Nola itzuli ‘email’ euskarara?

Librezale taldean, WordPressen glosarioa adosten genbiltzala, email nola euskaratu eztabaidatzen hasi gara. Iraganean ere izan dira antzeko eztabaidak. Adibidez, Sustatu webgunean 2003an eta ItzuL posta-zerrendan 2005ean. Antza denez, ItzuL taldean lehenago ere gai honi buruz hitz egin zuten baina eztabaida horren web artxiboa galdu da eta ez dut irakurtzerik izan (Internet Archiveko Wayback Machinen ere ez dago). Idazten ari naizen testu hau, Librezalen 2016an ematen ari den eztabaidari ekarpen bat egiteko saiakera txiki bat da.

Email polisemikoa da

Ingeleseko e-mail hitza electronic mail terminoaren laburdura da eta termino osoa baino askoz gehiago erabiltzen da. Hitz honen atzean dauden protokolo eta estandar gehienak, pasa den mendeko 70. eta 80. hamarkadetan sortu ziren: SMTP, POP, IMAP… Hortik aurrera, Internet sarearen hedapenarekin batera, euskaldunon artean e-mail hitza gero eta ezagunagoa egiten joan zen. Gaur egun, teknologia hau hain dago zabaldua eta hitza hainbeste erabiltzen da, jendeak berea egin duela eta gero eta gehiagotan, ahoskatzen den bezala, gidoi gabe idazten duela. Izena lexikalizatzen ari da eta ‘Internet’ orain ‘internet’ ere idatz daitekeen bezala, ‘e-mail’ ere ‘email’ idatz daiteke.

Email hitza, ingelesez zein euskaraz, gauza bat baino gehiago izendatzeko erabiltzen da:

  1. [Sistema] Hasteko, ordenagailu eta antzeko gailuen artean mezu elektronikoak modu asinkronoan partekatzeko sistema edo sistemak izendatzeko erabiltzen da. Adibidez, «emaila AEBtan asmatu zen» eta «email bidez bidaliko dizut» esaten da.
  2. [Mezua] Sistema horren bitartez partekatzen diren mezuak email message edo besterik gabe email deitzen dira. Adibidez, «email bat bidali dizut» esaten da.
  3. [Helbidea] Hori gutxi balitz, mezuen igortzaileak eta hartzaileak identifikatzeko helbide batzuk erabiltzen dira, email address deritzenak, eta horiei ere maiz email deitzen zaie. Adibidez, «nire emaila urlia@adibidea.eus da» esaten da.
  4. [Aplikazioa] Azkenik, sistema honen bitartez mezuak idatzi, bidali eta jasotzeko erabiltzen diren aplikazioei, email client edo email bezero familiakoei, maiz email deitzen zaie. Aplikazio horiek gailuan instalatuta egon daitezke edo web aplikazioak izan daitezke (bigarren kasu horretan webmail dei daitezke). Adibidez, «nire emaila irekiko dut eta dokumentua bidaliko dizut» esaten da. Bezeroak zerbitzari batzuetara konektatzen dira baina azken hauek ez dute email hitza erabiltzen, baizik eta beste batzuk (MTA, mail relay…) eta beraz azterketa honetarako interes gabekoak dira.

Bistan da beraz, email hitzak hainbat adiera dituela. Nire ustez sarriago erabiltzen dena mezuarena da. Maiztasun gutxiagorekin helbidea adierazteko erabiltzen da, baina kasu honetan ohikoagoa da email soilik esan ordez email address esatea. Email sistemari buruz orokorrean gutxitan hitz egiten da eta beraz, sistemaren adiera ere gutxitan erabiltzen da. Email hitza mezuak kudeatzeko aplikazioa izendatzeko ere gutxitan erabiltzen da. Kasu horretan, ohikoagoa da aplikazioaren izena aipatzea. Adibidez, «Outlook/Gmail irekiko dut eta dokumentua bidaliko dizut» esaten da.

Hiztegiek diotena

Elhuyar hiztegiak ingelesez email, e-mail, email address eta e-mail address sarrerak ditu.

elhuyarren e-mail ingelesez

1. irudia

Lehenengo biak, sistema adierari dagozkie eta beste biak helbideari. Hortaz, mezu eta bezero adierak ez dira agertzen. Hau zeharo bitxia iruditzen zait, gorago azaldu dudan bezala, nire ustez email hitzaren adiera erabiliena mezuarena baita. Hiztegi honek email list sarrera ere ez du jasotzen.

