Nola babestu pribatutasuna zure datuetan eta komunikazioetan.
Teknologia berriek hainbat eta hainbat abantaila ekarri dizkigute gure eguneroko bizitzara, baina baita arazo berri batzuk ere. Adibidez, gure eguneroko bizitzaren jardunean pribatutasuna gordetzea gero eta zailagoa da. Euskal Herriko gero eta kale gehiagotan bideo kamerek gure gorabeherak ikusi eta grabatzen dituzte. Garraio publikoa erabiltzeak hainbat kamerek gure mugimenduak gordetzea dakar eta bidai txartelen bitartez guri buruzko hainbat informazio erregistratu eta gordetzen da. Azkenaldian hainbat denda, kafetegi eta tabernatan ere kamerak instalatzen ari dira guk egiten dugun guztia grabatuz. Kamera horietako askok, gainera, Internet bidez zuzenean emititzen dute ikusten dutena, gure pribatutasuna urratuz. Kreditu txartela eta telefono mugikorra erabiltzen baditugu, gure gaineko jarraipena biderkatu egiten da; zer, non eta noiz erosten dugun grabatuta geratzen da eta noiz, non eta norekin hitz egiten dugun ere jakin daiteke.
Azken asteotan jakin dugun bezala, espainiar Estatuko gobernuak erabiltzen duen SITEL sistemari esker, nahiz eta telefonoz inori ez deitu, aparailua piztuta izateagatik bakarrik gu guztion kokapena jarrai dezakete. Kokapena hain zehaztasun osoz eta segundoz segundo jakinik, nora goazen eta norekin gauden jakin daiteke poltsikoan dugun salatari txiki horri esker. Eta ez pentsa epaile batek baimena eman behar duenik zure intimitatea horrela urratzeko, azken asteotan jakin denez, epaileek sistema hau existitzen zenik ere ez baitzekiten. Ipar Euskal Herrian ere egoera antzekoa da, Frantziar estatuak EVIDGE legea onetsi zuenetik, hamahiru urtetik gorako edozein biztanleren datu pribatuak (izena, abizenak, argazkiak, bideoak, lagun eta sendikoen izenak eta beraiekin dugun erlazioa, sexu joera eta abar) gorde ditzakeen datu base bat sortzen ari baitira. Zertarako? Kamerak, zelatatze sistemak eta gainontzeko guztiak sortzen omen diren berdinerako: “Gure segurtasuna babesteko”.
Beraz, mundu fisikoan zelatatuak izaten ari ez garen inolako bermerik ez dugu, ezta gutxiago ere. Gure eguneroko jardunak uzten duen arrastoa norbaitek gero aztertu eta gure aurka erabiliko ez ote duen bermerik ere ez dugu. Eta zer gertatzen da mundu fisikoa bezain erreala den mundu birtualean, ordenagailuetan eta Interneten? Tamalez, gutako gero eta gehiagoren eguneroko bizitza birtual horretan ere berme gutxi ditugu. Gero eta gutxiago. Baina zorionez, badago kontrolatu dezakegun eremu bat. Nahiz eta gutxi sustatzen diren, kriptografia eta esteganografia tresna oso interesgarriak eta erabilerrazak daude. Aipatuko ditudan tresnak software librearekin egindakoak dira, hau da, kaleko jendeak berak sortutako tresnak dira eta gure datuen eta komunikazioen pribatutasuna bermatzen dute. Batzuk jada egiten badugu ere, erabil ditzagun guztiok, gure pribatutasuna defendatzeak merezi du eta.
Azalduko ditudan software, webgune eta abarrak edonoren eskura daude eta ez dira erabiltzen zailak. Enpresak askok beraien datuak eta komunikazioak behar ez den inoren eskutan ez jausteko erabiltzen dituzte. ETAk ere hauetako batzuk erabiltzen dituela jakina da (GnuPG ziur eta agian TrueCrypt ere bai). Baita munduko aktibista ugarik eta kaleko gero eta jende gehiagok ere, gure datuen eta komunikazioen pribatutasuna mantentzeak ez baitu esan nahi ezer ezkutatzen ari garenik, baizik eta gure funtsezko eskubide bat erabiltzen ari garela besterik ez. Gogoratzen dut orain dela urte batzuk nire bikotearekin mezu zifratuak elkartrukatzen nituela Internet bidez. Gure kontuetan inortxo ere ez sartzeko eskubide osoa geneukan eta teknologia berriez baliatzen ginen gure eskubideak bermatzeko. Nire lagun batek baino gehiagok bere ordenagailuko disko gogorra zifratuta dauka eta guztiok egin behar genukeela uste dut. Zergatik ez?
Tresna baliagarriak
CryptoSMS.org webgunean izen bereko programa aske bat jaits dezakegu, gure telefono mugikorrarekin oso era seguruan zifratutako SMS mezuak bidaltzeko aukera ematen diguna. Java jasaten duten telefono guztiek programa hori erabil dezakete.
Ordenagailuen bitartez bidaltzen ditugun e-posta famatuak ere kriptografia erabiliz zifra ditzakegu. Horretarako, GnuPG programa askea erabil dezakegu, munduan ehunka mila pertsonak egiten duten bezala. Aurreko programan bezala, instalatu eta programaren instrukzioak jarraituz gure gako kriptografikoak sortu behar ditugu, eta gero, munduko inortxok ere bortxatuko ez duen eran lasai-lasai bidali eta jaso ahal izango ditugu e-postak. Izan ere, e-posta arruntak bidean doazela edonork irakur ditzakeen postalak bezalakoak dira eta zifratutako e-postak, berriz, gutun-azal apurtezin bat duten gutunak dira. GnuPG programa e-posta bezero ezagunenekin erabil daiteke oso era erosoan (Thunderbird, Evolution, Outlook eta abar), baita webmail bezero batzuekin ere (Squirrelmail, GMail eta abar).
Guk bakarrik irakurtzea nahi dugun fitxategiak kudeatzen ditugunean, Wipe programa erabiltzea ere gomendagarria da. Izan ere, fitxategi bat ezabatzen dugunean, bere edukia ez da benetan disko gogorretik ezabatzen; ezabatua bezala markatzen da, besterik ez. Horregatik, ezabatu ondoren ere fitxategi batzuk berreskuratzeko aukera izaten da horretan berezitutako programak erabiliz. Beraz, zifraketa programekin fitxategiak zifratzen ditugunean, zifratu gabeko bertsioa Wipe bezalako tresnekin ezabatzea da gomendagarriena.
Transmititzeko zifratzen ditugun fitxategien bertsio ez zifratuak era berezian ezabatzen ibili beharrik ez izateko eta aldi berean gure disko gogorrean gordetzen dugun guztia gu ez garen beste inork irakurriko eta aldatuko ez duela bermatzeko, fitxategi sistema kriptografikoak erabil ditzakegu. Enpresetan aukera profesionalak erabiltzen dituzte (SolFS, CFS, ZFS eta abar), baina nik TrueCrypt programa askea gomendatzen dut, erabiltzeko oso erraza baita eta aukera asko ematen baititu. Programa hori erabiliz, fitxategi bat, karpeta bat edo disko gogorreko partizio oso bat zifra daiteke. USB giltzak eta disko gogorrak ere zifra daitezke eta, «bidaiari modua» erabiliz gero (TCExplorer bitartez), naiz eta USB giltza TrueCrypt instalatua ez duen ordenagailu batetan sartu, gure datu pribatuak era seguruan irakurtzen jarrai dezakegu.
Hori guztia gutxi balitz, TrueCrypt programak, zifratutako bolumen normalak sortzeaz gain, esteganografia delakoa erabiliz ezkutuko bolumenak ere sortzeko aukera ematen du; hau da, babes maila bikoitza lor daiteke. Sistema horrek StegoFS fitxategi sistemak eskaintzen dituen aukera berdintsuak ematen ditu, baina edozein erabiltzailek egiteko moduan. Zifratutako bolumen baten gainean (beste pasahitz batekin) ezkutuko bolumen bat sor dezakezu eta norbaitek (epaile batek, zure amak…) sartzeko pasahitza eskatuz gero, zifratutako zatira sartzeko pasahitza bakarrik eman diezaiokezu. Zati horrez gain ezkutuko beste maila bat dagoen ala ez jakitea ezinezkoa da eta, horrenbestez, zuk bakarrik jakin dezakezu bolumen ezkuturik dagoen ala ez eta zein pasahitz duen. Zure datuak pribatutasun osoz kudeatzeko aukera bikaina beraz.
Nabigatzeko tresnak
Internetera konektatzen den ordenagailu orori IP helbide bat ematen zaio, ordenagailu hori identifikatzen duen zenbaki bat, eta nabigatzen dugunean webgune askok datu hori gorde egiten dute. Google bilatzaileak adibidez, datu hori egiten dituzun bilaketekin batera gordetzen du eta IP helbideak zure kokapen geografikoa nahiko ondo zehazten duenez, informazio hori marketin enpresei saltzen die.
Hori onargarria ez dela uste dugunok, Scroogle.org webgunea erabiltzen dugu. Web orrialde horrek, nahi dituzun bilaketak bere bitartez egiteko aukera ematen du; hala, Googlek jasotzen duen IP helbidea Scroogle webgunearena da. Gainera, Scroogle berak ez du zure IP helbidea gordetzen. Hau da, Scroogle webguneak Google bilatzailean bilaketak era anonimoan egiteko aukera ematen dizu.
Bada zure pribatutasuna webgune guztietan batera bermatzea ahalbidetzen duen tresna bat ere. Tor programa askea da eta Interneteko paketeak bideratzeko orduan zure benetako IP helbidearen ordez beste batzuk agertzea lortzen du. Firefox nabigatzaile librean, adibidez, oso erraz instala eta erabil daiteke Tor, zuk ezer berezirik egin gabe era anonimoan Interneten nabigatzea ahalbidetuz.
Ikus daitekeenez, gure intimitatea gordetzeko era asko daude eta gehienak oso erabilerrazak dira; beraz, ez dago aitzakiarik tresna hauek ez erabiltzeko. Teknologia berriek gure pribatutasuna mugatu beharrean, egin dezagun gure pribatutasuna berma dezatela.
Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko azaroaren 27an argitaratu zen.
Azken iruzkinak