Edukien aurkibidea:
- Change.org ez da bat ere gomendagarria
- Sinadura bilketetarako plataforma hobeago bat: Avaaz.org
- Interneteko “sinadura bilketak” izen-zerrendak baino ez dira
- Sinadura elektronikoa
- Nire gomendioak
- Sofaktibismoa
Han-hemenka, noizean behin, euskal gizarte mugimenduetako kideok galdera bera egiten diogu gure buruari edo gure artean: nola egin sinadura bilketa bat Internet bidez? Ondoko lerrotan galdera horri erantzuten saiatuko naiz, baina hasi aurretik gaizki-ulertu batzuk argitzea lehentasunezkoa iruditzen zait:
Change.org ez da bat ere gomendagarria
Web bitartez sinadurak biltzeko hainbat webgune eta plataforma daude. Norberaren webgunean sinadurak bildu ahal izateko pluginak, widgetak eta antzeko daude, baita gure webguneko karpeta batean beste barik sinadurak biltzeko softwareak ere. Baina sinadurak biltzeko erabilienak direnak web plataformak dira: Causes.com, Activism.com, SOSVOX.org eta antzeko enpresak. Baina guztietatik, inongo zalantzarik gabe, euskaldunen artean ezagunena dena eta erabiltzaile gehien dituena (100 milioi mundu osoan) Change.org da.
Baina kontuz, Change.org-i buruzko albiste oso txarrak baitakartzat:
- “org” domeinua izan arren, Change.org enpresa bat da.
- Eta ez edonolako enpresa gainera: 300 langile baino gehiago dituen multinazional bat da.
- AEBtako Delaware estatuan sortua da, hau da, “paradisu fiskala” deitu ohi den leku horietako batean eta Change.org enpresak, arrazoi horrengatik dituen abantailez inongo lotsarik gabe baliatzen da.
- Hori dela eta, askok, webgunea .com deitu beharko litzatekeela diote, baina .org domeinua izateko betekizunak betetzen dituenez, enpresako zuzendariak argi utzi zuen ez dutela inolako intentziorik izenez aldatzeko. Argi dago beraz, hasieratik .org domeinuarekin jendearengan sortzen duten gaizki-ulertua nahita bilatutako zerbait dela.
- Wikipedian eta beste hainbat lekutan azaltzen den bezala (ikus amaierako estekak informazio gehiagorako), Change.org enpresa handi horrek dirua lortzeko duen iturrietako bat sinatzaileen datuak saltzea da. Bai, zureak eta nireak, beste 100 milioi pertsonen datuekin batera.
Izan ere, zer nolako ekimenak sinatzen ditugun informazio ikaragarri baliagarria da, publikoki esaten ez ditugunak ere ondoriozta baitaitezke. Azken finean, ekimen baten alde sinatzen dugunean, gure buruaz dugun irudia islatzen dugu, gure nahiak erakusten ditugu eta gure interesak adierazten ditugu. Are gehiago, era “pribatuan” sinatzen dugula uste dugun kasuetan.
Googlek bere bilatzailean egiten ditugun bilaketa guztiak, bere Youtuben ikusten ditugun bideo guztiak eta bere GMailen idazten eta jasotzen ditugun mezu guztiak aztertzen ditu (Change.org-ekoak barne) eta gutako bakoitzari buruz profil automatiko bat sortzen du. Change.org-ek ere, bere profil mamitsua sortzen du eta Interneteko beste enpresa askok bezala (Facebook/WhatsApp, Instagram, Twitter,…), musu-truk ematen diegun informazio guzti horri ahalik etekin ekonomiko handiena ateratzea du helburu. Orain agian nabigatzailean agertzen zaizkizun iragarkietan bakarrik nabarituko duzu, baina adituek diotenaren arabera, etorkizunean, Change.org plataforman sinatu zenituen ekimenek ondorio latsagoak izan ditzakete, adibidez, aseguru bat kontratatzen saiatzen zarenean edo lan eskaintza batera aurkezten zarenean.
