Hiru urte baino gehiago dira Librezaleko kide batzuk Mozillak abiatutako Common Voice proiektuan laguntzen dugula. Geroztik, zorionez, hainbat batu zaizkigu bidean euskararekin eta adimen artifizialarekin zerikusia duen proiektu honetan laguntzeko. Horretan azkena, Barakaldoko Sasiburu elkartea izan da, aurten 30 urte betetzen dituelako, pasa den larunbatean egun osoko jaia antolatu duena. Bertan, beste jarduera batzuen artean, nik antolatutako grabazio maratoia egin genuen, Librezaleko kideok eta proiektuan laguntzen duten beste eragile batzuek aurrera atera ditugun auzolan digitalen bidetik.
Bertaratutakoei lagundu nahian erabili nuen esku-orria eskuragarri jarri dut Librezaleko wikian.
Bide batez, oraindik publikoa ez den beste kontu baterako prestatu nuen aurkezpen txiki bat argitaratuko dut hemen, Common Voice proiektua zertan datzan eta euskararentzat interesgarria zergatik den ulertzen lagungarria izan daitekeelakoan:
CommonVoiceAurkezpena.pdf (140 kB)
Gaur egun 63 hizkuntza dira Common Voicen martxan daudenak eta beste 28 hizkuntza hasteko prestaketak egiten dihardute. Euskarazko hiztun kopurua gaur egun 1.200ko da, eta guztira 99 ordu grabatu eta balioztatu ditugu. Deon artean aurrera ateratzen ari garen lan hau dagoeneko bere fruituak ematen hasia da. Adibidez, euskarazko hizketaren ezagutzaile automatiko batzuek (STT motor pribatu batzuek) euskara hobeto ezagutzeko baliatu dituzte Common Voiceko datuak eta Coqui proiektuan, Common Voiceko datuetan oinarrituta, euskararen ezagutza automatikorako eredu librea sortu dute.
Telefonoa eskura baduzu, esteka hau ireki eta tarte batean eskaintzen zaizkizun esaldiak grabatzen edo balioztatzen lagun dezakezu: commonvoice.mozilla.org/eu
Animatu zu ere parte hartzen! Oso erraza da!