Asteburu honetan gure semearen 13. urtebetetzea ospatuko dugu eta smartphone bat oparituko diogu. Hori dela eta, praktika onak helarazi nahi dizkiogu, berak sakelako telefonoa modu osasungarri batean erabil dezan.
Beraz, gaur arratsaldean zenbait webgune kontsultatu ditugu eta telefonoa nola erabiltzea nahi dugun azaltzen duen testutxo bat osatu dugu, jarraibide horiek betetzera animatuz.
Telefonoa ematen diogunean denok orrialdea sinatzeko asmoa dugu. Behin (edo agian birritan?) guraso eta alaba-semeen artean sinatutako kontratu moduko baten berri izan nuen eta antzeko zerbait egiten saiatu gara. Egia esan, presaka egin dugu eta Interneten egongo diren antzeko adibideak ez ditugu begiratu. Norbaitek halakoak estekatu nahi baditu edo beste edonolako ekarpenik egin, utz dezala iruzkin bat mesedez.
Testu honetan jaso ditugunak gure semean pentsatuz hautatu ditugu baina agian beste norbaitentzat baliagarriak izan daitezke. Nahi baduzu kopiatu testu hau eta zurera egokitu!
Nola erabili zure lehen telefono adimenduna
Tresna oso boteretsua duzu esku artean. Aukera berri andana eskaintzen dizu; onak dira horietako asko, baina badira oso arriskutsuak direnak ere. Zoritxarrez, helduoi ere maiz zaila egiten zaigu kaltegarriak izan daitezkeenak antzematea. Beraz, tentuz eta erantzukizunez aritzea ezinbestekoa da.
Erabiltzaile onaren kodea:
- Telefonoa zaindu. Pantaila hauskorra da eta oso erraz jausten da irekitako poltsikoetatik. Inoiz galduko bazenu, ahalik lasterren abisatu behar diguzu.
- Desblokeoa babestu. Zure lagunek ezin dute jakin zein den desblokeo patroia/pasahitza. Sartzen duzunean zuk bakarrik ikusteko moduan egin. Adingabea zarenez gero, gurasook telefonora eta aplikazioetara sarrera izan behar dugu.
- Leku eta une egokietan erabili. Adostutako lekuetan erabil dezakezu (egongelan), besteetan ez (logelan, eskolan). Ez erabili telefonoa familiarekin edo lagunekin zaudenean jendeaz deskonektatzeko. Bideo-jokoek alde on asko dituzte baina astegunetan ez jolastu beraiekin.
- Eduki egokiak ikusi. Zure adinerako egokiak diren webguneak eta aplikazioak erabili. Joko odoltsuak edo oso bortitzak direnak ez dira egokiak.
- Kontuz online partekatzen duzunarekin. Online elkarrizketak aurrez aurrekoak bezalakoak dira. Ezagutzen ez dituzun pertsonekin aurrez aurre zaudenean bezala jardun behar duzu. Ez partekatu zure senideen ezta lagunen argazkirik, bideorik ezta beste inolako datu pertsonalik.
- Adi ibili iruzurrekin. Pertsonak eta egoerak beti ez dira diruditena. Erne egon zaitez erreala eta faltsua desberdindu ahal izateko, online zailagoa baita.
- Ingurukoak lagundu. Ez egin inori zuri egiterik nahi ez duzuna. Zure ezagun batek min hartzen duenean, esaguzu mesedez.
- Zalantzarik baduzu, galdetu. Aplikazio, webgune eta erabilera berriak agertzen dira etengabe eta denon artean hobeto asmatuko dugu zein den jokabide zuzena. Zerbaitek arduratzen bazaitu edo zalantzarik sortzen badizu, kontatu gurekin eta lagunduko zaitugu.
Zure gurasook telefono hau ondo erabiltzera eta berarekin modu osasungarrian gozatzera animatzen zaitugu. Asko maite zaitugu eta pilo bat poztuko gara gailu hau ondo erabiltzeko bezain arduratsua zarela erakusten badiguzu. Ematen duena baino zailagoa da ondo erabiltzea, baina zugan konfiantza osoa dugu. Erakutsiguzu gai zarela!
Hemen dago testua editatzeko prest:
Eta hemen inprimatzeko prest:
Argazkia Pixabay-koa da.