Ordenagailuak eta Internet direla eta, jabetza intelektualaren inguruan gauza asko ari gara ikasten azken urteotan. Inprenta sortu aurretik, lan intelektualak inongo mugarik gabe kopiatu, eraldatu eta partekatzen ziren. Shakespearek eta bere garaikideek antzezlanak elkarri nola kopiatzen zizkioten lan intelektuala ulertzeko era askeago horren seinale zen. Baita gaur egun ipuinak, kantuak, sukaldeko errezetak eta beste lan intelektual batzuk partekatzen jarraitzeko dugun modua ere.
Inprenta sortu ondoren, inprimatzen ziren kopiei mugak jartzen hasi ziren eta, azken bi mendetatik hona, ohikoa bihurtu da musika, literatura, argazkigintza, zinemagintza eta abarretan eskubide guztiak erreserbatzea; hau da, lan intelektual orori copyright murriztailea ezartzea.
Baina esan bezala, gailu elektronikoak eta telekomunikazioak egoerari buelta berri bat ematen ari dira, lan intelektualen erabilera kontrolatzea guztiz ezinezkoa bihurtu baitute. Asmakizun teknologiko horiei esker, inoiz ez bezala, denok izan gaitezke eta gara sortzaileak, ez bakarrik hartzaileak edo kontsumitzaileak. Gainera, era guztietako edukiak hamaika eratara parteka ditzakegu, bat-batean eta partekatze horretan kalitate tantarik galdu gabe.
Horiek horrela, azken bi mendeetan Euskal Herrian jabetza intelektualaren aurrean izan dugun jarrera aldatzen ari da. Oso azkar gainera. Jendeak, bere telefono mugikorrarekin ateratako argazkiak Facebookera igo nahi ditu bere lagunek ikus ditzaten. Argazkizale askok eta gero eta argazkilari profesional gehiagok, Flikr erabiltzen dute beraien argazkiak erakusteko eta besteengandik ikasteko. Musika taldeek berriz, Myspacera igotzen dituzte beraien kantuak, beraien jarraitzaileek entzun ditzaten eta baita kontzertuak lortzeko bide onenetakoa dela dakitelako. Informatikari askok ere, beraien programak guztiz libre argitaratzen dituzte Interneten. Zinemagileak eta idazleak ere hasiak dira beraien lan intelektualak, ezkutatu beharrean, ahalik eta gehien zabaltzen.
Materiala eta intelektuala
Egile argitsuenak, beraien lan intelektualak zabaltzearen garrantziaz jabetu dira jada (Coldplay musikariak, Paulo Coelho idazlea eta abar luzea), baina oraindik badira jabetza intelektuala altxor sakratuena bezala ikusten dutenak. Oraindik ere beraien lanari etekin handiena ateratzeko bidea egile eskubideak zorrotz-zorrotz ustiatzea dela uste dutenak. Errepasatu ditzagun gaur egun jabetza intelektualaren inguruan mantentzen diren mito oker batzuk, gauzak zenbat aldatu diren jabetu gaitezen.
Objektu materialen jabe izateak zer esan nahi duen ederki ulertzen dugu. Objektu material bakoitza bakarra delako eta pertsona batek badauka besteek ezin dutelako eduki (aulki bat, liburu bat). Gainera, objektu materialak kopiatzea hain da garestia, askotan, objektua berriz zerotik egitea hobe dela (aulki baten kopia, liburu baten fotokopia).
Eduki digitalekin ez da horrelakorik gertatzen. Informatikari esker, eduki digitalak kopiatzea hain da erraza, arina eta merkea, ia esfortzurik egin gabe zabaldu ditzakegula (gure azken bidaiako argazkiak lagun guztiei e-postaz bidaltzea, erosi dugun azken musika CDa gure MP3ra pasatzea edo lagunekin P2P bitartez partekatzea). Lehen, gure ingurukoekin errezetak partekatzen genituen bezala, orain era guztietako eduki intelektualak parteka ditzakegu. Eta hori da hain zuzen egiten duguna. Auzia hurrengoa da: errealitatea diren aukera horiek indarrez mugatzeak zentzua al du?
Nire ustez ez. Eduki birtualei objektu fisikoen legeak ezarri nahi izateak ez du zentzurik. Baina kontuz, ezta alderantziz ere. Inori ez zaio bururatzen (oraindik), aulki bat e-postaz bidaltzerik, ez eta paperezko liburu oso baten fotokopia segundo erdian eta gainera doan egiterik. Baina horrela egitea posible balitz, zentzua izango al luke aukera horiek indarrez mugatzeak?
