Ikusi makusi » zabaldu http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu Sun, 10 Jan 2016 13:02:29 +0000 eu hourly 1 http://wordpress.org/?v=3.9 Sare sozialen hedapena http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2009/sare-sozialen-hedapena/ http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2009/sare-sozialen-hedapena/#comments Wed, 07 Jan 2009 21:04:58 +0000 http://www.ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2009/sare-sozialen-hedapena/ Irakurri gehiago →]]> mundua
Aurten euskaldunok sare sozialak gogoz erabiltzen hasi gara
Irudi originala

Teknologiari dagokionez, bukatzear dagoen 2008. urte honetan, azken urteetan bezala, hamaika gauza gertatu dira. Alor guztietan izan dira aurrerapenak eta hobekuntzak, bai medikuntzari dagokionez, bai garraioei dagokionez, bai industriari dagokionez, bai hedabideei dagokionez, bai aisiari dagokionez, eta abar. Gure gizartean teknologiak gero eta pisu handiagoa du eta etengabe egiten diren hobekuntzak gure bizitzako hainbat eta hainbat arlotan islatzen dira.

Orokorrean, hala ere, esan dezakegu 2008an ez dela sorpresa handirik izan, aurretik zetozen joerek jarraipena izan bait dute. Energia berriztagarriekin lotutako produktuek adibidez gora egin dute: eguzki-panelak jarri dituzte Araban, haize-errotak Nafarroan, itxasoko olatuetatik energia ateratzen duten plantak Bizkaian, auto eta autobus ekologikoagoak Euskal Herri osoan, etab.

Aisialdia eta diseinua

Telefono mugikorren, MP3en eta antzeko gailuen kopurua ez da asko hasi 2008an, oso handia bait da jada, baina erabiltzen ditugun gailuetan eboluzioak aurrera egin du: SMS multimediak, bideo deiak, e-mailak, argazkiak, GPS geolokalizaioa, MP3 eta MP4 funtzionalitateak, iPod-ak, iPhoneak, eta abar. 2008. urtean zehar, euskaldunon poltsikoetan gero eta gailu boteretsuagoak heldu dira eta argi dago aisiarako gero eta zuzenduagoak daudela. Aisia aipatu dugunez, arlo honetan, PC-rako jokoez aparte, joko-makinak (Play Station (PSP), Xbox eta Wii, adibidez) inoiz baino etxe gehiagotara heldu direla ere esan beharra daukagu.

Ezaugarri estetikoei gero eta gehiago begiratzen diogu

Urte honetan izandako eraldaketak errepasatuz, ordenagailu eta antzeko gailu guzti hauetan aldaketa bi nabarmenduko nituzke: alde batetik, aisiarako joera; eta bestetik, funtzionalitateaz gain, diseinuak eta itxurak duen gero eta garrantzi handiagoa. Hau da, ordenagailu eramangarri bat edo telefono eramangarri bat erostera goazenean, dituen zaugarri teknikoez gain, ezaugarri estetikoei gero eta gehiago begiratzen diogula.

Autoen iragarkietan, esaterako, MP3 entzuteko aukera duela beste edozein ezaugarriren gainetik nabarmentzen dute batzutan. Edo Apple enpresako iPhone desiratuak duen estilismoa, eskaintzen dizkigun funtzionalitatearen eta prezioaren gainetik jartzen dugu. Aurretik zetorren joera hau etengabe indartzen joan da 2008. urtean eta baliteke datorren urtean teknologiaren modak jantzien modak adina indar izatea ia.

Sare sozialak

Euskal herritarren artean tendentziaren bat nabarmentzekotan, urte honetan Interneteko sare sozialek izan duten hedapena nabarmendu behar da

Baina euskal herritarren artean tendentziaren bat nabarmentzekotan, urte honetan Interneteko sare sozialek izan duten hedapena nabarmendu behar da. Webgune gehienak lehendik sortu baziren ere, aurten, erabilera inoiz baino gehiago hazi da. Euskal hiztunek, Web 2.0 aroan sailkatzen diren webgune erabilterraz piloa daukate eskura (blogak, wikiak, fotologak, etab.), baina webgune horietako batzuk erabiltzaileen arteko harremanei eta jardunari ematen diote garrantzirik handiena. Hala, sare sozial digitalak sustatzen dituzte.

Wikipedia adibidez, horren adibide bat izan daiteke. Izan ere, Interneten existitzen diren miloika wikietatik, horrek baitu komunitaterik handiena: erabiltzaileek edukiak sortu eta eguneratzen dituzte, baina beraien arteak koordunatuz, zirriborroak prestatuz, beharrak aztertuz, lehentasunak ezarriz, eztabaidak eginez, bozketak eginez, finantzaketa diru-iturriak bilatuz, erabiltzaileen artean mezuak bidaliz, eta abar. Askotariko parte-hartze mailak badaude ere, guztiok ezagutzen dugun Interneteko entziklopediak sare sozial gero eta handiago horri esker egiten du aurrera.

Zabaldu.com webguneak, adibidez, abatarrak dauzka (erabiltzaile bakoitzari esleitutako argazkia), eta albisteak euskaraz zabaltzeko webgune horren sare sozialeko partaideen elkarreragiteak karma kopurua igo edo jaitsi egiten du (horrek erabiltzaileak komunitatean duen onezpen-maila aldatzen du). Era horretan, komunitateak, hau da, erabiltzaile sareak, karmari esker, albisterik onenak aukeratzea lortzen du.

Gizakiok animali sozialak gara eta gure helburuak komunitate baten barruan garatzen ditugu

Ikus daitekeenez, webguneak gero eta errazagoak dira erabiltzen (gero eta ezagutza tekniko txikiagoarekin emaitza gero eta ikusgarriagoak lor daitezke), baina teknologia aurrera doa eta aurrerapenak ez dira hor gelditzen.

Aristotelek esan zuen bezala, “gizakiok animali sozialak gara eta gure helburuak komunitate baten barruan garatzen ditugu”. Agian horregatik, teknologiak aukera ematen digun heinean, Internet ere inoiz baino era sozialagoan erabili dugu aurten euskal herritarrok. Eta posibleena da joera hau 2009an ere oso indartsu jarraitzea.
Interneteko sare sozialei buruzko hausnarketa hauek egiteko, euskal herritarron artean puri-purian dauden beste webgune batzuk aipatzea ezinbestekoa da. tagzania.com, euskaltube.com, bildu.net, txioka.net, galdetu.com, argazkiak.org eta erabiltzaileen artean sare sozialak lantzea ahalbidetzen duten euskal webgunetaz ezezik, helburu nagusia sare soziala bera duten webguneez ere ari naiz. Eremu horretan sailkatu daitezke, facebook.com, myspace.com, tuenti.com, hi5.com, linkedin.com eta abar. LinkedIn webguneak, adibidez, norbere curriculum-a argitaratzeko aukera ematen du eta lagunen bidez era guztietako profesionalekin harremanetan jartzea ahalbidetzen du.

Sare honen helburua, beraz, ez da eduki baiogarririk edo interesgarririk sortzea; erabiltzaileen arteko harremana bera garatzea baizik. MySpace webgunean berriz, Euskal Herriko musika talde gehienak aurkituko ditugu, behin baino gehiagotan tresna horri esker lortzen bait dute kontzertuak lotzea.

Facebookeko euskal komunitatea

Gure lagunek Facebooken egiten dutenaren jarraipena egin dezakegu

Facebook webgunearen helburua azaltzea zaila da, helburu zehatzik ez duela edo mila helburu dituela esan bait daiteke. Aurten Facebookeko euskal komunitateak euskarara itzuli duen webgune honetan, jendeak bere izena eta nahi dituen datu pertsonalak igotzen ditu eta gero bertan dauden bere lagun eta ezagunak kontaktu bezala gehitzen ditu (bi aldeak ados egonez gero). Era horretan, erabiltzaile guztien arteko sare erraldoi bat sortzen da eta zure lagunekin hamaika modutan komunikatzeko aukera daukagu.

Mezuak bidaliz, konektatuta badago txat bitartez hitz eginez, bere horman idatziz, eta abar. Hori gutxi balitz, gure ezagunek Facebooken egiten dutenaren jarraipena egin dezakegu: argazki bat igotzen dutenean, beste norbaitek igotako argazki baten barruan gure laguna etiketatzen dutenean eta abar. Zure lagun baten urtebetetzea denean ere Facebook-ek ohartarazi egiten gaitu. Hala, gure kontaktu guztiekin harremanetan egoten laguntzen digu. Tuenti, Hi5, Facebook eta antzeko tresnen bitartez, ikasle garaiko lagunak eta lankide ohiak aurkitu daitezke, baita atzerrian dauden lagunekin harremana izan ere, Facebook bitartez zuk egiten duzuna eta beraiek egiten dutena nolabait jarrai baitaiteke tresna horiei esker.

Gai eta helburu zehatzei buruzko taldeak ere sor daitezke (irrati saio baten jarraitzaileak, gai batetan interesa dutenak…), bideoak eta estekak elkar trukatu, ekitaldi fisikoetarako gonbidapenak luzatu (manifestazio bat, euskararen aldeko ekitaldi bat…), eta beste gauza asko eta asko. Aurten, euskal herritarrok sare sozialak gogoz erabiltzen hasi gara eta horrela jarraituko dugula dirudi.

Hamabi hilabete barru ikusiko dugu aipatu ditugun teknologiaren tendentziek nola egin duten aurrera…

Irudia: Artikulu honetan agertzen den irudia Blender izeneko 3D tresna aske batekin prestatu dut. Zuk ere antzeko irudirik sortu nahi izanez gero, nik sortutako iturri-fitxategia berrerabil dezakezu:

GZ
sare sozialen mundua.tar.gz (900 KB)

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu dut eta 2008ko abenduaren 27an argitaratu da.

]]>
http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2009/sare-sozialen-hedapena/feed/ 0