Aspaldi piztu dira Euskal Herriko hiri eta herri askotako kale eta dendetan gabonetako argiak, baina Santo Tomasak heldu arte ni ez naiz gabonetako giro berezi hori somatzen hasten. Eta urtero bezala, behin ospakizunak hasita denak jarraian datoz.
Urrengoa Olentzerorena izango da. Leku gehienetan abenduaren 24an erretzen dira ikazkin potoloaren panpinak eta biharamunean, 25ean, opariak etxean ditugula esnatzen gara (Jesusen jaiotzarekin batera). Baina Lekeition gauza guzti hauek egun bat goizago gertatzen dira (denak, Jesusen jaiotza ez ezik). Arrazoia? Ez dakit. Baina artikulu honetan kontatuko dudanaren ostean, inor harrituko ez delakoan nago.
Euskal ume guztiek ezagutzen dute Olentzero opari emaile egalariaren mitoa, baina nagusiok galdetu al diogu inoiz gure buruari nondik ote datorren ohitura hau? Kristautasunarekin etorritako beste pertsonaia opari emaileekin dituen antzekotasunak kasualitate hutsak al dira? Nire ustez ez, eta hari horri tiraka, orain ezagutzen dugun Olentzero pozgarriaren jatorriak, oso sustrai zaharrak dauzkala eta iraganean hain pozgarria ere izan ez zitekeela erakusten saiatuko naiz.
Olentzeroren aztarnak
Adituen arabera, Olentzero (Olantzaro, Onenzaro, Orentzaro eta antzeko izenekin ere ezagutzen dena), neguko solstizioaren sinboloa da (neguko egunik motzena). Hortik letorke Olentzerok suarekin duen erlazio estua. Olentzeroren lana suarekin lotuta aurkitzen dugu beti: ikazkina ez bada, errementaria bezala aurkezten zaigu. Abestietan ere suarekiko erlazioa ikus daiteke: “olentzero begi gorri, fun, fun, fun”, “olentzero begi gorri”, “olentzero joan zaigu mendira lanera, intentzioarekin, ikatz egitera”. Eta bukatzeko, aipatu beharra dago, nola ez, gaur egun Euskal Herriko hainbat herrietan Olentzeroren itxurako panpina erretzeko ohitura.
Ahozko kulturaren bitartez heldu zaizkigun aztarnez aparte, badira idatzizko aztarnak ere, Olentzeroren jatorria Nafarroako iparraldean eta Gipuzkoako ekialdean kokatzen dutenak. XVII. mendean Martínez de Isasti lezotar historialariak, gabon-gauari “onenzaro” izena ematen zion. XX. mende hasieran Barandiaranek Oiartzun, Lesaka eta Arakil inguruetan panpin bat kalerik-kale eramaten zela idatzi zuen, eta Oiartzun, Bera, Pasaia, Andoain eta Elduaienen berriz mutiko bat mozorrotzen zela Olentzero izenarekin. 1922. urtean jaso zen idatziz lehen aldiz Olentzeroren erritua gaur egun ezagutzen dugun bezala. Oiartzuneko ohitura deskribatzen zen bertan. 1942. urtean Arrasateko gazteek Olentzeroren jaia nola ospatzen zuten jaso zen beste testu batetan. Handik aurrera, ospakizuna herriz-herri zabaltzen joan zela dirudi.
Beraz, gaur egun ezagutzen dugun Olentzero oso zaharra ez dela dirudi (Lesakan edo handik gertu sortu zen orain dela mendu gutxi). Hala ere, Olentzerok suarekin duen erlazioa eta gure arbasoek neguko solstizioari (udakoari bezala) ematen zioten garrantzia aintzat hartuta, Olentzero pertsonaia aurretik zetozen ipuin, kondaira eta mitoetatik sortu zela susmatu dezakegu. Baina ez daukagu hori frogatzerik.
Kalikantzaroi
Hala ere, adituek euskal ohiturak Europako beste kulturetako ohitura zaharrekin erkatu dituzte eta antzekotasun interesgarri batzuk aurkitu dituzte. Adibidez, frogak daude Euskal Herrian Olentzero ez dela beti izan orain ezagutzen dugun pertsonaia lodikote pozgarria. Antzina, Olentzero alproja bat zen. Zurriolan, adibidez, Olentzero tximinietatik jaitsi, haurrak harrapatu eta zorro batean eramaten zituen. Kontua da, Europa osoan daudela landareei (egurrari) lotutako espirituak. Grezian adibidez, kalikantzaroi izeneko espiritu maltzurrak daude. Izan ere, kalikantzaroiak arumaniar kulturan agertzen dira. Arumaniarrak, Europako ekialdean sakabanaturik mantentzen den herrialde zahar bat da (Grezian, Albanian, Mazedonian, Bulgarian, Eslovenian, Kroazian, Bosnian, Serbian, Montenegron eta Errumanian).
Historiaurreko jatorria
Igaz kaleratutako liburu baten arabera, Olentzeroren jatorria gure urruneko historiaurrean dago kokatuta. Idazle honen arabera, Olentzeroren mitoa, Basajaunarena bezala, cromagnonak eta neandertalak elkarrekin (baina erlaziorik gabe eta elkarren beldurrez) bizi izan ziren historiaurreko garai luze horretan sortutakoa da.
Niri pertsonalki, Olentzerok neguko solstizioarekin duen erlazioa indartsuena iruditzen zait, baina nork daki zenbat osagai dituen gaur eguneko Olentzeroren mitoak. Bakoitzak atera ditzala bere kontuak…
Olentzeroren etorkizuna
Edozein kasutan, gure Olentzerok denboran zehar moldaketa dexente jasan dituela dirudien heinean, datozen urte eta mendeetan beste horrenbeste gertatzen jarraituko dela suposatu dezakegu. Nire ustez, Olentzeroren mitoak bizirik iraungo badu, nolabait, gure gizartearen izaera eta ikuspuntuetara moldatzen jarraitu beharko du. Hori berori egiten hari denaren seinale izan daiteke adibidez, urte batzutatik hona Agurainen Olentzerori atera zaion bikotea: Mari Domingi. Gabonetako abesti zahar baten protagonista den emakume hau, ezkonduko al zaigu laster gure ikazkile kutunenarekin? Urteen iragaiteak bakarrik emango digu galdera horren erantzuna
Informazio gehiago:
- olentzero.info
- gabonak.com
- La légende d’Olentzero
- papa noel o olentzero?
- Denek ezagutzen dute Olentzero… baina nor da?
- Al Olentzero todo el mundo lo conoce, pero… ¿quién es?
- Nor zara zu, zer egin duzu Olentzerorekin?
Aldaketa (2007/12/26): Oier Araolazak idatzitako artikulura esteka gehitu dut.
Beste hizkuntzak: castellano
Azken iruzkinak