Gaur, urtero bezala, urteko lehen egunarekin batera, hainbat lanen egile eskubideak iraungitzen dira eta lan horiek jabetza publikora pasatzen dira. Lan askeak bihurtzen dira, nornahik nonahi erabiltzeko. Giza ezagutzak gizakiontzat duen garrantzia ikusita, lanak askatzeko prozesu honek berebiziko garrantzia du, gizarte berdinzaleagoa eta aberatsagoa eraikitzen laguntzen duelako.
Lehen copyright legea duela bi mende asmatu zenean, lan intelektualak, erregistratzen ziren egunetik 12 urtez babesten ziren. Garai artako egileei, denbora hori babes nahikoa iruditzen zitzaien. 12 urteak igarotakoan lanok jabetza publikora pasatzen ziren, beste lan intelektual guztiak bezala: abestiak, irudiak, antzezlanak, eleberriak eta abar. Logikoa dirudi, ezta? Hainbeste urte igarotakoan nola ez duzu egin zenuen esfortzuaren konpentsazioa lortuko? Eta dagoeneko lortu ez baduzu (adibidez lanak arrakastarik izan ez zuelako), zein aukera dago datozen urteetan lortzeko? Ez al da logikoa urtetxo batzuk igarota lan hori jabetza publikora pasatzea, gizakion beste lan guztiak bezala? Ez al da inoiz baino zentzuzkoagoa garaiotan, lan baten indarra urte, hilabete edo aste batzuen buruan txikitu eta nolabait urtu egiten denean?
Galdera hauen erantzunak bistakoak iruditzen zaizkit, baina tira, ez dut inorekin eztabaidan hasteko asmorik. Nire helburua, egile eskubideek (gehienek behintzat) iraungitze data bat dutela gogoraraztea da. Hori hala dela eta gizartearentzat osasungarria eta beharrezkoa dela ulertu behar dugu.
Mikel Laboa abeslari eta musikagile handia 2008ko abenduaren 1ean zendu zen, Donostian, 74 urte zituela. Urteak igaro dira joan zenetik baina ez pentsa bere lanak jabetza publikoan daudenik, inolaz ez. Egile eskubideek gero eta iraungitze data luzeagoak dituzte, guztiz zentzugabeak eta barregarriak bihurtu arte. Euskal Herrian (Pirinioen alde bietan aldi berean), Mikel Laboaren lan guztiak babestuta jarraituko dute 2078/01/01 arte. Egun horretan, frantziar eta espainiar estatuen legeek diotenari jarraiki, Laboaren abestiak eta kantuak jabetza publikora pasako dira eta askeak bihurtuko dira. Bitartean, doinu horiek erabili nahi izanez gero, bere oinordekoei edo esplotazio komertziala egiteko baimena dutenei baimena eskatu beharko zaie aurretiaz. Egin ezean, salatuak izateko eta legalki zigortuak izateko arriskuan geundeke eta hori ez da sormena pizten duen zerbait, kontrakoa baizik. Egile arrakastatsu batzuen oinordekoek hain zuzen ere hori egiten dute, arbaso famatuen egile eskubideak ustiatu. Baina susmatuko zenuen bezala, zentzugabeko lege hauen atzean daudenak eta mundu osoko egileen eskubideak ustiatzen dituztenak enpresak dira, esparru oso desberdinetan dihardutenak: industria editoriala, aisiaren industria, industria farmazeutikoa, armagintzakoak eta abar.
Baina tira, ez dut guzti honen ondorioetan sakondu nahi. Gaur egun pozgarria da urtarrilaren 1a delako eta guztiona den jabetza publikoa handiagoa eta aberatsagoa delako. Gaur mundua atzo baino pixka bat askeagoa da eta hori pozgarria da!
Ezinezkoa da jabetza publikora pasatzen diren lan guztiak zerrendatzea, baina egile esanguratsu eta ezagun batzuk aipatuko ditut hemen. Kontuan izan lekuaren arabera egilea hil zenetik 50, 60, 70 edo 80 urte itxaron behar direla. Kontuan izan ere legedia askotan urteko lan guztiak urtarrilaren 1ean pasatzen direla jabetza publikora (hortik dator jabetza publikoaren eguna ospatzearen arrazoia!), baina badira urte osoan zehar hau gertatzen diren lekuak ere (Euskal Herri penintsularrean bezala), non egile bakoitza zendu zen urteurrena betetzen den egunean pasatzen diren lanak jabetza publikora.
Ipar Euskal Herrian (gaur bertan askatu dira)

Argazkiaren iturria: Wikipedia euskaraz
- Resurreccion Maria Azkue hizkuntzalariaren lanak.
- Pamela Colman Smith ilustratzaile eta idazlearen lanak.
- Jose Maria Azkona idazle, saiogile eta itzultzailearen lanak.
- Jose Maria Agesta idazle eta musikagilearen lanak.
- Pedro Salinas idazlea, poeta eta saiogilearen lanak.
- 1951 urtean hil ziren beste hainbat eta hainbat egile.
Hego Euskal Herrian (azken hilabeteotan askatu dira)

Argazkiaren iturria: Wikipedia euskaraz
- James Joyce idazlearen lanak.
- Virginia Woolf idazle eta saiogilearen lanak.
- Mayi Elizaga idazlearen lanak.
- Rabindranath Tagore idazle, poeta, musikari, artista, ayurveda-ikerlari eta jakintsuaren lanak.
- Toribio Altzaga antzerkigile eta idazlearen lanak.
- 1941 urtean hil ziren beste hainbat eta hainbat egile.
Informazio gehiago:
- What Will Enter the Public Domain in 2022? A Festive Countdown
- Winnie-the-Pooh and Wittgenstein: celebrating Public Domain Day 2022
Bukatzeko, iazko artikuluan bezala, Wikipedia komunitate osoari eskerrak eman nahi dizkiot, zerrenda hauek prestatu ahal izan baditut proiektu zoragarri horren atzean dauden pertsona guzti horien lanari esker izan baita!