Kilika bertso-eskolan ikasten nabil eta bertsogintzaren sekretuak bereganatzen nenbilen bitartean, bertsotan egiten laguntzeko sortu zitezkeen tresna-sorta bat bururatu zitzaidan. Hasteko, bertsoaren puntuetako errimak, hau da, oinak deritzenak, bilatzen lagun zezakeen zerbait. Bada azken asteotan, hori lortzeko programazio proiektu batean ari naiz lanean.
Proiektuak bi zati ditu, softwarea eta datuak.
Android aplikazio bat garatzen ari naiz hitz bat emanda horrekin errimatzen duten errimak proposatzen dizkizuna. Etorkizunean funtzionalitate gehiago gehitzeko asmoa dut. Errimak bilatzea ahalbidetzen duten beste aplikazio batzuk existitzen dira baina hau hainbat arlotan hobea izango da.
Aplikazioak errimen bilduma bat behar du, Errimategia deitzen dudana. Milaka errima bildu ditut eta bilduma hori osatzen jarraitzen dut, aplikazioa ahalik errima egokienak proposatzeko gai izan dadin. Etorkizunean, errimategi hori baliatuko duten beste aplikazio, bot eta antzekoak garatu litezke, inor hori egitera animatuz gero.
Oraindik lan asko dago egiteko baina lehen bertsioa urtarrilean kaleratzea espero dut. Bitartean egiten ari naizena GitLab webguneko Bertsotan proiektuan ikusgai dago: https://gitlab.com/bertsotan Goizegi da bertatik ganorazko ezer deskargatzeko, baina tira, nahi duenak kuxkuxeatu dezala ^_^
Proiektuaren gakoak hauek direla esango nuke:
- Aplikazioak oinak bilatzeko aukera ematen du (errima familiak kontuan izanez), bertsoa osatzen lagunduz. Errimen hautaketa, betelana eta abar bertsolariak egiten jarraitzen du.
- Bilaketak idatziz egin daitezke, baina errimak ahotsez bilatzeko aukera ere badago.
- Errimategiak milaka eta milaka hitz ditu, baita izenak eta esapideak ere (oraingoz 37.000 errima). Errimek zenbait informazio gehigarri dituzte: nola ahoskatzen den, polisemikoa edo homografoa den, deklinatuta dagoen, giro/esparru berezian erabiltzeko errima den…
- Aplikazioa librea da eta Errimategia jabetza publikoan dago.
- Aplikazioak erabiltzaileen pribatutasuna babesten du. Hizketaren ezagutza gailuan bertan gauzatzen da eta ez da grabaziorik inora bidaltzen, ezta beste erabilera daturik ere.
Laster, Xabier Amurizaren “Hiztegi Errimatua” liburuko hitzak ere izango ditu Errimategiak. Xabier Amurizak berak baimena eman dit proiektu honetan bere lana erabiltzeko. Astirik badut lehen bertsioan bertan gehituko ditut bere liburuko errimak. Bestela, bigarren bertsioan.
Esan bezala, proiektua hasi berria da eta lan asko dago egiteko oraindik, baina hona hemen garatzen ari naizen aplikazioaren behin-behineko pantaila-argazki pare bat:
Proiektu honen eginkizunak eta egoera Taiga webguneko Bertsotan proiektuan ikusgai daude.
Garapenaz oraingoz ni bakarrik arduratzen naiz baina proiektua irekia eta parte-hartzailea da eta lehen bertsioa kaleratu bezain laster laguntzeko prest egon daitezkeenak ongi etorriak izango dira. Ea bidelagun gehiago batzen zaizkidan proiektu polit honetan!
Eta hori da guztia oraingoz. Urtarrilean erakusteko gauza gehiago edukitzea espero dut.
OHARRA: aplikazioa erdi eginda dago oraindik eta ez dago inon instalagarri ezta deskargagarri ere. Pazientzia pixka bat izan beharko duzue Bertsotan probatu nahi duzuenok. Ondo izan!