Azken asteotan Maite Goñirekin izandako hartu-emanari esker, orain dela urte batzuk sortu nuen Creative Commons-eko semaforoa hobetu daitekela jakin dut. Beraz, bigarren bertsio eguneratua argitaratzen dut gaur:
Egin nuen lehenengoaren oso antzekoa da. Goreneko postuan, copyright murriztaileena dago. Gero Creative Commons-eko lizentzia ezagunenak datoz:
- CC BY-NC-ND. Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe lizentzia.
- CC BY-NC-SA. Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin lizentzia.
- CC BY-NC. Creative Commons Aitortu-EzKomertziala lizentzia.
- CC BY-ND. Creative Commons Aitortu-LanEratorririkGabe lizentzia.
- CC BY-SA. Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin lizentzia. Hau, Creative Commons-eko lizentzia guztietatik copyleft motako lizentzia dei daitekeen bakarra da.
- CC BY. Creative Commons Aitortu lizentzia.
Jabetza publikoa
Eta beheren, CC0 eskaintza dago (Creative Commons Zero). Azken hau ez da lizentzia bat, eskaintza bat baizik. Bien artean desberdintasun legala dago baina abokatua izan ezean interes gutxi duen zerbait da. Edozein kasutan, Creative Commons Zero deritzonaren helburua, lana jabetza publikoan uztea da.
Argitu beharra dago, lan bat jabetza publikoan egotea munduko leku guztietan berdin-berdin ez dela ulertzen. Orokorrean bai, edonork lan hori hartu eta argitaratu, zabaldu, aldatu eta abar egin bait dezake, inori inolako baimenik eskatu gabe. Baina berezitasun batzuk badira, adibidez, AEBetan, egile batek zuzenean bere lana jabetza publikoan utz bait dezake, baina Europar Batasuneko legedietan, ukaezinak diren “eskubide moralak” deritzonak daude (adibidez, Espainiar estatuan, egileak bere lanaren osotasuna errespetatua izan dadin duen eskubidea). Ezberdintasun horiek ekiditzeko, Creative Commons-ek CC0 eskaintza sortu zuen, non egileak lanarekiko izan ditzakeen eskubide guztiei uko egiten dien, baina ohartxo batekin: legeak ahalbidetzen duen neurrian.
Semaforoaren aurreko bertsioan agertzen zen PD aukera, semaforoaren bertsio honetatik kendu da, AEBetan bakarrik erabiltzeko pentsatua zegoelako eta Creative Commons berak azaltzen duen bazala, 2010ean aukera hau kentzea erabaki zuelako.
Kolore sailkapena
Bukatzeko, koloreen zergatia azalduko dut. Denok ezagutzen dugun copyright lizentzia arrunta, oso murriztailea da eta lanarekin ezer gutxi egiten uzten du. Horregatik jarri dut aukera hau semaforoaren alde gorrian. Alde horian berriz, CC lizentzia batzuk jarri ditut. Lizentzia hauek ez dira hain murriztaileak, egoera batzuetan edo baldintza batzurekin, lanak kopiatu, aldatu edo argitaratzeko aukera ematen bait dute.
Baina lanak libretzat hartzeko, behar baino murrizketa gehiagorik ezin dute izan. Horregatik agertzen dira BY-SA, BY eta CC0 semaforoaren alde berdean. Askea zer den eta zer ez sailkatzeko erabiltzen dudan muga hau, ez da nik asmatutakoa. Esparru askotako jendeak adostutakoetan oinarrituz egina da. Software askearen, lan kultural askearen eta jakintza irekiaren definizioen arteko bateragarritasuna ikusita, ez da harritzekoa Creative Commons berak, eskaintzen dituen aukera batzuk lan kultural libreentzako aproposak bezala markatu izana. “APROBED FOR Free Cultural Works” zigilua dutenak, semaforoaren alde berdean daudenak dira hain zuzen.
Irudi berriaren iturri fitxategia:
creativecommons-semaforoa-2.svg
Oharra (2012/12/26): Unairi esker, Euskarazko Wikipediak Creative Commons artikuluan, semaforo honen bertsio berria erakusten du gaurtik aurrera.
Beste hizkuntzak: castellano, english
Mundiala azalpena, Txopi!! Mila esker! Nire aurkezpena ere eguneratuta geratzen da, orduan. Edozein gauza ‘arraro’ ikusten baduzu, esan…
Creative Commons hezkuntzan
Pingback: maitego» Blog Archive » Nola eta non bilatu eduki irekiak (OER) infografia euskaraz
Pingback: Kontuz erabiltzen dituzun argazkiekin | egunsentiederra