Gaur, urtero bezala, urteko lehen egunarekin batera, hainbat lanen egile eskubideak iraungitzen dira eta lan horiek jabetza publikora pasatzen dira: testuak, irudiak, bideoak. Lan askeak bihurtzen dira, nornahik nonahi erabiltzeko. Giza ezagutzak gizakiontzat duen garrantzia ikusita, lanak askatzeko prozesu honek berebiziko garrantzia du, gizarte berdinzaleagoa eta aberatsagoa eraikitzen laguntzen duelako.
Frantziar estatuan, Europako leku gehienetan bezala, urtarrilaren 1ean 70 urte lehenago hildakoen egile eskubideak iraungitzen dira. Beraz, gaur, 1952. urtean hil zirenek bizirik zeuden bitartean sortu zituzten lanak guztionak bihurtu dira, jabari publikora batu dira.
Espainiar estatua zentzu honetan pixka bat berezia da, egilea hil zela 80 urte betetzen diren egunean iraungitzen baitira eskubideak. Beraz, 1942. urtean hil ziren egileek sortu zituzten lanak azken hilabeteotan jabetza publikora pasatzen joan dira; heriotza data zehatzari erreparatu behar zaio.
Ezinezkoa da jabetza publikora pasatzen diren lan guztiak zerrendatzea, zenbatezinak baitira, baina egile esanguratsu eta ezagun batzuk aipatzen saiatuko naiz:
Ipar Euskal Herrian (gaur askatu dira)
- Maria Montessori zientzialari, mediku, filosofo, antropologo, biologo, feminista, psikologo, humanista, hezitzaile, pedagogo berritzaile eta psikiatra (Montessori metodoaren sortzailea).
- Denis Etxeberri margolaria.
- Concepción Aleixandre mediku, ginekologo, asmatzaile, irakasle, sufragista, idazle eta zientifikoa.
- Jack Conway aktore, zinema zuzendari eta ekoizlea.
- Eva Perón aktore eta politikaria.
- 1952 urtean hil ziren sortzaile guztien lanak.
Hego Euskal Herrian (azken hilabeteotan askatu dira)
- Joxe Mari Lopetegi bertsolari eta politikaria.
- Erramun Olaide apaiz, hizkuntzalari eta itzultzailea (Biblia osoa euskaratu zuen).
- Germaine Dulac zinemagilea.
- Annie Vivanti idazlea.
- Akiko Yosano idazle, poeta, feminista pionero, bakezale eta aktibista.
- 1942 urtean hil ziren sortzaile guztien lanak.
Nire uste apalean, zentzugabekeria hutsa da egilea hil eta hamarkadak itxaron behar izatea bere lanak jabetza publikora heltzeko. Adibide bat: Mikel Laboaren abestiak 2078ko urtarrilaren 1era arte ukiezinak dira (kasu honetan Ipar zein Hego EHn aldi berean izango da). Bere birbirbirbilobek ezagutu ez zuten gizon haren royaltiak jasotzen jarraituko dute, etorkizun urrun horretan ere Laboaren edozein kantaren erabilera egiten den bakoitzean. Ze zentzu du horrek?
Gaur egungo gizartean, aspaldian baino biziago eta azkarrago mugitzen den honetan, lan bat kaleratu eta lehen hilabeteetan saldu ez dena nekez salduko da hurrengo urteetan. Instituzio publikoek sortutako lanek eta diru publikoz sortutako lan guztiek jabetza publikoan edo gutxienez lizentzia libre batekin argitaratu beharko lirateke. Hala ez egitea gizarte osoa bat ere arrazoirik gabe zigortzea iruditzen zait.
Baina zoritxarrez oraindik ere badira are kaltegarriagoak diren ekintzak ere. Kanadako gobernuak bere copyright babesa egilea hil era 50 urtetik 70 urtera luzatzea onartu du eta luzapen hori gaur bertan jarri da indarrean. Beraz, datozen 20 urteetan Kanadan ez da ezer jabetza publikora askatuko. Egile eskubideak sortzaileak laguntzeko sortu omen ziren, sormena sustatzeko, ez industriako negoziatzaileek egileen eskubideak salerosteko, metatzeko eta etikoa ez den negozio bat asmatzeko, herritarrok ditugun eskubideak hutsean utziz. Nire ustez, egungo copyright legeak mundu gehienean zehar gehiegizkoak dira, baina Kanadan egin berri dutena zuzenean prebarikazioa iruditzen zait.
Zuzenketa (2023-01-02): Wikipedia Euskarazek Mastodon bitartez ohartarazi nau Hego EHko zerrendakoak ez direla datozen hilabeteetan askatuko, baizik eta azken hilabeteetan askatzen joan direla eta dagoeneko guzti horien lanak jabetza publikoan daudela. Eskerrik asko abisuagatik!