Artikulu honek, mastodon.eus-eko hari honetan esan nahi nituen gauza batzuk biltzen ditu. Bistan denez, gauza gehiegi nahi nituen esan horrelako sare sozial digital batean behar bezala plazaratzeko eta, horregatik, hau leku egokiagoa iruditu zait ideiak pixka bat harilkatzeko.
Lana, enplegua eta plusbalioa
Lana eta enplegua ez dira gauza bera. Nahasten baditugu, bizi garen gizarte ekonomizistaren eta patriarkalaren eraginez da. Zaintza lana ez al da lana? (lana da, baina ez enplegua) Emakumeek soldatapeko lanak egiten dituztenetik lan gutxiago ala gehiago egiten dute? (askoz gehiago)
Azken bi mendeetan enpleguaren batezbesteko produktibitatea laukoiztu bada (hein handi batean teknologiari esker), enplegatuen lanaldia zergatik jaitsi da erdira bakarrik?
Zergatik ez da langabezia desagertzen? Zergatik ez da enplegua banatzen?
Nire ustez, horiek guztiek oztopo bera dute azpian: 8 orduko lanaldiaren helburua plusbalioa enplegatuek bereganatzea zen, baina ez zen horrelakorik lortu. Aberastasuna langileek sortzen dute beraien lanarekin, noski, baina etengabe errepikatzen zaigu lana enpresariek sortzen dutela. Enpresariek, langileek sortzen duten aberastasuna metatzen dute eta berarekin nahi dutena egiteko eskubidea dute. Hori da nire ustez arazo askoren iturria. Eta gure inguruko gobernu eta instituzioek nola jokatzen duten ikusita, horrek horrela izaten jarraituko du.
Automatizazioa, adimen artifiziala eta robotizazioa
Azaltzen saiatu naizen baldintza hauetan, hainbat toki eta esparrutan ematen ari den automatizazio garatuago horrek (“4.0 industria” etiketarekin ere saltzen digutena eta adimen artifizialik txundigarrienekin hornituta dagoena), enpresariei indar gehiago ematea eta langileei kentzen laguntzea besterik ezin dugu espero. Izan ere, nire ustez, ikuspegi historiko eta transbertsal batetik aztertuta, abiadura hartzen ari den robotizazioaren gorakada horrek, ingurugiro honetan, eragin sakonak eta atzeraezinak izatea aurreikus daiteke. Norabide guztietako ekimenak egongo dira, ohi bezala, baina gaur egun gizarte bezala lana eta ekonomia ulertzeko dugun moduarekin, enpresariek robotizazioan gehiago inbertitu ahala, langileak gehiago estutzeko eran egongo dira eta langileak indar galtze hori saihesteko tresna gutxiago izango dituzte.
Indar oreka aldatzearen ondorioak
Horregatik piztu beharko genituzke alarma guztiak nork eta enpresariek beraiek, gutxieneko soldatak igotzea, oinarrizko errenta unibertsalak ezartzea eta horrelakoak aipatzen hasi direnean. Bide horretatik doazen neurriak hartzea proposatzen badute, ez da bat-batean zoratu direlako, baizik eta interesatzen zaielako. Nire ustez, aurreikuspen andanak robotizazio maila askoz handiagoak lorgarriak direla diotelako da (ikus amaierako estekak, adibidez BBVAren txostena) eta etekin ekonomiko handienetakoak lortzen ari diren enpresak robotizazioarekin emaitza ikusgarriak lortzen ari direlako da.
Amazon multinazionala da horren adibiderik argiena. Amazoneko lantokiak robotizazio maila altuenak dituztenak dira munduan, baina sorpresa, bertako langileek esplotazioa pairatzen dute: soldata txikiak, lanaldi luzeak, hainbat ordu zutik lanean, beroa makinen artean, eskuturrekoekin etengabe zelatatuak… eta bitartean Amazon munduan etekin ekonomiko handienetakoak lortzen dituen enpresetako bat da. Erreferente bikaina da enpresarientzat robotizazioan inbertitzeak merezi duela erakusteko, baina langileentzat ere erreferente izan beharko litzateke, robotizazioak nolako ondorio latzak eragin ditzakeen erakusten duelako. Baina argi dago ez gaudela prestatuta seinale hauei jaramonik egiteko, Amazonen gauzak bat bestearen atzetik erosten baititugu xalotasun osoz.
