• Ikusi makusi
  • Veo veo
  • I spy with my little eye
Ikusi makusi

This website is frozen and will not be updated more.
From now on the new information will be published at ikusimakusi.eus.

2015/12/31

Tag Archives: Lmisi

Krisi garaian software librea!

2010(e)ko apirilak 3 20:29 / / Txopi

Orain inoiz baino gehiago.

free software
Irudi originala

Jakina denez, krisi ekonomiko batean murgilduta gaude. Oso zaila da krisi horren zergatiak eta nondik norakoak zehatz marraztea, baina, orokorrean, badago adostasuna egungo eredu ekonomikoko agenteen berekoikeriari errua botatzeko. Bankuak, multinazionalak eta oro har enpresa kapitalistenak dira krisi hau sortu dutenak. Etekin ekonomikoak bakarrik axola zaizkie eta ez pertsonen (langileen) eskubideak. Onura ekonomikoetatik at ez dute beste ezertxo ere ikusten eta horregatik gobernuek arautegien bitartez, enpresek egin ditzaketen gehiegikeria guztiak aurreikusten eta mugatzen saiatzen dira. Nire ustez, alperrik.

Krisi honen ondorioetako bat gizartearentzako hain kaltegarriak izan daitezkeen enpresa horiek gertuagotik jarraitzea da, lotuagoak edukitzea, beraien gose aseezinaren ondorioak denon artean ordaindu ez ditzagun. Neoliberalismoaren alde gogorra norbere etxean ezagutu ondoren, asko eta asko konturatu dira edo, inoiz baino argiago geratu zaie, azken mendeetan landu dugun eredu ekonomikoak, hau da, kapitalismoak, kale itsu batera besterik ez garamatzala.

Azken hilabeteetan, dezente hitz egin da gure sistema ekonomikoaren etika ezak suposatzen duen larritasunari buruz: krisia ekonomikoa baino, etikoa dela. Ezkorrenek (edo baikorrenak, begiratzen den ikuspuntuaren arabera), munduko burtsen ezegonkortasunaren aurrean estatuek egin zituzten mugimenduak ikusita, kapitalismo berri baten atarian geundela pentsatu zuten. Baina dagoeneko argi geratu da hartu diren erabakiak sistema berriz egonkortzeko hartu direla, ez sistema eraldatzeko.

Naiz eta beste mundu berri bat posiblea izan, nahiz eta beharrezkoa izan, krisi honen ondoren okerreko bidean jarraituko dugula iruditzen zait niri. Eta gure sistema ekonomikoko norabide oker hau zuzentzen saiatzeko egin daitezkeen gauzetako bat, nire ustez, software librea bultzatzea da.alemaniar armada gelditzerik lortuko.

Software librearen alde

Software libreak, jabedun softwareak ez bezala, motibazio etikoak ditu. Jabedun software gehiena garatzen duten enpresa multinazionalei, pertsonak (erabiltzaileak) bost axola zaizkie. Bilatzen duten bakarra etekin ekonomikorik handienak lortzea da. Zentzu horretan, beste edozein sektoretako enpresa kapitalistak bezala aritzen dira.

Software librearen kasuan, emaitza askea izatea eta bere inguruan bildutako jendearentzat ekarpen bat izatea da helburua. Eta helburu hori, softwaregintzaren mundua gertutik ezagutzen ez dutenentzat batzuetan ulertzen zaila bada ere, ikuspuntu ekonomikotik ere baliagarria da. Logika ez da jendea ala etekinak, baizik eta jendea eta etekinak. Software librearen iraultza, iraultza lasaia dela esan dezakegu, dagoeneko mundu osoko softwaregintza gehiena eraldatu badu ere, oso gatazka gutxi eragin baititu. Honetatik nolabaiteko ikaskizuna ateratzea gustatuko litzaidake, beste esparru batzuetan aplikatu ahal izateko.

Esan bezala, software librearen ezaugarriek oso onura etiko garrantzitsu batzuk bermatzen dituzte eta egungo krisi etikoa ikusirik, ezaugarri horiek inoiz baino pisu gehiago izan behar dute. Software librearen lehen ezaugarria, adibidez, norbanakoaren askatasuna indartzea da. Bigarrena, zientziaren eta hezkuntzaren aurrerakuntzan laguntzea. Software librearen hirugarren zutabea jendearen (edo enpresen) arteko elkartasuna bultzatzea da, eta hainbat adibidek erakusten duten bezala, baita elkartasun hori lortu ere. Bukatzeko, laugarren askatasun edo ezaugarria kooperazioan lan egitea eragitea da, hau da, software librea garatu eta erabiltzen duten enpresek eta pertsonek komunitate bat eratzea eragiten du.

