• Ikusi makusi
  • Veo veo
  • I spy with my little eye
Ikusi makusi

This website is frozen and will not be updated more.
From now on the new information will be published at ikusimakusi.eus.

2015/12/31

ikusimakusi.net –> ikusimakusi.eus

2015(e)ko abenduak 30 22:22 / / Txopi

logoa

Badut 2015eko eduki berriren bat edo beste blog honetan argitaratzeko baina egunerokotasunak beste gauza garrantzitsuagoekin lanpetuta mantentzen nau (adibidez, nire seme-alabekin). Hori gutxi balitz, webgune hau hiru hizkuntzatarako prestatua dago baina praktikan euskaraz bakarrik idazten dut …idazten dudanean.

Jorratutako gaiei dagokionez, esparru berriak lantzeko gogoak ditut eta egunerokotasunak zenbat sakontzen utziko didan ez badakit ere, aldaketa batzuk egitea erabaki dut: agortuta dagoela iruditzen zaidan Sindominio proiektua utzi eta euskaraz bakarrik landuko dudan .EUS gunea irekiko dut urtarrilean. Ea bertan buruan dauzkadan hamaika ideietarikoren bat aurrera ateratzen animatzen naizen…

Webgune honi dagokionez, hona hemen datu xume batzuk:

  • Iraupena: 9 urte (2007-2015)
  • Artikuluak: 147 (83 euskaraz, 55 gaztelaniaz eta 10 ingelesez)
  • Iruzkinak: 266 (142 euskaraz, 116 gaztelaniaz eta 8 ingelesez)

Beraz, ikusimakusi.net webgunearenak egin du. Ez dut hemen ezer gehiago argitaratuko. ikusimakusi.eus webgunean ikusiko gara!

Beste hizkuntzak: castellano, english

/ Etiketatua: meta

Sare sozialen sukarra Sestaon

2014(e)ko maiatzak 3 18:48 / / Txopi

Pasa den azaroan hitzaldi bat eman nuen Sestaoko Txirbilenea kulturgunean eta erabili nuen aurkezpeneko fitxategiak webgune honetan deskargagarri utzi banituen ere, artikulu baten bidez beraien berri ematea egiteke neukan. Hitzaldia ematearen arrazoia 2013ko Hackmeeting-a bertan ospatu zela da. Hackmeeting horretan, urtero bezala, hainbat hitzaldi eta tailer interesgarri izan ziren, hainbat modutan teknologia eta politika (hacktibismoa) uztartuz.

“Sare sozialen sukarra eta kontsumo gizartea” izenburuarekin eman nuen hitzalditxo horretan azaldu nuenez, sare sozialek alde onak eta txarrak dituzte, gizakiak sortutako teknologia guztiek bezala, eta horiek labur-labur azaltzeaz gain, tresna hauen aurrean hiru jarrera edo bide har daitezkeela azaldu nuen:

orga

Aurkezpenak hamaika esteka ditu interesa duen orori informazio gehiago lortzen laguntzeko. Beraz, ez izan zalantza izpirik eta deskargatu itzazu zuretzat egin ditut eta!

PDF
20131102SareSozialenSukarra.pdf (5,2 MB)

ODP
20131102SareSozialenSukarra.odp (9,0 MB)

/ Etiketatua: hackmeeting, hacktibismoa, hitzaldia, ludismoa, sare sozialak, sestao, txirbilenea

Irailetik aurrera Bimbo ogia Chilly deituko da

2014(e)ko urtarrilak 23 22:19 / / Txopi

Arrazoi sexualengatik (bai, ondo irakurri duzu), Bimbo enpresak eta Chilly enpresak beraien izenak trukatzea erabaki dute. Erabaki historiko honen zergatiak ulertzeko azalpen batzuk beharrezkoak dira…

Zer da Bimbo?

Bimbo enpresa orain dela 68 urte sortu zen Mexikon, 19 estatutan saltzen du (Espainian bai, Frantzian ez) eta guztira 150 fabrika ditu. Enpresa honen eta bereziki bere produktu batzuen arrakasta hain da handia, Hego Euskal Herrian adibidez, ezen jende askotxok “bimbo ogia” moldezko ogiaren sinonimotzat erabiltzen duen. Kontua da, Bimbo Taldeak arazo galanta duela bere zabalkuntza internazionalean, frantsesa edo ingelesa erabiltzen duten lekuetan “bimbo” hitzak nahiko lotura txarrak dituelako. Izan ere, argot hizkuntzan “itxura bakarrik axola zaien neska tentelei” bimbo deitzen zaie. Ingelesez dagoen kartel honek, hitzaren erabilera argi uzten du:

bimbo

“BIMBO. Beti janzten da horrela esateko ezer interesgarririk ez duelako.”

