Gaur urtarrilaren bata da, urteko lehen eguna eta urtero bezala, gu guztiona den jabetza publikoa hazi egiten da. Jabetza publikoaren legearen arabera, orain dela 70 urte zendu ziren pertsonek sortutako lanen egile eskubideak bukatu egiten dira eta beraz, lan horien jabea gizartea osoa da, lan horiek nahi bezala zabaldu, moldatu eta berrerabil ditzaten. Urtea hasteko era bikaina beraz!
Azken urteotan euskal jatorria duten idazle eta sortzaile desberdinen lanak erabat askatuak izan diren bezala (Lauaxeta, Arturo Campion, Maurice Ravel eta abar), aurten beste sortzaile bikain batzuren txanda dator. Adibidez, Kirikiño idazle bizkaitarrarena.
Maila internazionalean ere omenaldia merezi duten sortzaileak daude noski: Paul Leni zinegilea, Robert Henri margolaria, Bliss Carman, Edward Carpenter, Harry Crosbi eta Rainis poetak, besteak beste. Idazleen artean Mary MacLane nabarmenduko nuke. Idazle feminista ausart honek bere burua bisexualtzat era irekian erakutsi zuen eta emakumearen eskubideen alde egin zuen ezbairik gabe. Gaur egun ere pertsona eredugarria eta gogoangarria iruditzen zait.
Datorren urtean sortzaile eta sorkutza gehiago izango ditugu. Baina izan pazientzia, iaz zendu zen Mikel Laboaren lanak adibidez 2078. urterarte ez bait dira jabetza publikora helduko. Bitarte horretan jabetza intelektualaren legeak berriz aldatu eta epe hau luzatzen ez bada noski…
Pingback: Jabetza publikoaren eguna « Bihar da berandu