Elhuyar hiztegian frantsesez ez dut sarrerarik aurkitu email eta antzeko terminoentzako. Horregatik, aztertzen ari garen email hitzari dagokionez, hiztegi horretan hutsune bat dagoela esango nuke. Hala ere, aipatu nahi dut WordReference webgunearen arabera, frantsesez e-mail eta email hitz mailegatuez gain ‘courrier électronique’ eta ‘adresse électronique’ sarri erabiltzen direla.

Ados. Eta euskaraz zer? Email besterik gabe esatea zuzena da? Beste hitzik badago? Erabiltzen dira? Ikus dezagun…

Elhuyar hiztegiak euskaraz eta gaztelaniaz adiera berdinak eta termino guztiz baliokideak proposatzen ditu:

elhuyarren e-mail gaztelaniaz

2. irudia

elhuyarren e-mail euskaraz

3. irudia

Beraz, bai, Elhuyar hiztegiari dagokionez behintzat e-mail euskaraz esatea onartua dago. Beno, oraingoz gidoiarekin bakarrik (e-mail), baina azken urteotako joera ikusita (aipatu dudan lexikalizazioagatik), argi daukat denbora kontua besterik ez dela euskaraz ere email sarrera gehitzea euskaldunon artean hitzaren erabilera handitzen denean.

Goiko irudian ikus daitekeenez, mailegatutako e-mail hitza adiera guztietan erabil daiteke euskaraz. Beste hainbat hitz agertzen dira eta hasiera batean harrigarria iruditu badaiteke ere, denak erabiltzen dira: posta elektroniko, mezu (elektroniko), posta elektronikoko mezu, helbide elektroniko.

Ez hori bakarrik, beherago azaltzen dudan bezala, hiztegian agertzen ez den beste hitz bat ere asko erabiltzen da.

Baina lehenago, Elhuyarrek desberdintzen dituen hiru adieren errepaso txiki bat egin nahi dut:

  1. Sistema adierari dagokionez, ingeleseko ‘mail’ hitza euskaraz emateko ‘posta’ erabiltzen denez, esperokoa zen ‘electronic mail’ terminoa euskarara ‘posta elektroniko‘ bezala itzultzea.
  2. Mezu adierari dagokionez, gaztelaniaz ‘correo electrónico’ eta frantsesez ‘courrier électronique’ esaten da. RAE-ko hiztegiak azaltzen duen bezala, ‘correo’ hitzak gaztelaniaz duen adieretako bat bidali eta jasotzen diren gutun eta mezuei dagokie eta beraz, ‘correo electrónico’ terminoa sistemarako zein mezurako aproposa da. Baina Euskaltzaindiako hiztegi batuan agertzen denez, euskararen kasuan posta hitzarekin ez da horrela gertatzen. Horregatik, euskaraz posta hitza duen termino bat ez da nahikoa sistema adieran bezala (‘posta elektronikoa’) eta Elhuyarrek ‘mezu elektroniko‘ edo besterik gabe ‘mezu‘ terminoen alde egiten du. Erreferentzia hauek hori esan arren, zenbait euskal hiztunek, ‘posta’ mezuak izendatzeko ere erabiltzen dute. Agian ez da erabilera jatorra izango baina «posta irakurri eta banoa» bezalako esaldiak nahiko arruntak dira gure artean.
  3. Helbide adierari dagokionez, gaztelaniaz ‘dirección electrónica’ eta frantsesez ‘adresse électronique’ esaten da. Elhuyarrek, ziurrenik erreferentzia hauekin sintonian, ‘helbide elektroniko‘ proposatzen du. Deigarria iruditzen zait hiztegiak ‘mezu (elektroniko)’ jartzea, mezu bakarrik esatea onartuz baina ‘helbide elektroniko’ jartzea. Parentesirik ez dago helbide adieraren kasuan. Hainbat egoera bururatzen zaizkit non mezurekin bezala helbidearekin ere ‘elektroniko’ adjektiboa beharrezkoa ez den. Testuinguru kontua da. Mezu esatean mezu elektroniko bati buruz ari garela ulertzea, helbide esatean helbide elektroniko bati buruz ari garela ulertzea baino errazagoa da? Agian bai, baina nire uste apalean, ez da ahaztu behar gaur egun mezuak bidaltzeko hamaika modu daudela (email, SMS, WhatsApp, Telegram, Facebook…). Niri behin baino gehiagotan gertatu zait norbaitek «mezu bat bidali dizut, ez duzu irakurri?» esatea eta zein mezu (elektroniko) motaz ari den ez jakitea. Zuei ez?

Hiztegiek, gehien bat Elhuyar hiztegiek, diotenari errepaso txiki bat eman ondoren, hiztegiek ez dioten horri buruz hitz egin nahiko nuke orain…

E-posta hitzaren indarra

Aitortu beharra dut nik orain arte ez nuela aipatu ditudan hitz guzti horietako bat ere erabiltzen. Hainbat urte daramatzat e-mail esan ordez euskaraz ‘e-posta’ esaten eta idazten. Hasieran estekatu dudan Librezaleko eztabaidan ikus daitekeenez, duela egun gutxi konturatu naiz e-posta hitza hiztegietan agertzen ez dela eta zur eta lur geratu naiz. Harritu banaiz, e-posta hitza asko erabiltzen delako da: euskarazko webgune garrantzitsuenek, lagunek, lankideek… Argitu beharra dago e-mail denek berdin idazten ez duten bezala, e-posta ere denek ez dutela berdin idazten. Gutxiengo batek eposta eta ePosta bezala idazten du. Edonola ere, nola izan daiteke hainbeste erabiltzen den hitza hiztegietan ez agertzea? Akaso txarto al dago euskaraz e-posta/eposta erabiltzea?

Anne Curzanek TED hitzaldi polit batean azaltzen duenari jarraiki (What makes a word ‘real’?), e-posta hitza erreala da. Hainbat pertsonek erabiltzen dute eta erabiltzen jarraituko du, hiztegietan agertu ala ez. Estekatu ditudan Sustatuko, ItzuLeko eta Librezaleko eztabaidetan batzuk eta besteek azaltzen duten bezala, dezente erabiltzen den hitza da eta hizkuntzalari batzuek gustuko izango ez duten arren, nire ustez hiztegietan leku bat merezi du. Ea nire arrazoiak azaltzeko gai naizen…

E-posta hitzak bere funtzioa ondo baino hobeto betetzen du. E-mail hitza euskaratzen du; argi dago ‘e’ elektronikotik datorrela eta ‘posta’ mail hitzaren itzulpena dela. E-posta hitzak beraz, posta elektroniko esan nahi du, baina modu bitxi batez laburtuta. Eta bitxitasun hori da hain zuzen ere, nire uste apalean, hiztunen artean duen arrakastaren gakoa. E-posta hitza e-mail hitzaren ordezkoa dela agerikoa da eta e-mail erabil daitekeen leku eta modu berdinetan erabil daiteke. Euskaraz, e-mail hitzaren adiera bakoitzeko bizpahiru termino desberdin erabili behar izatea ez da bat ere erosoa. Estres linguistikoa eragiten du eta nire ustez berebiziko eragina du hiztunengan: hitzak nahasten dituzte («posta helbidea»), ezagutzen dituzten beste hizkuntzetara jotzen dute kode-aldaketak eginez («korreoa») eta pragmatismoak gidatuta hitz berriak ere asmatzen dituzte («e-posta»).

Norbaiti bere e-posta eskatzen badiogu, momentuan ulertzen du zertaz ari garen. Eta argitasun gehiago behar izanez gero, ‘e-posta helbide’ esan eta kito, ingelesez ‘e-mail address’ esaten den bezala.

Mezuekin antzeko zerbait gertatzen da. Mezu edo e-posta esatearekin kasu gehienetan nahiko da. Eta nahiko ez bada, ‘e-posta mezu’ esan eta kito, ingelesez ‘e-mail message’ esaten den bezala.

