Urtero bezala, urtarrilaren 1ean, hainbat egileren lanak askatu egiten dira, jabetza publikora helduz!
Zein da irizpidea?
Aspaldiko artikulu batean, horren arrazoiak eta estatuen araberako desberdintasunak eta beste zenbait bitxikeria azaldu nituen. Laburbilduz, Europan (Euskal Herri kontinentala barne) egilea hil eta 70 urtera igarotzen dira lanak jabetza publikora eta Euskal Herri penintsularrean berdin, ez bada egilea 1987. urteko abenduaren 7a baino lehen hil dela (kalkulu honetarako interesatzen zaizkigunak hain zuzen). Kasu horretan, Espainiar estatuan indarrean dagoen LPI legeak dio data hori baino lehenago hil ziren egileen kasuan, 1879ko legeak arautua bete behar dela, hau da, 6. artikuluan dioen bezala, “80 urte igarotakoan” gertatzen da egile eskubideen iraungitzea. Argiago esateko, 2021 urteko urtarrilaren 1ean, gaur, 1950 urteko edozein egunetan zendu ziren egileen lanak igaro dira jabetza publikora Iparraldean. Hegoaldean, lan horiek ez dira 2031 urtera arte aske izango, eta ez urtarrilaren 1ean denak batera, baizik eta egilearen heriotzaren urteurrena betetzen den egunean. Julio Urkixo adibidez 1950 urteko urriaren 30ean hil zen eta beraz, Iparraldean gaur pasa dira jabetza publikora baina Hegoaldean berak sortutako lanak 2030 urteko urriaren 30era arte ez dira jabetza publikora pasako (justu bere heriotzatik 80 urte beteko diren egunean). Hegoaldean, 2020an zehar jabetza publikora pasa direnak 1940 urtean zehar zendu diren egileen lanak dira (gaur 1941/01/01ean zendutakoen lanak pasa dira jabetza publikora eta bihar 1941/01/02an zendutakoak).
Ipar Euskal Herrian (gaur)
- Alice Stone Blackwell kazetariaren lanak.
- Ganix Haltzueta bertsolariaren lanak.
- George Bernard Shaw idazlearen lanak.
- George Orwell idazle eta kazetariaren lanak.
- Juan Zabaleta idazle eta bertsolariaren lanak.
- Julio Urkixo idazlearen lanak.
- Paulo Zamarripa idazle eta apaizaren lanak.
- Willy Koch argazkilariaren lanak.
- 1950 urtean hil ziren beste hainbat eta hainbat egile.
Hego Euskal Herrian (azken aste eta hilabeteetan)
- Andrés Isasi musikagile eta poetaren lanak.
- Aurelio Arteta margolariaren lanak.
- Emma Goldman idazle anarko-komunistaren lanak.
- Gorgonio Renteria idazlearen lanak.
- Jose Maria Salaberria idazlearen lanak.
- Julián Zugazagoitia kazetari eta idazlearen lanak.
- Paul Klee margolariaren lanak.
- 1940 urtean hil ziren beste hainbat eta hainbat egile.
Informazio gehiago Wikimedia Fundazioaren artikulu honetan: Happy Public Domain Day 2021!
Amaitzeko, Wikipedia komunitate osoari eskerrak eman nahi dizkiot, artikulu hau prestatu ahal izan badut proiektu zoragarri horren atzean dauden pertsona guzti horien lanari esker izan baita!
Zuzenketa (2020/01/02): atzo 1939an hildakoak zerrendatu nituen (horiek iaz pasa ziren jabetza publikora), antza, oraindik urte aldaketa oraindik guztiz asimilatu gabe neukan 🙂