Kubatarrek laster 2.200 aldiz konexio azkarragoa izango dute.
Kuba, guztiok ondo dakizuen bezala, Karibe itsasoan dagoen uharte bat da. Kubaren azalera eta biztanleria Euskal Herrikoa baino handiagoa da, lau bider handiagoa, baina, hala ere, ahuntzaren gauerdiko eztula da ondoan dituen Ameriketako Estatu Batuekin konparatuz. AEBak askoz handiagoak izateaz gain, munduko potentziarik handiena dira eta beraien botere ekonomiko edo/eta militarra erabiliz, munduko txoko gehienetan beraien interesak ezartzea lortzen dute. Ez da horrela gertatzen 160 kilometro eskasera duten uharte horrekin eta horregatik, Fidel Castro boterera heldu zenetik, orain dela 50 urte, AEBek ahaleginak eta bi egin dituzte kubatarrak beraien nahietara makurtzeko. Helburu hori lortzeko, munduko potentziarik handienak erabiltzen duen tresnarik ezagunena blokeo ekonomikoa da, hau da, uhartean bizi diren 11.400.000 kubatarrei hamaika gabezia eragitea etsituta errendi daitezen.
Ziberkafe baten konexioa irla osoan
Kubatar herriak pairatzen duen blokeoak bizitzaren esparru guztietan du eragina (osasuna, elikadura, garraioak, azpiegiturak, aisia, hezkuntza eta abar), baina guk arlo teknologikoari begiratuko diogu. Askok entzunak ditugu Habana hiriburutik gora eta behera Bilbobus zaharkituren bat edo beste ikus daitekeela dioten pasadizoak. Hori kubatarrek hainbat eta hainbat urtez jasan duten eta oraindik jasaten duten eskasia kronikoaren seinale da. Telefono mugikorrekin, ordenagailuekin eta Internetekin antzera gertatzen da. Hala ere, azken urteotan teknologia berrien alorrean gauzak nabarmen hobetu dira.
Iazko martxoan, Kubako Gobernuak partikularrei sakelako telefonoak erabiltzea baimendu zien eta gaur egun uharte osoan 500.000 baino gailu gehiago daudela uste da. Iazko abenduko ikerketa baten arabera, 630.000 ordenagailutik gora daude Kuban eta, Gobernuak aspalditik duen hezkuntza plan bati esker, erabiltzaile kopurua askoz handiagoa da, bi milioitik gorakoa. Emaitza hauek kubatarrek darabilten bizimodu sozialistak eragindakoa da. Dituzten baliabide urriei aurre egiteko, biztanle arruntek ezin dute etxean Internetera konektatutako ordenagailurik izan eta horren ordez, Kubako herri guztietan, posta bulegoetan, ordenagailu gelak daude.
Xelebreena ordenagailu guzti horiek intranet sare batetan daudela da, ez Interneten. Izan ere, AEBek Kubaren kontra ezartzen dituzten neurrietako bat, uharte osoa Interneteko banda zabalera estu-estu batekin zigortzea da. Interneteko hornitzaileek satelite bidezko konexioa bakarrik eskain diezaiokete Kubako Gobernuari eta ez 302 Mbps-koa baino azkarragorik (302 Mbps jaisteko eta 180 igotzeko). Hemengo etxeei, Interneteko hornitzaile batzuk 50 Mbps-ko ADSL konexioak eskaintzen dizkigute; beraz, atera kontuak.
Euskal Herriko ziberkafe batek baino gehiagok, Kuba osoak duen besteko banda zabalera du. Eta noski, hori gutxiegi da Kuban dauden bi milioitik gora erabiltzaileentzat… Gainera, kontutan izan behar da satelite bidezko konexioak oso garestiak direla; are gehiago blokeo ekonomiko gupidagabea pairatzen duen uharte batentzat. Hain aurkako egoera batetan AEBek nola erreakzionatuko luketen jakitea interesgarria izango litzateke. Segur aski, uharteko banda zabalera merkatu libreak autoerregulatzea bilatuko lukete.
Horrek, baliabide ekonomiko gehien dituztenek konektatu ahal izatea eragingo luke eta besteek, berriz, Internet usaindu ere ez lukete egingo, AEBetan osasun zerbitzuekin gertatzen den antzera. Kubako Gobernuak, Internet herritarren kalitatezko hezkuntzarako eta informazio eskubidearentzako funtsezkoa dela ulerturik, gabezia txikitzeko Interneten erabilera soziala eta komuna bultzatzen du. Horregatik, Internet erabiltzeko lehentasuna ematen zaie unibertsitateei, kulturarekin eta osasunarekin lotutako zentroei, hedabideei eta irla osoan zabaldurik dauden Joven Club de Computacion izeneko ziberkafe antzekoei.
Ur azpiko zuntz optikoa
Kubak aspalditik du egoera hau konpontzeko proiektu bat, baina AEBetako blokeoak ez du onartzen uhartea ur azpiko kable batekin lotzerik. Orain arte behintzat horrela izan da. Baina Obama presidente berriak, gobernu bien arteko harremanak hobetzeko saioa egin du eta, horren ondorioz, akordio batzuetara heldu dira. Besteren artean, arlo teknologikoari dagokionez, AEBek orain Kuba zuntz optikodun sare-maila batekin Internetera konektatzea onartzen dute. Dagoeneko, Kubak, kilometro eta erdiko kable baten bitartez, Venezuelarekin konektatzeko duen proiektua martxan jarri du eta hilabete gutxi barru 640 Gbps-ko Interneteko konexioa izango du, hau da, gaur egun duena baino 2.200 aldiz bizkorragoa izango den konexioa.
Kubako Gobernuak, aurtengo azken hilabeteetan edo datorren urteko lehen hilabeteetan marrazoen aurkako babesa izango duen kablea ur azpian luzatua izatea espero du, eta datorren urteko lehen erdian uhartea Venezuelaren bidez Internetera konektatzea. ALBAn (Latinoamerikako eta Karibeko Alternatiba Bolivartarra) parte hartzen duten aberriek 2007an onartu zuten kable honen instalazioa. Geroago, Kuba Venezuelarekin lotutakoan, Jamaika Kubarekin lotuko da eta etorkizunean Nikaragua eta Haiti bezalako aberriek ere azpiegitura osatu eta erabiliko dute.
Zentsuraren mamua
Kubako Gobernuak, blokeoak eragindako gabeziei aurre egiteko ordenagailuak nola kokatzen dituen ikusi ondoren eta Interneteko konexioak nola banatzen dituen azaldu ondoren, sareko datuak nola kudeatzen dituen aztertzeko garaia heldu da. Eta datuen kudeaketa, ordenagailuena eta konexioena ez bezala, nire ustez okerra dela esan beharra dut. Kuba amerikar kontinenteko aberri komunista bakarra da eta gerra hotzeko garaian, AEBek Kuba inbaditu ez bazuten, «misilen krisia» bezala ezagutzen den gatazkan, beraien areriorik handienek, Errusiak, hitzarmen bat egitera behartu zituztelako da. Garai hartatik dator AEBetako blokeo ekonomikoa, Fidel Castro diktadore bezala sailkatzea eta baita kapitalismoa neoliberalaren alde (eta komunismoaren aurka) dauden munduko hedabide boteretsuenek etengabe praktikatzen duten manipulazio mediatikoa.
Beraz, Kubari dagozkion informazioak tentu bereziki handiz irakurri beharra dago ia beti informazio puzteak, interpretazio interesatuak eta gezurrak egoten baitira.
Hala ere, salatu beharra dago OpenNet ekimeneko txostenean agertzen diren zentsura susmoak zuzenak badira, Kubako Gobernuak herritarren funtsezko eskubide batzuk urratuko lituzkeela; batez ere informatzeko eskubidea, baina baita pribatutasunaren eskubidea ere. Izan ere, hilabete batez Kuban ikertzen ibili zen kazetari batek, Gobernuak eskaintzen duen konexio publikoan webguneen zentsura zuzenik ez dagoela egiaztatu ahal izan zuen, baina webgune antikastrista erradikalenak bisitatzerakoan, Gobernuaren izenean segurtasun kontuak aipatzen zituen popup-ak edo ohardun leihotxoak agertzen zirela ikusi zuen. Horrelako sistema batek erabiltzaileengan nolako eragina duen aztertu beharko litzateke, segur aski erabiltzaileak ikaratu egingo baitira eta webgunetik irtengo baitira; horrek, noski, beraien informatzeko eskubidea urratzen du .
Bestalde, badira uhartean bizi diren kubatar blogari batzuk turisten hotelen konexioak erabiliz Gobernuari buruzko kritika latzak egiten dituztenak. Blogari horietatik ezagunenari, Yani Sanchezi, Kubatik kanpoko erakunde batzuek literatura sariak eman dizkiote bere lanagatik eta polemika bat baino gehiagotan parte hartu du: jardunaldi artistiko baten mikrofonoa hartu eta Gobernua zentsuratzailea zela salatu zuen eta beste behin kalean jipoitu zuten. Prentsa internazionalak kubatar blogariak zentsuratuak direla etengabe badio ere, zaila da hori horrela denik sinestea, Yanik, Molinak eta beste blogari batzuek, urteak baitaramatzate salaketak egiten eta inork ez baititu isildu.
Azkenik, Wikipedian eta OpenNet ekimeneko txostenean aipatzen den beste mamu bat: Kubako Gobernuak herritarrek burutzen dituzten komunikazioen IP helbideen erregistroa gordetzen duen susmoa dago. Hori egingo balu, herritarren pribatutasunaren eskubidea urratuko luke; hala ere, ez dago jakiterik hala egiten balu ere batutako informazio horrekin zerbait egiten duen edo ez. Gainera, komunikazioen erregistro hori existitzen dela frogatzea ia ezinezkoa da. Eta existitzen ez dela frogatzea, are ezinezkoagoa. Beraz, bakoitzak atera ditzala bere kontuak.
Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko irailaren 18an argitaratu zen.
Informazio gehiago:
Azken iruzkinak