, DVD batetan baizik.
  3. Behin, DVDek ere kanona daukatelako.

4. Musika disko original bat erosten baduzu eta CD batetan kopia bat egiten baduzu, musika autoan ere entzun ahal izateko, zenbat bider ordaintzen duzu kanona?

  1. Behin ere ez, diskoa originala delako eta inor konpentsatu beharrik ez dudalako.
  2. Behin, abestiak CD batetan grabatu bait ditut eta kanona beti ordaintzen da.

5. Musika disko original bat erosten baduzu eta abestiak zure MP3 berrira kopiatzen badituzu, kirola egiten duzunean edo ikastera/lanera zoazen bitartean entzun ahal izateko, zenbat bider ordaintzen duzu kanona?

  1. Behin ere ez, diskoa originala delako eta inor konpentsatu beharrik ez dudalako.
  2. Behin, urtarrilaren 1etik aurrera MP3 entzugailuek ere kanona dutelako.

6. Zure mugikor berrirako kanta bat erosten baduzu, zenbat bider ordaintzen duzu kanona?

  1. Behin ere ez, kalitatea oso txarra delako.
  2. Behin, kantuaren prezioan kanona barne dagoelako.
  3. Birritan, kantuaren prezioan kanona barne dagoelako eta urtarrilaren 1etik aurrera mugikorrek ere kanona dutelako.

7. Internetetik Creative Commons lizentziadun musika jaisten baduzu (adibidez jamendo.com webgunetik edo taldearen wegunetik) eta CD/DVD/MP3/MP4/PDA batetan grabatzen baduzu, zenbat bider ordaintzen duzu kanona?

  1. Behin ere ez, musikaren egileak berak musika kopiatua izan dadin espresuki lagatzen duelako.
  2. Behin, aipatutako euskarri eta aparagailu guztiek kanona prezioan barne dutelako.

SOLUZIOAK:: 1-b, 2-c, 3-c, 4-b, 5-b, 6-c, 7-b. Kasu hauetan esaten den guztia egiten baduzu, bidezkoa kanona behin ordaintzea izango litzateke (mugikorrarentzako kanta erostean), baina praktikan kanona 9 bider ordaintzen duzu.

Testa beste formatu batzutan ere deskargatu dezakezu:

PDF
kanonaren-testa.pdf (422 KB)

ODT
kanonaren-testa.odt (21 KB)

Erlaziodun artikuluak::

  • Isiltasun Gizartearen legea heldu da

Beste hizkuntzak: castellano

/ Etiketatua: jabetza intelektuala, kanon digitala, sgae

Isiltasun Gizartearen legea heldu da

2008(e)ko urtarrilak 6 3:42 / 3 iruzkin / Txopi

Espainiar gobernuak Informazio Gizartea Sustatzeko Neurrien Legea (LMISI) aurrera atera zuen 2007. urtearen bukaeran, besteak beste EAJren laguntzaz, eta 2008ko urtarrilaren 1etik martxan dugu lege berri hau Hego Euskal Herrian.

Zentsura
Irudi originala

Hedabide korporatiboek Informazio Gizartea bultzatzeko dela badioete ere, bere eduki batzuk gizartearentzako ikaragarri kaltegarriak direla deritzot. Hona hemen nire arrazoiak (eta beste askorenak ere, noski):

  • 1. Webgune bat administratiboki itxi daiteke
  • 2. Kanon digitala berresten da
  • 3. Kanona gailu mota gehiagotan
  • 4. Politikoak Interneten ikusgarritasunaz baliatzen dira

1. Webgune bat administratiboki itxi daiteke

Merkataritza elektronikoa erregulatzeko zela suposatzen zen beste lege batek (LSSICE), webgune bat epaile batek bakarrik itxi zezakeela ezartzen zuen orain arte. Lege hau oso polemikoa izan zen onartu zen garaian, batez ere zirriborroan administratiboki webgune bat itxi zitekeela esaten zuelako (Interneteko Zerbitzuen Hornitzaileek 12 hilabetez beraien bezero guztien mugimenduak gorde beharrak ere giroa asko berotu zuen). Gizarte mugimendu handi bat sortu zen lege honen aurka (aldaketa sakonekin konformatzen zirenak ere baziren), eta azkenik webgune bat epaile batek bakarrik itxi zezakeela ezarri zen LSSICE legean.

LMISI lege berriarekin, espainiar alderdi politiko indartsuenak berriz saiatu dira eta Interneteko erabiltzaileen elkarte askok aurkako ekimenak egin badituzte ere, oraingoan zentsuratzaileek nahi zutena oztopo handirik gabe lortu dute. Horrek esan nahi du, pasa den urtarrilaren batetik epaiketarik egin beharrik gabe gobernuko funtzionari batek edo Autore eta Editoreen Elkartea (SGAE) bezalako aholkulari batek nahi duen webgunea bapatean itxi dezakeela eta gainera izun erraldoiak jarri. AUIk eta AIk salatzen duten bezala (IEk ez du tutik esan), lege honek Interneteko erabiltzaileen funtsezko eskubideak urratzen ditu: adierazpen askatasuna, informazioa jasotzeko eskubidea eta iritzi askatasuna.

Hori gutxi balitz, gobernuak, zeharka, lege hau Batasunaren inguruan dauden webguneen aurka era eraginkorrago batean aritzeko balio duela esan du. Horrek zer esan nahi du? Gobernuak gustoko ez dituen alderdi politikoak epaileak bakarrik utzi ditzakeela legez kanpo (Alderdien legeari esker) baina gobernuak gustoko ez dituen webguneak funtzionari soil batek itxi ditzakeela (LMISI legeari esker)? Hori horrela bada, hau ez da Informazio Gizartea sustatzeko legea, Isiltasun Gizartea sustatzeko legea baizik.

2. Kanon digitala berresten da

Informazio digitala gorde eta kopiatu dezaketen gailu orori kanon bat jartzea oso kaltegarria da. Musikariek, idazleek eta beste sortzaile batzuk, beraien lanetaz egiten den zabalketa publiko bakoitzeko, dirua jaso behar dute espainiar legediaren arabera. Irrati, taberna, kopia-denda eta abarretan egiten den guztia kontrolatzea ezinezkoa denez, espainiar gobernuak berak zuzenean egileen eskubide hori bermatu beharrean, bermatu egin behar dela legeztatu besterik ez du egiten. Hortik atera ziren SGAE, DAMA, CEDRO eta antzeko kudeaketa elkarte pribatuak. Pribatuak direnez, eman zaien boterea herritarrok diogunari eta bozkatzen dugunari jaramonik egin beharrik ez daukate. Horregatik daukagu kanon digital bat eta ez zerga digital bat. Horregatik kudeaketa elkarteek bakoitzak nahi bezala kobratzen dute dirua (hedabide eta enpresei mafia batek bezala dirua ateraz) eta nahi duten bezala banatzen dute jasotakoa (defendatu behar lituzketen egileei, batez ere txikiei, aurpegira barre eginez). Espainiar legediak ematen die erakunde pribatu hauei bidegabekeria guzti horiek egiteko aukera eta babesa.

Orain dela aste gutxi, beste gauzen artean kanon digitalaren prezio berriak arautuko zituen LMISI legea onartzeko bidean zegoenean, espainiar Legebiltzar barruan kanona kentzeko ahotsak entzun ziren. Horrek, ikusmin dexente sortu zuen, baina azkenik ez zen deuz ere gertatu eta legeak zegoen bezala aurrera egin zuen (gero ikusiko dugun bezala, PPk protagonismoa lortzeko erabili zuen gai hau). Beraz, hain bidegabekoa den kanonak jarraitu egingo du. Egileek SGAEk beraien eskubideak sudur puntan jartzen zaion bezala kudeatzen jarraitzea jasan beharko dute (adibidez SGAEn dagoen musika talde batek emanaldi ongile batetan parte hartzen badu, naiz eta berak ez nahi, SGAEk bildutako diruaren zati bat nola eramaten duen ikusi beharko du). Irratiek, tabernek, udalek, kontzertu antolatzaileek eta musika grabatua ala zuzenean publikoki zabaltzen duten guztiek, SGAEk behin eta berriz etekinak nola ateratzen dituen ikusi beharko dute, diru kopuruak era mafiosoekin adostuz. Eta azkenik, kaleko jendea, beraien informazio digitala grabatzeko eta gordetzeko (bidaietako argazkiak, laneko dokumentuak, familiako bideoak…) erabiltzen dituzten gailuengatik beti SGAEk daukan talderen baten musikaren kopiak egiten ibiliko balitz bezala kanona ordaintzen ibiliko da. Penagarria.

3. Kanona gailu mota gehiagotan

Guzti hau gutxi balitz, lehen gure CD eta DVD guztiengatik kanona ordaintzen bagenuen, orain gailu gehiagorengatik ordainduko dugu: MP3 gailuengatik, USB giltzengatik, argazki kameren txartelengatik, telefono mugikorrengatik, MP4 eta PDA bezalako gailu berriengatik, etab.

Beraz, zure kamerarekin egindako argazkiak CD batetan gordetzen dituzun bakoitzean (jende gehienak egiten du hori!), kanona birritan ordainduko duzu, behin ere ordaindu behar ez zenuenean. Zure mugikorrerako kanta bat jaisten duzun bakoitzean, kanona birritan ordainduko duzu (kanta jaisteko prezioan kanona kobratuko bait da), behin bakarrik ordaindu behar zenuenean (talde hori SGAEkoa dela suposatuz noski). Eta orain arte bezala, zure sistema eragile kutunena CDetan kopiatzen duzun bakoitzean edo enpresa batek beraien datuen kopiak egiten dituen bakoitzean, SGAEri dirua ematen jarraituko dugu. Bai, badakit guzti honek zentzurik ez daukala, baina espainiar Legebiltzarrak horrela erabaki du.

