Edonork onartuko duen bezala, pertsona ororen bizitzan intimitate esparru bat mantentzea garrantzitsua da. Lagun hurkoekin konfiantzaz eta konfidentzialtasunez hitz egin eta erlazionatzeko aukera izatea ere funtsezkoa iruditzen zaigu. Gizarte aske batean beraz, bakoitzak bere bizitzaren pribatutasuna kudeatzea ezinbestekoa dela esan dezakegu. Hau da, pribatutasuna oinarrizko eskubide bat dela. Aurrekoarekin ados bazaude, arazo bat daukazu. Izan ere, garatutako estatuak deitzen direnek (Euskal Herria hartzen duten biek barne) bere biztanleen pribatutasuna sistematikoki urratzen baitute. Beraz, edo pribatutasuna ez da eskubide bat edo ez gara gizarte aske batean bizi. Emango ditudan datuak irakurri eta zuk zeuk erabaki…
Teknologiaren aurrerapenei esker gero eta informazio digital gehiago eta ugariagoa dagoen gizarte batean bizi gara. Informazio hori era egokian erabiliz gero onurak lortuko ditugu, baina horrela ez bada, kaltetuak ere atera gaitezke. Adibidez, auto istripu bat badaukagu eta medikuak guregana heldu eta batera gure historia kliniko osoa eskura badauka, ziur poztuko garela. Baina gure datuak eman ez arren, mota guztietako saltzaileek etxera deitu eta gure galde egiten badute, ziur ez digula inolako graziarik egingo. Orain arte argi. Baina Travel Club-ek bezala doako bidaiak eta opariak ematen dituen txartel bat eskaintzen digutenean, zalantza izpirik gabe ematen ditugu gure familiari buruzko datuak (pertsona kopurua, adina…), gure aurreko erosketak azter ditzaten eta gure gaur egungo eroste jokaerak gidatzen saia daitezen. Baina utz ditzagun alde batera datu-bilketa teknika engainagarriak, informazio pribatuen ihesaldi salagarriak, legez kontrako salerosketak eta abar. Eta mintza gaitezen estatuek biztanleei buruz biltzen dituzten datu pribatuez.
Munduko estatu gehienek dituzte aberriaren segurtasuna defendatzeko ei diren datu-base sekretuak. Baina azkenaldian, antolatutako krimenaren arriskua eta terrorismo internazionalaren mamuak aitzakiatzat erabiliz, biztanleria osoaren datuak biltzea publikoki onartzea lortu dute. Eta hori oso kaltegarria izan daiteke. Ameriketako Estatu Batuetan adibidez, World Trade Centerreko triskantza gertatu ondoren, ia oztoporik gabe onartu zen USA Patriot Act delako legea, non biztanle oro terrorista susmagarria den eta bere pribatutasunak ahuntzaren gauerdiko eztula baino ez duen balio.
Munduko estatu gehienek dituzte aberriaren segurtasuna defendatzeko ei diren datu-base sekretuak
Estatu frantsesean, berriz, olatu terrorista heldu ez bada ere, jendea udako oporretan zegoela aprobetxatuz, EVIDGE izeneko datu-basea informazioz betetzen hastea erabaki dute. Beraz, bertan, 13 urtetik gorako biztanle guztien datu pribatuak gordetzen hasi dira. Besteak beste, joera sexuala, lanbidea, etxeko helbidea, telefono zenbakiak, helbide elektronikoak, bankuko kontuak, aurrekari penalak, zure gertuko senide eta pertsonen izenak, eta baita zure argazki eta bideoak ere. Hain sentiberak diren datu hauen guztien bilketak arrisku berri asko sortzen dituela esan beharrik ez dago. Estatu frantsesak bazuen aurretik helburu berdintsuak zituen Cristina izeneko beste datu-base sekretu bat, baina bertan baieztatutako terroristak eta kriminalak bakarrik zeuden eta gizartea segurtatzeko jende guztia zelatatu beharra zegoen antza.
Estatu frantsesean, EVIDGE izeneko datu-basea informazioz betetzen hastea erabaki dute
Estatu espainiarrean, publikoki behintzat, ez dago biztanleria guztia zelatatzeko erabiltzen den datu-baserik, baina badira aberriaren defentsarako erabiltzen diren beste datu-base asko. Informazio gehiena BERTA eta Ahumada Dukea izeneko ordenagailu babestu bitan dago gordeta.
SUBA izeneko sistema bateratu berri baten bitartez, Guardia Zibilak, Udaltzaingoak eta tokian tokiko poliziek (Hego Euskal Herriaren kasuan Ertzaintzak), era guztietako informazioa kudeatzen dute: NAN, pasaportea, biztanle erroldak, isunak, adimen kriminala (GATI), Schengen informazio sistema (SIS), polizia salaketa sistema (SIDENPOL), SIGO, belarri markak, oinetako markak (SICAR-5), ahots ezagutze sistema, balistika (SAIB), hatz-marka ezagutze sistema automatikoa (SAID), profil genetikoen datu-baseak, gai kriminalak (INT-ADN), auto alokairuak, BARCOS, Gibraltarreko itsas-trafikoa (ESTRECHO), PEDERASTIA eta abar.
Interneteko komunikazioei dagokionez, Ameriketako Estatu Batuetan DragonWare Suite deitzen dutena garatu dute. Hiru sistema desberdin batzen ditu (Carnivore, Packeteer eta Coolminer) baina ezagunena zalantzarik gabe Carnivore delakoa da. Interneteko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresetan, komunikazio guztiak zelatatzen dituen kutxa bat instalatzen dute, eta Carnivore delakoak, zelatatu behar dituen helburuak jaso ondoren, bertatik pasatzen diren e-mail, webgune, chat elkarrizketa eta beste komunikazio mota batzuk zelatatzen ditu, FBIri interesgarriak diren datuak bidaliz. Europa eta Asiako 60 estatutan, berriz, Siemens enpresak garatutako Plataforma Adimentsua erabiltzen dute. Sistema honek ere komunikazioak zelatatzen dituen kutxa bat erabiltzen du, eta Interneteko komunikazio mota askoren artean Internet bidezko konferentziak ere zelatatzeko gai ei da.
Estatu espainiarrean, informazio gehiena BERTA eta Ahumada Dukea izeneko ordenagailu babestu bitan dago gordeta
Baina zelatatze sistemetaz ari bagara, ezin dugu munduko handiena aipatu gabe utzi. Ingelesez hitz egiten duten Australia, Kanada, Zelanda Berria, Erresuma Batua eta Ameriketako Estatu Batuek, Echelon izenarekin ezagutzen den espioitza-sare bat daukate. Sistema honek guztira 120 lur estazio eta satelite izango lituzke, Internet osoko komunikazioen %90 zelatatuko luke eta mundu osoan 100.000 pertsonek egingo lukete lan Echelonentzako. Bere garaian Sobietar Batasunaren aurka egiteko sortu bazen ere, badirudi orain Echelon terroristen aurka, narkotrafikoaren kontra eta adimen politiko eta diplomatikorako tresna bezala erabiltzen dela. Kritikoek diotenaren arabera, espioitza ekonomikorako ere erabiltzen da. Dirudienez, Echelonek emandako informazioari esker, Airbus enpresa europarrak 6.000 miloiko kontratu erraldoi bat galdu zuen Boeing enpresa estatubatuarraren mesedetan. Europak erantzun du antza eta Enfopol izeneko beste sistema bat mantentzen du.
Ikus daitekeenez, gure pribatutasuna pentsatu baino askoz gehiagotan urratzen da. Ezin dugu jakin ez zein informazio biltzen den ezta zuzena den ere. Eta okerragoa dena, ezin dugu kontrolatu informazio hori zertarako erabiltzen den. Hori gutxi balitz, garatutako herriak deitzen diren estatuak izu-espiral batean sartu direla dirudi. Biztanleriaren pribatutasun eskubidea murrizten jarraituz gero, pribatutasun oro galaraztera hel gaitezke, George Orwellen “1984″ eleberrian bezala estatua dena dakien “Anaia Handia” bihurtuz. Indar osoz gaitzetsi beharra dagoen ekimen tamalgarria da Estatu frantsesak egin berri duena: biztanleriari pribatutasuna ukatu dio, terrorismo internazionalaren mamu ikusezinari eta neurtezinari aurka egiteko. Benetan merezi al du sakrifizioak? Badira hau guztia aitzakia besterik ez dela pentsatzen dutenak.
“Behin-behineko segurtasun baten truke oinarrizko askatasun bati uko egiten diotenek, ez dute ez askatasuna ez segurtasuna merezi”
Gu jabetu ere egin gabe, gizartea gero eta kontrolatuagoa eta mantsoagoa bihurtzea da honen guztiaren helburu argia. Ez dakit joera hau zerk eragindakoa den, baina badaezpada, bukatzeko, Benjamin Franklinek esandako hitz hauek ekarri nahi ditut hona: behin-behineko segurtasun baten truke oinarrizko askatasun bati uko egiten diotenek, ez dute ez askatasuna ez segurtasuna merezi.
Informazio gehiago:
- Bruselas apuesta por la creación de una red paneuropea de bases de datos policiales
- Sarkozy pone en marcha la ‘Policía del Pensamiento’
- Sistema Unificado de Consultas de las Bases de Datos (SUBA)
- How the FBI’S Carnivore System Works
- Carnivore (software)
- ECHELON
- Enfopol
Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu dut eta 2008ko irailaren 13an argitaratu da.
Azken iruzkinak