Creative Commonsek lizentzia/ziurtagiri berri bat atera du, CC0 izena duena. Dauden lizentzia ugariekin, beste bat gehiago zertarako behar den galdetuko dio bere buruari batek baino gehiagok. Ba ziurtagiri honek hutsune garrantzitsu bat betetzen du, izan ere, munduko legedia askok jabetza publikoa onartu (eta babestu) egiten dute, baina egileei ez diete aukerarik ematen beraien lanak zuzenean jabetza publikoan jartzen. Legedia bakoitzak arautzen duen epe bat itxaron beharra dago lan horiek jabetza publikoan sar daitezen.
Ziurtagiri honek hutsune garrantzitsu bat betetzen du, izan ere, munduko legedia askok jabetza publikoa onartu (eta babestu) egiten dute, baina egileei ez diete aukerarik ematen beraien lanak zuzenean jabetza publikoan jartzen
Amerikar Estatu Batuetako legediak, egileek lanak zuzenean jabetza publikoan uztea ahalbidetzen du eta horretarako sortu zuen Creative Commonsek CC PD ziurtagiria. Baina Europan (Frantziar eta Espainiar estatuak barne), aukera hau ez da aurreikusten eta egileok ezin ditugu gure lanak guztiz askatu. Egilea hil eta 70 urte itxaron behar dira horretarako.
Egoera honen aurrean, nik guztiz legezkoa ez den zerbait egitea erabaki nuen: naiz eta legeak ez aurreikusi, nik sortutako edukiak jabetza publikoan uzten ditudala esatea. Gaur arte, hau izan da webgune honetako oinean agertzen zen azalpena: “Webgune honetako eduki guztiak, bestelakoa ohartarazi ezean, jabetza publikoan uzten dira.”
Baina hau egitea arriskutsua da, legeak dioenaren aurka doan zerbait jarriz gero, nik jarritako oharra baliogabetzat hartu bait zitekeen eta beraz, hori jartzea ezer ez jartzea bezala hartu liteke. Hau da, ikuspegi legal zorrotz batetik, eduki guztiak copyright murriztailea dutela ulertu daiteke.
Hori konpontzeko, aukeran dauden lizentzia legal guztien artean askeenatako bat aukeratu nezake (adibidez CC BY lizentzia), baina kasu horretan, nik nahi ez nituen betebeharrak gehitzen egongo nintzateke, eta hori zen hain zuzen nik saihestu nahi nuena. CC BY lizentziaren kasuan, norbaitek nik sortutako testu, argazki edo irudi bat erabiltzen duen bakoitzean, ezinbestez, nire egiletasuna aipatu behar du.
Beraz, nik sortutako edukiek ahalik zabalkunde handiena izan zezaten, lege ohar zehazgabe hori erabiltzea erabaki nuen. Noski, nik bezala, bai Europan, bai munduko txoko askotan erabaki bera hartu duten jende asko dago. Gu guztiontzat hain zuzen sortu du Creative Commonsek CC0 ziurtagiria (CC0 ez da lizentzia bat, baizik eta, jabetza publikoaren lege oharra bezala, ziurtagiri bat).
Oraindik euskaraketa ofizialik ez duen testu honek, ondokoa dio gutxi gora behera: “Dokumentu honi lan bat esleitu dion pertsonak, bere lana komunitateari eskaini dio, jabetza intelektualaren legearen arabera izan ditzakeen eskubide guztiei uko eginez, eta baita erlazioa izan dezaketen beste edozein egile eskubideri ere, beti ere, legeak ahalbidetzen duen neurrian.”
Hau da, egileak lanaren gainean izan ditzakeen eskubide guztiei uko egiten die, eta legeak eskubide guztiei uko egiten uzten ez badio, ba ukatu ditzakeen eskubide guztiei behintzat bai.
Hemendik aurrera, webgune honek bere oinean azalpen hau izango du: “Webgune honetako eduki guztiak, bestelakoa ohartarazi ezean, legeak ahalbidetzen duen neurrian, jabetza publikoan uzten dira.”
Espainiar estatuko jabetza intelektualaren legearen arabera, egileek eskubide mota bi dituzte: eskubide moralak, ukatu ezin direnak, eta ustiapen eskubideak, egileak erabili, norbaiti utzi edo besterik gabe ukatu egin ditzakeenak. Lan bat jabetza publikora heltzen denean, ustiapen eskubideak iraungi egiten dira eta eskubide moralak, oinordekoek jasotzen dituzte edo hauek argi ez egotekotan, erakunde publikoek (teorian behintzat horrela da).
Ustiapen eskubideei uko egitea, lan bat jabetza publikoan uztea bezala dela pentsa daiteke, baina ez da horrela
Beraz, ustiapen eskubideei uko egitea, lan bat jabetza publikoan uztea bezala dela pentsa daiteke, baina ez da horrela. Izan ere, Espainiar estatuko legediaren arabera (Europa osoan bezalatsu), egilea hiltzen denean lana ez da jabetza publikoan sartzen. Beste 70 urte gehiago igaro behar dira horretarako, eta bitartean, egilearen oinordekoek kudeatzen dituzte lanaren inguruko eskubide guztiak. Beraz, naiz eta egileak, bizirik dagoela, ustiapen eskubideei uko egin, bera hildakoan, oinordekoek, legalki lanarekiko eskubide guztiak jasotzen dituzte eta ustiapen eskubideak beste era batera erabil ditzakete.
Amerikar Estatu Batuetako legediak egiten duen bezala, egile batek lan bat jabetza publikoan uztea aurreikusi ezean, ez dago inolako lizentziarik ez ziurtagiririk lan bat aurretiaz benetan jabetza publikoan uzten duena
Laburbilduz, Amerikar Estatu Batuetako legediak egiten duen bezala, egile batek lan bat jabetza publikoan uztea aurreikusi ezean, ez dago inolako lizentziarik ez ziurtagiririk lan bat aurretiaz benetan jabetza publikoan uzten duena. Beraz, aukera ona izan daiteke CC0 bezalako lege ohar bat erabiltzea, azaldutako arrazoiengatik eta baita beste batzurengatik ere:
- Egileak ahalko balu, lana jabetza publikoan utziko zukeela argi uzten duelako,
- Ziurtagiri hau ikuspuntu unibersal batekin sortu delako eta lan bakoitzari dagokion legediaren zehetasunetan sartzen ez delako,
- Eta azkenik, etorkizunean legedia aldatuz gero, naiz eta egileak bere garaian lana jabetza publikoan utzi ezin izan, horrelako lege ohar bati esker, lana bide arruntetik baino azkarrago jabetza publikora heltzeko aukera irekita dagoelako…
Bukatzeko, hona hemen Creative Commons-ek ematen dituen aukera desberdinak, askeak diren (berdea) ala ez, copyleft diren ala ez eta abar laburbiltzen duen irudi eguneratua:
Artikulu honetan agertzen diren irudi originalak SVG formatu irekian eskuratu nahi dituenak, hemen dauzka:
creativecommons-semaforoa.tar.gz (93 KB)
Informazio gehiago:
Beste hizkuntzak: castellano, english
Azken iruzkinak