Neoliberalismoaren garai honetan esan ohi den bezala, zerbait doan eskaintzen badizute, bezeroa ez bazara produktua zarelako da.
Sinadura bilketetarako plataforma hobeago bat: Avaaz.org
Orain arte aipatu ditugun webgune eta plataforma guztiak enpresak dira eta ez dago ziurtatzerik gugandik lortzen duten informazio pribatua, beraiek edo hirugarren batzuk, guk nahi ez ditugun helburuetarako erabiliko ez dutenik.
Horregatik hain zuzen sortu zen 2007an Gobernuz Kanpoko Erakunde baten eskutik Avaaz.org. Avaaz-ek (persieraz “ahotsa” edo “kantua” esan nahi du) ez du helburu ekonomikorik eta sinadurak modu erraz eta seguruan biltzea ahalbidetzen du.
Gainera, bere autonomia eta independentzia bermatzeko modua aurkitu du: 2009a arte, bere diru iturriak irabazi asmorik gabeko erakundeetatik eta zenbait enpresa txikitik zetozen, baina urte hartatik aurrera norbanakoen dohaintza txikiei esker finantzatzen da. Fundazio eta enpresengandik ez dituzte 4.600 euro baino gehiagoko dohaintzak onartzen eta hala ere, norbanakoei esker milioika euro lortu dituzte urte guzti hauetan zehar eta inoiz baino indartsuago dabiltzala dirudi. 45 milioi erabiltzaile dituzte munduan zehar barreiatuta eta urtero ekintza andana aurrera eramaten laguntzen dute. Gehien bat sinadura bilketak egiten dituzte, Change.org-ek bezala, baina Avaaz-eko boluntarioek mugimendu global bat direla diote, jendeari erabakiak hartzea eta botere politikoa ematea helburu duena. Gizarte mugimenduak etekin ekonomikoak ateratzeko erabiltzen duen enpresa izan ordez, Avaaz gizarte mugimenduen parte dela esan daiteke, hainbat ekimeni beraien helburuak lortzen laguntzen saiatzen dena.
Interneteko “sinadura bilketak” izen-zerrendak baino ez dira
Eskuz idatzitako sinadurak, ohiko sinadurak, munduko txoko gehienetara zabalduak daude eta ondorio legalak dituzte. Euskal instituzioetan ere (adibidez udaletan, foru aldundietan eta gobernuetan), sinadura bilketen bitartez zenbait ekimen burutu daitezke, biztanleen ordezkariei herritarren beharrei nolabait erantzutera behartuz.
Baina kontuan izan behar da Internet bitartez burutu ohi diren “sinadura bilketak” berez, izen emate hutsak direla eta legalki ez dutela inongo pisurik. Internet bidez gure izen-abizenak eman ohi ditugu eta Estatu espainiarrean edo frantsesean identifikatzen gaituen zenbakia ere idazten dugu (NANa, pasaportea), baina besterik ez; ez dugu paper batean gure eskuzko sinadurarik idazten, hori posible ez delako. Horrek esan nahi du, orain arte aipatu ditugun webgune guzti horiek, Avaaz barne, izen-zerrendak egiteko tresnak besterik ez direla; beraien benetako helburua ekimen bati babesa adieraztea da, ez benetako sinadura legalak biltzea.
