Ikusi makusi » n-1 http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu Sun, 10 Jan 2016 13:02:29 +0000 eu hourly 1 http://wordpress.org/?v=3.9 Sare sozial libreak http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2010/sare-sozial-libreak/ http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2010/sare-sozial-libreak/#comments Sun, 02 May 2010 18:17:12 +0000 http://www.ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2010/sare-sozial-libreak/ Irakurri gehiago →]]> Erabiltzaileek gidaturiko Interneteko sare sozial berriak.

 sare sozial burujabeak
Irudi originala

Berton idatzi nuen aurreko artikuluan, sare sozial digitalei buruz jardun nuen, azkenaldian puri-purian dauden webgune gehienen atzean enpresa bihozgabeak daudela erakutsiz: Facebook, Twitter, Youtube, Flickr, MySpace, SlideShare, Gmail eta abar. Webgune komertzial guzti hauek publizitate iragarkiak sartzen dituzte beren edukietan eta hainbeste erabiltzaile erakartzea lortzen dutenez (ehunka milioi, hauetako bakoitzak), diru asko mugitzen dute. Kontua da webgune famatu horiek guztiek erakusten dituzten eduki mordoak ez dituztela, egunkariek eta beste webgune askok egiten duten bezala, beraiek sortu eta prestatzen. Hirugarrenei erositakoak ere ez dira. Guk geuk, erabiltzaileok, doan ematen dizkiegu. Beraiek azpiegitura jarri eta guk egiten dugu gainerako guztia.

Horrez gain, enpresa hauek, erabiltzaileekin zorretan daudela-edo pentsatu beharrean, kontrakoa uste dute; gure edukiak argitaratzeko eta zabaltzeko aukera doan ematen digutenez, gu gaude zorretan haiekin. Horregatik, sare sozial digital gehienetan, erabiltzaileak oso gaizki tratatzen dituzte: erabiltzaileek jasan ditzaketen iragarki guztiak txertatzen dituzte, zerbitzuaren iraupenari edo kalitateari buruz inolako bermerik ez dute ematen, erabiltzaileen pribatutasunari inolako jaramonik ez diote egiten, erabiltzaileen lanak beraiek nahi bezala argitaratzeko eta saltzeko eskubidea dute, zerbitzuaren baldintzak edozein momentutan aldatzen dituzte erabiltzaileei baimenik eskatu gabe eta aldaketaren ondoren jakinarazi gabe, eta beste hainbat gehiegikeria.

Guk ere badugu errua

Eta bitartean gu, erabiltzaileok, haurrei gozokiak ematen dizkietenean bezala, txundituta gaude sare sozialen aukerekin. Gure burua engainatzen uzten diegu. Beste edozein zerbitzutan gutxieneko baldintza gisa jotzen ditugunak (datu pribatuen kudeaketa zorrotza, egile eskubideak geuk kudeatzea eta abar) ahaztu egiten zaizkigu sare sozial digitaletan. Eta zein da irtenbidea? Sare sozial digitalik ez erabiltzea?

Sare sozial ezagunenak enpresek sortu eta zuzentzen dituzte, eta beren helburu nagusia, jakina denez, etekin ekonomikoak ateratzea da, eta kitto; ez erabiltzailearen pribatutasuna eta gainontzeko eskubideak bermatzea. Alderantziz, webgune komertzial hauek egileen jardunaz bizi direnez, erabiltzaileengandik zenbat eta etekin gehiago atera, orduan eta hobeto. Enpresa hauek badakite sare sozialek «dei efektua» dutela eta behin sarea garatzen hasita oso zaila dela erabiltzaileen lagunak eta ezagunak sarean ez jaustea.

Ironikoa bada ere, jendeak pozarren eraikitzen dituen sare horiek (Messengerren lagunak metatuz, Facebook bitartez sarean sartzeko gonbidapenak bidaliz, ekitaldien jarraipenak egiteko Twiterren etiketak sortuz…) gero eta gehiago lotzen dute sare horietara. Nola erabiliko dut mezularitza librerako Jabber kontu bat, lagun guztiak Messengerren badaude? Zertarako idatziko dut Identi.ca microblogging sistema librean, jendeak Twitter-en esaten direnak baino ez baditu begiratzen? Zertarako inbertituko ditut orduak Elgg sistema librean dabilen webgune batean edukiak sartzen, jende guztia Facebook-en badabil eta talde guztiak bertan sortzen badira?

Arrazoia oso erraza da. Erraza bezaina sakona: sare sozial libreek erabiltzailea dutelako lehentasun, ez etekin ekonomikoak ateratzea. Gaur egun hain arrakastatsua den software librea bezala, jendeak jendearentzat sortutako eta garatutako sare sozialak behar ditugu. Federazioari esker, erabiltzaileak lotzen ez dituzten sare sozial libreak. Erabiltzaileei beren pribatutasuna ondo kudeatzen laguntzen dieten sare sozial libreak; ez, ordea, erabiltzaileen ezjakintasuna enpresarentzat onuragarria den “dei efektua” handitzeko erabiltzen dutenak. Jasotako eduki guztien eskubideak (argazkiak, bideoak eta abar) era malguan kudeatzen uzten duten sare sozial libreak; ez ezkutuan haiez profitatzen direnak. Erabiltzaileei beren datuak webgunetik norberaren ordenagailuan era erosoan kopiatzeko aukera ematen duten sare sozial libreak; ez, sindikazioaren bitartez beste webgunetatik dena hartzeko gai direnak, baina trukean ezertxo ere ematen ez dutenak. Laburbilduz, erabiltzaileei hamaika amarru egin beharrean, erabiltzaileak benetan zaintzen dituzten sare sozial libreak. Bada, ordea, gauza horiek guztiak egiten dituen sare sozial digitalik?