Euskaldunok esanahi hau gehiegi ezagutzen ez badugu ere, urteak dira “bimbo” hitzak ika-mikak sortzen dituela:

  • Mattel enpresak Aqua musika taldeari jarritako salaketa. Barbie Girl kanta ezagunean «I’m a blond bimbo girl, in the fantasy world» esateagatik.
  • Miss Bimbo ordenagailu-jokoari guraso-elkarte batek jarritako salaketa. Bederatzi urtetik gorako umeei zuzendutako joko honen helburuen artean “bimbo” neska birtualarentzat dieta-pilulak eta titi-inplanteak lortzea zen.
  • Bimbok AEBetan kirol babesle bezala izan dituen kexak. Kirolarien jantzietan “bimbo” irakurtzeak zaletuak nahasten ei dituelako.
  • Bimbo enpresak berak Tumblr-i jarritako salaketa. Erabiltzaileek bimbo hitza erdi-biluztutako neskentzat etengabe erabiltzen dutelako.

Zer da Chilly?

Ziurrenik, era honetako gertakariek bultzatuta, Bimbo enpresa beteranoak azkenik izena aldatzea erabaki zuen, duela hilabete batzuk iragarri zuen bezala. Jatorri mexikarra duen enpresa honek hautatutako izen berria Chilly izan zen. Behin erabakia hartuta, gauzak enpresarentzat hobera egingo zutela bazirudien ere, korapiloa gehiago handitu da, hautatutako izen berriak ere bere arazoak baititu.

Arazoen iturri nagusiak bi dira: alde batetik, “chile” hitzak Hego Ameriketako zenbait lekutan “zakila” esan nahi duelako, eta bestetik, Chilly izena duen enpresa batek izen bera erabili nahi izateagatik Bimbo salatu duelako. Gaztelaniaz dagoen bideo honetan ikus dezakegunez, Chilly enpresak alua garbitzeko xaboi bat saltzen du: «Nire barren-barrenean txilia nahi dut».

Iragarki harrigarri honen zergatia ulertzeko, “chilly” hitzak ingelesez freskoa esan nahi duela argitu beharra dago.

Izen trukaketa

Chilly enpresak Bimbo enpresaren aurkako salaketa jarri zuenean, ohikoa den bezala batek irabazi eta besteak galduko zuela zirudien. Baina kasua nork epaituko zuen ikusitakoan, enpresak kikildu egin ziren eta biek ala biek asko gal zezaketela iruditu zitzaien. Izan ere, Concha Rubialesek epaile gogorraren ospea duen emakume ilehoria da.

Irakurleak susmatuko dituen arrazoiengatik, epaiketa hasi aurretik enpresek beraien kabuz aurkitu diote irteera gatazkari: izenak trukatu eta kito. Bimbo-k eta Chilly-k, Chilly-k eta Bimbo-k, prentsaurreko bateratuan azaldu zutenez, «negoziazioak hasi ziren egunean, norbaitek txantxetan izen trukaketa konponbiderik honena zela aipatu zuen» eta alde biei ideia bikaina iruditu zitzaien. Bimbo enpresak Chilly izena nahi zuen eta Chilly enpresari bere produktua Bimbo deitzea egokiagoa iruditzen zitzaion. Negoziazioak beraz primeran joan ziren eta irailerako iragarki-kanpaina internazional bateratua iragarri dute. Prentsaurrekora bildutako hedabideei ez diete iragarki-kanpainari buruz informazio gehiegirik eman nahi izan. Bimbo enpresak, ogi mota berri bat (pikantea?) kaleratuko duela bakarrik iragarri du eta Chilly enpresak top model ezagun batekin iragarki «bero-beroa» prestatzen ari direla bakarrik azaldu du. Irailera arte ez dute informazio gehiagorik emango.

Chilly enpresak Bimbo xaboia salduko badu ere, argi utzi nahi izan du «estereotipo mingarri horren aurka» dagoela eta «neska ilehoriak beste edozein gizon eta emakume bezalakoak» direla defendatzen duela.

Oharra: Artikulu hau jatorriz Izparringian argitaratu zen 2013ko maiatzaren 9an.

/ Etiketatua: alua, izparringia, naming, sexua, umorea, zakila

Sagardoaren dieta hemen da!

