Azken urteotan dezente ikusi dugu GAFAM terminoa, batez ere Edward Snowdenek AEBtako PRISM zelatatze sistema agerian utzi zuenetik. GAFAM akronimo bat da eta AEBtako 5 enpresa multinazional erraldoi hauen lehen hizkiekin osatuta dago: Google, Apple, Facebook, Amazon eta Microsoft. Pribatutasunaren aferetan nahastu ez bada ere, AEBtan badago indar eta botere asko duen 6. enpresa bat ere: IBM (liburuak seigarren enpresa hau ere barnebiltzen duen GMAFIA akronimoa darabil).
Kontua da Txinan badaudela aipatutako enpresa horiek bezainbat botere edo are botere gehiago duten enpresa batzuk eta guk horietaz ezer gutxi entzuten dugu. Ez dakigu zein produktu eta zerbitzu eskaintzen duten, zer ikertzen dabiltzan, nolako aurrerapenak ari diren lortzen adimen artifizialaren alorrean eta nola ari diren zabaltzen Txinatik haratago. Ez jakiteagatik ia ez dakigu ezta nola deitzen diren ere. Amy Webb Asian lan egin da eta liburu honetan ezagutzea merezi duen beste 3 Txinatar enpresaren berri ematen digu: Baidu, Alibaba eta Tencent (liburuak hauentzako BAT akronimoa darabil). Emakume enpresari hau AEBtako gobernuarentzako aholkulari lanetan aritzen da, batez ere aipatutako enpresa guztiak inbertitzen eta erruz erabiltzen ari diren adimen artifizialaren sektorean.
Bederatzi enpresa teknologiko handi hauek (GMAFIA+BAT), Amyren hitzetan “gizateriaren etorkizuna arriskuan” jartzen ari dira. Eta zergatik eta nola azaltzen du liburu honetan.
Nire ustez liburu honi erreparatzeak merezi du, batez ere adimen artifizialean interesa baduzu. Hala ere, dena esanda gera dadin, baditut lan honekiko kritika batzuk ere. Besteak beste, estatubatuar ikuspegi zurrun batetik idatzita dagoela. Hau da, amerikarrak onak direla, askatasunaren aldekoak, eta Txinako gobernuak babesten eta sustatzen dituen enpresa hauek berriz gaiztoak direla. Adimen artifizial orokorra (ingelesez, AGI), hertsia (ingelesez, ANI) eta superadimen artifiziala (ingelesez, ASI), azaltzen dituen bitartean, Turing, Minsky, AlphaGo, DeepMind, Alexa, GAIA eta abarrak azaltzen dituen bitartean, benetako arriskua AEBtako enpresetan baino Txinakoetan dagoela adierazten du behin eta berriz. Nire ustez ez du hori inolaz ere justifikatzen.
Ez hori bakarrik, Datu Pertsonalen Erregistroak edo biltegiak sortu eta ondo kudeatu behar direla dioenean, gobernuek AEBtako enpresei datu horiek kudeatzen utzi behar dietela defendatzen du. Ikusiak ikusita eta berak liburuan bertan aipatzen dituen arazoak kontuan izanda, hori defendatzea inolaz ere justifikatuta ez dagoen zerbait dela iruditzen zait. Pentsamolde neoliberaletik ikusita, sozialismo kutsua duen edozer arriskutsutzat hartzen bada, uler dezaket bere ikuspegia, baina okerra iruditzen zait. Edonola ere, badaezpada, berriz diot liburua irakurtzeak merezi duela (bestela ez nuke hemen aipatuko)!