Bai, egon badaude, baina ez dira hain ezagunak eta atzean enpresa boteretsurik ez dutenez, beste abiadura batera garatzen dira. Beraz, sare sozial komertzial ezagun batek funtzionalitate edo aukera berri bat, goxoki bat balitz bezala, eskaintzen digunean, aukera hori guretzat onuragarria den ala ez, eta benetan beharrezkoa dugun, galdetu behar diogu gure buruari. Horrela ez bada, paso egin behar dugu. Gu tentatzeko diseinatua izan den goxoki horri uko egin behar diogu. Jabedun softwarearekin eta software librearekin gauza bera gertatzen da. Jende askok software librearen alde egin duenez, programa horiek hazi eta heldu egin dira, eta, gero eta sarriago, jabedun programak baino hobeak izaten dira. Gaur egun Firefox, OpenOffice, Ubuntu eta punta-puntako beste hainbat software libre bikain gozatzen baditugu, urteetan jendeak haien aldeko apustua egin duelako da. Sare sozial libreekin gauza bera gertatzen da.

Zuretzat hobea zein den erabaki behar duzu eta bere aldeko apustua egin, sistema hori erabiliz, zabalduz, itzultzen lagunduz, beste erabiltzaileen galderak erantzuten saiatuz… Pixkanaka apustu horren onurak batuko dituzu: lehen ez zenituen aukerak gozatuko dituzu, askeagoa izango zara, sarea indartuz zure lagun eta ezagunak askeagoak izaten lagunduko duzu… Sare sozial komertzialekin gertatzen denaren kontrako emaitzak lortuko dituzu. Horregatik aldaketa guztiek lan egin beharra suposatzen dutelako, lan hori egitea merezi duela uste dut.

Softwarea eta zerbitzua

Jarraitu aurretik, Interneteko sare sozial bat librea izatea zer den hobeto azaltzen saiatuko naiz. Izan ere, sare libre bat ez da software librea erabiltzen duen webgune bat. Sare sozial hori software librean oinarrituta egotea, zalantzarik gabe, oso gauza ona da, baina ez da baldintza bakarra. Sare sozial bat aztertzean, erabiltzen duen softwarea nolakoa den kontuan izan behar dugu (Affero GPL lizentziaduna bada, adibidez, webgune berdin-berdin bat guk geuk sor dezakegula bermatuta dago), baita eskaintzen duen zerbitzuak nolako baldintzak ematen dituen ere (ToS, EULA edo besterik gabe, zerbitzuaren baldintzak). Izan ere, sare sozialak sortzeko balio duen software libre bat erabiltzea ez da oztopo, inongo enpresarentzat, gainontzeko ezaugarrietan erabiltzaileak oso txarto tratatzeko.

Beraz, zer da sare sozial digital bat librea izatea? Erabiltzaileen eskubideak errespetatu eta defendatzen dituena; hau da, software librea, estandar irekiak, erabiltzaileak bere datuen kontrola izatea, erabiltzailea beste sare, software edo webgune batera joatea ahalbidetzea eta horretarako erraztasunak ematea, erabiltzaileen datu pribatuetan oinarrituta edota haien jardunaren arabera (landutako gaiak, parte hartutako taldeak, haiekin harremana duten erabiltzaileak…) sailkapenik ez egitea, sarean sartzen dituzten datuen zabaltze maila kudeatzeko erraztasunak ematea, nahi izanez gero anonimotasunaz eta pseudonimotasunaz baliatzeko aukera ematea, eta abar.

Sare sozial libreen ezaugarriak gero eta gehiago betetzen dituzten software edota zerbitzuetako batzuk ondokoak dira: Jabber bat-bateko mezularitza (Messengerren baliokidea), Ekiga SIP bezeroa (Skypen baliokidea), Elgg sistema (Facebook-en ordezkoa), Indeti.ca webgunea eta StatusNet softwarea (Twitter-en baliokidea).

Sare sozial libreak sortzen dituzten software edota zerbitzu gehiago ere badira. Batzuk ezagunak dira: Emule eta Bittorrent P2P bezeroak (ez dute baliokiderik), WikiMedia softwarea eta Wikipedia webgunea (ez dute baliokiderik). Beste batzuk, berriz, ez dira hain ezagunak eta sare sozial komertzialetan (agian, horregatik?) ez da haien baliokiderik agertu: Riseup webguneko Crabgrass proiektua, Pinax, N-1, Kune, GNU Social, Lorea, Diaspora eta abar.

Aipatu ditudan proiektuetako zenbait oso garatuta daude eta prest daude guk erabil ditzagun; sare sozial komertzialetatik noiz askatutako zain daude. Beste proiektu batzuk, ordea, ez dira hain helduak, baina sare sozial askeak eta askatzaileak sortzeko baliagarriak dira, eta horregatik haietara gerturatzeko eta haien aldeko apustua egiteko gonbidapena egin nahi dizut. Aurrera!

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko urriaren 23an argitaratu zen.

Informazio gehiago:

Aldaketa (2010/05/06): Diaspora proiektuari buruzko esteka bi gehitu ditut.

Erlaziodun artikuluak:

]]>
http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2010/sare-sozial-libreak/feed/ 1