Aurreko artikuluan aipatu nituen Jakintza libreari buruzko jardunaldiak ospatu ziren eta nire aldetik, arratsalde horretan burutu genuen dinamikan software librearen inguruan egin ziren hausnarketak zabaldu nahi ditut.
Bertan bildu ginen 30 lagunok erantzun beharreko galdera, besteak beste, hau zen: Zer urrats egin ditzakegu software librearen erabilera eta hedapena sustatzeko?
Hiru taldetan banatu baginen ere, erantzun bat baino gehiago errepikatu egin zen. Ikus dezagun jendeak zeintzu urrats, ekimen eta ideia proposatzen zituen software librea bultzatzeko:
- Umeek eskolatik software librearekin ikastea. Hori lortzeko modu desberdinak aipatu ziren. Eusko Jaurlaritzaren Eskola 2.0 ekimenaz aritu ginen pizka bat, baina ordenagailuek GNU/Linux sistema eragileaz gain Windows ere badutenez, ikasle eta irakasle ia guztiek ezagutzen dutena aukeratzen dutela azaldu zuten.
- Gizartearen arlo guztietan (etxean, enpresetan, administrazioan eta abar) formatu irekiak erabiltzea.
- Gizarteak arlo guztietan software librea (gehiago) erabiltzea. Batzuk bapateko migraketaren alde agertu ziren eta beste batzuk berriz pauso-pausokoa. Edozein kasutan, denok ados ginen software librea bultzatzeko ahalik gehien erabili behar zela eta gu geu ginela erabaki hori hartu behar genuen lehenak.
- Administrazio publikoa, herritarrak zaindu eta beraien interesak defendatu behar dituenez gero, software librea eta formatu irekiak bultzatu behar ditu, ezbairik gabe, ahalik azkarren eta kontra dauden interesei pribatuei aurka eginez.
- Software librearen onurak gizarteratu egin behar dira, familiari, lagunei, lankideei… Software librearen inguruan dauden mitoak ere apurtu egin behar dira. Eta berriz ere, zabalketa hau gizartea osoak egin beharreko zerbait da, norbanakoek, administrazioek, sindikatuek, enpresek… gizarte eragile guztiek.
- Ordenagailu bat erosten dugun bakoitzean, software librearekin eskatu behar dugu; modelo batzuk GNU/Linux-ekin saltzen direlako eta edozein kasutan saltzaileek eskari hori ikus dezaten.
- Periferikoak egiten dituztenek software librea kontutan izan behar dute.
- Software librearekin ez daude mota guztietako programak garatuta (jabedun softwarearekin ere ez), eta guztion ardura da gutxi-gutxika behar guztiak asetzeko aukerak lortzea.
- Software libre dezente euskaratuta dago jada hainbat eta hainbat herritarrei esker, baina itzulpenak sakabanatuak daudenez batzutan arazoak sortzen dira. Egindako lana behar bezala argitaratu behar da.
Open Space delako ekitaldian Maite Goñi eta Gorka Palaziorekin batera egon nintzen eta beraiek ere idatzi dute han gertatutakoari buruz.
Azken iruzkinak