Ikusi makusi » zientzia fikzioa http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu Sun, 10 Jan 2016 13:02:29 +0000 eu hourly 1 http://wordpress.org/?v=3.9 Zientzia fikzioa http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2009/zientzia-fikzioa/ http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2009/zientzia-fikzioa/#comments Mon, 02 Nov 2009 17:56:57 +0000 http://www.ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2009/zientzia-fikzioa/ Irakurri gehiago →]]> Zientzia lan teorikoa bada, teknologia, zientzia praktikara eramateko era da. Zientziak, bizi garen mundua ulertzen laguntzen bagaitu, teknologiak, ezagutza horiek erabiliz, bizi garen mundua aldatzen laguntzen digu. Gai baten inguruan ikerketa zientifikoak egiten direnean, goizago ala beranduago, gai horren inguruko teknologiak agertzen dira. Berdin dio medikuntzari buruzko ikerketak izan, biologiari buruzkoak ala fisikari buruzkoak. Zientziak muturra non sartu, aplikazio teknologikoak bertan agertzen dira. Zientzia fikzioarekin antzera gertatzen da. Fantasia eta zientzia biltzen dituen literatur genero honek, ludikoa izateari utzi gabe, hausnarketarako bidea ere irekitzen du. Zientziaren hizkuntza zorrotza alde batera utzita, zientzialariek eta hezkuntza teknikoa dutenek, fantasiak ematen duen malgutasuna baliatuz, aurrerapen zientifikoak nolabait asimilatzeko tresna ere izan daiteke zientzia fikzioa. Sortzen diren teknologia eta aukera berrien inguruan gogoeta egiteko tresna alegia.

Generoaren sorrera

Noiz eta nola sortu zen zientzia fikzioa? XIX. mendean, garaiko aurrerapen zientifikoak hizpide zituzten ipuin eta eleberri batzuk sortzen hasi ziren eta konturatzerako Julius Verne bezalako idazleek lan ahaztezinak sortuak zituzten: “Lurretik ilargira”, “Lurraren erdigunera bidaia”, “20.000 legoa itsaspean”, “Munduari bira 80 egunetan” eta abar.

Jules Vernek idatzitako Lurretik ilargila liburua
Jules Vernek idatzitako “Lurretik ilargira” liburua
Irudi originala

Orain ehun urte bete dituen futurismoaren mugimendu artistikoa, hastapenetan zegoen zientzia fikzioa baino haratago joan zen eta iraultza industrialaren arrakasta ikusirik, makinak maite zituela aldarrikatu zuen. Izan ere, zientzia fikzioa jorratzen zuten lehen artelanek (ipuinek, antzezlanek, etab.), ezaugarri komun bat dute: zientzia eta teknologia oso era positiboan ikusten zuten, arrazionalismo kartesiarra erabiliz lortu zitezkeen gauzei mugarik ezarri gabe. Gizakiak bizi dituen aroekin analogia bat eginez, zientzia fikzioaren gaztaroa izan zela esan dezakegu.

Garai horretan, Karel Čapek txekiar idazleak bere “RUR” antzezlanean, gero hain ezaguna egin zen robot hitza erabili zuen lehen aldiz. Europan zientzia fikzioari buruzko aldizkari asko argitaratzen hasi ziren eta moda Ameriketako Estatu Batuetara ere heldu zen. Han, pulp izenarekin ezagutzen diren zientzia fikzio eta komiki aldizkariek indar handia hartu zuten. Kalitate literario handiegirik ez zuten arren, gaur egun zientzia fikzioarekin lotzen ditugun gaiak gogoz lantzen zituzten: espazioko bidaiak, estralurtarrak, esperimentu genetikoak, energia nuklearra, robotak, adimen artifiziala, klonazioa, zizare zuloak, unibertso paraleloak, denboran bidaiatzeko makinak, eta abar.

Mota honetako gidoietan, zehaztasun teknikoek, nahiz eta fantastikoak izan, garrantzi handia dute. Abenturetako protagonistak askotan zientzialariak eta ikerlariak dira eta gidoiaren beste osagarri batzuk (pertsonaien psikologia adibidez) ez dira asko lantzen. Zientzia fikzio mota hau, zientzia fikzio gogorra (ingelesez hard) bezala ezagutzen da.