4. Politikoak Interneten ikusgarritasunaz baliatzen dira

Aipatu dudan LSSICE legea onartu zenean, PP zegoen espaniar gobernuan eta PSOE berriz oposizioan. PP webguneak administratiboki ixtearen aldekoa zen eta PSOE berriz ez. Rubalcaba politikari sozialista adibidez, lege honen aurka agertu zen behin baino gehiagotan (“ziberespazioko zentsuraren legea” zela zioen) eta nik espainiar Legebiltzarkideei lege honen aurka egiteko eskatuz bidali nien gutun bati ere erantzun zion. Gero, PSOEk hauteskundeak irabazi zituenean, ez zuen LSSICE legearen aurka ezertxo ere egin, eta jende gehiago konturatu den bezala, gainera LMISI lege berria atera du aurrera.

Baina boterera heldutakoan aurretik esaten zutenaren kontrakoa egiten duten politikoak zenbaezinak dira eta ez dut pertsona edo alderdi bakar baten kritika egin nahi. PPk ere bere iritziak aldatu ditu, boterean zegoenean kanonaren aldekoa bait zen argi eta garbi, eta orain berriz, denon harridurarako, alderdiko burua kanonaren aurka agertu da (okerreko arrazoiengatik gainera). Aldaketa lotsagarri hauek gertatzearen arrazoi nagusiak, bi dira nire ustez: alde batetik, musikaren industriak botere neurtuezin bat duelako mundu mailan eta bestetik, teknologia berriekin zerikusia daukaten gaiak oso ikusgarriak eta modernoak direlako botoemaileen aurrean jarduteko. Tamalez, alderdi politikoek beraien arteko liskar zikinetan txanpon trukagarriak besterik ez dira sarearekin eta teknologia berriekin lotutako gai hauek (eta baita beste gai asko ere). Elkarri bozkak lapurtzen dabiltzan bitartean, informazio gizartea gauzatzen doa eta politikoen jardun arduragabeak bere egituran eta izaeran garrantsi handia du. Ez dakit horretaz konturatu ere egiten diren.

Bukatzeko, lege honek espainiar legediaren menpe dauden miloika pertsonentzako suposatzen duen adierazpen askatasunaren aurkako kolpea eta diru-ustea azpimarratu nahi dut. Gizakion funtsezko eskubideak benetan errespetatzen badituzte, ezin dituzte hau bezalako lege bidegabekoak sortu beraien ezintasunak ezkutatzeko.

Zuzenketa (2008/01/07): David Maeztu abokatuak legearen irakurketa egin ondoren, Kudeaketa Elkarteek webgunerik ixteko botererik ez daukatela dio, epaileek eta administrazioko funtzionariek “bakarrik”.

Zuzenketa (2008/01/09): Eztabaida honen ondoren, EAJren aipamena kentzea erabaki dut. Nire ustez, ez daude lege honen ezaugarri kaltegarrienen aurka, baina alde daudenik ere ezin daiteke esan. Beraz, gauzak argi ez daudenez, hobeto ezer ez esatea.

Beste hizkuntzak: castellano

/ Etiketatua: batasuna, eaj, gailuak, kanon digitala, legeak, lisi, lmisi, lssi, lssice, pp, psoe, sgae

Azken iruzkinak

  • gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • @gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Liburuaren etorkizuna bidalketan
  • Sare sozialen sukarra eta kontsumo gizartea | zuzeu.com(e)k Sare sozialen sukarra Donostian bidalketan

Azken bidalketak

  • ikusimakusi.net –> ikusimakusi.eus
  • Sare sozialen sukarra Sestaon
  • Irailetik aurrera Bimbo ogia Chilly deituko da
  • Sagardoaren dieta hemen da!
  • AZTI-Tecnaliak Doraemon-en surf taula hegalaria sortu du

Etiketak

aeb alderdi politikoak azkue fundazioa barakaldo batasuna bilbo blogak cc0 crabgrass creative commons cryptosms d3m donostia e-book eaj eduki libreak euskara gara gaur8 gnupg hitzaldia internet irudigintza izparringia jabetza intelektuala jabetza publikoa kriptografia kultura librea leioa meta musika p2p politika politika 2.0 psoe sare sozialak sgae software askea software librea SVG tailerra umorea upv/ehu web 2.0 wikipedia
© Copyright lizentzia: Bat ere ez! (jabetza publikoa)
Ostatzailea: Sindominio
Infinity itxura nork: DesignCoral / WordPress