Wikipedia Interneten dagoen entziklopedia ezaguna da. Berrehun hizkuntza baino gehiagotan dago (Wikipedia euskaraz barne) eta hizkuntza guztietako orrialdeak batuta, hamaika milioi baino gehiago dira. Bere edukiak doan ikustea ahalbidetzeaz gain, edonori parte hartzeko aukera ematen dio, baita izena eman beharrik gabe ere. Bere edukiek lizentzia libre bat dute eta beraz, copyright murriztailearekin ez bezala, edonork nahi dituen eduki guztiak kopia ditzake, eta baita hobetu ere. Proiektu honek, sorreratik, software librearen filosofia bere egin du eta, software librea bezala, Interneteko boluntario zenbatezinei esker bihurtu da munduko entziklopediarik handiena, erabiliena eta biziena. Bere arrakastaren seinale, munduko webgune guztietatik bederatzigarren bisitatuena da.
Berrehun hizkuntza baino gehiagotan dago eta hizkuntza guztietako orrialdeak batuta, hamaika milioi baino gehiago dira
Wikipedia, bere berezitasunak baditu ere, oinarrian beste entziklopedia bat da. Giza ezagutza biltzea helburu duen lan bati eska diezazkiokegun funtsezko ezaugarri guztiak ditu: edukiak zehatz eta argi azalduta daude, interes unibertsala dute, testuek objektibotasuna dute helburu (subjektibotasuna edo iritziak alde batera uzten dira), irudiak eraginkortasunaren arabera erabakitzen dira (ez estetikaren arabera), informazioak ez du interesa galtzen denbora aurrera doan heinean, eta abar.
Wikipedia, bere berezitasunak baditu ere, oinarrian beste entziklopedia bat da. Giza ezagutza biltzea helburu duen lan bati eska diezazkiokegun funtsezko ezaugarri guztiak ditu.
Garai bakoitzak berea
Gizakiak historian zehar informazioa bildu eta transmititzeko era desberdinak erabili ditu. Gure arbaso zaharrenek ez zuten idazkera erabiltzen ezagutzari jarraipena emateko, ahotsa baizik (kantuak, ipuinak, eta abar). Erdi aroan, compendium delakoak idazten ziren helburu horretarako eta batez ere hezkuntzan erabiltzen ziren. Ilustrazioarekin heldu zen lehenbiziko entziklopedia, Encyclopédie izenekoa.
Compendiumek egile bakarra izaten zuten arren (horrek dituen subjektibotasun eta luzera mugekin), egile askok hartu zuten parte lehen entziklopedia horren prestaketan: Diderot, D’Alembert, Voltaire, Montesquieu, Rousseau, Jaucourt eta beste hainbat. Compendiumekin alderatuta entziklopediek duten beste berezitasun bat ikasketarako material gisa baino, irakurlearen kontsultak asetzeko erabiltzen direla da.
XVII. mendeko frantziar Encyclopédie-ren ondoren, herri bakoitza bere hizkuntzan entziklopediak sortzen joan zen: Britannica entziklopedia ingelesa, Brokhaus alemaniarra, Espasa espainiarra, Auñamendi euskalduna, eta abar.
XVII. mendeko frantziar Encyclopédie haren ondoren, herri bakoitza bere hizkuntzan entziklopediak sortzen joan zen: Britannica entziklopedia ingelesa, Brokhaus alemaniarra, Espasa espainiarra, Auñamendi euskalduna, eta abar. Baita Larousse, Universalis, Hachette, Agora eta beste asko ere.
Lan hauek guztiek bi gauza zituzten komunean. Alde batetik, paperean inprimatzen ziren, inprentaren laguntza ezinbestekoari esker. Eta bestetik, edukiak aditu talde aukeratu batek bakarrik prestatzen zituen. Jakitun ilustratuek bakarrik parte har zezaketenez, nahiz eta garai haietan erlijioak gizartean pisu handia izan, arrazionaltasuna eta pentsamendu ilustratua zutabetzat zituzten entziklopediak sortzea lortu zuten.