Ba nire ustez, horrek ere ez luke zentzurik izango. Are gehiago esango dut: gizarte osoarentzat hain mesedegarriak izango liratekeen aukerak indarrez murriztea axolagabekeria galanta izango litzateke. Eduki birtualek berez dituzten aukerak murriztea ere, gizartearen ikuspegi oso batetik, axolagabekeria galanta da.
Erregistroa beharrezkoa da?
Lehen copyright legea sortu zenean, lan baten erabilera murriztea nahi baldin bazen, espresuki erregistratu behar zen. Baina 1886. urtetik ona, Bernako hitzarmena dela eta, Euskal Herrian edozein lan intelektual sortzen den momentuan bertan, lan hori guztiz babestua geratzen da. Ipuintxo bat idatzi eta jarraian kaxoi batetan gordetzen badugu ere, egilearen baimenik gabe lan horrekin ezin da ezertxo ere egin (ez argitaratu, ez kopiatu, ez itzuli, ez ezer).
Egile batek, lan baten egilea dela errazago frogatzeko (eta beraz lan horren egile eskubideak bereak direla frogatzeko), jabetza intelektualaren erregistro batera jo dezake, baina aukera hori guztiz hautazkoa da. Etorkizunean lan horren egiletza kolokan egonez gero eta epaiketa batetara helduz gero, lana berea bezala erregistratu zuenak irabazteko aukera gehiago izango ditu. Erregistroen funtzionamendua ondokoa da: diru bat ordaindu ondoren, egilearen nortasuna egiaztatu eta lana bera aztertu ondoren, egiletasunaren froga bezala balio du. Prozedura nahiko zaila eta garestia da eta praktikan oso gutxik erabiltzen dute.
Espainiar eta frantziar estatuek, jabetza intelektualaren erregistroa eskaintzen dute egileentzako hautazko zerbitzu bezala. Hala ere, eduki digitalentzako, SafeCreative.org bezalako erregistro modernoak ere badaude gaur egun. Erregistro hori doakoa da, erosoa da (den-dena Internet bitartez egin daiteke) eta lanen egiletza bera erregistratzeaz gain, lanen lizentzia ere kontutan hartzen du, Creative Commons lizentziak barne.
Espainiar legearen arabera, gauza jakina da irabazi-asmorik gabe egiten bada, egilearen baimenik gabe lan intelektual bat Internetetik deskargatzea ez dela delitua. Lobbyek hedabideen bitartez hain presio handia egingo ez balute, gaur egun jende guztiak jakingo luke hori. Baina ez da horrela. Telebistan eta egunkarietan etengabe entzun eta irakurtzen dugu P2P sareetatik musika eta filmak jaistea legearen aurkakoa dela (baita beste hainbat gauza itsusi ere).
Ez hori bakarrik, Espainiako Gobernuak, bere kultura eta justizia ministerioen bitartez, alokairurako eta salmentarako DVD guztietan gezurrez betetako iragarkiak txertatzen ditu. Horietan, Internet bitartez film bat eskuratzea (“pirateatzea”), kalean dioan bati zorroa lapurtzearekin parekatzen dute. Internet bitartez gure etxean film bat deskargatzea delitua dela esaten dute. Hori guztia publizitate engainagarria da eta gizartearen ikuspegi orokor batetik kaltegarria izateaz gain, legalki sala daitekeen zerbait ere bada…
Mito gehiago
Ia leku gabe gara dagoeneko, baina badira jabetza intelektualari buruzko beste hainbat mito ere: deskarga bakoitza lapurreta bat da, deskarga bakoitza salmenta galdu bat da, pirateriagatik eta top mantagatik dago kanon digitala, kanonekin batutako dirua egileentzat da, argazki kamerek ez dute kanon digitalik ordaintzen, copylefta copyrightaren kontrakoa da, aipamen eskubidea ez da hezkuntzara eta zientziara mugatzen, lanei lizentzia libreak jarriz diru gutxiago irabazten da, SGAEk egileak defendatzen ditu, musika disko bat grabatzeko SGAEn izena emanda egon behar da, SGAEtik ateratzea ezinezkoa da, egile elkarteek ezin dituzte Creative Commons lizentziak kudeatu, jabetza intelektualaren inguruko negozio ereduak ez dira aldatzen ari, eta abar.
Aipatu ditudan mito horietakoren bat okerra zergatik den jakin nahi baduzu edo bestelako zalantzarik izanez gero, galdetu lasai, gai banaiz, oso gustura erantzungo dizuet eta.
Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko apirilaren 24an argitaratu zen.
Azken iruzkinak