2014(e)ko urtarrilak 21 8:49 / / Txopi

sagardoa
Pisua galtzeko era guztietako dietak edo jan-neurriak ikusitakoak ginela uste bagenuen ere, oker geunden, sagardoaren dieta hemen baita. Bai, ondo irakurri duzue. Ez gara sagarraren dieta motelari buruz ari. Ezta sagar-ozpinaren dieta ezagunari buruz ere. Dieta hauek eta baita orburu edo alkatxofaren dieta eta Atkinson doktorearen dieta, iragana dira. Gaur egun, euskaldunon artean ziztu bizian zabaltzen ari dena «sagardoaren dieta» da («txotx dieta» eta «mozkor dieta» bezala ere ezagutzen da).

Moda berri honi buruz gehiago jakiteko, Donostia ospitaleko Elikadura eta Garraio saileko Josefa Olasagasti doktorearekin hitz egin dugu Errezilen duen etxean eta datu argigarriak eman dizkigu: «Euskal Herrian sagardoa edateko ohitura antzinatik dator, I. mendetik gutxienez. Litekeena da, garai batean uraren ordez jendeak sagardoa bakarrik edatea zonalde batzuetan, batez ere Gipuzkoan, Nafarroako ipar-mendebaldean eta Iparraldean».

Dieta honen eraginkortasunaz galdetzean, Olasagasti doktoreak ez du zalantzarik: «Hartzidura prozesua legamiek burutzen dute, sagarraren azukrearekin gure osasunerako hain onuragarria den azido laktikoa eta eterra sortuz. Dieta hau jarraitzen dutenek ez dute sagardoa ez den beste likidorik hartzen, baina beste janari batzuk har ditzakete. Elikaduraren aldetik, dieta ondoen osatzen duten jakiak bakailao tortilla eta gazta dira. Intxaurrak ere sagardoaren osagarriak dira omega 3agatik, baina proteina asko ere badituzte eta moderazioz hartu behar dira pisua galdu nahi bada». Moderazioaren gaiari jarraiki, sagardoa edari alkoholikoa izatea arazoa izan daitekeen galdetu diogu Errezilgo doktoreari eta barrezka erantzun digu: «Ez, ez dago inolako arazorik. Argi dago umeek ezin dutela dieta hau egin baina orokorrean ezein umek ez luke dietarik egin behar. Helduei dagokionez, dietak irauten duen bitartean ez gidatzea gomendatzen diegu eta dietarik zorrotzena gau eta eta asteburuetan egitea. Borondate eta gogo handia behar da beste dietei eusteko, baina sagardo dietarekin alderantziz gertatzen da, jende guztiak pozarren jarraitzen du dieta hau».

Bukatzeko, gure irakurleen artean dieta honen zale askotxo daudela badakigunez, oso tentagarria aurkituko duzuen datu bat emango dizuegu: Kirikoketa S.L. izeneko enpresa batek etxean erabil daitezkeen dolare-eramangarriak saltzen ditu hainbat herritan egiten diren Sagardo Egunetan.

Eta zuek, sagardoaren dieta edo beste dieta miragarriren bat egiten duzue? Nola doakizue?

Oharra: Txantxetako artikulu hau jatorriz Izparringian argitaratu zen 2013ko maiatzaren 2an.

/ Etiketatua: dieta, izparringia, sagardoa, sagarra, umorea

AZTI-Tecnaliak Doraemon-en surf taula hegalaria sortu du

2014(e)ko urtarrilak 19 23:27 / / Txopi

AZTI-Tecnalia Doraemon

AZTI-Tecnalia, Doraemon marrazkietan inspiraturik, surf taula berritzailea asmatu du. Marrazki bizidun hauetako 7. denboraldiko saio batean, Doraemon katu kosmikoak (XXII. mendeko katu-robota) Nobita mutil gaztearentzat surf taula hegalari bat ateratzen du bere patrika magikotik. Surf taula berezi honi esker, Nobitak etxean surfa praktikatzeko aukera du eta urik gabe surf egiten ikasten du.

Dirudienez, AZTIko Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza (I+G+b) arduradun nagusia den Jose Miguel Iturriberrigorrigoikoerrotakoetxeak, bere alaba txikiarekin batera saio hori ETB3-n ikusi zuen. Garai hartan, AZTIko ikertzailea galipotak arrainen janzkera joeretan zituen eraginak aztertzen zebilen eta bazirudien bezperan ikusitako marrazki bizidunak ahaztuak zituela. Baina biharamunean, Joxemiel batelean txitxarro eta berdel bila zebilela, teknologiaren azken aurrerakuntzak bilduz Doraemonen surf taula egingarria zela konturatu zen.