Zenbatek dute hau argi? Nire ustez, tamalez, sinadura bilketak antolatzen dituzten taldeak maiz ez dira honetaz jabetzen eta ondorio legalak dituzten sinadurak biltzeko ekintzak diseinatzen dituztenean jendeari aukera biak eman nahi izaten dizkiote (papera + Internet) eta sinatzaile baliagarri asko galtzen dituzte, Internet bidez “sinatzen” dutenek gero ez baitute paperean sinatzen. Antolatzaileek ez dute desberdintasun hau ondo azaltzen (nik ikusi ditudan zenbait kasutan, zenbait antolatzailek edo laguntzailek desberdintasuna ulertu ere ez zuten egiten). Kanpainarekin ahalik zabalkunde handiena lortzearren, hainbat sinadura sakrifikatzeak merezi duela iruditzen zaie edo besterik gabe, ezjakintasunagatik, hainbat sinadura galtzen dituzte. Esan beharra dago, nola ez, hainbat kasutan (gero eta gehiagotan esango nuke nik), “sinadura” bilketen benetako helburua jendaurrean indar erakustaldi bat egitea dela eta horretarako Interneteko izen-zerrendek ere balio dute.
Esan gabe doa era honetako ekimenak antolatzen dituzten taldeek, Change.org plataforma erabiltzera bultzatzen dituzten lagun eta ezagunak ez dituztela gorago azaldutako kalte eta arriskuez informatzen. Arrazoia, ez da asmo txarra, ezta gutxiago ere, baizik eta taldeko kideek tamalez Change.org erabiltzearen ondorioak ondo ulertzen ez dituztela. Ulertuko balituzte, ziurrenik Change.org erabili ordez, beraien webgunean batuko lituzkete izenak edo Avaaz.org erabiliko lukete. Eta azaldu ditudan arrazoiengatik, beste ekimen batzuetan, eskuz idatzitako sinadurak biltzen zentratuko lituzkete indarrak, jendea nahasi eta sakabanatu ordez.
Hori da nire iritzia behintzat. Espero dut inor ez haserretzea hauek esateagatik. Gizarte mugimenduetako kideak lagundu nahi nituzke, sinadura bilketak dituzten kanpainak modu ahalik eraginkorrenean diseinatzeko aholku baliagarriak emanez.
Sinadura elektronikoa
Internet bidezko sinadura bilketei buruzko artikulu honetan ezin ditut sinadura elektronikoak aipatu gabe utzi. Munduan zehar norbanakoen artean ez daude oso zabalduak. Batez ere administrazio publikoek enpresa eta erakundeekin erlazionatzeko erabiltzen dituzte, baina gutxi-gutxika, munduko hainbat txokotan norbanakoei ere sinadura elektronikoari esker Internet bitartez geroz eta eragiketa gehiago egitea ahalbidetzen zaie. Ohiko bidea Egoitza Elektronikoak deritzanen webguneen bitartez izaten da. Ikus adibidez Nafarroako gobernukoa edo Bizkaiko, Gipuzkoako edo Arabako foru aldundienak.
Zerbitzu hauek erabiltzeko elektronikoki sinatutako ziurtagiri elektronikoak behar dira. Ziurtagiri horiek, besteak beste, Estatu espainiarreko NAN elektronikoko txipetan aurki daitezke. Espainiar estatuko adibidea aipatzen dut, hain zuzen, bertan 2003an Sinadura Elektronikoaren Legea (PDF) onartu zelako. Lege honen ondorioz, Internet bidez egindako sinadura elektronikoak paperean egindako ohiko sinaduren baliokidetzat hartzen dira.
Horri esker, MiFirma.com bezalako plataformak sortu ahal izan dira. Webgune hau gorago aipatutako webguneen baliokidea litzateke, baina funtsezko desberdintasun batekin: bertan bildutako sinadurak elektronikoak dira eta Estatu espainiarrarentzat paperean bildutakoen balio legal berbera dute. Era honetako webgune bat erabiltzea ideia ona izan daitekeen eztabaidatzera sartu gabe, aukera honek duen muga nabarmena azaltzera pasako naiz: sinatzaileak software eta hardware azpiegitura zehatz bat izatea eskatzen du eta baita ezagutza tekniko zehatz batzuk ere. Ondorioz, webgune honetan arrakasta minimo bat izan dezakeen sinadura bilketa bat egitea ezinezkoa da oraingoz. Urte askoan horrela izaten jarraituko duela dirudi, teknologia hau bakan batzuek besterik ez baitute erabiltzen.