Erabilera estatistika batzuk

Hiztegiak gomendatzen dituen terminoak egiatan euskaraz zenbat erabiltzen diren jakiteko Elhuyarren web-corpusean bilaketa batzuk egitera ausartu naiz. Hauek dira corpus elebakarrean eta hitz-konbinazioen atalean egin ditudan bilaketen emaitza kopuruak (Elhuyar hiztegiak e-mail hitza bilatzean erakusten dituenak bilatu ditut):

  • posta + elektroniko: 4.872 bider
  • mezu + elektroniko: 560 bider
  • posta elektronikoko mezu: ezin izan dut bilatu, corpuseko hitz-konbinazio atalak bi hitzen konbinaketak bakarrik baimentzen dituelako (posta + elektronikoko eta elektronikoko + mezu bilatuz ez dut emaitzarik lortu).
  • helbide + elektroniko: 2.335 bider

Ondoren, bigarren bilaketa hau egin dut:

  • e-posta: 2.324 bider
  • eposta: 369 bider

Lehengo zenbakiak eta bigarren zenbakiak konparatzen baditugu, ukaezina da e-posta hitza ezaguna dela eta errotuta dagoela euskal hiztunen artean. Ez dut ikerketa serio bat egin, ezta gutxiago ere, baina bildu ditudan datu hauek aintzat hartuz gero, ingeleseko e-mail hitzaren baliokideak diren euskarazko terminoen erabilera heren bat gutxi gora behera ‘e-posta’, ‘eposta’ eta ‘ePosta’ hitzekin egiten dela ondoriozta daiteke. Hau da, ingeleseko mailegua alde batera uzten badugu (e-mail), euskarazko baliokideak erabiltzen ditugunean, hirutik bi hiztegikoak dira eta hirugarrena e-posta da. Ez da gutxi! E-posta hitzaren erabilera gainera era guztietako webgunetan ematen da: euskadi.net, gipuzkoa.net, eu.wikipedia.org, argia.com, ikasbil.net, sustatu.com,  zuzeu.com…

eposta webcorpusean

4. irudia

Datu hauek ikusita, ez da harritzekoa Xuxen zuzentzaile ortografikoak eta Microsoft Officekoak e-posta hitza eta bere deklinazioak onartzea eta proposatzea:

e-posta xuxenen

5. irudia

Elhuyarren hiztegiak e-posta hitza onartzen ez badu, zergatik Elhuyarren Xuxenek bai? Tresna biek gai honen inguruko irizpideak bateratzea oso ondo etorriko litzatekeela uste dut: hiztegiak e-posta sarrera izan dezala edo zuzentzaileak e-posta hitza gorriz marka dezala. Beste aukera bat, Xuxen dagoen bezala uztea eta hiztegian e-posta sarrera gehitzea, baina ‘e-posta’ hitzaren ordez beste bat erabiltzea gomendatuz (kasu honetan beste batzuk gomendatuz). Ez dakit Elhuyar hiztegiak horrelakorik egiten ote duen; onartutako hitzak bakarrik agertzen direla uste dut. Edonola ere, orain hutsune bat dagoela iruditzen zait eta berau ixteko zirt edo zart egin beharko litzateke.

Emailaren gainbehera

Guzti hauek irakurri ondoren, pentsa liteke testu luze hau orain arte erabiltzen aritu naizen hitza (e-posta) justifikatzeko ariketa bat izan dela. Nire burua zuritzeko modu bat, egiten dudana egiten jarraitzeko. Ez da horrela. Hiztegiek e-posta hitza jasotzen ez dutela jakitea kolpe gogorra izan da niretzat, horrela zela guztiz sinistua bainengoen. Horrek, nire mugekin bada ere, email euskaraz nola eman zitekeen aztertzera eraman nau. Gai honen inguruan orain arte esan direnak aintzat hartu ditut, nire behin-behineko ondorioak atera ditut (irakurtzen ari zaren hauexek) eta orain, Librezaleko kideekin eta horretarako prest dagoen guztiarekin batera, itxi gabe dagoen gai hau eztabaidatzen jarraitu nahi nuke.

Orain nagoen puntuan ez dakit zer egingo dudan, e-posta hitza erabiltzen jarraitu ala email hitza erabiltzen hasi. Hona hemen nire arrazoi pertsonal eta besterenezinen laburpena:

  1. Hiztegiak proposatzen dizkidan termino gehienek desabantailak dituzte, kasu batzuetan nabarmenak.
  2. E-posta egokiagoa da eta erabiltzera ohituta nago, baina ez da hiztegian agertzen.
  3. Hiztegiak e-mail onartzen du eta euskaratutako termino guzti horien desabantailarik ez du. Ezer esan gabe ez uzteko, aitortu nahi dut e-mail terminoa ‘elektroniko’ hitzarekin osatuta egotea ere ez zaidala oso egokia iruditzen (liburu digitalei liburu elektroniko deitzea gogoko ez dudan arrazoi berdinagatik).
  4. Gidoiaren afera ere (‘e-mail’ ordez ‘email’ gero eta gehiago erabiltzen dela) oso kontutan hartzen dut. Horregatik, euskaraz e-mail idazten hasi ordez argi daukat email idazten hasiko nintzatekeela (hori da testu honetan egin dudana).
  5. Email teknologiaren gainbehera ere kontutan hartzea ezinbestekoa dela uste dut. Gailu desberdinen bidez mezuak partekatzeko ditugun bideak eta moduak aldatzen eta ugaltzen doaz. Garai batean e-mail teknologiak zuen nagusitasuna galdu du eta ez du berreskuratuko: BBS, SMS, MMS, talk, IRC, Slack, Messenger, Jabber, Twitter, Facebook, Google+, Instagram, WhatsApp, Telegram, LINE, Snapchat, Signal… Gaur egun euskaldunok mezuak (sinkronoak zein asinkronoak) gure artean partekatzeko erabiltzen ditugun tresnek, batez ere sakelako telefonoetan, iraultza txiki bat ekarri dute. Sare sozialek eta bat-bateko mezularitza aplikazioek email bidezko mezularitza anakronismo bat bihurtzen ari dira. Tresna berri hauek testua eta fitxategiak partekatzeko aukera ematen dute, emailak bezala, baina gero eta ezinbestekoagoak bihurtzen ari diren hainbat aukera berri dituzte:
  • Irudiak, bideoak eta ahots mezuak erarik erosoenean partekatzen dira.
  • Sare batean zuk diozuna, zure kideek beste sareetan partekatu dezakete di-da batean eta ia inolako mugarik gabe. Zentzu honetan, Facebook eta Google+ dira partekatzeari muga batzuk jartzen dizkieten bakanetakoak.
  • Aldartea adierazteko moduak nonahi daude. Emailetan karakterez osatutako emotikonoak adierazteko aukera badago ere, tresna berrietan smiley-ak, emoji-ak, stickerrak eta abar erabiltzen dira, email teknologia esparru horretan ere zaharkitua geratzen ari delarik.
  • Sare hauetan, kontaktuen kudeaketa email helbidearekin egiten hasi zen, baina gero eta gehiago telefono zenbakiarekin egiten da. Facebooken izena emateko email bat behar duzu baina Googlen eta Twitterren dagoeneko hori hautazkoa da eta sakelako telefonoetarako sortu ziren WhatsApp, Telegram eta antzeko aplikazioetan logikoa denez, telefono zenbakia da norbaitekin kontaktatzeko behar duzuna, ez bere email helbidea.

Amaitzeko, denboran zehar Google bilatzailean egiten diren bilaketen bilakaera erakusten duen Google Trends webgunean email hitzaren gainbehera modu grafikoan erakusten duen irudi hau jarri nahi dut:

e-mail trends-en

6. irudia

Dagoeneko gertatzen da, baina datozen urteetan askoz desegokiagoa eta nahasgarriagoa izango da ‘mezu elektroniko’ eta ‘helbide elektroniko’ bezalako terminoak email teknologiari lotzea. Jendeak «WhatsApp bat bidali dizut» esaten du edo «Telegram bat jaso nuen». Email mezu bat adierazteko, beti esan izan da «Mezu bat bidaliko dizut» eta «email bat bidaliko dizut» baina nire ustez, lehenengoa gero eta gutxiago eta gutxiago erabiliko da eta bigarrena indartu egingo da, mezua email bidez bidali duzula argi uzteko.

Gauzak horrela, ikuspegi pragmatiko batetik, zer esatea ote da hobe?

  1. «Mezu bat bidali dizut»
  2. «E-posta bat bidali dizut»
  3. «Email bat bidali dizut»

Nik pertsonalki lehengoa jada ez dut erabiltzen testuinguruak email bati buruz ari naizela argi utzi ezean. Bigarrena erabili dut orain arte baina babes ofizialik ez duenez eta joera zein den ikusita, agian hobe zuzenean hirugarrena erabiltzen hastea? Pena bat litzateke hainbeste urtez euskarazko terminoen erabilera sustatzen jardun ondoren, azkenean ingeleseko hitza gailentzea, baina e-posta hitzarekin ez bada ez dut ikusten gaur egungo joerei aurre egiteko beste modurik. Zuk zer uste duzu?

