Irudi originala: Mats Halldin (CC BY-SA 2.0)
Gizakiok historian zehar garai askotan eta era askotan amestu dugu gauza bizigabeak bizidun bihurtzen zirela. Orain dela ez askora arte, era horretako eraldaketetan magia egoten zen tartean. Adibidez, Pinotxo egurrezko panpina mutiko bat bihurtzen zeneko ipuinean. Edo Oz-eko magoaren istorioan, beste pertsonaia batzuren artean bihotz bat bilatzen zuen latorrizko gizon bat agertzen zelarik.
Denborarekin magia albo batera uzten joan gara, eta gaur egun bizidun artifizialak sortzeko zientzia eta teknologia iruditzen zaizkigu bide sinesgarriagoak. Horren lehen adibidetako bat Frankensteinen istorioa izan daiteke. Ondoren beste asko eta asko etorri dira. “Gerrazko jokoak” filmean, txat baten bitartez hitz egiteko gai den ordenagailu boteretsu batek gerra nuklearra eragiteko zorian dago. “Galaxietako Gerra” nobelan, besteren artean, C3-PO robot xelebrea agertzen da, ehunka hizkuntza hitz egin eta itzultzeko gai dena. “2001 espazioko odisean”, espazio-ontzi osoa kontrolatzen duen ordenagailu eraginkorra agertzen da, HAL9000, astronautek diotena ulertu eta entzuteko gai dena, baita ezpainak irakurrita ere. “Berrehun urteko gizona” izeneko filmaren protagonista robot bat da eta ekinaren ekinez gizakiek bera gizakitzat onartzea lortzen du, nahiz eta berak jatorri desberdina izan. “Alien” saileko filmeetan berriz, androideak agertzen dira, hau da, gizaki itxura duten robotak eta, gainera, benetako gizakietatik desberdintzen zailak direnak. Gauza bera “Terminator” filmeko robotekin, “Blade Runner” filmeko replikanteekin, “I.A. Adimen Artifiziala” filmeko ordezko umea eta sexurako mekarekin eta abar. Hain justu, Steven Spilberg-en film honen bukaeran, “Abyss” filmean agertzen diren beste robot mota berezi batzuk agertzen dira, estralurtarrek sortutako robotak.
Gizaki adimentsuak
Esan bezala, era askotako bizidun artifizialak irudikatu ditugu, baina gure ipuin, nobela, film, komiki eta abarretan bada beste bizidun artifizial mota bat. Teknologiari esker gorputz fisikorik behar ez duen adimen arfifiziala (AA) garbia. Ziberpunk estiloaren sorrera suposatu zuen “Neuromancer” nobelan adibidez, Wintermite era horretako gizaki adimentsua da, eta “izotza” deitzen den Internet antzeko batean bizi da. “Akira” komikian AA misteriotsu bat agertzen da, eta “Max Headroom” telesailean AA berritsu eta barregarri bat. Ikus daitekeenez, adibideak zenbaezinak dira. Hala ere, argitu beharra dago, “Robocop” bezalako ziborgak kanpoan utzi beharra dagoela, horiek benetako gizakiak baitira, baina gorputz atal elektronikoekin, protesiekin eta antzeko gehigarriekin hobetuak. Beraz, hor ez legoke bizitza artifizialik.
Gizakion burmuina naturak sortu duen gauza konplexuenetakoa da, eta gauza benetan txundigarriak egiteko gai da
Orduan zer da bizidun artifizial bat? Gorputz atal artifizialen bat duena ala burmuina, pentsatzeko tresna, artifiziala duena? Nire ustez, bigarrena. Gizakion burmuina naturak sortu duen gauza konplexuenetakoa da, eta gauza benetan txundigarriak egiteko gai da. Gu konturatu gabe arnasa eta gorputzeko hainbat prosezu erregulatzen ditu, eta zentzumenen bitartez jasotzen dugun informazio guztia oso era zehatz eta azkarrean kudeatzen du. Eboluzioari esker, gizakion burmuina gure beharretara oso moldatua dago. Adibidez, begiekin bi dimentsiotan ikusten dugun errealitatea hiru dimentsioatan somatzeko gai gara, grabitatearen eraginez mugitzen den objektu batek zein ibilbide egingo duen aurreikusteko gai gara, zarata handia duen informazioaren (soinua, irudia) sekulako ulermen gaitasuna dugu… Eta hau dena ahalegin handirik egin gabe lortzen dugu, ia konturatu ere egin gabe.
Burmuinaren garrantzia
Esandako guztia gutxi balitz, gizakiok, gure burmuinari esker, sentimeduak ditugu, autokontzienteak gara, umorea dugu, sortzaileak gara, oso azkar moldatzen gara egoera berrietara, informazio partzialarekin erabaki egokiak hartzeko gaitasun bikaina dugu, gure kabuz ikasteko gai gara, inprobisatu egiten dugu… Benetako ordenagailuek, gaur egunekoek (ez filmeetan agertzen direnek), gauza horiek guztiak egiteko gai al dira? Ia bat ere ez, eta gai izatekotan partzialki eta oso era traketsean.