Nire gomendioak
Azalpen guzti hauen ondoren, gauzak lehen baino nahasiagoak ikusteko arriskua dago eta horregatik, kasu arruntetarako nire gomendioak labur-labur azaltzen saiatuko naiz:
- Ez sinatu inoiz Change.org-eko kanpainarik, ezta zure lagun minenak bidaltzen badizu ere. Horren ordez, bidali dizunari edo zuzenean sinadura bilketa antolatu dutenei bidal iezaiezu artikulu honen esteka, berriz egin ez dezaten. Eta benetan ekimen horretan interesa baduzu, galdetu ea paperean sinatzerik duzun.
- Ez sortu inoiz Change.org-en sinadurak biltzeko kanpainarik, erosotasunak ez baitu merezi sinatzaile guztiengan dakartzan kalteak.
- Sinadurak nonbaiten aurkezteko badira, ez bildu sinadurarik Internet bidez. Horren ordez, hobe da indarrak eskuz idatzitako sinadurak lortzeko erabiltzea. Honek ala ere ez du kentzen noski, ekimena Interneten zabaltzea (nahi beste modura, bideoekin eta nahi den erara), baina jende guztiak argi izan dezala helburua sinadurak paperetan jasotzea dela.
- Bilatzen dena jendeak ekimenari publikoki babesa adieraztea bada, hainbat gauza egin daitezke. Aukeretako bat, nola ez, Internet bidez izenak biltzea da. Baina egitekotan, ekimena aurrera daraman taldeak edo taldeetako batek dagoeneko webgune bat badu, bilketa webgunean bertan egitea gomendatzen dut. Zergatarako jarri datu pribatuak ondo kontrolatzen ez ditugun lekuetan guk geuk gorde baditzakegu? Beste aholku bat: helburua babesa publikoki adieraztea besterik ez bada, izen-abizenak eskatzeaz gain ezer gutxi gehiago eskatu behar genuke (e-posta helbidea, telefono zenbakia eta NANa zertarako eskatu erabiliko ez baditugu?). Taldeak Interneti buruz baliabide edo ezagutza gehiegirik ez badu, datu bilketa era seguruan eta pribatutasunaren ikuspuntutik ondo kudeatzeko modu bat Avaaz.org erabiltzea izan daiteke.
- Jendeak gure ekimenari babesa adierazteko aukerak ematea badugu helburu, egin ditzakegun kanpainak eta ekitaldi motak zenbatezinak dira (manifestazio eta elkarretaratze arruntetatik hasi eta ohiko desobedientzia ekitaldietaraino, flash mob, lib dub eta mannequin challenge bideo grabaketatik pasatuz). Kanpainaren osagaietako bat benetako sinadura bilketa bat aurrera ateratzea bada, sinatzen dutenei eta urrun egoteagatik sinatu ezin dutenei ondokoak eska diezazkiekegu:
- Jendeari bilatzen ditugun eskuz idatzitako sinadurak lortzeko eskatu: sinatzeko paperak zein leku zehatzetan aurki daitezkeen eta zein ordutegitan azalduz, kalean sinadurak biltzeko informazio mahaiak antolatzen laguntzeko eskatuz…
- Jendeari ekimenaren berri zuzenean emateko eskatu: ahoz-aho lagun eta ezagunen artean, parte hartzen duten lokal eta taldeetan iragarriz…
- Jendeari mezua Interneten bitartez zabaltzen laguntzeko eskatu: berria e-postaz eta bat-bateko mezularitza plataformen bitartez birbidaliz, sare sozialetan partekatuz eta iruzkinak eginez…
- Erreferentziazko pertsonei babes publikoa eskatu (ezagunak, adituak, kaltetutako pertsonak…), sinadura bilketaren beharra ahalik eta argien, ozenen eta jende gehiagorengana hel dadin.