Lehen momentuan pertsona eta enpresa askori software librearen abantaila teknikoak eta onura ekonomikoak bakarrik axola bazaizkie ere, mundu hau gertutik ezagututakoan, aipatutako onura etikoak (norbanakoaren askatasuna, zientzia eta hezkuntzaren aurrerakuntza, elkartasuna, kooperazioa, komunitatea) bizi egiten dituzte eta software librea eta estandar irekiak erabiliz lehen baino onura gehiago jasotzen dituztela ulertzen dute.

Beste ezeren gainetik, software librearen meriturik handiena hori izan liteke: gatazka askorik sortu gabe, gutxi-gutxika zabaltzen eta indartzen joan dela. Ez hori bakarrik, copyleft softwarearen baliokideak beste esparru batzuetan ere sortu dira: copyleft musika, literatura, kazetaritza, politika, eta abar. Gehienok konturatu orduko, software libreak hasitako olatuaren onurak gure gizartean zabaltzen doaz.

Beraz, lehendik ere software librea sustatzeko eta erabiltzeko arrazoi dezente bageneuzkan, egungo krisia ikusita, orain da garaia, inoiz baino gehiago, software librearen aldeko apustu garbia eta sendoa egiteko.

Pertsona batzuentzat softwarez aldatzea ez da lan erraza, baina Euskal Herriko gero eta enpresa gehiago beraien kabuz esfortzua egiten ari badira, erakunde publikoek ez dute aitzakiarik. Europar Batasunak aspaldi egin zuen software librearen eta estandar irekien alde eta Europako txoko askotan abantaila nabarmena hartu digute gai honetan (Andaluzian, Italian, Frantzian, Alemanian, Finlandian eta abar). Eusko Jaurlaritzak egin du software librearen alde gauzatxoren bat edo beste, baina heldu da garaia behingoz gai hau serio har dezan. Eta pairatzen ari garen krisi ekonomikoari aurre egiteko tresna baliagarri bat dela argi dagoenez, ea azkenean Eusko Jaurlaritza software librea benetan sustatzen eta erabiltzen hasten den. Bada garaia!

Orain sozialistak daude Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gobernuan eta beraiei dagokie Eusko Jaurlaritzak software librearen alde egin dezan lortzea. Idoia Mendia sozialista, Eusko Legebiltzarreko parlamentaria izan da orain dela gutxira arte eta, bertan zegoela, behin baino gehiagotan atera du software librearen gaia gobernuari presioa egiteko. Orain, bera da gobernuko kidea eta lehen besteei eskatzen zizkionak betetzeko gai dela erakutsi behar du.

Martxoko hauteskundeen aurretik, SoftwareLibreaNahiDugu.org ekimenekoek lehendakaritzarako hautagai aurkezten zirenei software librearen eta estandar irekien inguruko galdera batzuk egin zizkieten. Alderdi guztiak ezbairik gabe software librearen alde agertu ziren eta, gainera, hauteskundeak irabaziz gero gai honen inguruan emango zituzten urratsak ere idatzi zituzten.

Sozialisten promesak

Demokrazia Hiru Milioiko (D3M) Itziar Lopategik, adibidez, legegintzaldi batean (hau da, lau urteren buruan), erakunde publiko guztietako lanpostuetan software librea erabiltzea eta euskal instituzio publikoek sortutako eduki guztiak lizentzia libreekin argitaratzea agindu zuen. Baina dakizuen bezala, Alderdien Legea dela eta, D3M-k ez zuen hauteskundeetara aurkezterik izan eta PSE-EE (PSOE) dago orain EAEko gobernuan.
Patxi Lópezek ere software librearen alde eta estandar irekien alde zegoela esan zuen argitasun osoz eta, orain, lehendakaria denez gero, bere usteak sendoak direla erakutsi behar du. Izan ere, Patxi Lópezek lehendakari izatea lortzen bazuen, Eusko Jaurlaritzak bere webguneen inguruko kontratazioek estandar irekiak bete zitzaten egingo zuela agindu baitzuen. Era horretan, Patxi Lópezek zioena egia bada, software librea erabiltzen dugunok hemendik aurrera ez dugu arazorik izango erakunde publikoekin harremanetan aritzeko. Beno, bada bere hitza beteko duen ala ez zain gaude software librea erabiltzen dugun ehunka mila euskal herritarrok.

