Ikusi makusi » gaia http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu Sun, 10 Jan 2016 13:02:29 +0000 eu hourly 1 http://wordpress.org/?v=3.9 NASA eta Gaia teoria http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2010/nasa-eta-gaia-teoria/ http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2010/nasa-eta-gaia-teoria/#comments Sat, 03 Apr 2010 22:44:27 +0000 http://www.ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2010/nasa-eta-gaia-teoria/ Irakurri gehiago →]]> Gure ama lurra bizirik dago.

Pasa den mendeko 60ko hamarkadan, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta Errusiak lasterketa espaziala deitu ohi den norgehiagoka hasi zuten. Hamarkada horretan, bien artean 50 zunda baino gehiago jaurti zituzten espaziora eta 1969. urtean, NASAk, hiru gizonek tripulatutako espazio-ontzi batek Ilargian lurreratzea lortu zuen. Historia egin zuten astronautak, Amstrong, Collins eta Aldrin ziren eta Ilargira arte eraman eta ekarri zituen espazio-ontziaren izena Apolo XI.a. Astronautek argazkiak atera zituzten, eta Ilargiko lurraren laginak ere batu zituzten ondoren Lurrean aztertuak izan zitezen.

Ilargia

ilargia
Irudi originala

Mugarri hori oso garrantzitsua izan bazen ere, espazio programek aurrera egin zuten eta hilabete batzuk beranduago, 1970. urtean, Errusiak Lurretik zuzendutako ibilgailu bat Ilargian gora eta behera ibiltzea lortu zuen. Ibilgailu horren izena Lunojod I.a zen eta 1973. urtean Errusiak bidali zuen beste ibilgailua, berriz, Lunojod II.a. Urrutiko kontroldun auto horiek, estatubatuar astronautek bezala, Ilargiko azalaren argazkiak atera zituzten eta espektrometro deitzen den tresna baten bitartez, laginen analisi kimikoak ere egin zituzten.

Punta-puntako teknologiak erabiltzen zituzten bidaia horien helburua, Lurretik gertu dauden planeta eta sateliteak hobeto ezagutzea zen eta, bide batez, baita Lurretik at bizitza ote zegoen jakitea ere. Izan ere, lurtarrok hamaika bider imajinatu dugu historian zehar Ilargian izaki bizidunak zeudela eta antzeko istorioak. Zalantzak behingoz kentzeko, zientzialariek Ilargiko lurra aztertzea erabaki zuten, satelite horretan benetan bizi baldintzak zeuden ala ez argitzeko.

Marte

marte
Irudi originala

Ilargia azken finean Lurrak duen satelite txiki eta soil bat besterik ez denez, hurrengo helburua Lurretik gertuen dagoen planetan ezarri zen. Ilargiarekin alderatuz Marte askoz urrunago dago eta tripulatutako espazio-ontzi bat bertara bidaltzea gehiegizkoa zenez, NASAk urrutiko kontrolarekin gidatutako makinen estrategia hautatzea erabaki zuen. Viking misioaren helburua, ibilgailu bat Marteko azalean jartzea zen eta lurreko neurketa eta esperimentu kimiko batzuen ondoren, Marten bizitza ote zegoen edo ez argitzea.

NASAk James Lovelock britainiar kimikari atmosferikoa gonbidatu zuen bere Kaliforniako egoitzako laborategira Marteko bizitza antzeman zezaketen tresna horiek asmatzen eta sortzen lagundu zezan. Lovelock zientzialaria bere buruari Marteko bizitza antzeman ahal izateko froga egokiak zeintzuk ote ziren galdezka hasi zen. Nolakoa izan daiteke Marteko bizitza? Lurreko bizitza antzemateko testekin aurkitu al daiteke bizitzarik Marten?

Horrelako galderak hasi zen bere buruari egiten Lovelock, eta bizidun guztiek materia hartu eta hondakinak botatzen dituztela ondorioztatu zuen. Entropia edo ordena aldaketa hori matematikoki adierazterik izango zela pentsatu zuen, baina hori neurketa tresna bat sortzeko baliogarria ez zenez, beste ikuspuntu batetik begiratu zuen bizitzaren aztarnen bilaketa. Bizitza duen edozein planetak lehengaiak eta hondakinak garraiatzeko bitarteko arin bat behar duela ondorioztatu zuen; hau da, atmosfera bat eta ozeano bat. Eta bitarteko horietan bizitzaren jardunak utzitako arrastoak agertu behar zirela.

James Lovelockek eta Dian Hichcockek Marteko atmosfera sistematikoki aztertu zuten, Lurretik bertatik egin daitekeen zerbait baita; Lurreko atmosferarekin inolako zerikusirik ez duela argi geratu zen. Marteko atmosferan oso oxigeno eta metano gutxi dago eta karbono dioxido asko. Lurrean, aldiz, oxigeno eta metano kopuru handia mantentzen da eta karbono oso gutxi dago. Marteko atmosferan ikuspuntu kimikotik oreka itzela dagoela konturatu ziren, egin zitezkeen erreakzio kimiko guztiak aspaldi eginak izan zirela. Hori bizi ezaren seinale garbia zen eta Lovelockek bere ondorioak NASAn jakinarazi zituen.