Beltzek eta orangutanek antzekotasun harrigarriak eta ugariak dituzte. Filantropo batzuk arraza beltza arraza zuria bezain adimentsua dela frogatzen alferrik saiatu dira.
Hori, nola ez, lorpen handia da, baina bere alde ilunak ere badituela onartu beharra dago; adibidez, esklabotza garaiko entziklopedia batek (Pierre Larousse-ren Grand Dictionnaire Universel, 1874an argitaratua), “beltzek eta orangutanek antzekotasun harrigarriak eta ugariak” zituztela zioen eta “filantropo batzuk arraza beltza arraza zuria bezain adimentsua dela frogatzen alferrik saiatu dira”.
Gaur egun inprentak oraindik egon badauden arren, Internetek kontsulta tresna bezala duen potentziala ikusita ez da harritzekoa gero eta entziklopedia tradizional gehiago sarean ikusgai egotea. Jakina denez, Internetek inprentaren norabide bakarreko informazio fluxuaren muga gainditzen du. Internetek, informazioaren igortzailearen eta jasotzailearen arteko banaketa lausotu egiten du. Horregatik, askorentzat, Wikipedia bezalako ekimen bat sortzea, denbora kontua besterik ez zen.
Internetek, informazioaren igortzailearen eta jasotzailearen arteko banaketa lausotu egiten du. Horregatik, askorentzat, Wikipedia bezalako ekimen bat sortzea, denbora kontua besterik ez zen.
Wikipediaren berezitasunak
Esan bezala, Wikipediak entziklopedia tradizionalen funts berdinak ditu, baina ekimen berritzailea bihurtzen duten ezaugarriak ere baditu. Ohiko entziklopedistentzako akatsak eta wikipedistentzako abantailak diren desberdintasunen artean, bi dira nire ustez nabarmenenak. Alde batetik, Wikipedia guztiz proiektu irekia dela (edonork parte har dezake), eta bestetik, etengabeko eraikuntzan dagoela (eduki berriak argitaratzeko data berezirik ez dago, edukiak inoiz eteten ez den eboluzio prozesu baten barruan bait daude).
Ohiko entziklopedistentzako akatsak eta wikipedistentzako abantailak diren desberdintasunen artean, bi dira nire ustez nabarmenenak. Alde batetik, Wikipedia guztiz proiektu irekia dela, eta bestetik, etengabeko eraikuntzan dagoela.
Wikipedia, Internetera konexioa duen edonork erabil dezake, doakoa baita. Eta ez hori bakarrik, dauden edukiak zuzendu eta eduki berriak sor ditzake interesa eta gogoa duen edonork. Horretarako ez da ezer berezirik egin behar (webgunean izena ematea ere ez da beharrezkoa), ekarpen gehienak erregistratutako erabiltzaileek egiten badituzte ere. Beraz, inork ez dizu galdetzen ea zein gaitan zaren aditua eta, nahi duzun atalean idazteko baimena izateko, inork ez dizu eskatzen zure ezagutzak eta esperientzia frogatzeko. Erabiltzen den estrategia guztiz kontrakoa da.
Software librea garatzeko hainbeste erabiltzen den bazar metodologia izeneko filosofia jarraituz, jende guztiari dena egiteko baimena ematen zaio. Horrekin batera, autokudeaketa azaleratzeko tresnak ere jartzen dira: foroak, bozketak egiteko bitartekoak, artikulu bakoitzari atxikitako eztabaida atalak, erabiltzaileek elkarri oharrak uzteko erak…
Semafororik gabe eta trafikoz gainezka egon ohi diren Thailandiako bidegurutzetan gertatzen den bezala, kaosetik antolaketa sortzen da. Fenomeno horri emergentzia deitzen zaio eta nagusi den antolaketa hierarkikoaren antzik ez du. Helburu berdina lortu nahi duen jende multzo heterogeneoak, malgutasuna eta freskotasuna galdu gabe, gauzak aurrera ateratzen ditu. Sistema bere kaxa erregulatzen da. Wikipediako milaka erabiltzailek, arteari, zientziari eta historiari buruzko artikuluak garatu, adostu eta hobetzen dituzte. Artikulu zehatzak, objektiboak, erreferentziaz betetakoak, argiak eta atenporalak lortzeko arauak eta laguntza orriak sortzen dituzte, baita etengabe aldatzen ari diren edukiek gutxieneko irizpide batzuk betetzen dituztela kontrolatzeko mekanismoak ere (bibliotekariak, bot-ak eta abar).
