• Ikusi makusi
  • Veo veo
  • I spy with my little eye
Ikusi makusi

This website is frozen and will not be updated more.
From now on the new information will be published at ikusimakusi.eus.

2015/12/31

Tag Archives: Eduki Libreak

Informazio askearen onurak eta erronkak EHU/UPV-n

2011(e)ko martxoak 16 23:34 / / Txopi

EHU/UPV

Gaur, 2011ko martxoaren 16a, Dokumentazioari eta Informaziorako Sarbide Askeari buruzko Jardunaldiak hasi dira Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako kanpusean, zehazki Kazetaritza Fakultatean. Nik hitzaldi batekin hartu dut parte. Jardunaldiek bihar ere aurrera egingo dute eta nik tailer bat eskainiz hartuko dut parte.

Jardunaldi osoen egitaraua eta nik gaur ateratako argazki batzuk Indymedian eskuragarri daude.

Nire gaurko hitzaldiaren izenburua “Informazio askearen onurak eta erronkak” izan da eta hauek dira jorratzen saiatu naizen gai nagusiak:

  • Informazioaren digitalizazioa
  • Formatuak
  • Gailuak
  • Lizentziak
  • Gordailuak
  • P2P

Erabili dudan aurkezpena hemen argitaratzen dut:

PDF
20110316InformazioAskea-EHU.pdf (3 MB)

ODP
20110316InformazioAskea-EHU.odp (6 MB)

Beste hizkuntzak: castellano

/ Etiketatua: creative commons, eduki libreak, formatu irekiak, gailuak, hitzaldia, jabetza publikoa, kazetaritza, leioa, upv/ehu

Zer egin software librea bultzatzeko? (2)

2010(e)ko maiatzak 30 19:54 / / Txopi

Aurreko artikuluan aipatu nituen Jakintza libreari buruzko jardunaldiak ospatu ziren eta nire aldetik, arratsalde horretan burutu genuen dinamikan software librearen inguruan egin ziren hausnarketak zabaldu nahi ditut.

jakintza librearen jardunaldiak

Bertan bildu ginen 30 lagunok erantzun beharreko galdera, besteak beste, hau zen: Zer urrats egin ditzakegu software librearen erabilera eta hedapena sustatzeko?

Hiru taldetan banatu baginen ere, erantzun bat baino gehiago errepikatu egin zen. Ikus dezagun jendeak zeintzu urrats, ekimen eta ideia proposatzen zituen software librea bultzatzeko:

  1. Umeek eskolatik software librearekin ikastea. Hori lortzeko modu desberdinak aipatu ziren. Eusko Jaurlaritzaren Eskola 2.0 ekimenaz aritu ginen pizka bat, baina ordenagailuek GNU/Linux sistema eragileaz gain Windows ere badutenez, ikasle eta irakasle ia guztiek ezagutzen dutena aukeratzen dutela azaldu zuten.
  2. Gizartearen arlo guztietan (etxean, enpresetan, administrazioan eta abar) formatu irekiak erabiltzea.
  3. Gizarteak arlo guztietan software librea (gehiago) erabiltzea. Batzuk bapateko migraketaren alde agertu ziren eta beste batzuk berriz pauso-pausokoa. Edozein kasutan, denok ados ginen software librea bultzatzeko ahalik gehien erabili behar zela eta gu geu ginela erabaki hori hartu behar genuen lehenak.
  4. Administrazio publikoa, herritarrak zaindu eta beraien interesak defendatu behar dituenez gero, software librea eta formatu irekiak bultzatu behar ditu, ezbairik gabe, ahalik azkarren eta kontra dauden interesei pribatuei aurka eginez.
  5. Software librearen onurak gizarteratu egin behar dira, familiari, lagunei, lankideei… Software librearen inguruan dauden mitoak ere apurtu egin behar dira. Eta berriz ere, zabalketa hau gizartea osoak egin beharreko zerbait da, norbanakoek, administrazioek, sindikatuek, enpresek… gizarte eragile guztiek.
  6. Ordenagailu bat erosten dugun bakoitzean, software librearekin eskatu behar dugu; modelo batzuk GNU/Linux-ekin saltzen direlako eta edozein kasutan saltzaileek eskari hori ikus dezaten.
  7. Periferikoak egiten dituztenek software librea kontutan izan behar dute.
  8. Software librearekin ez daude mota guztietako programak garatuta (jabedun softwarearekin ere ez), eta guztion ardura da gutxi-gutxika behar guztiak asetzeko aukerak lortzea.
  9. Software libre dezente euskaratuta dago jada hainbat eta hainbat herritarrei esker, baina itzulpenak sakabanatuak daudenez batzutan arazoak sortzen dira. Egindako lana behar bezala argitaratu behar da.