Rubalcaba sozialistak LSSI legearekin eta kanon digitalarekin egin zuen berdina ez egitea espero dugu. Sozialistek, oposizioan zeudenean, LSSI legea zentsuratzailea zela, isun handiegiak ezartzen zituela eta kanon digitala indartzen zuela kritikatzen zuten. Rubalcabak berak LSSI legea ziberespazioko zentsuraren legea deitzen zuen bere kritika gogorrak botatzen zituenean. Behin boterera helduta, esaten zituenak bat-batean ahaztu egin zitzaizkion, antza. Ez hori bakarrik, espainiar sozialistek LSSI legea baino kaltegarriagoa den lege bat bultzatu eta onartu zuten, LMISI legea.

Euskal sozialistek berdin egingo ote duten beldur naiz. Gobernua behin eta berriz kritikatu ostean software librearen alde gehiago ez egiteagatik, behin boterera helduta, beraiek esandako guztiak bat-batean ahaztu eta sudurraren puntan jartzen zaiena egingo ote duten beldur. Oker banago has daitezela behingoz software librea eta estandar irekiak gogoz eta indarrez bultzatzen, hamaika gauza baitaude egiteko. Gainera, aldi berean, egungo krisiari aurre egiten ariko dira.

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko ekainaren 5ean argitaratu zen.

Erlaziodun artikuluak:

  • Instalazio jaia Udondo gaztetxean
  • Politika 2.0
  • Hauteskundeak Interneten
  • Librezale taldea
  • Software askea Udondo gaztetxean
  • Software askea Barakaldon
  • Jardunaldi hacktibista Bilbon
  • Isiltasun Gizartearen legea heldu da
/ Etiketatua: d3m, gara, gaur8, lmisi, lssi, politika, psoe, software librea

Isiltasun Gizartearen legea heldu da

2008(e)ko urtarrilak 6 3:42 / 3 iruzkin / Txopi

Espainiar gobernuak Informazio Gizartea Sustatzeko Neurrien Legea (LMISI) aurrera atera zuen 2007. urtearen bukaeran, besteak beste EAJren laguntzaz, eta 2008ko urtarrilaren 1etik martxan dugu lege berri hau Hego Euskal Herrian.

Zentsura
Irudi originala

Hedabide korporatiboek Informazio Gizartea bultzatzeko dela badioete ere, bere eduki batzuk gizartearentzako ikaragarri kaltegarriak direla deritzot. Hona hemen nire arrazoiak (eta beste askorenak ere, noski):

  • 1. Webgune bat administratiboki itxi daiteke
  • 2. Kanon digitala berresten da
  • 3. Kanona gailu mota gehiagotan
  • 4. Politikoak Interneten ikusgarritasunaz baliatzen dira

1. Webgune bat administratiboki itxi daiteke

Merkataritza elektronikoa erregulatzeko zela suposatzen zen beste lege batek (LSSICE), webgune bat epaile batek bakarrik itxi zezakeela ezartzen zuen orain arte. Lege hau oso polemikoa izan zen onartu zen garaian, batez ere zirriborroan administratiboki webgune bat itxi zitekeela esaten zuelako (Interneteko Zerbitzuen Hornitzaileek 12 hilabetez beraien bezero guztien mugimenduak gorde beharrak ere giroa asko berotu zuen). Gizarte mugimendu handi bat sortu zen lege honen aurka (aldaketa sakonekin konformatzen zirenak ere baziren), eta azkenik webgune bat epaile batek bakarrik itxi zezakeela ezarri zen LSSICE legean.

LMISI lege berriarekin, espainiar alderdi politiko indartsuenak berriz saiatu dira eta Interneteko erabiltzaileen elkarte askok aurkako ekimenak egin badituzte ere, oraingoan zentsuratzaileek nahi zutena oztopo handirik gabe lortu dute. Horrek esan nahi du, pasa den urtarrilaren batetik epaiketarik egin beharrik gabe gobernuko funtzionari batek edo Autore eta Editoreen Elkartea (SGAE) bezalako aholkulari batek nahi duen webgunea bapatean itxi dezakeela eta gainera izun erraldoiak jarri. AUIk eta AIk salatzen duten bezala (IEk ez du tutik esan), lege honek Interneteko erabiltzaileen funtsezko eskubideak urratzen ditu: adierazpen askatasuna, informazioa jasotzeko eskubidea eta iritzi askatasuna.

