Twitter sare sozial korporatiboa makal dabil azkenaldian. Horri buruzko hainbat albiste zabaltzen ari dira hedabideetan, blogetan eta sare sozial desberdinetan eta ez naiz horretan luzatuko.
Kontua da Twitterretik alde egiten duten askok, Mastodon sare sozial federatua hautatzen ari direla. Euskaldun askok beraien Twitter profilean azaltzen duten bezala, mastodon.social, mastodon.jalgi.eus eta batez ere mastodon.eus zerbitzarietara (Mastodon instantzietara) alde egiten ari dira. Ni neu naiz horren adibideetako bat baina milaka jarraitzaile dituzten hiru aipatuko ditut hemen ezagunagoak direlako:
Hainbatek beraz Twitter guztiz utzi, gero eta gutxiago erabili edo esateko dituztenak Twitterren esateaz gain beste sare sozial alternatibo batzuetan esatea erabakitzen dute. Ondorioz, txiolariek Twitter erabiltzaileari utzi edo ez, gero eta gehiagotan sare sozial alternatiboak estekatzen dituzte beraien txioetan, baita beraien Twitter profiletan ere. Elon Muskek zuzentzen duen AEBtako enpresak izurritea oztopatzeko neurriak hartu zituen abenduan, Instagram eta Mastodon estekak galaraziz. Enpresak azkenaldian hartutako beste erabaki traketsek bezala, ez du bilatutako emaitza lortu. DSGk kaleratu berri duen txostenean ikus daitekeenez, Twitterreko ehunka mila profilek sare sozial alternatiboak estekatzen jarraitzen dute (ez bakarrik euskaldunek, baizik eta mundu osoan):
Alternatiben artean fedibertsoa delakoaren parte den Mastodon da estekatuena. Mastodon iazko azken hilabeteetan bi milioi erabiltzailetik sei milioira pasa zen. Twitterren bultzadarekin izugarri hazi zen, hirukoizteraino!
Erabiltzaile aktiboez ari gara gainera. Hau da, ez Mastodon instantzia guztietan inoiz erregistratu diren pertsonak, baizik eta azken hilabeteetan sare sozial federatu honetan hitz eta pitz dabiltzanak. Euskal instantzietan ere gorakada nabarmena izan zen:
Gauzak horrela, ez da harritzekoa azken Argia sarien Internet atalean euskal Mastodon komunitatea saritua izatea. Izan ere, euskaldun asko dago Mastodonen. Batez ere norbanakoak baina baita enpresak, elkarteak, fundazioak, gizarte mugimenduak, euskalgintzako agenteak, hedabideak, alderdi politikoak eta udalak, besteak beste.
Gertakari guzti hauek aztertu ondoren, nik uste beldurrik gabe esan daitekeela artikulu honen izenburuak dioena, Mastodon gero eta indartsuago dabilela. Zorionak Mastodon darabilten guztiei!
Informazio gehiago: