Gaur egun berezia da, ospakizun nahiko ezezagun baina benetan ederra. Izan ere, egile eskubideak urtarrilaren 1ean iraungitzen dira. Copyright-a deitu ohi dugun hori, urte zaharrarekin batera bukatu egiten da eta urte berriko lehen egunean lan intelektualak askatu egiten dira. Ondorioz, jabari publikoa, jabetza publikoa edo komunala deitzen den hori, urtero-urtero hazi eta aberastu egiten da. Gogoan izan behar genuke copyright-a behin-behineko salbuespena baino ez dela gure Kultura osatzen duten ezagutza eta jakituria guztien artean. Copyright-aren babesa urte gutxi batzuetarako mailegua besterik ez da. Txikitan ikasi genituen ipuinak, ezagutzen ditugun kantu eta dantza tradizional guztiak, hain gureak sentitzen ditugun jakien errezetak… denak jabetza publikoan daude! Gure gizartearen zutabeak diren ezagutza zientifikoak, artelanak, mitoak, erlijioak, hizkuntzak… denak jabetza publikoa daude! Euskara eta euskaldunok jabetza publikoa elikatzen dugu eta bertatik edaten dugu, egunero eta uneoro, munduko gizaki orok bezala.
Munduko legediek biztanleen lan intelektualak jabetza publikora noiz heltzen diren arautzen dute, nahi izanez gero egileek lan horiek ustiatu ditzaten. Frantziar estatuan, Europako leku gehienetan bezala, urtarrilaren 1ean 70 urte lehenago hildakoen egile eskubideak iraungitzen dira. Beraz, 1953. urtean hil zirenek sortu zituzten lanak gaur guztionak bihurtu dira, jabari publikora batu dira. Espainiar estatuan berriz, egilea hil zela 80 urte betetzen diren egunean iraungitzen dira eskubideak. Beraz, 1942. urtean hil ziren egileek sortu zituzten lanak azken hilabeteotan jabetza publikora pasatzen joan dira; kasu honetan heriotza data zehatzari erreparatu behar zaio. 9-10 urteko tartea dago beraz Pirinioetako alde batean zein bestean.
Modu batera edo bestera, leku batzuetan lehenago edo beranduago, errekako urek itsasoan amaitzen duten bezala, mundu honetako sortzaile guztien lanek jabetza publikoan amaitzen dute. Itsaso sakon eta aberats hori da maiz gure inspirazioaren iturri, gure kulturaren zaindari, baita gizabanako orok sortzen dugun edozerk hartuko duen etxea. Komertzializazioa eta etekin ekonomikoak goraipatzen diren garaiotan, copyright-a ipar bezala hartzen bada ere, jabetza publikoa da benetako erregina. Urteko lehen egunak hori gogorarazten digu urtero-urtero, eta nire ustez, komenigarria eta osasungarria da gauzak perspektiban ikustea. Gabriel Arestik lerro hauek idatzi zituenean ideiak oso garbi zituela iruditzen zait: “nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari”.
Gaur, 2023ko urtarrilaren 1 honetan, hamaika lan gehiago pasa dira jabetza publikora. Denak zerrendatzea ezinezkoa denez, euskarazko Wikipediaren laguntzarekin, egile batzuk aipatuko ditut hemen. Beraiek idatzi, marraztu eta asmatu zituzten guztiak jabetza publikora batu berri dira!
Ipar Euskal Herrian (gaur askatu dira)
- Dylan Thomas ingeles hizkuntzako poeta eta idazlea.
- Edwin Hubble astronomoa.
- Errose Bustintza euskal idazlea, kazetaria eta etnografoa.
- German Landazabal musikagilea.
- Marjorie Kinnan Rawlings ingeles hizkuntzako idazlea.
- Ricardo Baroja margolaria, grabatzailea eta idazlea (Pío Baroja eta Carmen Baroja eleberrigileen anaia).
- Ricardo Bastida arkitektoa.
- Valentine de Saint-Point frantses hizkuntzako artista eta idazlea.
- 1953 urtean hil ziren sortzaile guztien lanak, berdin du urteko zein egun zehatzetan zendu diren.
- Kontuz, Hego Euskal Herrian lan hauek oraindik ez dira jabetza publikora heldu, beste 9-10 urte falta dira.
Hego Euskal Herrian (azken hilabeteotan askatu dira)
- Akiko Yosano idazle, poeta, feminista, bakezalea eta aktibista.
- Amelia Txopitea Villa idazlea.
- Annie Vivanti idazlea.
- Cecilia Beaux margolaria.
- Erramun Olaide apaiza, hizkuntzalaria eta itzultzailea (Biblia osoa euskaratu zuen).
- Germaine Dulac zinemagilea.
- Joxe Mari Lopetegi bertsolaria eta politikaria.
- Lorenzo Agirre margolaria eta polizia.
- 1942 urtean zehar hil ziren sortzaile guztien lanak dira azken hilabeteotan askatu direnak.
- Gaur, 1943ko urtarrilaren 1ean zendu zirenen lanak ere askatzen dira (inor ezagutzen?). Bihar, urtarrilaren 2koak…
- Ipar Euskal Herrian lan guzti hauek aspaldi askatu ziren.
Pertsona txit interesgarriak, bizitza oparoak izan zituztenak. Beraiek sortutakoak orain guztionak dira. Eskerrik asko opariengatik!