Tag Archives: Irudigintza
2013ko egutegia
2009. urterako egin nuen bezala, 2013. urterako ere egutegi bat prestatu dut. Poster formatua du (DIN A3 neurriko orrialde bakarra) eta Lekeitioko Garraitz irlako argazki bat erakusten du.
Herrietako jaiegunak direla eta, familia eta lagunei banatzeko bertsio desberdinak behar nituenez, SVG fitxategia prestatzerakoan geruza desberdinak erabili nituen. Emaitza hemen dago eskuragarri:
2013EgutegiaBilbo.pdf (1,3 MB)
Ohi bezala, iturri fitxategia ere argitaratzen dut:
2013Egutegia.svg (7,5 MB)
Nahi duenak, argazkia aldatu eta bere egutegi egokitua egin dezala!
Beste hizkuntzak: castellano
2009ko egutegia
Aurten, krisia dela eta, opari bezala egutegi bat prestatzea bururatu zait. Ideia, senideei eta lagunei opariak egitean dirua aurreztea zen. Baina ez pentsa, A3 neurriko egutegi batzuk inprimatzea eta kuadernatzea nahiko garestia da eta. Bilboko argazki denda batetan, egutegi bakoitza 15,50 eurogatik egiten zuten, baina gutxienez 13 kopia eskatu behar nituen. Azkenean Goya-n egin ditut, egutegi bakoitza 18,70 eurogatik atera arren kopia kopuruan mugarik jartzen ez zidatelako.
Nire argazki ederrekin prestatutako egutegia nahi baduzu, neurri erosoa (eta kalitate txikiagoa) duen dokumentu hau inprimatu besterik ez duzu egin behar:
2009Egutegia.pdf (5,8 MB)
Kalitate guztiko irudiak nahi izanez gero, konprimatuta dagoen bigarren fitxategia jaitsi beharko duzu. Bertan, erabili ditudan tresnen iturri-fitxategiak ere sartu ditut:
2009Egutegia.tar.gz (140 MB)
Ohi bezala, nik sortutako argazki, testu eta abarrak jabetza publikoan uzten ditut eta beraz, zuk nahi bezala berrerabili ditzakezu. Egutegi gehiena Inkscape programaren bitartez sortu dut baina azaleko orria egiteko GIMP erabili dut eta dena PDF batetan biltzeko Scribus. Guztia software librea beraz. Eta gainera, argazki libreekin egutegi libre bat sortzeko
Animatu zaitez zu ere eta sortu ezazu zure argazkiekin 2009ko egutegia!
Beste hizkuntzak: castellano
Zotz eta Motz
Getxoko komiki eta manga azokan izan nintzen atzo. Urtero pasatzen naiz Erromotik eta denbora aurrera joan ala hazten eta hobetzen doa. Aurten, karpa bakarra egon beharrean bigarren karpa txikiago bat erabili dute eta bertan mangazale guztiak jarri dituzte, dantzarako eszenatoki eta guzti.
Kontua da, komikiaren gai hau burura etortzerakoan, nik orain dela urte asko marraztu nuen komiki bat etorri zaidala burura. Komiki hau Kostra izeneko aldizkari batek antolatutako lehiaketa baterako egin nuen. Komiki gehiago gordetzen ditut baina tamalez, hau uste dut dela erakustea merezi duen bakarra… Komikiaren izena “Zotz eta Motz” da, pertsonaiak zotzak bezain argalak (eta sinpleak) direlako. Aitari Zotz deitu nion, eta semeari berriz Motz, aita baino motzagoa bait zen Lots izeneko ama bat ere asmatu nuela gogoratzen dut, baina komiki honetan ez da agertzen. Ia 20 urte pasatu dira ordundik!
1. orrialdea (1,1 MB)
2. orrialdea (777 KB)
Ikusten duzunez, ez nintzen (eta ez naiz) komikilari ona baina lehiaketa hartan gidoirik onenaren saria irabazteko gai behintzat izan nintzen. Izan ere, orain ere hamaika komiki egiteko ideiak dauzkat. Agian animatuko naiz besteren bat egiten… Webgune honetako edukiak jabetza publikoan uzten ditudanez, agian ganorazko marrazkilariren bati ideiaren bat eman niezaioke
Irudi bektorial batzuk
Azken urteetan parte hartu dudan proiektu edo ekitaldi batzurentzako logotipo, banner, pegatina, kamixeta proposamenak eta antzekoak egin ditut. Horietako batzuk, Inkscape programa librearen bitartez, SVG formatu irekian garatu ditut. Irudi mota hau, kalitate galerarik gabe eskalagarria izan daitekela du ezaugarri, eta horregatik, fitxategi hauek nahi duen edonorentzako eskuragarri jartzea merezi duela pentsatu dut.
Irudi honetan, Bézier kurben bitartez eskuz margotutako marra bat nola sortu daitekeen erakusten da:
Beste honetan aldiz, testu batek norberak sortutako marra baten bidea nola jarraitu arazi daitekeen ikusten da:
Hurrengo honetan, irudi berriak sortzeko aprobetxatu daitezkeen sinbolo batzuk aurki daitezke, adibidez, copyleft sinboloa, glider sinboloa eta birziklaketa sinboloa:
Beste irudi hau, Barrapunto.com webgunean RDIF teknologiari buruzko albisteetan erabiltzeko sortu nuen. Ertz borobilduak zituzten errektangelu batzuk elkarren gainean jarriz di-da batean sortu nuen logotipo sinple eta argi hau:
Azkenik beste irudi hau ere aurkitu dut nire disko gogorrean. Kasu honetan, abildua letra testu bezala idatzi nuen eta gero automatikoki objektu bektoriala bihurtu nuen, nahi nuen itxura zehatza emateko. Sua irudikatzeko erabili nituen izar bi horiek, nahi beste ertz dituen objektu bat sortuz lortu daiteke, gero errotazioa, erradio txikiena, erradio handiena eta beste parametro batzuk aldatuz. Honelako tresna bektorial bat erabili ezean, horrelako formak lortzea askoz zailagoa da eta kontutan izan beharreko baliabidea dela uste dut. Hona hemen hain tresna boteretsuekin lortu nuen emaitza kaxkarra
Oharra: eduki hauen zati bat Wikipedia Commons proiektuarekin noizbait parekatu beharra dut, ekarpenen bat egin dezakedan ikusteko. Nola ez, edozein gomendio edo laguntza guztiz ongi etorria da.
Beste hizkuntzak: castellano, english
Azken iruzkinak