Hori gutxi balitz, gobernuak, zeharka, lege hau Batasunaren inguruan dauden webguneen aurka era eraginkorrago batean aritzeko balio duela esan du. Horrek zer esan nahi du? Gobernuak gustoko ez dituen alderdi politikoak epaileak bakarrik utzi ditzakeela legez kanpo (Alderdien legeari esker) baina gobernuak gustoko ez dituen webguneak funtzionari soil batek itxi ditzakeela (LMISI legeari esker)? Hori horrela bada, hau ez da Informazio Gizartea sustatzeko legea, Isiltasun Gizartea sustatzeko legea baizik.

2. Kanon digitala berresten da

Informazio digitala gorde eta kopiatu dezaketen gailu orori kanon bat jartzea oso kaltegarria da. Musikariek, idazleek eta beste sortzaile batzuk, beraien lanetaz egiten den zabalketa publiko bakoitzeko, dirua jaso behar dute espainiar legediaren arabera. Irrati, taberna, kopia-denda eta abarretan egiten den guztia kontrolatzea ezinezkoa denez, espainiar gobernuak berak zuzenean egileen eskubide hori bermatu beharrean, bermatu egin behar dela legeztatu besterik ez du egiten. Hortik atera ziren SGAE, DAMA, CEDRO eta antzeko kudeaketa elkarte pribatuak. Pribatuak direnez, eman zaien boterea herritarrok diogunari eta bozkatzen dugunari jaramonik egin beharrik ez daukate. Horregatik daukagu kanon digital bat eta ez zerga digital bat. Horregatik kudeaketa elkarteek bakoitzak nahi bezala kobratzen dute dirua (hedabide eta enpresei mafia batek bezala dirua ateraz) eta nahi duten bezala banatzen dute jasotakoa (defendatu behar lituzketen egileei, batez ere txikiei, aurpegira barre eginez). Espainiar legediak ematen die erakunde pribatu hauei bidegabekeria guzti horiek egiteko aukera eta babesa.

Orain dela aste gutxi, beste gauzen artean kanon digitalaren prezio berriak arautuko zituen LMISI legea onartzeko bidean zegoenean, espainiar Legebiltzar barruan kanona kentzeko ahotsak entzun ziren. Horrek, ikusmin dexente sortu zuen, baina azkenik ez zen deuz ere gertatu eta legeak zegoen bezala aurrera egin zuen (gero ikusiko dugun bezala, PPk protagonismoa lortzeko erabili zuen gai hau). Beraz, hain bidegabekoa den kanonak jarraitu egingo du. Egileek SGAEk beraien eskubideak sudur puntan jartzen zaion bezala kudeatzen jarraitzea jasan beharko dute (adibidez SGAEn dagoen musika talde batek emanaldi ongile batetan parte hartzen badu, naiz eta berak ez nahi, SGAEk bildutako diruaren zati bat nola eramaten duen ikusi beharko du). Irratiek, tabernek, udalek, kontzertu antolatzaileek eta musika grabatua ala zuzenean publikoki zabaltzen duten guztiek, SGAEk behin eta berriz etekinak nola ateratzen dituen ikusi beharko dute, diru kopuruak era mafiosoekin adostuz. Eta azkenik, kaleko jendea, beraien informazio digitala grabatzeko eta gordetzeko (bidaietako argazkiak, laneko dokumentuak, familiako bideoak…) erabiltzen dituzten gailuengatik beti SGAEk daukan talderen baten musikaren kopiak egiten ibiliko balitz bezala kanona ordaintzen ibiliko da. Penagarria.

3. Kanona gailu mota gehiagotan

Guzti hau gutxi balitz, lehen gure CD eta DVD guztiengatik kanona ordaintzen bagenuen, orain gailu gehiagorengatik ordainduko dugu: MP3 gailuengatik, USB giltzengatik, argazki kameren txartelengatik, telefono mugikorrengatik, MP4 eta PDA bezalako gailu berriengatik, etab.

Beraz, zure kamerarekin egindako argazkiak CD batetan gordetzen dituzun bakoitzean (jende gehienak egiten du hori!), kanona birritan ordainduko duzu, behin ere ordaindu behar ez zenuenean. Zure mugikorrerako kanta bat jaisten duzun bakoitzean, kanona birritan ordainduko duzu (kanta jaisteko prezioan kanona kobratuko bait da), behin bakarrik ordaindu behar zenuenean (talde hori SGAEkoa dela suposatuz noski). Eta orain arte bezala, zure sistema eragile kutunena CDetan kopiatzen duzun bakoitzean edo enpresa batek beraien datuen kopiak egiten dituen bakoitzean, SGAEri dirua ematen jarraituko dugu. Bai, badakit guzti honek zentzurik ez daukala, baina espainiar Legebiltzarrak horrela erabaki du.