Open Space delako ekitaldian Maite Goñi eta Gorka Palaziorekin batera egon nintzen eta beraiek ere idatzi dute han gertatutakoari buruz.

Erlaziodun artikuluak:

  • Zer egin software librea bultzatzeko?
/ Etiketatua: azkue fundazioa, bilbo, eduki libreak, software librea

Zer egin software librea bultzatzeko?

2010(e)ko maiatzak 13 19:53 / 6 iruzkin / Txopi

Datorren astean Azkue Fundazioak antolatuta, Jakintza libreari buruzko jardunaldi batzuk burutuko dira Bilbon.

jakintza librearen jardunaldiak

Bigarren egunean, maiatzaren 18an, Open Space ekitaldian, Maite Goñik, Gorka Palaziok eta hirurok, bertara gerturatzen direnekin batera euskararekin eta software librearekin lotutako galdera batzuri erantzuten saiatuko gara. Niri lantzea egokitu zaidan galdera ondokoa da: Zer urrats egin ditzakegu software librearen erabilera eta hedapena sustatzeko?

Galdera hemen argitaratzen dut nire hausnarketa batzurekin batera. Inork zerbait proposatu edo gehitu nahi izanez gero, aurrera! Nire erantzuna:

Jabedun software erabiltzaile bezala

Ahal den heinean formatu irekiak erabili. Ikastetxean, lanean, lagun baten etxean edo beste nonbaiten jabedun softwarea erabiltzera behartua baldin bazaude, aurrera, etzazu zure burua flagelatu. Baina gogoratu jabedun softwareak formatu itxiak erabiltzeko joera daukala erabiltzaileak bahitzeko. Beraz, egiten ari zaren atasaren arabera, erabiltzazu dagokion formatu ireki egokia: irudientzako JPEG edo PNG, testuentzako ODT, RTF edo PDF (ez DOC/DOCX), kalkulu orrientzako ODS edo CSV (ez XLS/XLSX), irudi konplexuentzako XCF edo SVG (ez PSD), aurkezpenentzako ODP (ez PPT/PPTX/PPS)…

Software librea erabiltzen duten zure ingurukoei (kontuan izan litekeena dela software librea erabiltzen dutela aipatu ez izana), lana erraztuko diezu eta horrek ere software librea hedatzen laguntzen du.

Era horretan, etorkizunean zu zeu jabedun softwarea erabiltzen hasten zarenean, zure datu gehienak prest izango dituzu. Gainera, formatu librean gordez gero arrisku gutxiago duzu etorkizunean datu horiek ulertuko dituen programa bat lortzeko.

Norbaitek formatu itxi batetan dauden datuak bidaltzen badizkizu (adibidez PPT barregarri bat birbidali dezazun), baliokide ireki bat baldin badago (ODP) zuk formatu irekia erabili (adibidez eduki berbera duen ODP fitxategia berbidaliz eta bidali dizunari ere kopia bat luzatuz fitxategi hori zein programarekin ikus daitekeen azalduz). Nik adibidez mezu hau erabiltzen dut:
OHARRA: mezu honi atxikitutako fitxategia OpenDocument formatu ireki eta estandarrean dago.
Librea (eta doakoa) den OpenOffice pakete ofimatikoarekin ikus dezakezu:
http://eu.openoffice.org/ (euskaraz)

Software libre erabiltzaile bezala

Firefox edo Interneteko estandarrak betetzen dituen beste nabigatzaile libreren bat erabiltzen baduzu, noizbehinka Microsoft Internet Explorer jabedun nabigatzailearen berezitasunetara bakarrik egokitutako webguneren batekin egingo duzu topo. Egoera hau jabedun softwareak bere erabilera sendotzeko erabiltzen duen trikimailu bat izanik, software librea sustatzeko, estandar irekiak sustatzea da bidea.

Beraz, webgune horren arduradunekin harremanetan jartzea komeni da (adibidez e-mail bat bidaliz gertatu zaizuna azalduz). Horretaz gain, nahi izanez gero, jendea egoera horren jakitun izan dadin beste ekintza batzuk egin ditzakezu: medioetara idatzi, blogaria bazara artikulu bat argitaratuz, existitzen diren beste foro eta antzeko webgunetan berria zabalduz eta abar.

Familian eta lagun artean

Software libre baten edo gehiagoren erabiltzailea bazara, software librearen erabilera sustatzeko beste gauza asko egin ditzakezu. Hasteko, zure lagun eta familiari software librearen aukeraz mintzatu eta dituen abantailak azaldu. Ez hori bakarrik, ohikoa da software librearen alde daudenek bere ingurukoei software mota hau instalatzea eta mantentzen laguntzea. Batzutan programa zehatz bat instalatuz eta erabiltzen azalduz eta beste batzutan sistema eragile guztia aldatuz (adibidez Ubuntu) eta mantentzen lagunduz.

Gure ingurukoek sistema eragile libre bat instalatzen animatu daitezen (jabedun sistema eragilearen ordez edo sistema horretaz gain, disko gogorra handia bada) instalazio jaiak ospatzea aukera on bat da. Era horretan, software librea erabiltzen duten lagun batzuk bildu eta denen artean beraien lagun eta ezagunei egun berdinean eta leku berdineanberaien ordenagailuetan software librea instalatzen eta erabiltzen laguntzen diete.

Eskolan eta lanean

Beste leku askotan ere software librearen aukera hor dagoela gogoraraztea ondo etorriko zaie: eskolan, lanean, etab.

Zure ikastetxean adibidez, klaseak emateko jabedun softwarea erabiltzen bada, jendeak zuzenean libreak diren programak erabiltzen ikasteak duen garrantziaz mintzatu zure irakasleekin eta informatika arduradunekin. Ez zara aditua izan behar horrelako eskari bat egiteko, izan ere, jabedun softwarea irakatsiz etorkizunean kalte egingo dizun menpekotasun bat sortarazten ari bait dira zuregan, eta hori salagarria da noski.

Lantegi edo bulego baten lan egiten baduzu eta jabedun softwarea erabiltzen bada, galdetu zergatik (askotan ohituragatik besterik ez da izaten). Arrazoi askorengatik, enpresari software librera pasatzeko plan bat burutzea mereziko dio eta zenbat lehenago hasi hobeto. Software librea erabiltzeagatik langileek onura asko jasotzen badituzte ere, enpresek beste onura batzuren artean software lizentzietan aurrezteko aukera dute.

Herritar bezala

Euskal Herriko biztanle bat gehiago bezala, ekintza desberdinak burutu ditzakezu software librea bultzatzeko. Adibidez, udaletxeko liburutegietan Internet-en nabigatzeko zerbitzuak izaten ohi dira. Ordenagailu horietan Firefox bezalako nabigatzaile libreak instalatzeko eskaria egin dezakezu. Nik egin nuen eta handik egun gutxira Firefox Euskaraz erabilgarri zegoen.

Hauteskundeetan bozkatzen dutenetakoa bazara, alderdi politikoen programa aztertzea gomendatzen dizut eta software libreari eta estandar irekiei buruz zer dioten begiratu dezakezu. Hauteskunde garaian euskal blogetan gai hau jorratzen duenik ere aurkituko duzu, zuk egin beharreko lana gutxituz.

Azkenaldian alderdi politiko batzuk herritarren ekarpenak eta parte hartzea eskatzen dute beraien programak osatzeko. Beraz, horrelako ekimenak ere uztiatu daitezke software librearen hedapena sustatzeko.

Hausteskundeei itxaron gabe ere, tokiko gobernuei softwarea librearen alde lan egin dezaten eskatzeko aukera ere badago. Hori da hain zuzen SoftwareLibreNahiDugu ekimenaren helburua. Software librearen alde beste hainbat ekitaldi publiko ere egin daitezke, adibidez Software Freedom Day ospakizunetan parte hartzea. Gizarteko kidea zarenez geroztik hamaika dira gizartean eragina izan dezaten egin ditzakezun gauzak. Asmatu berri bat eta aurrera!

Informazio igortzailea bazara (blogariak)

Hedabide batetan lan egiten baduzu, software librea zer den eta zeintzu onura dituen helarazteko aukerak ere izan ditzakezu. Baita informazio igortzaile izan zaitezkeen hegoera asko eta askotan ere: lagunekin hitzegiterakoan, familian eta abar. Blogaria bazara edo Interneteko webgune eta zerbitzu desberdinak erabiltzen badituzu (foroak, mikro-blogging plataformak eta abar), software librearen alde egiteko aukerak izango dituzu: software zehatz bat gomendatuz, beste erabiltzaileei zure laguntza emanez, eta abar.

Jendaurrean hitz egitea zuretzat oztopoa ez bada, zuk zeuk software libreari buruzko hitzaldiak eta demostrazioak egim ditzakezu. Ezagutza tekniko asko badituzu ondo, baina ez pentsa hori beharrezkoa denik. Jende gehineak oraindik ez du software librea inoiz ikusi eta zure azalpenak oso baliagarriak eta preziatuak izango dira. Animo!

Hizkuntzak baldin badakizkizu

Software librea tresna oso egokia da hizkuntza murriztuentzat eta horregatik software librea eta euskara uztartzen dituzten euskaldun asko daude: Librezale taldea, EuskalGNU taldea eta beste hainbat eta hainbat norbanako.Ezagutza tekniko gutxi edo bat ere izan gabe, hizkuntzat jakinda (batez ere ingelesa), software libre desberdinak euskaratzeko aukera dago. Baita programen webguneak, esku liburuak eta abar. Horrelako lanekin ere software librearen erabilera eta hedapena sustatzen da, zalantzarik gabe.

Irudigintza gogoko baduzu

Idaztea baino marraztea nahiago baduzu, software librea eta formatu irekiak bultzatu ditzakezu. Adibidez software libreko programek noizbehinka sortzen dituzten parte hartze irekiko ekimenetan.

Ezagutza teknikoak badauzkazu

Ezagutza oso teknikoak badauzkazu noski, nabariak dira software librea bultzatzeko egin ditzakezunak: software libre proiektuetan programatu edo proiektu berria hasi, programatzaileei softwarea ordenagailu mota eta instalazio mota desberdinetan frogatzen lagundu eta abar. Baina ikus daitekeenez, ez dira ezagutza tekniko oso sakonak eduki behar software librea beste modu askotan sustatzeko. Ekin diezaiogun bada!

Artikulu hau bukatzeko, Jakintza librearen jardunaldiei buruz beste gauza bat esan nahi dut. Maiatzaren 19an ere hitzaldi interesgarri batzuk izango dira. Begiratu egitaraua informazio gehiago izateko. Ez galdu!

Aldaketa (2010/05/16): Josuk iruzkinetan gogorarazi dudan bezala, zerrenda honetara software librea bultzatzeko beste modu batzuk gehitu ditut: lagunei software librea instalatzea eta erabiltzen irakastea, instalazio jaiak, hitzaldiak, demostrazioak, ekitaldiak kalean, … Eskerrik asko Josu! Zer gehiago?

Erlaziodun artikuluak:

  • Zer egin software librea bultzatzeko? (2)
/ Etiketatua: azkue fundazioa, bilbo, eduki libreak, software librea

Jabetza intelektuala eta teknologia berriak UPV/EHU-n

2010(e)ko otsailak 19 1:24 / / Txopi

EHU/UPV

2009ko maiatzaren hamabostean Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) kanpus birtualak antolatzen dituen konferentzia ziklo batetan parte hartu nuen. Hitzaldi hauek OpenCourseWare proiektuaren barnean antolatu ziren (proiektu honetan munduko 100 unibertsitatetik gora hartzen dute parte).

Nire hitzaldia Leioako unibertsitatetik eman nuen eta bideokonferentzia bitartez Unibertsitateko beste kanpus batzuetatik jarraitu ahal izan zen (Bilbo, Donostia, Gasteiz, …). Oker ez banago, galderetako batzuk Eibarretik egin zizkidaten.

Hitzaldiaren izenburua “Jabetza intelektuala eta teknologia berriak” izan zen eta batek baino gehiagok suposatuko duenez, teknologia berriek orokorrean eta Internetek zehazki gure gaur egungo sare-gizartean eragiten ari diren aldaketei buruz hitz egin nuen, beti ere jabetza intelektualaren alorrari dagokionez. Batez ere gai hauei buruz mintzatu nintzen:

  • Jabetza publikoa
  • Copyright
  • Copyleft
  • Egile eskubideak
  • Jabetza intelektualaren legea
  • Creative Commons

Beste hitzaldi batzutan aztertu izan ditudan gaia beraz.

Konferentziaren bideoa (64 minutu) unibertsitatearen webgunean eskuragarri dago eta erabili nuen aurkezpena hemen argitaratzen dut:

PDF
20090515JabetzaIntelektualaTeknologiaBerriak.pdf (3 MB)

ODP
20090515JabetzaIntelektualaTeknologiaBerriak.odp (4 MB)

Gezurra dirudi baina ia urte bat igaro da hitzaldia eman nuenetik eta oraindik materiala argitaratu gabe neukan. Esaera zaharrak dioen bezala, hobe berandu sekula baino :-) Pilatzen ari zaizkidan beste material batzuk laster argitaratzea espero dut. Sentitzen dut atzerapena eta material hau norbaiti baliagarria izatea espero dut!

Beste hizkuntzak: castellano

/ Etiketatua: creative commons, eduki libreak, hitzaldia, jabetza intelektuala, jabetza publikoa, leioa, upv/ehu

Eduki libreak Deustuko Unibertsitatean

2008(e)ko uztailak 20 23:50 / / Txopi

Azkenaldian saio dexentetan egin dudan bezala, Deustuko Unibertsitateko Informatika Fakultatean, ESIDEn, jabetza intelektualari buruzko hitzaldi bat emango dut. Apirileko Jardunaldi Hacktibistetan egin nuen bezala, parte hartzaileek software librea zer den jada badakitenez, softwaretik eduki digitaletara askatasunak egin duen saltoari buruz hitz egingo dut.

Pasa den ostiralean hitzaldi honen euskarazko bertsioaren txanda izan zen, eta gaur, gaztelaniazkoarena. Ekitaldi hauek, Deustuko Unibertsitateko e-Ghost taldeak antolatzen dituen udako ikastaroen barruan ospatzen dira.

Leioako gaztetxean eta Zarautzko gaztetxean egin nuen bezala, hitzaldia emateaz gain, “Se creativo” bideoa ikusiko dugu, Kanon digitalaren testa banatuko dut eta bukaeran eztabaida txiki bat egingo dugu denon artean.

Hau da euskarazko hitzaldirako prestatu nuen aurkezpena:

PDF
20080717SoftwareLibretikEdukiLibreetara.pdf (2,1 MB)

ODP
20080717SoftwareLibretikEdukiLibreetara.odp (3,1 MB)

Eta hau berriz gaztelaniazko hitzaldian erabiliko dudan aurkezpena:

PDF
20080721SoftwareLibreContenidosLibres.pdf (2,4 MB)

ODP
20080721SoftwareLibreContenidosLibres.odp (3,4 MB)

Interesa duenak, aurkezpena prestatzeko sortu nituen irudi eta diagrama berriak ere hartu ditzake:

SVG
20080717SoftwareLibretikEdukiLibreetara.svg (80 KB)

ODS
20080717SoftwareLibretikEdukiLibreetara.odt (13 KB)

ODS
20080717SoftwareLibretikEdukiLibreetara.ods (43 KB)

On egin!

Eguneraketa (2008/07/28): Euskadi Digitaleko Rafa Martinezi esker, gaztelaniaz egin nuen hitzaldiaren audioa eskuragai dago:

MP3
20080721SoftwareLibreContenidosLibres.mp3 (54 MB)

Beste hizkuntzak: castellano

/ Etiketatua: deustu, eduki libreak, hitzaldia, jabetza intelektuala, software librea

Azken iruzkinak

  • gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • @gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Liburuaren etorkizuna bidalketan
  • Sare sozialen sukarra eta kontsumo gizartea | zuzeu.com(e)k Sare sozialen sukarra Donostian bidalketan

Azken bidalketak

  • ikusimakusi.net –> ikusimakusi.eus
  • Sare sozialen sukarra Sestaon
  • Irailetik aurrera Bimbo ogia Chilly deituko da
  • Sagardoaren dieta hemen da!
  • AZTI-Tecnaliak Doraemon-en surf taula hegalaria sortu du

Etiketak

aeb alderdi politikoak azkue fundazioa barakaldo batasuna bilbo blogak cc0 crabgrass creative commons cryptosms d3m donostia e-book eaj eduki libreak euskara gara gaur8 gnupg hitzaldia internet irudigintza izparringia jabetza intelektuala jabetza publikoa kriptografia kultura librea leioa meta musika p2p politika politika 2.0 psoe sare sozialak sgae software askea software librea SVG tailerra umorea upv/ehu web 2.0 wikipedia
© Copyright lizentzia: Bat ere ez! (jabetza publikoa)
Ostatzailea: Sindominio
Infinity itxura nork: DesignCoral / WordPress