Eskuak beti gerria eusten dauzkazu
gizon gaztea zara
baina beste langileen begietan
haurdunaldiko hamargarren hilabetean dagoen emakumea dirudizu
langile migratzailearen estutasunak pairatu dituzun arren
iraganaz mintzo zarenean, beti irribarre egiten duzu
baina irribarreak ez du estaltzen samina, mingostasuna
bakarrik etorri zinen duela zazpi urte
Shenzhen-eko auzo honetara1
tinko, konfiantzaz beteta
edurrak eta izotzak agurtu zintuzten
gau beltzek, behin-behineko lan baimenek2, aterpetxeek…
hainbat gorabeheren ondoren hemen sartu zinen, munduko lantegi handienean3
orduan hasi zen zutik egotea, torlojuak estutzea, aparteko orduak, gau osoan lan egitea
margotzea, bukatzea, leuntzea, distiraraztea
paketeak egitea eta egitea, amaitutako produktuak mugitzea
egunero mila aldiz makurtzea eta zutik jartzea
mendien neurriko salgai-pilak tailerreko zorutik arrastatzea
ez zenekien gaixotasunaren haziak zugan ereinda zeudenik
minak ospitalera arrastaka eraman zintuen arte
han entzun zenuen aurreneko aldiz
”disko-hernia orno lunbarrean” esaldi borobila
minari eta iraganari buruz mintzatzean irribarre egiten zenuen bakoitzean
zure baikortasunak hunkitzen gintuen
harik eta Urteberri-jaiko4 afariaren amaieran, mozkorturik
eskuineko eskuarekin botila bat oratu, ezkerrekoan hiru hatz zutitu
eta negar-zotin baten ondoren, hau esan zenuen arte:
“Oraindik ez dut hogeita hamar urte bete eta
ez dut inoiz neska-lagunik izan
ez naiz ezkondu
eta nire bizitza dagoeneko akabatuta dago“
1 Shenzhen duela 50 urte arte arrantzaleen herrixka bat bat baino ez zen, baina 1979. urtean Txinako gobernuak gune ekonomiko berezi bezala izendatu zuen. Shenzhen, Hong Kong eta Guangzhou hiri handietatik gertu dago eta helburua kapitalismoa bertan probatzea zen, hiri handi bat sortuz. Gaur egun Shenzhen Txinako hamar hiri handienen artean dago eta ia 9 milioi biztanle ditu. Bertan kokatzen dira hainbat eta hainbat enpresa, fabrika eta lantegi.
2 Txinatarrek ez dute zonalde batetik bestera mugitzeko askatasunik. Nekazaritza guneetan ozta-ozta bizirauten duten askok, hirietara joan nahi izaten dute, baina hirietan behar diren lanpostuetarako heziketa eza eta hirietako masifikazioa medio, gobernuak migrazioak eragozten ditu eta bere interes estrategikoei erantzuten dioten migrazioak bakarrik onartu ohi ditu.
3 Fa, Xu bezala, Foxconn enpresako langilea da. Enpresa honek ia bi milioi langile ditu eta gehienak lantegi barruan bizi dira.
4 Txinan, Asiako beste hainbat lekutan bezala, Urteberri-eguna ospatzen dute, Udaberriko Festa ere deitu ohi dutena. Ospakizunak urteko lehen hileko lehen egunean hasten dira, beraien egutegiaren arabera (gure eguzki-egutegiaren arabera, neguko solstizioaren ondorengo bigarren ilberria, urtarrilaren 21a eta otsailaren 21a bitartean gertatzen da). Urteko jairik garrantzitsuena da eta 15 egun irauten ditu. Horregatik, familiatik aldenduta bizi diren milioika txinatar beraien jatorrizko herrietara itzuli eta festak familiarekin ospatzen dituzte, Lurreko giza migraziorik handiena burutuz. Hauek kontuan hartuta, poesia honen protagonistak, egileak eta beraien lankideek hain ospakizun berezia Foxconn-en igarotzeak, berebiziko zama psikologikoa izan behar da beraientzat.
Webgune honetan euskaraz argitaratutako Xu Lizhiren poesiak Xu Lizhi etiketapean eskuragarri dituzu.
Bilduma honetako poesia originalak (txineraz) 2015eko abenduan China Labour Bulletin GKEak argitaratu zituen bere webgunean. 2016ko urtarrilean berauen ingeleseko itzulpena argitaratu zuen. Horren aurretik, 2014an, Xu Lizhik bere buruaz beste egin eta aste gutxira, China Labour Bulletin-ek Xu Lizhiren beste zenbait poesia argitaratu zituen.
Poeta bikain honek gure aburuz, ezintasunak eta bakardadeak eragin dezaketen mina eta desesperazioa modu ezin hobean helarazten ditu. Latza egiten zaigu jakitea, urteak joan urteak etorri, antzeko sufrikarioak bizi dituzten milioika pertsona daudela Xu Lizhiren aberrian zein munduko beste hainbat txokotan. Leku guzti horietan, etenik ez duen oinazea eta samina pairatzen duten gizonak, emakumeak, agureak, atsoak, mutikoak eta neskatoak daude.
Zoritxarrez, euskaldunok, sufrimendu guzti hori auspotzen dugunik ezin dugu ukatu. Gure eguneroko bizitzan hartzen ditugun hainbat erabakik eta egiten ditugun hainbat hautuk, ondorio andanak eragiten dituzte. Ez da berdina azokan tokiko barazki eta jakiak hautatzea edo urruneko herrialde batean merke eta baldintza krudeletan ekoitzitakoak eta ondoren multinazional espekulatzaileek barku erraldoietan ekarriak erostea. Ez da berdina oporretan ondoko hondartzara joatea edo hondartzara hegazkinez joan eta ustezko plazeragatik atmosferan milaka tona kutsadura barreiatzea. Urte gutxitan telefonoa hainbat aldiz aldatzeak ere ondorioak ditu. Zeharkako ondorioak agian, baina ondorio guztiz errealak azken finean. Behin eta berriz ahazten zaizkigun ondorioak baina gertuagotik biziko bagenitu lotsa eta damua eragingo zizkigutenak.
Ezin gara obsesionatu edo etxean geratu, egiten dugun ia edozerk hainbat landare, animalia eta pertsona suntsituko dituen beldurrez. Baina kontrakoa ere ez da bidezkoa, merkatuak estaltzen saiatzen diren ondorio guzti horiek existituko ez balira bezala, axolagabeki kontsumitzen eta kontsumitzen jarraitzea. Besteak beste, berdin jarraituz gero laster ondorioak denok pairatuko ditugulako, baita guk geuk ere. Gertatzen ari diren hainbat gauzetan dugun erantzukizuna bistakoa da baina berandu onartzen badugu, norabidea aldatzen saiatzen garenerako talka bortitza saihestezina izango delako. Beraz, esna gaitezen supituan eta has gaitezen egoera ero honi lehenbailehen eta ezbairik gabe buelta ematen. Xu Lizhirentzat arras berandu da, noski. Ez dadila gu guztiontzat ere dagoeneko beranduegi izan.