Teknologia berrien eraginez, giza sorkuntzaren hainbat arlok azterketa eta eraldaketa baten premia dute (musikagintza, liburugintza, idatzizko prentsa, etab.), eta euskal bertsogintzaren inguruan ere hausnartu beharra daukagu. Gainbegiratu baten ondoren, harriduraz ikusi dut gure bertsogintza zaharra teknologia berrien ezaugarrietara moldatzeko oso prestatuta dagoela. Software askea, entziklopedia askea eta musika askea dauden bezala, bertso askea ere existitzen da. Ez hori bakarrik, existitzen den bertso bakarra askea dela esan daiteke. Bertsolaritza, beste musika mota batzuk ez bezala, etekin ekonomikoen gurpil zoroarengandik urrun mantendu da eta horrek, zorionez, bere jatorrizko izaera mantentzea ekarri du. Informazioaren digitalizazioaren eraginez sorkuntza intelektuala produktu izatetik berriz zerbitzu izatera itzultzen ari denean, bertsolaritzari onurak besterik ez dizkio ekartzen bere sustraietara fidel mantendu izanak.
Unai Iturriaga bertso bat sortzen
Irudi originala: Mimentza (CC BY 2.0)
Bertsolaritza eta sukaldaritza
Bertsolaritzak eta sukaldaritzak antza daukate. Nik behintzat antzekotasun asko aurkitzen dizkiet. Sukaldariak prestatuaz bat eramaten du mahaira platera. Bertsolariak, berriz, sortuaz bat kantatzen du bertsoa. Sukaldariak jasotzen dituen eskaeren arabera egiten du lan (entsalada tropikal bi, babarrun plater bat eta risotto plater bat), eta baita bertsolariak ere (hiru bertso zortziko handian krisi ekonomikoari buruz). Sukaldariak egun bakoitzean eskura dituen osagarriak erabili behar ditu (gaurko arraina, legatza) eta baita bertsolariak ere (aurreko bertsolariak burusoil deitu eta nik Mikel Laboa ere burusoila zela erantzun). Hamaika parekotasun gehiago dituzte biek.
Nire poesia oso merkea da; herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari
Baina bertsolaritzak badauka zerikusi asko ere zabalduen dagoen musikagintza motarekin: jendaurrean kantatzea, mikrofono eta bozgorailuak erabiltzea, etab. Baina badira desberdintasun nabarmenak ere. Musikari gehienek beraien kantuak grabatuta dituzten CDak kaleratzen dituzte eta ahalik eta kopia gehien saltzen saiatzen dira. Lehen ez zen horrela. Gabriel Arestik esan zuen bezala: “Nire poesia oso merkea da; herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari”.
Gaur egungo musikariek ere kontzertuak eskaintzen dituzte; aldiz, beraien musikaren ustiapen eskubideak dituzten diskoetxeentzako, kontzertuak ematea disko gehiago saltzeko bidea besterik ez da. Diskoa argitaratzean, hau da, produktua kaleratzean, aurrera eramaten den publizitate kanpainaren atal bat gehiago besterik ez dira kontzertuak.
Musikariek ez bezala, sukaldariek ez dute beraien errezetak kopiatzeagatik kobratzen
Bertsolariak, berriz, jatorrizko musikariak bezala plazarik plaza ibiltzen dira beste bertsolariekin solasean, etengabe bertso berriak sortzen. Entzuleren batek bertso bat berarentzat gordetzen badu, bertsolaria poztu eta harrotu egingo da, sukaldariari bezeroren batek bere errezeta bat eskatzen dionean bezala. Norberak sortutakoa beste pertsona batek berea egitea baino gauza pozgarriagorik ez dago. Musikariek ez bezala, sukaldariek ez dute beraien errezetak kopiatzeagatik kobratzen. Alderantziz, beste sukaldari guztiekin nolabaiteko elkarrizketa bat jorratzen dute, errezeta berri bakoitzari buelta berri bat ematen saiatuz. Bertsolariek berdin egiten dute, azken finean, bertsogintza sormen elkarrizketa bat baita eta bertsoak jende guztiak gozatzeko egiten diren pintxoak baitira. Beraz, bertsolaritza askea da, sukaldaritza bezala.
Bertsoen egile eskubideak
Bertsoa aske jaiotzen da bertsolariaren ahotik eta aske izaten jarraitu behar du bertsolaritza itota hiltzerik nahi ez badugu. Izan ere, bestelako musikari askok egiten duten bezala bertsolariek ere egile eskubideak ustiatzen hasiko balira, arazo dezente sortuko lirateke. Bertsoetan erabiltzen diren doinu eta neurriak, beste bertso zaharragoetatik hartzen dira. Bertsolari bi kantuan hasi eta batek botatako ideiari hurrengoak bere ukitua ematen dio, ondokoaren ideiari buelta berri bat ematen saiatuz. Bertsolari batek aurreko bertsoaren erdia hartu eta hurrengoaren erdia egiten duela esan genezake.
Hori gutxi balitz, gai-jartzaileak ere badaude. Eta inork ez du ukatuko bertso-saio on bat lortzeko, bertsolariek lan ona egiteaz gain, gai-jartzailea fin ibiltzea ere ezinbestekoa dela. Gai-jartzaileak ez du erabakitzen bakarrik nork eta noiz abestuko duen, baizik eta jorratu beharreko gaiak, neurriak, bertso kopurua, bertsolariek landu beharreko pertsonaiak eta egoerak ere erabakitzen ditu, baita, batzuetan, erabili beharreko errimak ere. Bertsolari batek bertso bat sortzen duenean, daukan materialarekin (batez ere gai-jartzaileak emandako jarraibideekin eta aurreko bertsolariak esandakoarekin) bere sormen lana egiten du eta entzuleei harridura eta gozamena sortarazten saiatzen da.
Bertsoa bera botatzen duenaren ekarpena ukaezina da, baina bertso saio batetan parte hartzen duten beste osagarri guztiak ezin dira albo batera utzi. Egile eskubideen kudeaketak (bertsolaritzan gutxienez) zentzurik ez duela erakusteko azken adibide bat: bertso saioetan ez da arraroa bertso berdina biren artean edo taldeka sortzea, bertsolari bakoitzak bertsoaren lerro bat sortuz. Bertso saio bakoitzean gai-jartzaile eta bertsolari desberdinek parte hartzen dutela kontutan izanik, euskal bertsolaritza gaur egun, SGAE eta antzeko egile eskubideen elkarteentzat kudeatu ezinezko zerbait da. Kudeatua izatea merezi ez duen zerbait. Eta nire ustez behintzat, bertsolaritzaren mesederako, kudeaketaren gurpiletik urrun mantentzea komeni zaigun zerbait.
Teknologia berriak
Bertsolaritzak baditu bere txoko eta plazak Interneten ere: bertsoa.com, bertsozale.com, bertsoplaza.tv, botasarean.biz, gpuntua.com eta abar. Bertan informazio asko dago: bertsolarien datuak, txapelketen datuak, bertsoen datutegiak, klasikoen transkripzioak, foroak eta abar. Baina ez hori bakarrik. Bertsolaritzak zabaldua izateko duen grinari jarraiki, bertsoen audioak eta bideoak ere entzun eta ikus ditzakegu. Eta txapelketak ospatzen direnean, dagokion lekura gerturatzerik ez baduzu, zaude lasai, Internet bitartez bertso saioak zuzenean entzuteko aukera ere badago eta. Egia esateko, informazio erabilgarri asko dago, bertsozale gehienen nahiak betetzeko adina.
Bertsolaritzaren izaera aske hori sendotzeko, webgune hauek copyright murriztailea albo batera utzi eta lizentzia aske bat erabili beharko lukete
Baina web 2.0 delakoaren garaian gaudela kontutan izanda, pare bat gauza faltan botatzen ditut nik. Adibidez, grabatutako audio eta bideoak podcast formatuan eskaintzea. Oso aldaketa txikia da eta edukiak gehiago zabaltzea laguntzen du. Eta eduki gehiegi bilduz gero, webgune batetan informazio guztia eskaini beharrean, P2P sareak erabil daitezke, bertsozaleek edukiak zabaltzen lagun dezaten. Beste adibide bat, wiki baten bitartez bertsozaleoi bertsoen transkripzioak elkarlanean egiteko aukera ematea da. Ikus daitekeenez, lan dezente eta dotore eginda badago ere, web 2.0 delakoarekin, bertsolariak, bertso eskolak eta bertsozaleak bat egin dezakete bertsolaritza oraindik gehiago indartzeko.
Baina, batez ere, gauza bat botatzen dut faltan aipatutako webgune guzti hauetan: nire ustez, lehen azaltzen saiatu naizen bertsolaritzaren izaera aske hori sendotzeko, lau haizetara harro aldarrikatzeko, webgune hauek copyright murriztailea albo batera utzi eta lizentzia aske bat erabili beharko lukete. Adibidez Wikipediak erabiltzen duen GNU FDL lizentzia. Edo gero eta gehiagok erabiltzen duten Creative Commons Aitortu 3.0 lizentzia.
Erabaki hau bertsolaritzaren izaerarekin bat dator eta beste sektore batzurekin alderatuz, euskal bertsolaritza abantailadun egoeran dago. Ez dezagun aukera hau galdu, ia ezer ez bait dugu galtzeko (oso gauza gutxi aldatuko lirateke) eta dexente irabazteko (aukera berriak ireki eta bertsolaritzaren onurarako ekimen berritzaileak aurrera eramateko aukerak eman). Ea Bertsolari Elkartea gai hau aztertzen hasten den…
Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu dut eta 2008ko abenduaren 6an argitaratu da.
Informazio gehiago:
Beste hizkuntzak: castellano
Era bat ados, post bikañe!