Ikusi makusi » wassenaar http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu Sun, 10 Jan 2016 13:02:29 +0000 eu hourly 1 http://wordpress.org/?v=3.9 Adierazpen askatasuna Interneten http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2008/adierazpen-askatasuna-interneten/ http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2008/adierazpen-askatasuna-interneten/#comments Sun, 23 Nov 2008 17:00:50 +0000 http://www.ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2008/adierazpen-askatasuna-interneten/ Irakurri gehiago →]]> megafonoa
Irudi originala

Gizarte garatuetan, demokratikoak deitu ohi diren horietan, adierazpen askatasuna gauza ziurtzat jotzen da. Eta orain Internetek ematen duen aukera mordoarekin (blogak, wikiak, etab.), are gehiago. Baina maiz gertatzen den bezala, urruneko intxaurrak hamalau iruditu arren, gerturatutakoan lau besterik ez dira izaten.

Ikusiko dugun bezala, estatu askotan, legegintza-boterearekin hain ondo konpontzen diren indar eskuindarren eraginez, adierazpen askatasuna oztopatzen duten legeak ateratzen ari dira han-hemenka.

Internet arautzeko helburuarekin sortzen den lege berriak justifikatzeko, mota askotako arrazoiak ematen dira. Baina beti helburu txalogarriak lortzeko: pederastia ekiditeko, segurtasun nazionala ziurtatzeko, egile eskubideak bermatzeko, merkataritza elektronikoa hobetzeko, etab. Kontua da, helburu horiek lortu ala ez, Interneteko beste hainbat esparrutan eragin zuzena izaten dutela lege hauek. Batez ere adierazpen askatasunean eta informatua izateko askatasunean eta, kasu batzuetan, baita pribatutasuna izateko eskubidean ere.

Demokratikoak ei diren estatuetan adierazpen askatasuna bermatua dagoela uste baduzu, oker zaude

Ohiko adibideak dira Txina eta Kuba, beraien herritarrei Internet erabiltzeko muga oso agerikoak jartzen baitizkiete (konexioa lortzeko, informazioa igortzeko, informazioa jasotzeko, etab.). Ipar Korean, adibidez, Internet ia existitu ere egiten ez dela esan daiteke. Demokratikoak ei diren estatuetan horrelakorik gertatzen ez dela pentsatzen baduzu, eta adierazpen askatasuna bermatua dagoela uste baduzu, oker zaude.

Hain kontserbadoreak diren Amerikar Estatu Batuetan, adibidez, Internet bitartez intimitate osoz hitz egitea (hau da, kriptografia segurua erabiltzea) legez kontrakoa da, Gobernuak nahi izanez gero ezin baitu guk dioguna jakin. Bertan, kriptografiadun programak erabil daitezke, baina segurtasun maila baxua dutenak bakarrik. Wassenaar itunaren barruan dauden 33 estatuek (Espainia eta Frantzia barne) kriptografiaren erabilerari ez baina kriptografiadun programen esportazioari mugak jartzen dizkiote, “erasorako arma estrategikotzat” hartzen baitituzte.

Gobernuek nahiago dute herritarrok Internet bitartez gutun itxiak bidali beharrean postal irekiak barra-barra bidaltzen jarraitzea

Pribatutasunaz hitz egitea, orduan, zer da, eskubide bat ala erasorako arma bat? Kontua da e-mailak zifratuta bidaltzeko sistemak aspaldi asmatu ziren arren, gutxiengo batek bakarrik erabiltzen ditugula. Izan ere, gobernuek nahiago dute herritarrok Internet bitartez gutun itxiak bidali beharrean postal irekiak barra-barra bidaltzen jarraitzea eta, horregatik, ez dituzte komunikazio seguruak sustatzen.