4. Politikoak Interneten ikusgarritasunaz baliatzen dira

Aipatu dudan LSSICE legea onartu zenean, PP zegoen espaniar gobernuan eta PSOE berriz oposizioan. PP webguneak administratiboki ixtearen aldekoa zen eta PSOE berriz ez. Rubalcaba politikari sozialista adibidez, lege honen aurka agertu zen behin baino gehiagotan (“ziberespazioko zentsuraren legea” zela zioen) eta nik espainiar Legebiltzarkideei lege honen aurka egiteko eskatuz bidali nien gutun bati ere erantzun zion. Gero, PSOEk hauteskundeak irabazi zituenean, ez zuen LSSICE legearen aurka ezertxo ere egin, eta jende gehiago konturatu den bezala, gainera LMISI lege berria atera du aurrera.

Baina boterera heldutakoan aurretik esaten zutenaren kontrakoa egiten duten politikoak zenbaezinak dira eta ez dut pertsona edo alderdi bakar baten kritika egin nahi. PPk ere bere iritziak aldatu ditu, boterean zegoenean kanonaren aldekoa bait zen argi eta garbi, eta orain berriz, denon harridurarako, alderdiko burua kanonaren aurka agertu da (okerreko arrazoiengatik gainera). Aldaketa lotsagarri hauek gertatzearen arrazoi nagusiak, bi dira nire ustez: alde batetik, musikaren industriak botere neurtuezin bat duelako mundu mailan eta bestetik, teknologia berriekin zerikusia daukaten gaiak oso ikusgarriak eta modernoak direlako botoemaileen aurrean jarduteko. Tamalez, alderdi politikoek beraien arteko liskar zikinetan txanpon trukagarriak besterik ez dira sarearekin eta teknologia berriekin lotutako gai hauek (eta baita beste gai asko ere). Elkarri bozkak lapurtzen dabiltzan bitartean, informazio gizartea gauzatzen doa eta politikoen jardun arduragabeak bere egituran eta izaeran garrantsi handia du. Ez dakit horretaz konturatu ere egiten diren.

Bukatzeko, lege honek espainiar legediaren menpe dauden miloika pertsonentzako suposatzen duen adierazpen askatasunaren aurkako kolpea eta diru-ustea azpimarratu nahi dut. Gizakion funtsezko eskubideak benetan errespetatzen badituzte, ezin dituzte hau bezalako lege bidegabekoak sortu beraien ezintasunak ezkutatzeko.

Zuzenketa (2008/01/07): David Maeztu abokatuak legearen irakurketa egin ondoren, Kudeaketa Elkarteek webgunerik ixteko botererik ez daukatela dio, epaileek eta administrazioko funtzionariek “bakarrik”.

Zuzenketa (2008/01/09): Eztabaida honen ondoren, EAJren aipamena kentzea erabaki dut. Nire ustez, ez daude lege honen ezaugarri kaltegarrienen aurka, baina alde daudenik ere ezin daiteke esan. Beraz, gauzak argi ez daudenez, hobeto ezer ez esatea.

Beste hizkuntzak: castellano

/ Etiketatua: batasuna, eaj, gailuak, kanon digitala, legeak, lisi, lmisi, lssi, lssice, pp, psoe, sgae

Azken iruzkinak

  • gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • @gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Liburuaren etorkizuna bidalketan
  • Sare sozialen sukarra eta kontsumo gizartea | zuzeu.com(e)k Sare sozialen sukarra Donostian bidalketan

Azken bidalketak

  • ikusimakusi.net –> ikusimakusi.eus
  • Sare sozialen sukarra Sestaon
  • Irailetik aurrera Bimbo ogia Chilly deituko da
  • Sagardoaren dieta hemen da!
  • AZTI-Tecnaliak Doraemon-en surf taula hegalaria sortu du

Etiketak

aeb alderdi politikoak azkue fundazioa barakaldo batasuna bilbo blogak cc0 crabgrass creative commons cryptosms d3m donostia e-book eaj eduki libreak euskara gara gaur8 gnupg hitzaldia internet irudigintza izparringia jabetza intelektuala jabetza publikoa kriptografia kultura librea leioa meta musika p2p politika politika 2.0 psoe sare sozialak sgae software askea software librea SVG tailerra umorea upv/ehu web 2.0 wikipedia
© Copyright lizentzia: Bat ere ez! (jabetza publikoa)
Ostatzailea: Sindominio
Infinity itxura nork: DesignCoral / WordPress