• Ikusi makusi
  • Veo veo
  • I spy with my little eye
Ikusi makusi

This website is frozen and will not be updated more.
From now on the new information will be published at ikusimakusi.eus.

2015/12/31

Tag Archives: Blogak

Internet bizirik al dago?

2010(e)ko martxoak 19 19:08 / / Txopi

Zuzenean ezetz erantzun beharrean, jolastu gaitezen pixka bat ideia horrekin.


Irudi originala

Artikulu honen izenburuko galdera irakurrita, batek baino gehiagok ezezko borobila erantzungo du gehiegi pentsatu gabe. Ezetz erantzun aurretik, nik nahiago dut ideia horrekin pixka bat jolastea, ea bizidunen artean eta Interneten artean zer-nolako parekotasunak aurkitzen ditugun. Izan ere, uste baino askoz parekotasun gehiago daude.

Lehenik eta behin, bizirik egotea zer den adostu beharko genuke, baina hori ez da batere lan erraza, zientzialariek ere ez baitakite oraindik zehatz zein baldintza bete behar dituen sistema batek bizirik egoteko. Txakur bat bizirik dagoela konturatzea erraza da, baina munduan zehar aurki daitezkeen onddo eta bakterio batzuk bizitzaren mugetan daudela dirudi, kimikaren eta biologiaren arteko mugan. Ikerlariek, sistema horietako batzuk bizidunak bezala sailkatzen dituzte eta beste batzuk, berriz, ez. Edonola ere, irizpideak ez daude argi.

Ordenagailuetako birusekin berdina gerta daiteke, onddo, bakterio eta birus biologiko askok erakusten dituzten ezaugarri berdinak baitituzte: medioan zehar mugitzen dira, hazi egiten dira eta ugaldu ere egiten dira. Birus informatiko asko ezkutatu egiten dira, eraso egiten dute eta, ugalketa prozesuan beraien burua klonatu beharrean, semeek ezaugarri desberdinak izatea lortzen dute. Hala ere, inork ez du serio pentsatzen gizakiok artifizialki diseinatutako sistema hauek bizidunak bezala sailkatzerik dagoenik. Nanoteknologiari esker edo, gizakiok hazi eta ugaldu egiten diren birus biologikoak artifizialki diseinatzen hasiko bagina, bizidunak bezala sailkatuko al genituzke?

Bakterioak eta softwarea

Azken urteotan bat baino gehiago konturatu den bezala, bizidunen DNA kodearen eta programen iturri kodearen arteko parekotasunak ugariak dira. Munduko bakterio gehienek inguruko bakterioekin DNA zatitxoak trukatzen dituzte, seme-alaben bitartez eboluzioa gauzatu beharrean, beraien buruak etengabe eraldatuz. Era horretan, bakterioak medioaren eskakizun desberdinetara azkar molda daitezke, kode trukaketa edo DNA birkonbinatze delakoari esker funtzio berriak bereganatzen baitituzte. Programa informatikoen munduan berdin gertatzen da, batez ere software librearen esparruan. Programa liburutegiak deritzonak daude eta askotan programa batek beste baten liburutegi bat edo beste kopiatzen du, programa horrek dituen funtzio batzuk bereganatuz. Era horretan, software programak ere medioaren eskakizun desberdinetara azkar moldatzea lortzen dute.

Duela urte gutxi jakin denaren arabera, batzuetan bakterio desberdinak sinbiosia deritzon prozesu baten ondoren batu egin daitezke. Eta batuketaren emaitza bakterio berri eta konplexuago bat izaten da. Biologiaren mekanismo horrek, antza, lurrean bizitza egonkortzen eta zabaltzen lagundu zuen. Software munduan ere sinbiosia deitu genezakeena gertatzen da noizbehinka, programa desberdinak elkarrekin bateratzen direnean: adibidez sistema eragile bat (GNU/Linux) eta bulegotika programa bat (OpenOffice), garapen IDE bat (Eclipse) eta garapen framework bat (Struts), web zerbitzari bat (Apache) eta datu-base bat (PostgreSQL) edo aplikazio zerbitzari bat (Tomcat), eta abar.

Bakterioek askotan sortutako DNA kodea konpontzeko mekanismoak ere izaten dituzte eta berdin gertatzen da programekin: disko gogorreko akastun sektoreak markatzeko errutinak, parekotasun bit-ak, checksum-ak, OSI-ko garraio geruza eta abar.

Animaliek eta landareek denboran zehar eboluzioaren eta hautespen naturalaren ondorioz jasan dituzten gorabehera askok ere, ordenagailuetako eta Interneteko programetan baliokideak dituzte: Netscape azkarragoa dela baina Internet Explorer zabalduago dagoenez gailendu egin dela, COBOL ekosistema zehatz batzuetara bereiztu denez luzaroan bizirik irautea lortu duela, WordPerfect zaharkitua geratzen dela eta Wordek bere lekua kentzen diola, Google bilatzailea eta Wikipedia entziklopedia zerbitzu oso preziatuak ematen hasten direla eta nonahi erabiltzen direla…

Konplexutasun maila gora

Denborak aurrera egin ahala lurreko bizitzak maila sinpleenetik gero eta maila konplexuetarako bidea egin duen bezala, Internet bera eta Interneten aurki ditzakegun programa eta zerbitzuak ere gero eta konplexuagoak eta boteretsuagoak dira. Webguneen ekosistema oso anitza da eta ezinezkoa da etengabe berritzen eta eboluzionatzen ari diren atal guztiak jarraitzea.

Ikerketa batek erakutsi berri duenaren arabera, Google bezalako bilatzaileak, datu-base arruntek informazioa kudeatzeko duten era tradizionala alde batera utzi eta animalion memoriak informazioa sailkatzeko eta bilatzeko duen egiturara gerturatzen ari dira. Sistema eragileetako antibirusak, posta elektronikoko zerbitzari batzuen spam-aren aurkako sistemak (AMaViS) eta baita blog, wiki eta foro askotako spam-aren aurkako sistemak (SpamKarma) beraien kabuz ikasteko eta lana gero eta hobeto egiteko gai dira, bizidun askok duten immunologia sistema eraginkorraren antzera.

Internet beraren egitura eta funtzionamendua etengabeko eraldaketa geldo batean badago ere (IPv4-tik IPv6-ra pasatzea, domeinuetan munduko edozein hizki mota erabili ahal izatea), gaur egungo osagarriei begirada bat botatzen badiegu, Internetek landare-zelula baten antza izan dezakeela esan genezake. Internet zelularen fluxua, kode genetikoa izan beharrean, kode binarioa izango litzateke. Zelularen mugak TCP/IP protokoloak eta UDP protokoloak markatuko lukete, handik at Internet ezin baita heldu. Zelularen nukleoan DNS zerbitzua kokatuko genuke, bera gabe Internet ez baitzen ibiliko. Biltegiratze poltsak Internetek informazioa gordetzeko dituen webgune eta sistema guztiek osatuko lukete: Wikipedia, P2P sareak, eta abar. Ekoizpen zentroak berriz, ziberespazioan barreiatuta aurkitzen diren webgune, blog, wiki, foro eta abar guztiak izango lirateke.

Ikus daitekeenez, bizidun zelula sinple batek dauzkan osagarrietako gehienen parekoak ditu Internetek. Eta bere eboluzioa aurrera doa etengabe. Internet bizirik ote dago? Litekeena da ezetz, baina zientzialariek bizirik egotea zer demontre den argitu orduko agian erabiltzaileok Internet bizirik dagoela konturatuko gara egunen batetan. Edo agian ez!

Zelularen irudia SVG formatu irekian:

tar.gz
internet-zelula.svg (21 KB)

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko irailaren 4an argitaratu zen.

/ Etiketatua: bakterioak, bilatzaileak, biologia, blogak, dna, dns, foroak, gara, gaur8, google, internet, p2p, protokoloak, softwarea, SVG, tcp/ip, wikiak, wikipedia, ziberespazioa

Aurkezpena

2007(e)ko urriak 9 20:29 / / Txopi

Ongi etorri weblog berri honetara. Egileari buruz informazio gehiago jakin nahi izanez gero, irakurtzazu “Honi buruz” orrialdea.

Ikus dezakezunez, hiru hizkuntzadun webloga da hau (… beno, izatez hiru weblog dira). Aurrerago wiki bat eta photolog bat edo argazkientzako antzeko beste atal bat sortu nahi ditut. Baina beno, oraingoz honekin nahiko lan izango dudala uzte dut!

Weblog honetako edukiak ez daude ataletan sailkaturik, zeintzuk gai jorratuko ditudan ez bait daukat oso argi. Hala ere, etiketen bitartez artikuluak sailkatzen joango naiz atalak baino askoz praktikoagoak iruditzen bait zaizkit.

Azkenik, esan beharra dut nahiz eta nik orain blog hau eduki, ez dudala nire burua blogari arrunta bezala ikusten. Hasteko webgune hau sortzera bultzatu nauen arrazoietako bat, parte hartzen dudan proiektuetan lekurik ez duen materiala argitaratzeko leku bat edukitzea delako. Beste arrazoietako bat nire bizitzako momentu honetan fase barneratzaileago bat bukatu eta sortzaileago batera noala iruditzen zaidalako da, sareari dagokionez behintzat. Gainera, artikuluak inongo aldizkakotasun finkorik gabe prestatuko ditut, agian epe luzeetan mutu mantenduz. Hori blogari gehienek blogarentzako kaltegarria dela pentsatuko dute, baina nik hala ere, aurretiaz hori egiteko asmoarekin nator.

Edozein kasutan ere, blogari askok hainbeste maite dituzten memeek eta web tresna berriekiko sukarrak ez naute interesatzen. Nire helburua edukiak sortzea da. Gai oso desberdinei buruz, formatu desberdinetan eta gogoa dudanean. Beraz, lerro hauek irakurtzen dituzun lagunori, ohartuta zaude webgune honetan aurkitu dezakezunaz.

Izaera honetako weblog bat asko eta askorentzat bat ere erakargarria izango ez dela ulertzen dut. Baina hau da nire adierazpen beharrak asetzeko aurkitu dudan bide egokiena eta nitaz aparte beste norbaiti erabilgarria baldin bazaio, are hobeto.

Beste hizkuntzak: castellano, english

/ Etiketatua: blogak, meta

Azken iruzkinak

  • gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • @gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Liburuaren etorkizuna bidalketan
  • Sare sozialen sukarra eta kontsumo gizartea | zuzeu.com(e)k Sare sozialen sukarra Donostian bidalketan

Azken bidalketak

  • ikusimakusi.net –> ikusimakusi.eus
  • Sare sozialen sukarra Sestaon
  • Irailetik aurrera Bimbo ogia Chilly deituko da
  • Sagardoaren dieta hemen da!
  • AZTI-Tecnaliak Doraemon-en surf taula hegalaria sortu du

Etiketak

aeb alderdi politikoak azkue fundazioa barakaldo batasuna bilbo blogak cc0 crabgrass creative commons cryptosms d3m donostia e-book eaj eduki libreak euskara gara gaur8 gnupg hitzaldia internet irudigintza izparringia jabetza intelektuala jabetza publikoa kriptografia kultura librea leioa meta musika p2p politika politika 2.0 psoe sare sozialak sgae software askea software librea SVG tailerra umorea upv/ehu web 2.0 wikipedia
© Copyright lizentzia: Bat ere ez! (jabetza publikoa)
Ostatzailea: Sindominio
Infinity itxura nork: DesignCoral / WordPress