Hirugarren Mundu Gerra komikia
“Hirugarren Mundu Gerra” komikia
Irudi originala

Bigarren Mundu Gerra

Askok, zientziak eta teknologiak ongizate amaigabea ekarriko zutela pentsatzen bazuten ere, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, hau da, asmakizun militarren alde iluna ezagutu ondoren, zientzia fikzioak eraldaketa bat jasan zuen, batez ere Europan. Gizakiaren aroekin analogia egiten jarraituz, gaztaroa igaro eta zientzia fikzioa heldutasunean barneratzen hasi zen. Aurkikuntza zientifikoek eta asmakizun teknologikoek arriskuak ere bazituztela gero eta argiagoa zen eta errealitate hori jorratzen zituzten lanak argitaratzen hasi ziren. Eleberrietako protagonistak asmatzaileak eta ikerlariak izan beharrean, teknologiaren erabiltzaileak izatera pasatu ziren, zientzialariak bigarren mailan utziz. Zehaztasun teknikoek jada ez zuten garrantzia askorik, baizik eta asmakizunen eragin sozialak, psikologikoak eta abar. Zientzia fikzio mota hau, zientzia fikzio biguna (ingelesez soft) bezala ezagutzen da.

Garai honetakoak dira George Orwellen “1984” eleberria, Aldous Huxleyren “Mundu zoriontsua”, Ray Bradburyren “Fahrenheit 451”, Isaak Asimoven “Betikotasunaren bukaera”, Philip K. Dicken “Ubik”, Frank Herberten “Dune” eta abar luzea.

RUR antzezlana
Karel Čapek-en “RUR” antzezlana
Irudi originala

Ziberpunka

XX. mendeko 80ko hamarkadan, zientzia fikzio gogorra eta biguna egiteaz gain, azpigenero berri bat bezala desberdintzen diren lanak agertzen hasi ziren. Garai horretan lehen sare informatikoak hasi ziren munduan zehar zabaltzen eta herritarren artean ordenagailu pertsonalen zabalkundea emango zela aurreikusten zen. Ingurune horretan sortu zen ziberpunk (ingelesez cyberpunk) mugimendua; bertan, ikuspegi errebelde eta subertsibo batetik, munduaren irudi pesimista bat jorratzen zen. Mota honetako zientzia fikzioak, teknologiak eta kapitalismoak menperatutako historiak jorratzen ditu.

Garai honetakoak dira William Gibsonen “Neuromantea”, Bruce Sterling-en “The Hacker Crackdown”, Ridley Scotten “Blade Runner” filma, “Brazil” filma, “Akira” marrazki bizidun filma eta abar. “Matrix” trilogiak osagarri asko baditu ere, multzo honetan sailka genezake. Historietako protagonistak galtzaileak edo pesimista amorratuak izaten dira eta ohikoa da drogak eta ziborgak agertzea. Gizakiaren aroekin analogia jarraituz, 40 urteko krisi bat izan liteke, edo agian zientzia fikzioaren zahartzaroa. Izan ere, gaur egun sortzen diren zientzia fikziozko eleberri, komiki eta filmak aurreko azpigeneroetan sailka daitezke.

Ziberpunk-ondoko estiloa sortu dela diotenak badaude. Juan Ibarrondo euskal idazlearen “Retazos de la red” eleberria adibidez, azpigenero berri horretan sailkatuko litzateke. Denborak esango digu zientzia fikzioa beste azpigenero bat erditzeko zorian dagoen ala ez…

Zientzia fikzioaren beharra

Bukatzeko, zientzia fikzioak gaur egun garena izatera laguntzeko izan duen papera azpimarratu nahi nuke nik. Nolabait, bide zuzena (edo gutxienez okerrena ez dena) aukeratzen lagundu gaituela sinistu nahi dut.

Debekatutako Planetako Robby Robota
“Debekatutako Planeta”-ko Robby Robota
Irudi originala

Franco Berardi Bifo idazleak “Zoritxarraren fabrika” (“Traficantes de sueños”) saiakera liburuan azaltzen duen bezala, infosfera etengabe garatzen ari den informazio fluxuak dira. Hau da, ziberespazioa gero eta handiagoa, konplexuagoa eta azkarragoa den bitartean, gizakion ziberdenborak arrazoi biologikoengatik mugak ditu eta desoreka handitzen ari da.

Horregatik, gizakiok sortu dugun ezagutza zientifikoak eta asmakizun teknologikoek aurrea hartu digute eta gizaki bezala nora garamatzaten hausnartzeko astirik ere ez dugu. Nire ustez, zientzia fikzioak, arte genero bat izaten utzi gabe, aurrerapen zientifikoen inguruan nolabaiteko perspektiba bat lortzen laguntzen digu gizakioi. Eta, gainera, primeran pasatzen dugu berarekin. Bejondeiola zientzia fikzioari!

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu dut eta 2009ko apirilaren 3an argitaratu da.

Informazio gehiago:

]]>
http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2009/zientzia-fikzioa/feed/ 0