
Marko Txopitea deitzen naiz, sarean Txopi ezizena erabiltzea nahiago badut ere. Webgune hau Interneten dudan txokoa da. Lehenago izan nuen beste txoko bat baina
blog zaharra itxi eta berri hau daukat orain. Nirekin kontaktuan jarri nahi izanez gero bidal iezadazu email bat helbide honetara:
info@ikusimakusi.eus
Datu pertsonalak
Lekeition hazi nintzen, ikasketak zirela eta
Bilbora joan nintzen arte. Urte dezente daramat
Barakaldon nire familiarekin bizitzen. Nire adina? 1975. urtean jaio nintzen. Beraz, atera kontuak…
Ikasketak
Deustuko Unibertsitatean ingeniaritza informatikoa ikasi nuen. Beste ikastaro batzuk ere egin ditut baina gustukoen dudana nire kabuz ikastea da. Hain zuzen ere horretan dihardut etengabe!
Lana
GFI eta Tecnocom izeneko aholkularitza informatikoetan egin nuen lan urte luzez, batez ere sistema teknikari, programatzaile, analista eta proiektu buru bezala. bai&by taldearen parte den Didaktiker enpresan ere lan egin nuen, antzeko lanetan eta baita ikerlari bezala ere. Orain IDOM izeneko aholkularitza enpresan egiten dut lan. Noizbehinka garapen txiki batzuk egin ditut diru-truk. Hizlari bezala eta prentsarako artikulugile bezala ere aritzen naiz. GARA egunkariko
GAUR8 astekarirako adibidez urte bat baino gehiago aritu nintzen teknologiari eta komunikazioari buruz idazten.
Borondatezko lana
Geldirik egoten ez dakien ipurterre horietako bat naiz eta familiarekin, lagunekin, ikasketekin eta lanarekin nahiko ez banu bezala, hainbat talde, elkarte, gizarte mugimendu eta ekitalditan parte hartu dut eta parte hartzen jarraitzen dut. Sartu naizen saltsa guztiak zerrendatu ordez (nahiko banu ere ez dut uste gai izango nintzatekeenik), ekimenotako gehienek dituzten ardatzak aipatuko ditut: euskara, hacktibismoa, software eta informazio askea, asanblearismoa.
Interesak
Nire interesak goragoko ataletatik ondorioztatzen diren gaiez gain, ondokoak ere badira: natura, ekologia, zientzia, hizkuntzak, matematika, kriptografia, pribatutasuna, argazkilaritza, komikigintza, diseinu grafikoa, antikapitalismoa, anarkismoa, desazkundea, …

Ezagutzen ez nauzuenok nire avatar bezala maiz erabiltzen dudan Max Headroom pertsonaia bezain friki jasanezina naizela pentsatu aurretik, zaletasun askoz arruntagoak ere baditudala esan beharra dut: bidaiatzea, irakurtzea, ondo jatea eta edatea, herri eta auzoetako jaiak, seme-alabekin jolastea, kanpinean joatea, mendia, hondartza, …
Ongi etorri
Oso ondo etorria zara webgune txiki eta xume honetara. Berton zure intereseko zerbait aurkitzea espero dut!
Ondo izan,
Txopi.