Gure burmuinak 100.000 neurona ditu, beraien arteko loturak 100 biloira heltzen dira eta neurozientzialariek sare erraldoi horren funtzionamendua gainetik besterik ez dute ulertzen
Burmuina, gizakion gorputz osoaren pisuarekin alderatuz ez da asko, %2a besterik ez, baina kontsumitzen duen oxigenoa eta energia askoz gehiago da, %20a. Jaikitzen garenetik oheratzen garen arte (seguru aski lo gaudela ere bai) egiten dituen etengabeko lan konplexuak ikusita, ez da harritzekoa hainbeste energia behar izatea. Gure burmuinak 100.000 neurona ditu, beraien arteko loturak 100 biloira heltzen dira eta neurozientzialariek sare erraldoi horren funtzionamendua gainetik besterik ez dute ulertzen. Askotan kontrakoa iruditzen bazaigu ere, horrelako biomakina konplexu eta findu baten aurrean gure ordenagailu txotxoloak oso traketsak dira.
Asko kostata, baina ingeniari eta informatikariek lortu dute gu bezala zango birekin ibiltzeko gai den robota sortzea, arrautza bat eskuekin irekitzeko gai dena edo biolin bat ganoraz jotzeko gai dena. Atasa hauek bere garaian benetako erronkak izan ziren horrelako gauzak egin ahal izateko, koordinazioa, zehaztasuna, zentzumenekin lotutako informazio mordoa prozesatzeko gaitasuna eta erantzun bizkorra behar baitira. Baina robotika, aurrerapen teknologikoei esker, gutxi-gutxika bada ere, aurrera doa. Giza adimenaren pareko adimen artifiziala sortzea berriz beste kontu bat da. Arlo honetan, aurrerapenak askoz txikiagoak izan dira, eta gaur egungo teknikekin (neurona sare artifizialak, araudun sistema adituak) ez dago nondik asko tiratu ere.
Filmetako robot adimentsuetatik urrun
Telefono bitartez agente automatiko batekin “hizketan” aritu behar izan dugunok, ondotxo dakigu sistema hauek zein belarri gogorrak izaten diren
Adimen artifizial bat, ahotsak ezagutzeko (entzun) gai izan beharko litzateke eta baita ahotsaren sintesia egiteko (hitz egin) ere. Telefono bitartez agente automatiko batekin “hizketan” aritu behar izan dugunok, ondotxo dakigu sistema hauek zein belarri gogorrak izaten diren. Ikusmen artifiziala berriz, orain dela hamarkada batzuk ikertzen hasi bazen ere, oraindik ere jaioberria izaten jarraitzen du. Ordenagailuek kalkulu mordoa egin ondoren objektuen soslaia ezagutzea ozta-ozta lortu da eta arazo askorekin. Lurrean dagoen marra argi bat jarraitzea, bestalde, aspaldi lortu zen, baina horrek zailtasun askorik ez duela ere aitortu beharra dago. Hizkuntzari dagokionez, lengoaia naturalen prozesamendua (LNP) deitzen dena ere erronka ederra bihurtu da. Testuen itzultzaile automatikoen saiakerak eta Youtubek (Googlen teknologiaz ere baliatuz) bideoetan azpitituluak automatikoki ikusteko duen aukera berria, horren erakusgarri dira.
Adimen artifizialek hizkuntzarekin lan egiteko duten gaitasuna, gizakiokin gertatzen den bezala, aditu askoren ustez, adimenaren gakoa izan daiteke. Izan ere, informazio mota guztiak kode edo hizkuntza motak dira finean. Horregatik, Alan Turing matematikari ospetsuak, sistema artifizial bat adimentsua den ala ez erabaki ahal izateko, Turingen froga deitzen dena asmatu zuen. Pantailaren mutur batean azterketa egingo duen gizakia jarri eta beste muturrean biotako bat, adimentsua den ala ez jakin nahi dugun ordenagailua edo beste pertsona bat. Elkarrizketa baten ondoren, ordenagailuak aztertzaileari pertsona batekin txat-ean aritu dela pentsarazten badio, froga pasatuko du eta adimentsua dela ondorioztatu daiteke. Horrelako lehiaketa bat ospatzen da urtero eta aurten Elbot izeneko programa batek errekorra egin du, aztertzaileak elkarrizketen %25ean engainatzea lortuz. Beraz, filmeetako robot adimentsuetatik oso urrun gaude oraindik, baina egunen batean nork daki…
Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu dut eta 2008ko azaroaren 8an argitaratu da.
Azken iruzkinak