• Ikusi makusi
  • Veo veo
  • I spy with my little eye
Ikusi makusi

This website is frozen and will not be updated more.
From now on the new information will be published at ikusimakusi.eus.

2015/12/31

Tag Archives: Euskara

Euskararen ginkanako memoria 2012

2012(e)ko abenduak 23 19:47 / / Txopi

Sasiburuk urrian hasitako Euskararen Ginkana, abenduan bukatu da eta antolatzaileek jokoari buruzko informazio asko argitaratu dute.

Ginkanako ibilbidea

Ginkanaren memorian, jokalariei bidalitako mezuak, froga fisikoetan erabilitako txartelak, sortu duten material grafikoa eta jokalariek lortutako emaitzak azaltzen dira besteak beste.

Dokumentua hemen dago eskuragarri:

PDF
euskararen-ginkanako-memoria.pdf (7 MB)

ODT
euskararen-ginkanako-memoria.odt (10 MB)

/ Etiketatua: barakaldo, euskara, ginkana, sasiburu

Euskararen ginkana

2012(e)ko urriak 15 15:50 / Iruzkin 1 / Txopi

Aste honetan, Sasiburu elkartean ginkana joko bat hasi du Barakaldon, herriak euskararekin eta euskal kulturarekin duen lotura ardatz duena. Ezaugarri hauekin bertan ospatzen den lehen ginkana da. Euskararen nazioareko egunean, abenduraren 3an, saridunak jakinaraziko dira.

Antolatzaileek argitaratu dituzten jarraibideetan azaltzen den bezala, galderak eta erantzunak e-mail bidez egingo dira, froga batzuk gainditzeko herriko erdigunera joan beharra badago ere. Argazki batzuk herriko zein txokotan atera diren ere asmatu beharko dute jokalariek.

Ginkanako ibilbidea

Jokoan aurrera egin ahala, jokalariek perretxiko (birtual) bat jasoko dute gainditzen duten froga bakoitzeko. Helburua ahalik perretxiko gehien biltzea da. Horretaz gain, txanpon bereziak, froga gehigarriak eta bidean dauden zubiak erabiliz, ibilbidean saltoak egiteko aukera dago. Herriari buruzko datu interesgarriak ikasi edo gogoratzen diren bitartean, ginkanaren helburua ondo pasatzea da.

Abendurarte denbora dexente dago eta beraz, nahiz eta ginkana hasita egon, zuk ere parte hartzazu!

Eskuorria 1

Eskuorria 2

Informazio gehiago:

  • Ginkanako jarraibideak
  • Sasiburuko webgunea
/ Etiketatua: barakaldo, euskara, ginkana, sasiburu

Gizonezkoen izenak euskaraz

2010(e)ko ekainak 7 0:24 / / Txopi

Orain dela ia bi hilabete, aita izan nintzen eta gure semearen izena erabaki aurretik zerrenda bat prestatu nuen. Hona hemen zerrenda hori:

pdf
gizonezkoen-izenak.pdf (37 KB)

Baita OpenDocument formatuan ere:

odt
gizonezkoen-izenak.odt (20 KB)

Nire semearen izena 3. orrialdeko 7. zutabeko 8. lerroan dago: Julen.

Informazio gehiago:

  • Euskaltzaindiako izendegia
  • Haurrek izen euskaldunak dituzte nagusiki

Beste hizkuntzak: castellano, english

/ Etiketatua: euskara, meta

Hizkuntzak

2009(e)ko abenduak 3 4:28 / Iruzkin 1 / Txopi

Gaur, Abenduak 3, Euskararen Egun Internazionala dela aitzakiatzat hartuz, gure hizkuntza zaharraren inguruko irudi bat prestatu dut. Hizkuntzen zuhaitz honetan, munduko beste hizkuntza asko ere jarri ditut, beraien jatorriaren arabera gutxi gora behera familietan bildurik.

Hizkuntzen zuhaitza
Irudi originala

Inork ezer esan orduko, argi utzi nahi dut ni ez naizela hizkuntzalaria eta zuhaitz honen adarrak marraztean irizpide artistikoak ere erabili ditudala. Inspirazioa “Euskal zibilizazioa” liburuan ikusi nuen irudi batetik etorri zait eta bertan beste argitalpen batean erabilitako irudia erakusten zen. Norbaitek hobekuntzarik edo zuzenketarik egin nahi badu, jar dezala iruzkin bat mesedez, pozik ikasiko bait dut gehiago hizkuntzen historiari buruz.

Bukatzeko, igaz Durangoko Azokan erosi nuen “Hizkuntzaren iraultza” liburuko aipu bat jarriko dut:

Hizkuntzen aldaketa saiheztezina da, etengabea, unibertsala eta norabide askotakoa. Hizkuntzak ez dira hobetzen ez okerragotzen aldatzeagatik, eraldatu baino ez dira egiten

Informazio gehiago:

  • Alfontso Martinez Lizarduikoa: “Euskal zibilizazioa. Gure herriaren sustraien bila”, Oinarrizko liburutegia; Gaiak Argitaldaria, Donostia, ISBN 84-89772-56-8
  • T.V. Gamkrelidze, V.V. Ivanov: “La protohistoria de las lenguas indoeuropeas”, El lenguaje humano; Investigación y Ciencia, Bartzelona (1996)
  • David Crystal: “Hizkuntzen iraultza”, Unibertsitate saila, jatorrizko izenburua “The Language Revolution”; Erein, Donostia (2007), ISBN 978-84-9746-388-1

Aldaketa (2009/12/3): Erabili ditudan iturriak argiago utzi ditut “Informazio gehiago” atalean.

/ Etiketatua: aipua, euskara, hizkuntzak

Librezale taldea

2009(e)ko apirilak 6 19:25 / 2 iruzkin / Txopi

librezale 3d
Irudi originala

Librezale taldea ez da elkarte bat, euskara maite duten software libre erabiltzaileen talde bat baizik. Helburua, Aitorren hizkuntz zaharra erabiliz teknologia berriekin lan egin ahal izatea da. Eta horretarako, tresnak, hau da programak, euskaraz erabili ahal izatea ezinbestekoa da. Beste hizkuntza batzurekin alderatuz gure hizkuntzak duen hiztun kopurua ikusita, software jabeduna garatzen duten enpresa askok (Microsoftek adibidez, beste askok eta askok bezala) euskara albo batera usten dute. Norbaitek diru dexente eman ezean (Eusko Jaurlaritzak egin ohi duen bezala), atzerriko enpresa horiek ez dute beraien programa bat bera ere euskarara itzultzen. Librezale taldeak, software libreak ematen dituen aukerak ezaguturik, nahiz eta oso baliabide urriak izan, software librea motako programak euskaratzen ditu.

Librezale taldea ez da elkarte bat, euskara maite duten software libre erabiltzaileen talde bat baizik

Programa mota hauek elkarlanean oinarrituta daudenez, moldatuak eta hobetuak izateko laguntza guztiak ematen dituzte, baita euskaratuak izateko ere. Eta horri esker, bai Librezaleren bai beste hainbat boluntarioren lanari esker, gero eta programa gehiago erabil ditzakegu euskaraz: Firefox nabigatzailea, Thunderbird posta-e bezeroa, WordPress blog kudeatzailea, OpenOffice pakete ofimatikoa, GIMP irudi editorea, Azureus P2P sareen bezeroa (orain Vuze deitzen dena), Debian GNU/Linux sistema eragilea, Mailman posta zerrenden kudeatzailea, Facebook webgunea, eta abar luze bat. Programa guzti hauek, libreak izateaz gain (edonork lagun dezake garapenean, frogak egiten, itzulpenak egiten), dohakoak dira eta estandarrak betetzen dituzte. Jabedun softwareek tamalez oso gutxitan egiten dute hau.

Beraz, Librezalek software librearen baloreak eta lan erak bereak egiten ditu, euskaraz dakien edonork programak euskaratzen lagundu dezakeelarik. Horretarako, taldearen webgunera joan eta posta zerrendan izena eman besterik ez da egin behar. Bertan, euskaltzale oso ezberdinek hartzen dute parte (ikasleak, tabernariak, filologoak, idazleak, informatikariak, etab.), baina guztiak batzen dituen helburu bati esker elkarlanean: gure hizkuntza maitea teknologia berrietan normaltasun osoz mugitu dadin laguntzea.

Sorrera

Librezale taldea, informatikari euskaltzale batzuek sortu zuten orain dela sei urte inguru. Lagun hauek, software librea motako programa batzuk erabiltzen zituzten (Mozilla familiakoak) eta programa mota hauek norberak programa bera aldatzea, hobetzea eta gogoko hizkuntzara itzultzea ahalbidetzen duenez, horrela egin zuten. Eta lortutako emaitzak euskal erabiltzaile guztiei eskaini zizkieten.

Lan asko egiteko zegoela ikusita, lagun talde txiki honek Euskal Herrian zehar sakabanatuta zeuden software libreko programen erabiltzaile guztiei indarrak batzeko deia egin zieten eta horrela sortu zen Librezale taldea. Ordundik hona taldea asko hazi eta indartu da.

Librezale gaur

Instalatzeko prest dagoen programa euskaratua, normalean, programaren webgunean argitaratzen da, inork euskaraketa bakarrik nahi izatekotan Librezaleko webgunean lortu dezakeelarik

Gaur egun, 60 pertsona inguru dira aktiboenak, webguneko foroan 260 pertsona izena emanda badaude ere. Interneti esker, taldeko kideak beraien etxeetatik elkarlanean aritzen dira eta programen bertsio berriak kaleratzen direnean, programa bakoitzean interesa duten Librezaleko kide multzo batek euskaraketa egiten du. Instalatzeko prest dagoen programa euskaratua, normalean, programaren webgunean argitaratzen da, inork euskaraketa bakarrik nahi izatekotan Librezaleko webgunean lortu dezakeelarik.

Orain dela aste gutxi kaleratu den WordPress programaren azken bertsioan adibidez, hamar pertsona inguruk hartu zuten parte euskaraketan. Baten batek ezagutza teknikoak izatea ezinbestekoa izaten da, baina Librezalek erabiltzen duen Pootle programari esker, nabigatzaile bat erabiltzen jakitea nahiko da euskaraketetan laguntzeko. Hori gutxi balitz, Durangoko Azoka ospatzen zela aprobetxatuz Librezaleko kideek burutu zuten azken bileran, euskaraketen kalitatea bermatzeko estilo-liburu bat sortzea erabaki zuten eta horretan diardute.

Euskaldunok, euskaraz dabiltzan aplikazio gehiago ditugu aukeran eta horrek zalantzarik gabe gure hizkuntzaren normalkuntzan laguntzen du

Gutxi-gutxika, euskaldunok, euskaraz dabiltzan aplikazio gehiago ditugu aukeran eta horrek zalantzarik gabe gure hizkuntzaren normalkuntzan laguntzen du. Agian horregatik, ospatu berri diren ARGIA Sarietan Librezalek Interneteko saria irabazi du. Bejondeiela!

Librezalek, software librearen filosofia jarraituz euskaldunok erabiltzen ditugun programa libreak euskaratzea bide egokia dela erakutsi du

Librezalek, software librearen filosofia jarraituz euskaldunok erabiltzen ditugun programa libreak euskaratzea bide egokia dela erakutsi du. Baina oraindik badira euskaldunok erabiltzen ditugun jabedun software guztietatik bakan batzuk euskaratuz nahiko dela uste dutenak. Nire uste apalean, Librezalek eta beste euskaltzale batzuk hartu duten bidea, software librearena, teknologia berrietan gure hizkuntza txikiaren normalkuntza lortzeko bide bakarra da. Euskaldunok erabiltzen ditugun jabedun softwareak euskaratzeari ekitea, gure burua engainatzea da, irteerarik ez duten kaleetan gure dirua eta gure denbora xahutzea da.

librezale

Kale itxiak

Orain dela urte dexente, Librezaleko partaidetako batek, berak hain gogoko zuen Apple enpresa ezaguneko MacOS X sistema eragilearen interfasea (erabiltzaileak ikusten duena) euskaratzea erabaki zuen, eta hain lan handia hartu ondoren, Apple-en erreakzioa ez zen eskerrak ematekoa izan, ezta gutxiago ere, programa hori jabeduna zela esateko baizik eta euskarazko itzulpen hori inortxori ere ezin ziola eman mehatxu egiteko baizik.

Eusko Jaurlaritzak orain dela urte batzuk teknologia berrietan euskara sustatzeko egin zuen apustua gogoz berreskuratzea nahiko nuke nik eta behingoz software librearen aldeko apustua egitea

Eusko Jaurlaritzak ere dirutza ederra eman zion Microsoft enpresari Windows 95 eta Word 6.0 euskaratzen utzi ziezaion eta, behin lortutakoan, Microsoftek bere produktuen hurrengo bertsioak kaleratu zituenean egindako lan guztia galdu egin zen. Eusko Jaurlaritza orain Microsoftekin askoz hobeto eramaten da eta euskal administrazio publikoko ordenagailu guztientzako bere produktuen lizentzietan urtero ordaintzen duen dirutza izugarriaz aparte, igaz adibidez, euskal enpresek software librearekin egin zezaketen proiektua Microsofti egiteko ordaindu zioten, 20 miloi euro mandogatik.

Hain bezero fidela ikusita edo, Microsoftek bueltan, inork erabili nahi ez duen Windows Vista sistema eragilea musutruk euskaratzea erabaki du antza. Eta Eusko Jaurlaritzak, bere fideltasunaren seinale, Ukan sarietan, Microsoft enpresaren ekintza “altruista” hori aipamen berezi batekin eskertu du. Sinestezina…

Eusko Jaurlaritzak orain dela urte batzuk teknologia berrietan euskara sustatzeko egin zuen apustua gogoz berreskuratzea nahiko nuke nik eta behingoz software librearen aldeko apustua egitea. Librezalek eta euskal gizartearen gero eta portzentai handiagoak egiten duen bezala.

Etorkizuna

Edozein kasutan, denbora aurrera doa eta Librezaleko partaideak ilusioz gainezka eta lan egiteko gogoekin jarraitzen dute. Gaur egun mantentzen dituzten programak euskaratuta mantentzeaz gain, webgunean dauden laguntza foroak ere mantentzen dituzte. Lehen aipatutako estilo-liburua ere abian da eta artikulu hau argitaratzen den egunean, Librezaleko partaide batzuk, FOSDEM bilkuran parte hartzen egongo dira. Bilkura hau Europar mailan ospatzen den software libreko garatzaileen handiena da eta gonbidapen bat jaso ondoren, taldeko batzuk gonbidapena onartu eta Bruselara joatea erabaki zuten. Nork daki handik ideia berriekin etorriko diren. Lagun gehiagorekin ziur baietz!

Bere sorreratik Librezalek software librearekin izan duen erlazioaz haratago, orain dela aste batzuk taldera gehitu den euskal idazle bat ere lagundu ahal izan dute. Joakin Balentzia idazleak “Egunetako aparra” izeneko poesia-liburua Interneten argitaratu nahi zuen eta Librezaleri laguntza eskatu zion hori ondo egiteko. Azkenean, liburua Librezaleko webgunean argitaratu da Creative Commons Aitortu-Partekatu berdin 3.0 lizentziarekin. Nork daki etorkizunean talde honek software librea euskaratzeaz gain, era guztietako eduki libreak euskaratzen edo/eta sortzen lagunduko duen.

Hala ere, euskaldunok erabiltzen ditugun programa libreak euskaratzen bakarrik, oraindik nahiko lan dago aurretik baina!

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu dut eta 2009ko otsailaren 7an argitaratu da.

Informazio gehiago:

  • Librezale
  • Banatu ditugu 2009ko ARGIA Sariak
  • Hacen falta luces para saber dar premios
  • ¿Premios merecidos o premios publicitarios?
/ Etiketatua: euskara, gara, gaur8, librezale, software askea

Azken iruzkinak

  • gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • @gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Liburuaren etorkizuna bidalketan
  • Sare sozialen sukarra eta kontsumo gizartea | zuzeu.com(e)k Sare sozialen sukarra Donostian bidalketan

Azken bidalketak

  • ikusimakusi.net –> ikusimakusi.eus
  • Sare sozialen sukarra Sestaon
  • Irailetik aurrera Bimbo ogia Chilly deituko da
  • Sagardoaren dieta hemen da!
  • AZTI-Tecnaliak Doraemon-en surf taula hegalaria sortu du

Etiketak

aeb alderdi politikoak azkue fundazioa barakaldo batasuna bilbo blogak cc0 crabgrass creative commons cryptosms d3m donostia e-book eaj eduki libreak euskara gara gaur8 gnupg hitzaldia internet irudigintza izparringia jabetza intelektuala jabetza publikoa kriptografia kultura librea leioa meta musika p2p politika politika 2.0 psoe sare sozialak sgae software askea software librea SVG tailerra umorea upv/ehu web 2.0 wikipedia
© Copyright lizentzia: Bat ere ez! (jabetza publikoa)
Ostatzailea: Sindominio
Infinity itxura nork: DesignCoral / WordPress