Ohiko entziklopedisten kexuak
Paperezko entziklopediak egiten dituztenek nahiago dute den-dena neurtuta eta planifikatuta egotea, nahiz eta askoz eduki gutxiago eta askoz era motelagoan kudeatzeko gai izan. Ez dute gustuko gai batean aintzat hartutako aditua izan ez daitekeen batek artikulu bat sortu ahal izatea eta, ondoren, beste ezezagun askoren artean, informazio hori hobetu ahal izatea. Wikipedia ikuspegi kritiko batekin irakurri behar dela diote. Noski baietz, beste edozein testu bezala.
Benetan garrantzia duena ez da ekarpen bat nork egiten duen, ekarpena bera ona izatea baizik. Eduki egokienak argumentuekin defendatu behar dira, ez estatus edo curriculum batekin.
Entziklopedistek, Wikipediako artikuluek eztabaidarako duten atalean batzuetan sortzen diren borrokak gaitzesten dituzte, errealitatea konplexua izango ez balitz bezala, giza ezagutza jaiotzez gauza ordenatua izango balitz bezala, aditu batzuek entziklopedia bat sortzeko eztabaidatu beharrik izango ez balute bezala. Goizago ala beranduago, jende mota honek, guztiona den ezagutza, guztion artean eraiki behar dugula ulertu beharko du. Benetan garrantzia duena ez da ekarpen bat nork egiten duen, ekarpena bera ona izatea baizik. Eduki egokienak argumentuekin defendatu behar dira, ez estatus edo curriculum batekin.
Nire ustez, interes unibertsaleko entziklopedia batean, edonork egin dezake baliagarria den ekarpen bat. Hori egiteko aukera, ordea, Wikipediak bakarrik ematen du. Berdin dio ume ala agure izan, emakume ala gizon, ikasle ala langile, txiro ala aberats, zale ala aditu, beltz ala zuri. Berdin dio artikulua historiari, zinemari, matematikei, astronomiari ala manga marrazkiei buruzkoa den. Entziklopediarik onena ekarpen baliagarri gehien bereganatzeko gai dena da. Eta Wikipediaren auzolan ereduak, irekiena izateaz gain, Citizendiumek eta Interneteko beste entziklopedia batzuek dutena baino egokiagoa dela erakutsi du. Emaitzak ikusita, ez dago zalantzarik.
Nature aldizkari ezagunak, 2005eko abenduan argitaratu zuen ikerketa baten emaitzetan azaltzen zen bezala, ingelesezko Wikipediaren kalitatea ia Britainiar Entziklopediaren parekoa zen. Eta ordutik hona, Wikipediako edukiak asko hobetu dira.
Ohiko entziklopediak iragana dira. Wikipedian gaizki dagoen zerbait aurkitzen baduzu edo zerbait faltan botatzen baduzu, ez pentsa beste entziklopedia batera joanda aurrerapenik egingo dugunik. Saiatu zaitez zu zeu edukiak tanta bat hobetzen. Ez izan beldurrik, zu ere giza ezagutza biltzen laguntzeko gai baitzara; gainera, trukean, gizakiok orain arte sortu dugun entziklopediarik onena lortzen lagunduko duzu. Gogoratu Wikipediako edukiak libreak direla. Nireak bezain zureak. Guztionak.
Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu dut eta 2009ko martxoaren 20an argitaratu da.
Informazio gehiago:
Azken iruzkinak