Nola eman Mastodoneko ‘toot’ euskaraz?

Lehenik eta behin esan behar dut, ez dakienarentzat, Mastodon sare sozial libre eta federatu bat dela. Baita duela egun gutxi mastodon.eus euskal instantzia sortu dela eta kontu bat sortu dudala leku horretantxe: @txopi@mastodon.eus

Mastodon sare soziala

Software hau euskarara itzuli dutenek, erabiltzaileek bertan partekatzen dituzten mezuak nola izendatu erabaki behar izan zuten. Jatorrizko hizkuntzan mastodonteek edo tronpetek egiten duten soinuaren izena erabiltzen da mezu horiek izendatzeko, Twiterren “twit” (euskaraz “txio”) erabiltzen den bezala. Beraz, mezuak “toot” deitzen dira eta euskaraz, beste hainbat hizkuntzetan egin den bezala, mezuei “toot” deitzea erabaki zen. Baina zaila izan zen erabaki hori hartzea eta sare sozial hau erabiltzen duen gero eta euskaldun gehiago daudenez, erabilera nondik joango den ez dago argi une honetan.

Bere garaian nik “toot”, “irrintzi”, eta “deiadar” proposatu nituen, gaiari buelta gehiegirik eman gabe. “Orro” terminoa bortitzegia iruditzen zitzaidan eta ez naiz hori pentsatu duen bakarra. Azken egunetan, esperokoa zen bezala, eztabaida berriz indartu da eta esango nuke, oraingoz behintzat, “toot”, “orro” eta “marru” direla euskal erabiltzaileek gehien aipatzen dituztenak. Hori irakurri diet behintzat Osoitzi, Dabidi eta eztabaidan parte hartzen ari diren beste erabiltzaile gehienei.

Gai honi nire ekarpentxoa egiteko asmoz, hitz egoki bat hautatzeko orduan, galdera hauek erantzuten saiatu beharko genukeela uste dut: beste hizkuntzetan zer egin da Mastondoneko terminoak itzultzeko? beste sare sozial batzuetan zer egin da bere terminoak euskaraz emateko? zeintzuk dira “toot” delakoarekin lotutako hitzak eta euskarazko baliokide bat bilatuz gero nola emango lirateke euskaraz lotutako hitz horiek?

Azter dezagun adibidez txoriaren sare sozialean (Twitterren) ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz nola ematen diren termino erabilienak:

  • (English) <==> (Castellano) <==> (Euskara)
  • twit <==> tuit <==> txio
  • to twit <==> tuitear <==> txiokatu (tuiteatu ez!)
  • twitting <==> tuiteando <==> txioka (tuiteatzen ez!)
  • twitter <==> tuiter <==> txiolari (tuiterlari ez!)

Mastodontearen sare sozialean berriz, ingelesez erabiltzen diren termino baliokideak hauek dira:

  • (English)
  • toot
  • to toot
  • tooting
  • tooter

Nola eman euskaraz lehenengoa eta bide batez beste guztiak ere? Ez dezagun lehenengoa bakarrik hartu kontuan eta besteak euskaraz ematea zailagoa bihurtu!

Euskaraz, elefantearen soinuari “orro” esaten zaio (elefantea ez da mastodontearen familiakoa baina bere soinuak euskaraz izen bat duen animaliarik gertukoena dela suposatzen dut).

“Marru” hitza behi eta zezenekin erabiltzen da. Animalia horiek mastodontearekin zerikusi gutxi dutelakoan nago; susmoa dut elefanteek egiten duten soinua mastodonteek egiten zuten soinuaren antz gehiago izango duela. “Irrintzi”, “Kukurruku” eta antzekoak arrazoi berdinagatik baztertuko nituzke.

Tronpetaren soinua izendatzeko ez dut euskarazko hitz berezirik ezagutzen. Zuk bai? Horrela bada utzi iruzkin bat artikulu honetan mesedez! Berriaren estilo liburuan ez beste inon ez dut tronpetaren soinuari nola esaten zaion aurkitu. Beraz, bide honetatik ez naiz urrunera heldu.

Nola eman orduan Mastodoneko “toot” euskaraz? Eta loturiko beste terminoak? Nire iritziz, euskaldunoi Twiterren gertatu zitzaigun bezala, Mastodonen ere ingeleseko termino originalak mantentzea arrotz egingo zaigu, deseroso, eta, horregatik, “orro” oinarri bezala hartzea proposatzen dut:

  • (English) <==> (Euskara)
  • toot <==> orro
  • to toot <==> orro egin
  • tooting <==> orroka
  • tooter <==> orrolari

Mastodon sare sozialean “orro egin” dudala esatea edo bertan jendea “orroka” aritzen dela esatea zakar zamarra iruditzen zait, baina euskal lurretan orain dela milaka urte agan bizi izan ziren mastodonte lodikoteek horrelako soinuak egiten zituzten, indartsuak, latzak eta zakarrak. Eta nor naiz ni hori juzgatzeko? Inor ez!

Amaitzeko bitxikeria bat: “orro” eta “toot” oso antzekoak dira morfologia aldetik. Hitz palindromoak dira, lau hizkiko luzera dute eta kokapen berdinak dituzten bi hizkiz osatuta daude (ertzetan hizki bat eta erdian bestea).

OHARRA: hau da nire proposamena gaur. Bihar agian zuek orrojakileok iritzia aldaraziko didazue! Kar kar kar

2 erantzun


  1. Tronpetaren hotsari erran izan zaio “praa” euskaraz. Bertzela “turutots” edo “durunda”.
    Deia bada “deiadar”.

    OEHtik:
    2. (Onomat. del sonido de la trompeta). Praa! praaa! egiten zuan ijito batek tronpetiaz, eta euretako emakume batek pun! pa! pun! pa! pun! pa! joten zuan bonboa. Osk Kurl 86.

    “Marru” ez dut uste zezenen hotsari *bakarrik* erraten zaionik, “orro” elefanteen hotsa bakarrik ez den bezala.

    Erantzun

    1. Arrazoi duzu, “orro” elefanteek, artzek, lehoiek eta beste animalia basati batzuek egiten dute. Marruma abere batzuekin erabiltzen dela dirudi. Mastodonteak basatien taldean leudeke.

      Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude