Azken urteotan gero eta gutxiago idazten dut blog honetan eta konturatu orduko 12 hilabete pasa dira nik hemen ezer argitaratu gabe. Ibili banabil ohi bezala talde desberdinetan lanean eta kontu desberdinak sortzen eta argitaratzen, baina gaur egun bakarka ezer gutxi egiten dut. Urteak aurrera doaz eta egia esan nire jardun maila ere jaitsi da, esparru askotan. Horren inguruan erabakiak hartzeko unea heldu zaidala uste dut, baina hori ez da bidalketa honen gaia.
Gaur, 2025eko urtarrilaren 1ean, urtero bezala, Jabetza Publikoaren Eguna ospatzen da mundu osoan. Urteko lehen egun berezi honetan hainbat lanen egile-eskubideak iraungi egiten dira toki askotako legedietan. Hau da, “copyright” delakoa amaitu egiten da eta lan horiek erabiltzeko ez diogu inori baimena eskatu beharrik. Jabari publikoa hazi egiten da, gizadi osoarenak diren ezagutzak, kontakizunak eta esperientziak ugarituz eta aberastuz.
Tokian tokiko irizpideak
Ez da ahaztu behar egile-eskubideak, anglosaxoien eraginez “copyright” bezala ere izendatzen direnak, denbora muga bat dutela. Tokian tokiko legeen arabera denbora muga hori desberdina da, baina esango nuke ohikoena dela egilea hil ondoren beste 50 edo 70 urtez luzatzea lan horiek duten babesa. Behin denbora hori igarotakoan, akabo mugak; egile hori bizirik zegoen bitartean sortu zituen lan guztiak jabetza publikora batzen dira eta gizarte osoak nahieran erabil ditzake. Hori da laburpena, baina tokian tokiko legeei erreparatu beharra dago ideia orokor hau zehazki nola gauzatzen duten ikusteko, xehetasunak eta salbuespenak ugariak baitira.
Euskaldunoi dagokigunez, aurten zeintzuk lan pasa dira jabetza publikora? Galdera hori erantzuteko, Pirinioen bi aldetara begiratu behar dugu, Frantziar eta Espainiar estatuek jabetza intelektuala babesteko lege desberdinak baitituzte.
Frantziaren kasuan (Europako estatu gehienetan bezala), honela laburbildu dezakegu irizpidea: “lana babestuta dago egilea bizirik dagoen bitartean eta beste 70 urte gehiagoz”. Hau da, egilea hil zenetik (edo lanak egile bat baino gehiago badu beranduen hil zen egilea hil zenetik) 70 urte betetzen diren urteko abenduaren 31n lanak babestuta jarraituko du, baina hurrengo egunean, hau da, hurrengo urteko urtarrilaren 1ean, dagoeneko 71. urtea izango denez, egun horretantxe, 71 urte lehenago zendu ziren egile guztien lanak aldi berean jabetza publikora pasako dira.
Espainiaren kasuan irizpidea berbera da, baina salbuespen oso garrantzitsu batekin: 1987ko abenduaren 7an indarrean jarri zen egile-eskubideen legearen arabera, egun horretatik aurrera sortutako lanek goian azaldutako irizpidea jarraitzen dute (bizi bitartean + 70 urteko babesa), baina egun hori baino lehenago sortutako lanek, aurreko legearen irizpidea betetzen jarraitu behar dute. Aurreko lege hori, 1879ko urtarrilaren 10ekoa da (oso zaharra!) eta honela laburbildu dezakegu bere irizpidea: “lana babestuta dago egilea bizirik dagoen bitartean eta egilea hiltzen den egunetik beste 80 urte gehiagoz”. Kasu honetan, babesa luzeagoa da eta iraupen finkoagoa du. Horregatik, egile bat adibidez apirilaren 7 batean hiltzen bada, berak sortutako lanak apirilaren 8an pasako dira jabetza publikora, 80 urte beranduago. Martxoaren 22an hildako egilearenak martxoaren 23an eta abar. Beraz, egile bakoitzaren lan guztiak batera pasatzen dira jabetza publikora, baina egile bakoitzarenak egun desberdinean (ez denak urtarrilaren 1ean).
Azaldu ditudan Iparraldeko eta Hegoaldeko irizpideok diagrama honetan adierazten saiatu naiz:
AEBtako irizpideak adibidez ez du egilearen bizitzaren iraupenarekin zerikusirik, lanaren argitaratze-datarekin baizik. Lan bat lehen aldiz noiz argitaratu zen hartzen da kontuan bertako legearen arabera eta babesa 95 urtez luzatzen da. Hau da, bertako legearen arabera, 1929an zehar argitaratu ziren lan guztiak 2025eko urtarrilaren 1 honetan pasatzen dira jabetza publikora. Bertan ere bada salbuespenik (egilea AEBtakoa den ala ez, lana soinu grabazio bat den ala ez), baina AEBak urruntxo daude eta ez naiz xehetasun gehiagotan sartuko.
Jabetza publikoan dauden lan berriak
Gorago azaldutakoak kontua hartuta (idatzita utzi ditut urtetik urtera ahaztu egiten zaizkidalako!), errepasatu ditzagun jabetza publikora pasa diren lanetako batzuk:
Ipar Euskal Herrian (gaur bertan)
- Alan Turing kriptografo eta filosofoaren lanak
- Antonio Amundarain antzerkigile eta idazlearen lanak
- Colette idazlearen lanak
- Emeterio Arrese idazlearen lanak
- Frida Kahlo margolariaren lanak
- Henri Matisse margolari, eskultore eta diseinatzailearen lanak
- Hermila Galindo idazle eta kazetariaren lanak
- Jacinto Benavente antzerkigilearen lanak
- James Hilton idazlearen lanak
- Juan Jose Lujanbio Zabaleta (Saiburu) bertsolariaren lanak
- Karmele Errazti idazlearen lanak
- Lumière anai zinemagileen lanak, besteak beste “La lune à un métre” filma ezaguna
- Maria Goiri idazlearen lanak
- Plazida Otaño bertsolariaren lanak
- Robert Capa argazkilariaren lanak
- Thea von Harbou idazle eta zinemarako gidoilariaren lanak
- 1954an zendu ziren egileen lanak hegoaldean 10 urte barru pasako dira jabetza publikora
Hego Euskal Herrian (azken 12 hilabeteetan zehar)
- Alberto Arrue margolariaren lanak
- Antoine de Saint-Exupéry idazlearen lanak, besteak beste “Printze txikia” ipuin ezaguna
- Antonio Trueba Aginagalde konpositorearen lanak
- Bernardo Gabiola Lazpita musikagilearen lanak
- Edvard Munch margolari eta grabatzailearen lanak
- Ethel Smyth konpositorearen lanak
- Hilma af Klint artista eta arte abstraktuaren aitzindariaren lanak
- Luis Zaloña idazlearen lanak
- Majda Šilc idazle-poetaren lanak
- Milena Jesenská idazle, kazetari eta itzultzailearen lanak
- Ricardo Tejedor margolari eta marrazkilariaren lanak
- Vasili Kandinski margolari eta pintorearen lanak
- 1944an zendu ziren egileen lanak iparraldean duela 10 urte pasa ziren jabetza publikora
Eskerrik asko Wikipedia komunitateari egiten duten lan eskergagatik, euskarazko Wikipediarik gabe zerrenda hauek ezingo nituzkeelako egin.
Egile-eskubideen iraupenaren diagramak CC0 lizentzia du eta hemen dago eskuragarri:
jabetza-publikoaren-iraupena.svg (26 KB)