Gaur egun, ia guztiok dakigu blogak zer diren eta adierazpen askatasunaren lagunak direla argi daukagu. Agian horregatik, ez gara harritzen Maroko edo Egipto bezalako estatuetan blogariren bat espetxeratu dutela jakitean. Han ez bezala, Europan blogariek adierazpen askatasuna bermatua dutela pentsatuko dugu. Bada, kontuz. Italian gertatu berri dena kontuan hartzekoa baita. Berlusconi boterean zegoela, 2001. urtean onartutako lege baten arabera, hedabideak erregistratu egin behar dira eta, lege hori erabiliz, epaile batek blogari bat bere bloga ixtera zigortu du. Logikoa denez, orain, ehunka mila blogen jabeek ziurgabetasun itzela daukate, gustukoa ez den zerbait esanez gero norbaitek auzitara eraman eta bloga itxiaraziko baitiete. Hori al da adierazpen askatasuna bermatzea?

Estatu espainolak ere baditu lege alprojak. Aznar boterean zegoela, 2002. urtean, merkataritza elektronikoa arautzeko aitzakiarekin, Interneten erabilera guztiak kontrolatzeko erabil zitekeen lege bat onartu zen.

Lege horrek, beste puntu polemiko batzuen artean, Estatu espainoleko Internet Zerbitzuen Hornitzaileen (ISP) bitartez, atzerrian dauden webguneak zentsuratzeko aukera ezarri zuen (munduko estatu atzerakoienetan bezala). Legea indarrean jarri eta hurrengo egunean bertan, Estatu espainoleko ISP guztiek ordura arte inoiz egin ez zutena egin zuten, Garzon epailearen aginduak jarraituz, atzerrian zeuden “batasuna.org”, “euskal-herritarrok.org” eta “batasuna-barakaldo.org” webguneak blokeatu zituzten. Merkataritza elektronikoa arautzea xede ei duen lege bat izateko, lehen erabilera benetan deigarria…

Urte honetan bertan, Estatu espainolean, Internetekin zerikusia duen beste lege bat jarri dute indarrean. Lege berri horren xedea ere oso txalogarria ei da: informazioaren gizartea sustatzea. Baina edukiak aztertuz gero, adierazpen askatasunaren aurkako puntuak dituela ikusiko dugu. Aurreko legearen arabera, webgune bat epaile batek bakarrik itxi zezakeen, baina lege berriarekin administratiboki ere itxi daiteke. Hau da, epaile baten ordez, gobernuko funtzionario batek ere webguneak itxi ditzake. Horrek, antza, informazioaren gizartea sustatzen du…

Azken adibide bezala, Hego Koreako gobernu eskuindarrak onartu nahi duen lege bat aipatu nahi dut. Bertako presidenteak haragi inportazioaren inguruan hartutako erabaki polemiko baten ondoren, sekulako liskarrak eta iskanbilak piztu dira. Hego Korea Internet gehien erabiltzen duen laugarren estatua denez, sareko blogetan eta foroetan gaiari buruz asko hitz egin dute. Eta ez hori bakarrik, herritarrek tresna horiek inoiz baino gehiago erabili dituzte beraien artean eztabaidatzeko eta koordinatzeko. Adierazpen askatasunaren onuratzat har zitekeena, gobernuak mehatxutzat hartu du eta Hego Koreako webguneetan anonimotasuna debekatu nahi du. Legea aurrera ateratzen bada, korear guztiak, blogetan eta foroetan parte hartzen jarraitu ahal izateko, benetako izen abizenak erabiltzera behartuta egongo dira. Ez dakit ligatzeko foroetan edo sexologiari buruzko blogetan jendea parte hartzera ausartuko den, baina Gobernuak hartutako erabakiei buruz ziur inork ez duela txintik esango. Gora adierazpen askatasuna! Gora demokrazia!

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu dut eta 2008ko urriaren 11an argitaratu da.

Erlaziodun artikuluak:

]]>
http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2008/adierazpen-askatasuna-interneten/feed/ 0