Paradoxikoa bada ere, Lovelockek tresneria konplexu eta espazio bidaia garestirik gabe Marten bizirik ez zegoela jakiteko modua aurkitu bazuen ere, NASAko zientzialari eta ingeniariek aurkikuntza hori ez zuten batere gogoko izan. Agian, NASAren beraren egitekoa hein batean behintzat alferrikakoa bihurtzen zuelako.

Lurra

lurra
Irudi originala

James Lovelock kimikari atmosferikoaren teoria ausartari esker, Marteri buruzko irakaspen bat atera zen; hori bai, agian, are eta garrantzitsuagoa da oraindik ere gure Lur planetari buruz ateratako irakaspena. Lurreko atmosfera oreka kimikotik urrun mantentzen da eta, orain dakigun bezala, Lurreko bizidun guztiek elkarrekin lortzen dute Lurra bera parametro egoki batzuen artean mantentzea. Lurrean bizitza sortu zenetik hona, eguzkiak igortzen duen beroa %25 igo da, baina, hala ere, Lurreko tenperatura berdin mantendu da.

Aldaketa nabarmena egongo balitz, Lurreko bizidun asko eta asko galdu egingo lirateke, baina, nolabait, bizidunek atmosferaren konposaketa kimikoaren bitartez tenperaturak berdin jarraitzea lortu dute.

Beraz, bizidunek beraien gorputzeko tenperatura eta beste parametro batzuk berdin mantentzeko egiten duten bezala, Lurra autoerregulatu egiten da (ozeanoetako gazitasunaren bitartez, atmosferako konposaketa kimikoaren bitartez, eta abar). Lurra bera, bizidun sistema bat bezala uler daitekeela aurkitu zuen Lovelockek eta ez espazioan biraka dabilen harkaitz zati soil bat bezala, non bere azalean bizidun bat edo beste aurki daitekeen. Ikuspuntua guztiz desberdina da. Baina ez berritzailea. Gizakiaren historian zehar hamaika bider ulertu baita lurra bizidun bat bezala. Zientzialariek ama lurraren mitoa (eta beste mito asko) birrindu zutela uste zutenean, mito hori nolabait zuzena zela aurkitu zuten. Eta noski, horrek gatazka sortu zuen zientzialarien artean.

Gaia teoria

Gaur egun zientzialari gehienek Lovelock zuzen dagoela onartzen dute, baina 1969. urtean, gerora greziar jainkosaren izenarekin ezagutu den Gaia teoria, munduko aditu ia guztiek ukatu zuten.

NASA garai hartan inoiz baino boteretsuagoa zen, inoiz baino dirutza handiagoak mugitzen zituen eta Gaia teoria deserosoa zen bere helburuentzat. Hori gutxi balitz, zientzialari askok Lovelocken hipotesia onartezin bezala ikusten zuten teologikoa zela uste baitzuten; hau da, Lur planetaren autoerregulazioak helburu bat zuela esaten zuela argudiatzen zuten. Baina hori ez da horrela, Gaia teoriaren defendatzaileek argudio zientifikoak besterik ez baitituzte erabili, ez argudio teologikoak.

Edozein kasutan, James Lovelockek aurrera egin zuen eta bidean Lynn Margulis emakume mikrobiologo bikainarekin topo egin zuen. Bi ikerlari hauen espezialitateak (Lovelock kimikari atmosferikoa da) oso ondo osatzen ziren. Margulis, Lovelockek ezinbestean ulertu behar zituen prozesu asko ikertzen ari zen eta bien arteko elkarlana oso oparoa izan zen. Bien artean Gaia teoria osoa metodo zientifikoen bitartez garatzea lortu zuten. Ez zen lan erreza izan, Lurreko autoerregulazio sistema hain baita konplexua, bera aztertzeko normalean ukitzen ez diren zientzietako adar asko erabili beharra baitago: geologia, mikrobiologia, kimika atmosferikoa eta beste batzuk. Teknologia mota desberdinekin beste horrenbeste.

Oraindik gainetik bada ere, gaur egun, Lurrean ematen diren berrelikadura zikloak ulertzen ditugu, landareak, harkaitzak, animaliak, gas atmosferikoak, mikroorganismoak eta ozeanoak batzen dituzten berrelikadura ziklo luzeak. Hala ere, gizakiok ere parte hartzen dugun ekosistema konplexu bezain harrigarria guztiz ulertzeko bide luzea falta da. Gure ama lurra ulertzea agian ez da espazio ezezaguna miatzea bezain kitzikagarria izango… ala bai.

Gizakiok eragiten ari garen egungo klima aldaketaren lehen ondorioak ikusita, nik argi daukat egokiagoa behitzat badela bizi garen espazioko txoko hau ondo ulertzea. Gure punta-puntako neurketa tresnak eta tramankulu teknologiko berritzaileak kanpora begira bakarrik jarri beharrean, Lurrera begira jartzen baditugu, probetxu handiago lortu dezakegula dirudi.

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko uztailaren 10ean argitaratu zen.

Erlaziodun artikuluak:

]]>
http://ikusimakusi.eus/2007-2015/eu/2010/nasa-eta-gaia-teoria/feed/ 0