- Jendeari bururatu dakizkioken hainbat modutan sinadura bilketaren berri ematera animatu, irudimenari eta talde-ezagutzari lekua espresuki eginez.
Sofaktibismoa
Amaitzeko, ez dut aipatu gabe utzi nahi Internet orokorrean eta sare sozialek bereziki gizarte mugimenduek erabiltzeak ekar dezaketen ondorio kaltegarri bat. Anglosaxoiek efektu horri slacktivism deitzen diote (slack ingelesez alperra esan nahi du). Gurean sofaktibismoa bezala izendatu ohi da.
Kontua da gizarte mugimenduetan parte hartzeak lan bat eskatzen duela, denbora bat. Bestalde, bizi dugun gizarteak geroz eta gehiago mantra hau betetzera bideratzen gaitu (ia behartu egiten gaituela esan daiteke): ahalik eta gauza gehien egin ahalik eta denbora gutxienean. Horrek hainbat ondorio sortarazten ditu:
- gauzak etengabe egin beharra eta egiten ditugula erakustea,
- emaitzak lehenbailehen lortzea,
- ekintzak epe motzerako bakarrik diseinatzea,
- aldi berean hamaika lekutan egon beharra,
- gure benetako behar eta ekintzen inguruan lasaitasunez hausnartzeko ezintasuna
- eta abar.
Gizarte mugimendu batek bilatzen duen helburua zuzena iruditzen bazaigu (demagun adibidez, zezenketekin amaitzea), laguntzeko prest bagaude, bilera batera joan gaitezke, manifestazio edo bestelako kale ekintza batean parte har dezakegu. Baina horrek, nola ez, denbora bat eskatzen du, eta gu beti gaude denboraz larri, geroz eta larriago. Dinamika honetan murgildurik gaudela, Internet bidez sinadura bilketa batean parte hartzea, “gogoko dut” botoiak sakatzearen parekoa bihurtzen da; gizarte mugimendu horretan benetan parte hartu beharrean (adibidez, zezenketa baten aurka manifestazio batera joanez), aktiboak izan beharrean, zabaltzaile edo babesle arrunt bilakatzen gara, gero eta gehiagotan gainera. Batzuetan, ezta hori ere ez.
Gure gogoko sare sozialean denbora pasa ari garela, eduki soziala edo politikoa duen meme batekin topo egiten dugu eta segundo gutxi batzuk dedikatu ondoren “Gogoko dut” botoia sakatzen dugu. Are gehiago, edukia gure kontaktuen artean Partekatu egiten dugu (edo “sinadura” plataforma batean gure izena gehitzen dugu). Kitto. Beste bideo xelebre bat ikus dezakegu, gure lagun eta ezagunek zer egiten duten kuxkuxeatu, guk dagoeneko eguneko ekintza ona egin baitugu. Zezenketek jarraituko dute? Manifestaziora inor joango da? Manifestazioa noiz zen? Bazegoen manifestaziorik? Bildutako sinadurekin ezer egingo da? Noiz? Nork? Gauza guzti horiek gero eta gutxiago inporta dute, gu lanpetuegi baikaude. Horiek gauza garrantzitsuak dira baina guk ezin ditugu egin, itxaron ezin dezaketen beste gauza batzuk egin behar ditugulako ezinbestean, beste gauza asko… gero eta gehiago… WhatsAppak erantzun, asteburuko argazkiak hara eta hona igo, lagun taldea irakurri, eta beste lagunena eta ikaskideena eta…
Informazioa zabaltzea beharrezkoa da, noski, baina denok jarrera pasibo hori hartzen badugu, gizarte mugimenduak husteko eta ahultzeko arriskua dago. Eta jakina denez, zenbat eta giza talde pasiboagoa izan, otzanagoa izan, orduan eta errazagoa da berarekin nahi dena egitea. Beraz, adi 🙂
Informazio gehiago: