Xu Lizhi 1990. urtean jaio zen Txinako Jieyang hirian, Guangdong probintzian. Ez zuen gaztaro gozorik izan; gurasoek txikitan abandonatu zuten, bullying-a jasan zuen eta bere amaordearekin hazi zen. Mutiko lotsatia zen, bakartia, eta bere ama hil zenean munduan bakarrik geratu zen.
2010. urtean, Shenzhen hirira joan zen, bertako lantegi erraldoietara lan egitera eta Foxconn enpresako muntaketa-katean lan egiten hasi zen. Enpresa horretan lanean ziharduen bitartean, langileen aldizkarian 30 artikulu argitaratu zituen: poesia, prosa, saiakera, zinema-kritika eta iruzkinak. 2014. urteko irailaren 30ean bere buruaz beste egin zuen enpresako leiho batetik salto eginez. Enpresako lan baldintzak jasan ezin izan zituen beste langile bat besterik ez zen izan; urte haietan bere buruaz beste egitea beste irtenbiderik aurkitu ez zuen beste koitadu bat gehiago. Azkenik, Foxconn enpresak sareak jarri zituen langileen leihoen azpian, suizidio kopurua nabarmen jaitsi zen eta iritzi publikoa gaiaz ahaztu zen, arazoa desagertu izan balitz bezala.
Blog xume honetan ez gara gaiaz ahaztu. Horregatik, datozen asteetan, Xu Lizhi-k idatzitako poesia batzuk argitaratuko ditugu. Hauen bitartez, poeta bikain honen pentsakera eta bizimodua pixka batean ulertzeko aukera izango dugu. Txinan lanaldi jasangaitzak egiten dituzten pertsona zenbatezin guzti horiek, guretzako produktuak ekoizten dituzten bitartean senti dezaketen ezintasunaz eta bakardadeaz nolabait jabetzeko aukera izango dugu. Irakurketa gazi-gozoa izango da, baina ez dezagun aukera hori gal.
Foxconn bezalako enpresa handietan, gure eguneroko bizitzan ezinbestekoak bihurtu ditugun sakelako telefonoak ekoizten dituzte; Apple enpresako iPad eta iPhone gailuak, baina baita beste marka batzuetakoak ere. Duela urte gutxi arte behar ez genituen gailu horiek, gero eta maiztasun handiagoarekin bota eta berriagoekin ordezkatzeko beharra dugu. Bizitza errazten ei digute. Duela hamarkada bat baino hobeto bizi gara benetan? Ziborg moduko batzuk bihurtu gaituzten sega-potoen osagaiak nondik datozen eta gure eskuetara heldu arte zenbateko sufrimendua sortzen duten, ez dakigu eta ez dugu jakin nahi: pobrezia, miseria, esklabotza, suizidioak, erailketak, mafiak, bortizkeria, bortxaketak… Zer axola du guzti horrek gure sare sozial korporatibo gogokoeneko “lagunen” artean maiz gu ere nazkatuta gauzkaten memeak partekatzen ditugun bitartean, ezta? Ditxosozko gailuek ipnotizaturik gauzkate eta badirudi berdin zaigula zein maila arte zelatatzen gaituzten edo manipulatzen gaituzten. Mugaren bat izan behar dugula uste dut. Ez dakit noiz eta ez dakit nola, baina inora ez garamatzan lasterketa hau gelditzeko modua aurkituko dugula pentsatu nahi dut. Guk gelditzen ez badugu, baliabideak agortu eta bidea bera amaituko baita.
Gehiago luzatu gabe, eman diezaiogun hitza Xu Lizhi handiari. Hau da euskarara itzuli dudan poesia-sortatik lehena. Asteazken eguerdiro beste bat izango duzu zain (…Txinan egindako zure sakelako telefonoan?!).
Burnizko ilargi bat irentsi nuen
Burnizko ilargi bat irentsi nuen
torlojua deitzen zela esan zuten
Isuri industrialak eta langabezi-inprimakiak irentsi nituen
makinen gainean makurtuta, gure gaztaroa laster joan zen
Lana irentsi nuen, pobrezia irentsi nuen
oinezkoentzako zubiak irentsi, erdoildutako bizitza hau irentsi
Ezin dut gehiago irentsi
irentsitako guztiak nire eztarria narritu du
Lotsazko poema bat
nire herrian zehar zabaltzen dut