Tecnaliak 2011. urtean sensorez hornitutako surf taula bat garatu zuen eta hurrengo urratsa Doraemonen surf taula hegalaria izan behar zela argi ikusi zuen. AZTIko ikerlariak bildu eta buru-belarri jardun zuten lanean. Euskal Herriko surflari talde batek taularen prototipoa probatu du eta emaitza ikusgarria dela diote. Eneko Acerok iragarri du «surf taula hegalariak kirol honi iraultza» ekarriko diola .

AxiMuniain
Axi Muniain

EnekoAcero
Eneko Acero

KepaAcero
Kepa Acero

AritzAranburu
Aritz Aranburu

Oharra: Txantxetako artikulu hau jatorriz Izparringian argitaratu zen 2013ko apirilaren 23an.

/ Etiketatua: azti, doraemon, i+g+b, izparringia, surfa, tecnalia, umorea

Sare sozialen sukarra Donostian

2013(e)ko maiatzak 18 14:22 / Iruzkin 1 / Txopi

Datorren asteartean, arratsaldeko zazpiretan, Donostiako Kortxenea gaztetxean, “Sare sozialen sukarra eta kontsumo gizartea” izeneko hitzaldi bat emango dut.

orga

Gizarte mugimenduen aldetik, gai honen inguruko hausnarketa bat ezinbestekoa dela uste dut. Ez hori bakarrik, nire iritziz, gizarte osoaren aldetik ere, sare sozial korporatiboekiko hausnarketa kritiko bat ere premiazkoa da. Bizi dugun dinamika alienatzaileaz jabetzea ezinbestekoa da estrategia askatzaileak sortu ahal izateko.

Informazio gehiago AHT-ren Aurkako Asanbladaren blogean. Baita maiatzaren 20an, astelehena, arratsaldeko zortziretan, Antxeta Irratiko Txingurri Hotsak saioan Bea Aranaren eskutik emitituko den elkarrizketan eta maiatzaren 21ean, asteartea, Berria egunkarian Edu Lartzaguneren eskutik argitaratuko den elkarrizketan.

Hitzaldia ospatutakoan, erabilitako materiala hemen argitaratuko dut.

Aldaketa (2013/05/21): Berriako elkarrizketara esteka gehitu dut.

Aldaketa (2013/05/22): Hogei lagun inguru bildu ginen gaztetxean eta hitzaldiaren ondorengo eztabaidan nahiko luzatu ginen. Gustura egon ginelakoan nago :-) Hitzaldiko ahotsa grabatu zen baina ez dakit, ez noiz, ez nola argitaratuko den. Hau da erabili nuen aurkezpena:

PDF
20130521SareSozialenSukarra.pdf (7,8 MB)

ODP
20130521SareSozialenSukarra.odp (4,5 MB)

Aldaketa (2013/06/13): Antxetako elkarrizketako audiora esteka gehitu dut. Beno, zuzenago esanda, egun hartako saioko grabaziora, beste eduki batzuekin batera hitzaldiko elkarrizketa dagoelarik. Eskerrik asko ZialdoKA-ri informazioagatik! Saio osotik elkarrizketaren zatitxoa hemen usten dut eskuragarri:

MP3
2013-06-01-txingurri-hotsak-txopi.mp3 (13,8 MB)

/ Etiketatua: AHTez, antxeta, berria, donostia, hitzaldia, sare sozialak

Bidalketa nabigazioa

1 2 3 … 14 Hurrengoa »

Azken iruzkinak

  • gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • @gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Liburuaren etorkizuna bidalketan
  • Sare sozialen sukarra eta kontsumo gizartea | zuzeu.com(e)k Sare sozialen sukarra Donostian bidalketan

Azken bidalketak

  • ikusimakusi.net –> ikusimakusi.eus
  • Sare sozialen sukarra Sestaon
  • Irailetik aurrera Bimbo ogia Chilly deituko da
  • Sagardoaren dieta hemen da!
  • AZTI-Tecnaliak Doraemon-en surf taula hegalaria sortu du

Etiketak

aeb alderdi politikoak azkue fundazioa barakaldo batasuna bilbo blogak cc0 crabgrass creative commons cryptosms d3m donostia e-book eaj eduki libreak euskara gara gaur8 gnupg hitzaldia internet irudigintza izparringia jabetza intelektuala jabetza publikoa kriptografia kultura librea leioa meta musika p2p politika politika 2.0 psoe sare sozialak sgae software askea software librea SVG tailerra umorea upv/ehu web 2.0 wikipedia
© Copyright lizentzia: Bat ere ez! (jabetza publikoa)
Ostatzailea: Sindominio
Infinity itxura nork: DesignCoral / WordPress