3 erantzun


  1. Kontu honek telefonoaren kontuaren inguruan irakurri nuen aspaldiko eztabaida-zalantza zaparrada bat ekarri dit gogora: Nola esan euskaraz gaztelaniaz hain erraz esaten den ‘móvil’ hori?

    Telefono eramangarria, mugikorra, zelularra, sega potoa, patrikakoa, esku-telefonoa… Dozena bat aukera egongo ziren, zein baino zein Xgoa.

    Niri gehien gustatu zitzaidan erantzuna: ‘móvil’ hori euskaraz ‘telefono’ ematea. Ordutik urtetan erabili dut telefono hitza beste batzuk ‘mugikorra¡ erabiltzen duten testuinguruan eta nago beti-beti ondo ulertu didatela.

    Ene problema, orain, nola esan ‘teléfono fijo’ da 😉 (Baina trepeta horiek, zorionez, gero eta gutxiago erabiltzen eta aipatzen dira).

    ‘posta elektroniko’, ‘e-posta’, horiek lasai erabiltzen ditut. Lehenengoa erregistro jasoan hobesten dela nahiko argi ikusten da hiztegietan-eta. Bestea, hiztegietan ez balego sartu egin beharko litzateke, egunerokoa baita zuk gorago erakutsi duzun legez.

    Zehazki hiztegiak ematen du: ‘correo electrónico’, > posta elektroniko, e-posta, e-mail.

    Dena den, nik gehien erabiltzen dudan hitza, ahoz bai behintzat, eta testuinguruaren laguntzarekin, ‘posta’ hitza izaten da: posta mezua, posta helbidea.

    ‘e-posta’ ere lasai asko erabiliko nuke ‘posta elektroniko’ horrekin arazoren bat antzemanez gero. Eta egon daitekeen problema bakarra, nik uste, ‘posta elektroniko’ hitz bikotea informatikako aplikazioren batean luzeegi gera daitekeela da.

    Ahoz ere, luzeegi geratzen da askotan, hanpatuegi.

    Erantzun

  2. Nik neuk e-posta ez dut ontzat jotzen; nire iritzi apalean, izatekotan posta-e (posta elektroniko) izango litzateke. Dena den, zuk zeuk esan duzunez, posta berbak ez du adiera guztietarako balio, beraz… Nik posta elektroniko, mezu elektroniko eta helbide elektroniko erabiltzen ditut maizen, baina ingelesetik ekarritako beste hainbat eta hainbat berba moduan, e-mail ere baliatzen dut batzuetan.

    Erantzun

    1. Kaixo, Nuria:

      Eskerrik asko zure iruzkinagatik. Eskertzen da ekarpenak jasotzea gai honen inguruan. “Posta-e” hitza proposatzen duzu eta egia esan, badira gaztelaniaz gauza berdintsua proposatu dutenak: “correo electrónico” –> “correo-e”.

      Ez da ia erabiltzen baina gaztelaniazko Wikipediak “correo-e” terminoa birbideratu behintzat egiten du: https://es.wikipedia.org/w/index.php?title=Correo-e

      Euskarari dagokionez, hainbat atzizki eta deklinazio dituenez, posta-e erabiltzea desegokia iruditzen zait, “e-posta” hitzarekin ez bezala, hainbat hitz xelebre edo nahasgarri sortuko liratekeelako:
      e-postak < --> posta-ek? posta-eak?
      e-postek < --> posta-ek?
      e-postok < --> ?
      e-postako < --> posta-eko? (ekologiaz ari dela iruditu daiteke)
      e-postari < --> posta-eri? (gaixotasunaz ari dela iruditu daiteke)
      e-postei < --> posta-ei?
      e-postoi < --> ?
      e-postaz bidaliko dut < --> posta-ez bidaliko dut? (ordua bidaliko duzu ala ez duzu bidaliko?)

      Zuzentasun linguistikoa alde batera utzita, pragmatikotasun hutsagatik nik “posta-e” hori ez dut bideragarria ikusten. Gainera, ez du inork erabiltzen eta dakizun bezala, e-mail euskaratzeko dagoeneko baditugu erabiltzen diren beste aukera asko.

      Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude