Hauteskundeak heldu zaizkigu Euskal Herriko parte batera. Eta beti bezala, bozgorailuak deika ditugu kaleetan, mitinak enparantzetan, alderdien mezuak telebistetan, gure izenean heltzen diren bozak etxeko postontzian, kartelak kaleko hormetan, mota guztietako elkarrizketak eta eztabaidak egunkari, irrati eta telebistetan, eta abar. Aurten ere bai, betiko lez. Interneten ere, alderdi politikoak gora, hauteskunde kanpaina behera, zein garaitan gauden gogorarazten diguten hamaika seinale aurkitzen ditugu han eta hemen. Aurten ere bai, baina ez betiko lez, baizik eta gehiago. Askoz gehiago.
Obama aitzindari
Barack Obamak irabazi berri dituen hauteskundeetan, Internet erabiltzeko izan duen moduak emaitzetan pisua izan duela diote adituek. Kanpainak iraun zuen bitartean, astero bideo berri bat igotzen zuen Youtube webgune ezagunean. Bere hautagaitzaren webgunean Creative Commons sortako lizentzia aske bat jarri zuen, nahi zuenak edukiak kopia eta zabal zitzan. Ez hori bakarrik, Ameriketako Estatu Batuetako presidente bilakatu eta berehala, Etxe Zuriko webgunean ere lizentzia aske berdina ezarri du. Teknologia berriak eta Interneteko sare sozialak bere onurarako inork baino hobeto erabiltzen jakin duela diote denek, eta Obamak boto gehiago lortzeko bidea zein den erakutsi ondoren, espero zitekeen bezala, euskal alderdi politikoek sarea inoiz baino gehiago erabiltzen hari dira hauteskunde hauetan.
Youtubera mitin eta hitzaldietako bideoak igotzen dituzte, Flickr-en ekitaldietako argazkiak jartzen dituzte, Facebooken alderdi politikoaren taldea sortu eta ekitaldi guztien berri ematen dute
Hori horrela dela konturatzeko, euskal alderdi politikoen webguneetatik itzuli bat egitea besterik ez dago. Urte dezente dira euskal alderdi politikoak Interneten daudela, hori ez da ahaztu behar, baina hauteskunde hauetan tresna eta osagai berriak erabiltzera ausartu dira, batere beldurrik gabe eta guztiak batera gainera. Ia guztiek, Youtubera mitin eta hitzaldietako bideoak igotzen dituzte, Flickr-en ekitaldietako argazkiak jartzen dituzte, Facebooken alderdi politikoaren taldea sortu eta ekitaldi guztien berri ematen dute, Tuentin gauza bera, eta abar.
Alderdi askotan, politikariek idazten dituzten blogetako edukiak RSS bitartez biltzen dituzte, bisitariak alderdiari buruz eta kanpainari buruz ondo informatuta egon daitezen. Horretaz gain, posta elektroniko bidez jasotzen den ohiko buletinean izena emateko aukera ematen dute. Errepikakorra ez izatearren, nik ezberdintasunak errepasatuko ditut batik bat.
Euskal alderdiak
PSE-EE alderdiko Patxi Lopez hautagaia, adibidez, blogaria da. Noizbehinka bere blogeko iruzkinak erantzuten ditu eta beste blog batzutan ere egiten ditu iruzkinak. Twitter ere erabiltzen du eta mikroblogineko tresna honekin, bere ziberjarraitzaileen elkarrizketa bat erantzun du orain dela egun gutxi. Horretaz aparte, PSE-EEk hauteskunde hautarako sortu duen webgunean, “aldaketara batzeko” aukera ematen dio nahi duen orori Obamak erabilitako lelo bera baliatuz; izena eta herria sartu ondoren, alderdiko jarraitzaile guztiak mapa batean erakusten dira.
Redparaelcambio.org webgunean PSE-EEko jarraitzaileak beraien izena eta herria emanez “aldaketara batu” daitezke
Irudi originala
Alderdi Popularrak (PP) bere hautagaiari Basagoiti 2.0 deitzen dio alderdiko webgunean. Bertan, ohiko bideoez gain, Antonio Basagoitik berak bere argazki kamera txikiarekin ateratako bideo batzuk ere jarri dituzte. Antza, bideoblogaria bihurtu nahi dute beren hautagaia.
EAJko Juan Jose Ibarretxek ez du zuzenean edukirik igotzen Internetera, baina hauteskunde kanpainako jarraipen zehatza egin nahi dutenentzat, uneoro non dagoen eta zer egiten ari den azaltzen du bere webgunean. Ibarretxeren GPSa deitzen den orrialdean, zein herritan lo egiten duen, ekitaldiak non burutzen dituen eta autoz nondik nora doan erakusten duen mapa bat agertzen da. Hurrengo ekitaldia non izango den ere erakusten du orrialde bitxi honek.
Ibarretxe.com webgunean EAJ-PNVko hautagaiak kanpainan egiten duen guztia zuzenean erakusten da
Irudi originala
D3M hautes elkarteak, hauteskunde kanpaina burutzeko aukera gutxi izango zituela jakinda edo, oso txikiak (eta askorentzat ezezagunak) diren alderdi politikoek egiten dutena egin du; alegia, Internet oso gutxi erabili du. Webgune sinple bat, hainbat bideo eta blog bat (iruzkinik egiteko aukerarik ematen ez duena). Hori bai, eduki guztiak Creative Commons sortako lizentzia aske batekin argitaratu ditu. Eta Estatu espainiarrak bere hautagaitza legez kanpokotzat jo zuenean, aurkezten diren hiru herrialdetako boto-txartelak webgunean jarri zituen eskuragarri. Hortaz, Internet gehiegi erabili ez badute ere, ondo egokitu dute dituzten beharretara.
Eusko Alkartasunako (EA) eta Aralarreko webguneek kanpaina jarraitzeko ohiko aukerak ematen dituzte: egitarauak, ekitaldietako bideoak, alderdiko blogarien jarraipenak, eta abar.
Ezker Batua-Berdeak (EB-B) koalizioren Interneteko kanpainak, bere aldetik, berezitasun bat izan du. Orain dela hilabete bat, parte hartu nahi zuen orori, alderdiko hauteskunde programa web 2.0 motako tresna batekin zehazten laguntzeko aukera eman zioten; bakoitzak nahi zituen gaiak proposatzen zituen eta parte hartzaile guztiek izan zuten proposamenak eztabaidatu eta bozkatzeko aukera. Politika 2.0 hitza gero eta gehiago entzuten den garaiotan, modako sare sozialak erabili eta mapa ikusgarriak erakusteaz aparte, hauteskunde hauei begira euskal alderdi politikoek burutu dituzten ekimenen artean interesgarrienetakoa iruditzen zait.
Herri ekimenak
Baina teknologia berriek eta Internetek ematen dituzten aukerak ez dituzte politikariek bakarrik erabili. Izan ere, hauteskunde hauetan, herritarrak ere gerturatu dira politikariengana tresna hauen bitartez
Baina teknologia berriek eta Internetek ematen dituzten aukerak ez dituzte politikariek bakarrik erabili. Izan ere, hauteskunde hauetan, herritarrak ere gerturatu dira politikariengana tresna hauen bitartez. Politika 2.0 deitzen den euskal herritar blogari talde bateko kideek, alderdi politiko bakoitzari egin nahi zizkioten galderak adostu zituen; ondoren, erantzunak bideoz grabatzeko hitzordua egin zuten alderdietako kideekin. Azken asteotan Mikel Arana (EB-B), Rafa Larreina (EA), Idoia Mendia (PSE-EE), Izaskun Bilbao (EAJ-PNV), Josu Murgia (Aralar) eta Borja Semperrekin (PP) izan dira. Hurrengo helbidean ikus daitezke erantzunak: politika20.blip.tv.
Eusko Jaurlaritzak software askearen aldeko apustua egin dezan sinadura bilketa bat burutu duen beste euskal herritar talde bat, berriz, politikoengana zuzendu da eta gaiaren inguruan duten iritzia eta helburuak zehatz azaltzeko eskatu die lehendakaritzarako hautagaiei. Itziar Lopategi (D3M), Unai Ziarreta (EA), Javier Madrazo (EB-B) eta Patxi Lopezen (PSE-EE) erantzunak biltzen dituen txostena helbide honetan eskura daiteke: softwarelibreanahidugu.org.
Politikari gehienek, zoritxarrez, Internet telebista bezalako norabide bakarreko medioa balitz bezala erabiltzen dutez
Hauteskunde hauetan euskal alderdi politikoek Internet inoiz baino gehiago erabili dutela argi dago. Gehiago eta era gehiagotan. Bideo mordoa igotzeaz gain, Facebook eta Tuenti bezalako sare sozialen erabilerak nabarmen egin du gora. Batzuk eta besteek blog berri nahikotxo ere sortu dituzte, baina, hauteskundeak iragandakoan, maiz gertatzen den bezala, gehienak bertan behera utziko dituztelakoan nago.
Eta zergatik? Ba politikari gehienek, zoritxarrez, Internet telebista bezalako norabide bakarreko medioa balitz bezala erabiltzen dutelako. Hedabide arruntekin nahiko hauteskunde propaganda jasoko ez bagenu bezala, webguneak eta Interneteko sare sozialak guri bideo, testu eta mezu gehiago igortzeko erabiltzen dituzte. Oso tresna modernoak erabiltzen dituzte bai, baina betiko berdina egiteko. Propaganda 2.0 honek geunden lekura besterik eramango ez gaituela ulertu beharra daukagu.
Garrantzitsua da alderdi politikoak ekimen berritzaileak saiatzera bultzatzea. Eta baita guk geuk, herritarrok, teknologia berrien eta Interneten bitartez, demokrazia zuzena lantzeko ekimenak aurrera eramatea
Gizartearen norabidea markatu nahian, alderdi politikoak etengabe ari dira herritarrei gauzak esaten, baina inoiz ez dute jendeak dioena entzuten. Internet, beste hedabideak ez bezala, norabide anitzeko hedabidea da eta, ondorioz, bere erabileran sakontzen jarraituz gero, konturatu gabe ere, demokrazia zuzenago batera heltzeko bidea jorratzen joango da gizarte osoa (murgilduta gauden demokrazia ordezkatzaileko politikariak barne). Azken finean, Internet gure asmakizuna da eta gure onurarako sortu eta garatzen dugu.
Horiek horrela, garrantzitsua da alderdi politikoak ekimen berritzaileak saiatzera bultzatzea. Eta baita guk geuk, herritarrok, teknologia berrien eta Interneten bitartez, demokrazia zuzena lantzeko ekimenak aurrera eramatea.
Gizarte 2.0rik gabe ez da politika 2.0rik egongo. Alderdi aldaketa baino, sistema aldaketa eragin dezagun!
Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu dut eta 2009ko otsailaren 21ean argitaratu da.
Azken iruzkinak