Kontuan izan behar da robotizazioa zabaldu ahal izateko, herritarren onarpenak gauzak asko leuntzen dituela. Herritar orok gutxieneko diru sarrera bat izateak, bake soziala bermatzeko modua da. Hori egin ezean, robotizazioak eskatzen dituen inbertsio handiak zapuzteko arriskua legoke. Luditek makina industrialak puskatzen zituzten bezala, neoluditek robot industrialak apurtu ahalko lituzkete. Baina diru sarrera bat musu-truk jasoz gero, bizi kalitate hobea izango dugulakoan, egiten utziko geniekeela esan dezakegu, oraintsu teknologiaren bitartez gure pribatutasuna galtzen utzi dugun bezala.
Behin langileriak bere indarraren zati bat robotizazioaren ondorioz galdutakoan, badira herritarren gutxieneko diru sarrera horiek murrizten hasiko direla pentsatzen dutenak. Auskalo zer gertatuko den, baina behin eraldaketa geldiezina bihurtutakoan, ez nintzateke harrituko ekoizpen-baliabideen jaun eta jabe direnek herritarrei zuzendutako funtsak txikitu nahi izateaz. Azken finean, aberastasuna sortzen omen duen motor horretatik urrunago leudeken herritarrak enbarazu egiteko aukera gehiago izango lukete. Bizi garen gizarte kontsumista honetan, gutxiago kontsumitzen dutenak ez ezinbestekoak bihurtze ditugu, soberakinak. Gaur egun esklusio soziala pairatzen duten askok bizitza duinik ez duten bezala ezarrita dauden diru-laguntzak jaso arren, biharko gizarte horretan, gutxieneko errentara mugatzen direnak bizitza duinik ez izatea esperokoa iruditzen zait. Ikuspegi ekonomikotik soilik begiratuta, gastu bat bezala ikusiak izan litezke. Ez da inolaz ere justua, noski, baina ikusiak ikusita, esperokoa iruditzen zait.
Nondik jo
Asko esatea da hori? Robotizazioak aberastasunaren banaketa are desorekatuago bat eragingo duela esatea eta horrek txiro gehiago (…edo biztanle gutxiago) eragin dezakeela esatea krudelegia da? Hori gertatzearen alde leudeken indarrak ugariak eta boteretsuak dira. Zerk ekidin dezake bada hori gertatzerik? Garaiz erreakzionatuko dugu ala, krisi klimatikoarekin bezala, geroz eta seinale ugariagoak ezikusiko ditugu eta ez dugu neurri eraginkorrik hartzen asmatuko beranduegi den arte?
Ez dakit. Aise nabaritu daitekeen bezala, oso ezkorra naiz une honetan. Herritarron ikuspegia eta lehentasunak aldatzea ezinbestekoa iruditzen zait aurrean ditugun arriskuei erantzun ahal izateko. Baina hori lortzea, tamalez, ikaragarri zaila da.
Zuk gauzak beste bide batetik joango direla uste baduzu, esadazu zergatik mesedez. Oker egoteko irrikaz nago!
Informazio gehiago:
- Wikipedia: Reparto del trabajo. Una polémica de moda
- Horas de trabajo por año y persona en el Reino Unido (1785-2000)
- Elon Musk: We Need Universal Income Because Robots Will Steal All the Jobs (2016-06-11)
- BBVA: Algunas Reflexiones sobre la Renta Básica Universal (2017-04-21)
- Foment se abre a la renta básica universal (2019-10-28)
- Wikipedia: Luddismoa
- Amazon despide a más de cien trabajadores temporales (2018-04-17)
- Amazon, a la conquista de los barrios obreros de la margen izquierda (2018-07-24)